162. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Ordenantza, autokontsumorako instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Barasoaingo Udalak, 2023ko apirilaren 20an egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Autokontsumorako instalazioak arautzen dituen ordenantza.

Bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin, hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 28an. Jendaurrean egon zen 30 egunez, eta ez zen haren aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Barasoainen, 2023ko uztailaren 12an.–Alkate udalburua, Rita Roldán Murillo.

BARASOAINGO UDALAREN ORDENANTZA, AUTOKONTSUMORAKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Barasoaingo Udalak konpromisoa hartu duelarik ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde, bai eta ekonomiaren deskarbonizazioaren, tokiko garapenaren, herritarren parte-hartzearen eta pobrezia energetikoari aurre egiteko borrokaren alde ere, ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriek aurrera egin dezaten herrian.

Horren erakusgarri, Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Itunari atxiki zaio. Itun hori Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Nafarroan, eta berotegi efektuko gasak murrizteko, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna hartzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko helburuak ditu. Horrela, tokiko ekintza gehitu zaio munduko ekimen horri.

Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Ituna sinatu duten udalek konpromiso hauek hartu dituzte beren gain: lehenik, gutxienez %40 murriztea 2030rako CO2-aren isurketak eta berotegi efektuko beste gas batzuen (BEG) isurketak.

Bigarrenik, erresilientzia handitzea, eta horretarako, klima aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzea.

Hirugarrenik, konpromiso politikoa eramatea tokiko ekintzetara, eta horretarako, tokiko ekintza planak lantzea eta ekintza horien ezarpenari buruzko txostenak aurkeztea.

Udalak bere gain harturiko konpromiso horiez gain, nabarmentzekoa da Barasoaingo bizilagunek ere konpromiso hori hartu dutela, energia berriztagarria sortzea eta autokontsumitzea interesatzen zaiela adierazi baitute, eta horrek zuzenean nahiz zeharka eragiten dio gizarte osoari.

Herritarrek eta tokiko agintariek energia berriztagarrien proiektuetan parte hartzeak, tokiko komunitate energetikoen bidez, balio erantsi handia sor dezake energia berriztagarrien tokiko onarpenari dagokionez, bai eta kapital pribatu gehigarria eskuratzeari dagokionez ere. Horrek ekarriko du tokiko inbertsioak egitea, energiaren erabiltzaileek aukera askatasun handiagoa izatea, eta herritarrek neurri handiagoan hartzea parte trantsizio energetikoan.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba baita, etorkizuna izan dezakeena, ingurumen-inpaktu txikia izateagatik, ingurumenarendako hondakin kaltegarririk ez sortzeagatik, behin ezarririk mantentze-kostu handirik ez izateagatik, eta benetan laguntzeagatik berotegi-efektuko gasak murrizten.

Planteatutako helburu horietako batzuk lortzeko beharrezkoa da udalen esku hartzea. Udalek, beren eskumenak baliatuz, eta herritarren errealitatea hobeki ezagutzen dutenez, eguzki-energiaren erabilera sustatu behar dute udal ordenantzen eta hirigintza planen bidez, aldi berean beste behar bat zaintzen dutelarik, alegia, eraikinek ingurunearekin bat egitea eta albait inpakturik txikiena eragiten duten forma eta materialak baliatzea.

Horregatik, Barasoaingo Udalaren borondate politikoa da konpromisoa hartzea estrategia bat garatzeko, adierazitako jasangarritasun helburuak lortzera bideratuko dena, energia-efizientziari buruzko udal ordenantzen bitartez.

Udalerri honek, beraz, konpromiso hori hartu du, eta, horrenbestez, eguzki-energiaren erabilera sustatzeko eta berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko borondate irmoa duelarik, eguzki-energiako instalazioei buruzko ordenantza hau egin du.

1.–Isuriak 2030erako murrizteko helburuak 2014ko urriko Kontseilu Europarraren Ondorioetan daude jasorik. Ondorio horietan, 2021-2030 aldiko Energia eta Klima Aldaketari buruzko Politika Esparrua onartu zen ("2030 Esparrua"), Energiaren eta Klima Aldaketaren Europako Paketeari jarraipena ematearren. Hona hemen 2030 Esparruaren helburu nagusiak:

–Berotegi efektuko gasen isuriak %40 murriztea, 1990eko mailen aldean.

–Jatorri berriztagarria %27ra iristea energia kontsumoan.

–Energia efizientzia %27 hobetzea.

2.–Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Autokontsumoa izapidetzeko gidan adierazten duenaren arabera, toki administrazioak zeregin erabakigarria betetzen du autokontsumorako instalazioak izapidetzeko garaian; horregatik, gomendatzen dute udalek sinplifika ditzatela beren eskumeneko baimenak emateko izapideak, hori eginez gero, erraztu eginen baitute haien udalerrietan autokontsumorako instalazioak jartzea.

Beraz, ordenantza eredu honek udal erregulazio bat ezartzen du, zeinak sustatzen baitu autokontsumorako instalazioak ezartzea toki eremuan, eta, ondorioz, energia berriztagarriaren sorkuntza bultzatzen. Eta hori helburu horretarako hirigintza lizentziak izapidetzeko beharrezkoak diren eskakizunetan argitasuna eskainiz.

3.–Ordenantza honen xeda da udalaren esku-hartze araubidea ezartzea, autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazioak sustatzeari dagokionez, erantzukizunpeko adierazpenen araubidearen pean jarrita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192.1.b) eta e) artikuluan xedatutakoaren babesean (II. titulua).

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalaren esku-hartzea arautzea, autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko ondasun higiezinetan egiten diren instalazioak sustatzeko jarduketen arloan, instalaziook sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan, instalazioen potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa izanik, betiere.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, hona zer diren:

Autokontsumoa: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumitzea kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazio batzuetatik datorren energia elektrikoa. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Sarera konektatutako instalazioa: kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako sorkuntza instalazio bat, kontsumitzaile batekin sarera konektatzeko azpiegiturak partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bidez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere hartuko da sarera konektatutako sorkuntza instalaziotzat. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Instalazio isolatua: inoiz ez duena ahalmen fisikorik garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko, ez zuzenean, ez zeharka, norberaren edo besteren instalazio baten bidez. Etengailuen edo gisako gailuen bidez saretik deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu hau aplikatzearen ondorioetarako. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Soberakinak dituen autokontsumo modalitatea: modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek, autokontsumorako energiaz hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. (244/2019 ED, 4. artikulua).

Potentzia nominala: inbertsorearen gehieneko potentzia izanen da, edo, bestela, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua da sarera soberakinekin konektatutako zein isolatutako autokontsumorako instalazioena, haien eguzki energia fotovoltaikoaren eta/edo energia eolikoaren potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, eta Barasoaingo udal-mugartean dagoen edozein ondasun higiezinetan kokatuta badaude.

III. TITULUA–ADMINISTRAZIOAREN ESKU-HARTZEA

4. artikulua. Administrazioaren esku-hartzearen araubidea.

Ordenantza honetan aipatzen den eguzki-energia fotovoltaikoa ekoizteko jarduketen sustapena lotuta egonen da erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari.

5. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren aurkezpena eta ondorioak.

1.–Instalazioa egin aurretik, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Udalean. Adierazpen horretan, dokumentazio hau jasoko da, gutxienez:

a) Udalaren eredu edo eskabide normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek gutxienez jasoko dituena: pertsona edo erakunde sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen nortasunaren egiaztapena, instalazioaren kokaleku ZEHATZA, higiezinaren katastroko erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), aurrekontua BEZik gabe, instalazioaren potentzia nominala...

b) Deskripzio-memoria teknikoa; honako hauek jasoko ditu, gutxienez: Instalazioaren deskribapena, plaken kokalekua, estaliko den azalera, instalatuko den potentzia gorena eta plaken posizioa erakusten duen planoa. Instalazioari alta emateko balio behar duen agiria, teknikari eskudunak edo instalatzaile baimenduak sinatua. Instalazio-ziurtagiria.

c) Instalazioaren aurrekontu xehatua. Aurrekontu honen azken balioa (BEZik gabe) eraikuntzen eta obren gaineko zerga (EIOZ) kalkulatzeko zerga-oinarria izanen da.

d) Obra hasteko aurreikusitako data adierazi beharko da, bai eta hartu beharreko neurriak ere, hondakin hustuketaren (halakorik sortzen bada), ingurumen-arloko alderdien eta bide publikoaren erabileraren inguruan.

e) Instalazioak gauzatu aurretik beharrezkoa izanen den beste edozein baimen (funtsezkoa edo sektoriala).

2.–Erantzukizunpeko adierazpenak eskubide bat aitortzea edo erabiltzea ahalbidetuko du, Administrazio Publikoek esleituta dituzten egiaztapen, kontrol eta ikuskapen ahalmenak alde batera utzi gabe. Ondorio guztietarako, pertsona edo erakunde interesduna gaituta dago instalazioa gauzatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aurkezten dituenetik aurrera.

Orobat, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren eta tasen likidazioa aurkeztu beharko du.

6. artikulua. Paisaia eta ingurumen integrazioak.

1.–Autokontsumorako instalazioek bete beharko dituzte hirigintza plangintzan, eraikingintza ordenantzetan eta aplikatu beharreko gainerako araudi sektorialean paisaia integrazioari eta ingurumen integrazioari buruz ezarritako irizpideak.

2.–Aurrekoa bereziki garrantzitsua izanen da Kultura Intereseko Ondasun (KIO) gisa katalogatutako higiezinetan kokatuta dauden instalazioetan, edo babes motaren bat duten higiezinetan kokatutakoetan, KIO ingurunean edo hirigune historikoetan daudelako.

7. artikulua. Autokontsumoaren erregistro autonomikoan inskribatzea.

Autokontsumorako instalazioei alta eman beharko zaie Nafarroako Gobernuko energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioen erregistro administratiboan.

8. artikulua. Epeak.

Obrak gehienez ere hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, Udalari aurretiazko komunikazioa aurkezten zaionetik zenbatzen hasita. Obrak amaitzeko epea sei hilabetekoa izanen da hasiera datatik aurrera.

9. artikulua. Plaka fotovoltaikoak instalatzeko baldintzak.

Baldintza hauek bete beharko dituzte eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioek:

a) Estalki inklinatuak. Panel fotovoltaikoak jartzen ahalko dira estalki-isurkietan, isurkien inklinazio berarekin eta haien planotik atera gabe, eraikin katalogatuetan izan ezik; kasu horretan, kontuan hartuko da babesari buruzko hirigintza araudia aplikatzeko eskumena duen organoak ontzat ematen duena.

b) Estalki lauak. Eguzki-panelak kokatu beharko dira plano hauek eraturiko inguratzailearen barnean: azken forjatuaren ertzetatik 45º-an trazatutako planoek eta 200 cm-ko altueran kokatutako plano horizontal batek (azken forjatuaren goiko aldetik neurtuta), ilustrazioko irudian bezala. Estalkia babesteko petoa babeski gardenekin luzatu beharko da. Babeski horiek tokirako egokiak izan beharko dira estetikaren aldetik, aurrealde opaku jarraikirik sortu gabe, eta panelaren gehieneko altuerarainokoak.

Peto hori luzatzea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta panelak fatxadaren planotik hurbilen duen aldetik neurtutako distantzia (d) estalkiaren forjatuaren goiko aldearen eta panelaren zatirik altuenaren artean dagoen distantzia (h) bera bada, edo hori baino handiagoa. Eraikin katalogatuen kasuan, erabili beharko da babesari buruzko hirigintza araudia aplikatzeko eskumena duen udal organoak ematen duen konponbidea.

c) Fatxadak. Eguzki energia hartzeko panelak instalatzen ahalko dira fatxadetan, fatxaden inklinazio berarekin eta haien planotik atera gabe, harmonian fatxadaren eta eraikinaren gainerako atalen konposizioarekin eta bat etorriz hirigintza-araudian eta, hala badagokio, paisaia babesteari buruzko indarreko ordenantzetan ezarritako baldintza estetikoekin.

d) Arestian aipatutakoez bestelako leku eta baldintza batzuetan dauden eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioak ez dira antiestetikoak izaten ahalko; hortaz, Udalak ukatzen edo baldintzatzen ahalko du edozein jarduketa, baldin eta betetzen ez badu Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edota ordenantza honetan ez ezik, indarrean dagoen beste edozein hirigintza arauditan ere ezarritakoa.

Ordenantza honetan araututako autokontsumorako instalazioei zuzenean aplikatuko zaizkie eraikinak, multzo arkitektonikoak, inguruneak eta paisaiak zaintzeko eta babesteko hirigintzako arauak, ondarea babesteko katalogo edo planetan jasotako horiei guztiei dagokienez.

Halakoetan, enpresa sustatzaileak instalazio horien bateragarritasun azterketa aurkeztuko du, ordenantza honen 3. artikuluan xedaturiko dokumentazioarekin batera. Udal organo eskudunak egiaztatuko du ea instalazioak arau horietara egokitzen diren, eta baloratuko du bai haien integrazio arkitektonikoa, bai ingurumenaren aldetik dakartzaten onurak eta kalteak, barne dela ondoko eraikinetan bizi direnei eragozteko moduko islarik maiz sor ez dezaten begiratzea.

Debeku da espresuki fatxadetan ikusten den inolako hodirik, kablerik edo bestelako elementurik trazatzea, salbu eta eskabidean zehatz-mehatz eransten bada eraikuntza-irtenbide bat, bermatzen duena horiek eraikinaren estetikan ongi integratzea.

e) Instalazio bereziak.

Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera; betiere beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

f) Ondare historikoa babestea.

Ezin izanen da eguzki-instalaziorik paratu eraikin babestuetako estalkietan, fatxadetan, balkoietan, begiratokietan edo antzekoetan.

10. artikulua. Enpresa instalatzaileak.

Instalazio fotovoltaikoak egin beharko dituzte gaitutako enpresa instalatzaileek, "Behe-tentsioa sortzen duten instalazioak" espezialista kategoria dutenek, eta beteko dituzte Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan eta aplikatu beharreko araudi sektorialean eskatzen diren eskakizun guztiak.

Lanak bukatu ondoren, gaitutako enpresa instalatzaileak instalazio elektrikoaren ziurtagiria egin beharko du.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten, beronekin kontraesanean dauden edo bateragarri ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honen interpretazioa Udal honena da ez beste inorena.

Bigarrena.–Udalak une oro egiaztatzen ahalko du obrak behar bezala gauzatu direla eta eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, hala baldintza juridikoak nola materialak zein bestelakoak, beharrezkoak badira ordenantza honetan araututako laguntza ekonomikoak aitortu eta ordaintzeko eta zerga onurak aitortzeko.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan espresuki ezarrita ez dagoenari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, martxoaren 10eko Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legea, abenduaren 14ko Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren beste guztiak.

Laugarrena.–Baldin ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egiten badira eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, galarazi gabe ondoren ordenantza egokitzea, beharrezkoa den horretan. Aldaketaren bat egiten bada Eraikingintzaren Kode Teknikoan eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoa nola Nafarroako Foru Komunitatekoa–, ukitutako artikuluak eguneratu eginen dira, araudi horretara egokitu daitezen.

Bosgarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoren, eta iragaten denean Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Administrazioak berau aurkaratzeko legez ezarritako epea.

Iragarkiaren kodea: L2310541