162. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

688E/2023 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez formulatzen da ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena, "Gravera Richard" proiektuari buruz. Sustatzailea Transportes Richard SL da, San Adrianen.

Proiektua sartua dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar du. Proiektuaren xedea da legarra ateratzea San Adriango 3. poligonoko 1302., 1304., 1305., 1307., 1308., 1309. eta 1311. lurzatietan.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Transportes Richard SL enpresak 2022ko azaroaren 7an aurkeztu zizkion proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta lehengoratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2022ko abenduaren 16koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarrita dagoen ukitutako administrazioen kontsultaren izapidean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostenak jaso ditu Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataletik eta Lurralde Antolamenduaren Zuzendaritza Nagusitik; horien laburpena ebazpen honen II. eranskinean jaso da.

2023ko martxoaren 21ean, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta ondoren Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali zen espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

Proiektua ebazpen honen I. eranskinean laburtzen da. Ingurumen inpaktuaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da), proiektuak ingurumenean izanen dituen ukipen nagusiak egoki aztertzen dira, eta ingurumenean eragin nabarmenik ez sortzea bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen dira.

Proiektuaren ukipenak lehorreko laborantza lurzatiei bakarrik eragiten die, ukipenik sortu gabe, ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideetan, habitatetan, landaredia interesgarrian eta estepako hegaztientzat garrantzitsuak diren eremuetan ere ez du ukipenik eragiten. Ingurumen Eraginaren Atalak egindako txostenean adierazi du izapidetu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena ematea San Adrianen Transportes Richard SL enpresak sustatzen duen "Gravera Richard" proiektuari buruz.

2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera, baldintza hauek bete beharko dira:

A) Jarduketa eremua lurzati hauetara mugatzen da: San Adriango 3. poligonoko 1302., 1304., 1305., 1307., 1308., 1309. eta 1311. lurzatiak. Muga hori lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko da.

B) Ustiapenak ez du proiektuan ezarritako 297 metroko oinarrizko kotatik behera joan behar.

C) Legarra ateratzen hasi baino lehen, azaleko landare-lurra kenduko da, gutxienez 40 cm-ko geruza. Beste materialetatik bereiz metatuko da, eta gero, den-dena, lehengoratze lanetarako erabiliko da. Lur horiek, ahal dela, kabailoi perimetraletan jarriko dira, inguruko bideetatik ustiategia ezkutatzeko.

D) Ustiatu ahala lursaila lehengoratuko da, eta nekazaritza erabilera berreskuratuko du. Legar hobiaren amaierako ezponda perimetralak 2H:1V-ko malda izanen du gehienez; erauzketa fasean eginen da, perimetroko legarrak ustiatu gabe utziz, morfologia hori lortzeko ondoren betelanik egin behar izan gabe. Azken ezponda perimetralean hidroereintza eginen da, belar (%95) eta zur (%5) espezieak erabiliz, autoktonoak eta ingurunearen baldintzetara egokituak.

E) Proiektatutako lehengoratze lanak hobetzeko, zuloa betetzen ahalko da osorik edo zati batean, eta ezponden malda leundu, kanpotik ekarritako hondeaketa lur eta harri garbiekin. Laborantzarako egokia den landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betelanaren azaleko geruzetarako erabiliko da.

F) Kanpoko hondeaketa-lurrak legar hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).

G) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:

–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.

–Ustiategiko eremuaren barnean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.

–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.

3. Proiektuaren lehengoratze planari buruz aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onar dezan, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 52.359 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze-plana beteko dela bermatzeko, legar hobirako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzako Basozainen Zerbitzuari (Lizarrako hegoaldeko barrutia), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2023ko uztailaren 4an.–Zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektuaren helburua da legarrak erauztea San Adriango 3. poligonoko 1302., 1304., 1305., 1307., 1308., 1309. eta 1311. lurzatietan. Esparruaren azalera 26.708 m²-koa da guztira. Bolumen gordin aprobetxagarria 201.322 m³-koa dela uste da, haietatik 148.960 m³ direla legar salgarriak, eta gainerakoak hondakin ez-baliagarriak. Erreserbak agortzeko proiektua aurreikusten den denbora 3 urtekoa da gutxi gorabehera, gehi beste urte bat, lehengoratzea burutzeko. Ustiapena bi fasetan banatzen da, erauzketa eta lehengoratzea.

Lehenik eta behin, landare-lurreko azaleko geruza kenduko da (0,40 m); bolumena 10.683 m³ izanen dela kalkulatu da, eta hori gorde eginen da, lehengoratze lanen azken faseetan jartzeko. Lur horiek batez ere perimetroan metatuko dira; hala, itxiera eta hesi bisual gisa ere funtzionatuko du. Ustiapena goitik behera eginen da, gehienez 12 metroko altuerako ustiapen fronte bat eraikiz, gehienez 6na metroko altuerako bi bankutan banatuta, eta haien artean 5 metroko zabalerako bermak utziz.

Ustiapenaren oinarriko maila 297 metroko kotan ezarri da. Proiektuko lehengoratze lanen lehentasuna da lur eremua lehengoratzea 300 metroko kotara, kanpoko materialen ekarpenen beharrik gabe. Halaber, lehengoratze hori hobetzeko aukera aurreikusten da, kanpoko materialak ekarri eta kota 303 metrora eramanez. Lehengoratze lanen amaieran, azaleran berreskuratzen da lehorreko laborantza eta landaredia berritzen da, sasi-bazkaleku erara, ezponden (gehienez 2H:1V-ko malda izanen dute) hidroereintza eginez.

Erauzketa mekaniko hutsa da, hondeamakina hidraulikoa eta/edo pala kargatzailea erabiliz. Materiala metatuko da, edo palarekin kargatuko da kamioira. Erauzitako materiala nekazaritza eta abeltzaintza bideetan barna garraiatuko da han dagoen tratamendu instalaziora, titular beraren jabetzako "Los Riscos" legar-hobiaren ondoan.

II. ERANSKINA.–INGURUMEN INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA

Ingurumen inpaktuaren azterketan inbentariatu dira ingurune fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barne direla geologia, klimatologia, edafologia, topografia, airearen kalitatea, hots inpaktua, lur azaleko zein azpiko hidrologia, landaredia, fauna, paisaia, erabilerak eta laborantza, kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune sozioekonomikoa.

Zabaltzeko proiektua alekien labore sailetan garatuko da, eta ez du ukipenik sortuko ez Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Altxonbideak, estepako hegaztientzako habitatak edo garrantzizko eremuak eta intereseko landaredia ere ez dira ukituko.

Proiektuaren esparrua hartuko duen ingurunea azterturik, IEAk analizatu eta baloratu egiten du proiektuko ustiategiak ingurunean izanen duen eragina. Laburbilduz, 26 inpaktu adierazgarri identifikatu dira, eta neurrizkotzat edo bateragarritzat baloratu dira. Inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.

III. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITZEN DITUEN ADMINISTRAZIOEI EGINDAKO KONTSULTEN IZAPIDEAN JASOTAKO TXOSTENEN LABURPENA

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak, 2022ko azaroaren 18an, txostena eman zuen esanez ezen, Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dagoen informazioa aztertuta, ukitutako eremuetan ez dagoela katalogaturik inongo hondakin arkeologikorik. Beraz, aldeko txostena eman zuen.

Lurraldearen antolamenduaren Atalak Lurraldea eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren 27E/2023 Ebazpena, urtarrilaren 23koa, bidali zuen; haren bidez, proiektua baimentzen da lurzoru urbanizaezinari dagokionez, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ebazpenak hainbat baldintza ezartzen ditu hirigintza arloan, jarduera aurrera eramateko.

Iragarkiaren kodea: F2310460