162. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Eskumenak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea

Alkatetzak ekainaren 29ean emandako 790/2023 Ebazpenaren bidez (ondotik ematen da ebazpen-zatia, hitzez hitz), Barañaingo Udaleko alkate udalburuak xedatu zuen Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea legez Alkatetzarenak diren eskumen batzuk.

Lehena.–Barañaingo Udalaren Tokiko Gobernu Batzarren esku uztea honako eskudantzia hauek:

1.–Kudeaketa ekonomikoa garatzea, jarraikiz onesten den aurrekontuari; gastuak xedatzea, bere eskumenen esparruan; eta ordainketak agintzea eta kontuak ematea; hori dena, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearekin bat.

2.–Onestea lan publikoaren eskaintza, jarraikiz osoko bilkuran onetsitako aurrekontuari eta plantillari; behar diren oinarriak onestea langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko lehiaketetarako; eta ordainsari osagarriak banatzea, finkoak eta aldizkakoak ez direnak.

3.–Udaltzaingoaren buru jardutea.

4.–Planeamendu orokorra garatzeko bitartekoak onestea, baldin eta Osoko Bilkurak berariaz esleituak ez baditu, baita hirigintzaren kudeaketarako eta hirigintza proiektuetako bitartekoak onestea ere.

5.–Kontratazio organoa izateagatik dituen eskumenak, kontratatzeko obrak, hornidurak, zerbitzu publikoak kudeatzeko zerbitzuak, administrazio kontratu bereziak, eta kontratu pribatuak, baldin haien zenbatekoa ez bada aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago, eta ez badira 6 milioi euro baino gehiagokoak, barnean direla urte anitzetakoak, lau urte baino gehiago iraun behar ez dutenean, baldin eta urteko guztien zenbateko metatuak ez badu gainditzen aipatutako portzentajea, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatutako zenbatekoa ere.

6.–Zerbitzuen eta obren proiektuak onestea, baldin eskumena badu haiek kontratatzeko edo kontzesioa egiteko, eta aurrekontuan sartuta badaude.

7.–Udalaren ondasunen gaineko kontzesioak adjudikatzea eta ondasun higiezinak eta eskubideak erostea, baldin horiek badaude ondareari buruzko legediaren mendean eta haien balioa ez bada handiagoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino edota gainditzen ez bada hiru milioi euroko balioa.

Bigarrena.–Xedatzea Alkatetzak erabiliko dituela, eskuordetu ezinak direlako, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikuluan aipatutako eskumenak eta, kudeaketaren eraginkortasun arrazoiengatik, lege horren beraren 21.1. b), d), n), q) eta r) artikuluan ezarritako eskumena.

Hirugarrena.–Aurreko puntuko eskuordetzak bere barnean biltzen ditu bai zuzendaritzako eta kudeaketako ahalmenak, bai eta hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena ere.

Laugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarraren egintzen aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazteko ahalmena ere kide anitzeko organo horren esku uzten da, jarraikiz Toki Erakundeen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 115.c) artikuluari.

Bosgarrena.–Emandako eskuordetzak indarra hartzeko, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu egin beharko du, jarraikiz azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114.1 artikuluari (errege dekretu horren bidez onetsi zen Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua). Eskuordetzea onartutzat joko da baldin eta hiru egun balioduneko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina, Tokiko Gobernu Batzarrak ez badio berariaz adierazten eskuordetzea egin duen organoari ez duela eskuordetza onartzen. Orobat, espresuki onartzen ahalko da, ebazpen hau Gobernu Batzordeari jakinarazteko bilkuran berean.

Seigarrena.–Eskuordetza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta honen berri ematea Tokiko Gobernu Batzarrari eta Udalaren Osoko Bilkurari, kide anitzeko organo horiek duten hurrengo bilkuran; hori dena, bete beharrez Toki Erakundeen, Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 44.2 artikulua.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan xedatu ez den orotan, honako arau hauek aplikatuko dira, eskuordetzei dagokienez: apirilaren 2ko 7/1985 Legea, arautzen dituena toki araubidearen oinarriak, eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, hizpide duena sektore publikoaren araubide juridikoa.

Ebazpen honen aurka honako hauek aurkez daitezke:

1. Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, ebazpena eman duen udal organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpenaren biharamunetik hasita, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluei (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean arlo bereko epaitegiari edo salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluari (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa).

3. Eta, hautara, gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Barañainen, 2023ko uztailaren 19an.–Alkate udalburua, María Lecumberri Bonilla.

Iragarkiaren kodea: L2310763