161. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

406/2023 EBAZPENA, uztailaren 26koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Sara Vizcay Zarranz andrea eta María Beunza Goñi andrea sartzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolarien, teknikarien eta epaileen zerrendan.

Kirolaren Zuzendariordetzak txosten bat aurkeztu du, non adierazten baita otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen direla.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 30ean emandako 240/2015 Ebazpenaren bidez, Nafarroako goi mailako kirolari bihurtzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatu ziren, eta honako hauek arautu: Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak eta, azkenik, kirol federazioen ziurtagiriaren eredua eta norbanakoen eskabidearen eredua Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolari, teknikari edo epaile izendatzeko.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 29an emandako 393/2012 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordea sortu zen, eta batzorde horretako kideak izendatu ziren; martxoaren 16ko 224/2016 Ebazpenaren bidez, berritu egin zen Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordea, eta batzordeko kideak aldatu ziren; martxoaren 20ko 185/2017 Ebazpenaren bidez, berriz berritu zen Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordea, eta batzordeko kideak aldatu ziren; eta urtarrilaren 16ko 31/2020 Ebazpenaren bidez, berriz berritu zen Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordea, eta batzordeko kideak aldatu ziren.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak otsailaren 9an emandako 52/2023 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolari, teknikari eta epaileen behin-behineko zerrenda onetsi zen.

Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren IV. kapituluan, 11. artikuluko 1. puntuan, zehazten da ezen, Nafarroako Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordeak, kirol merezimenduak eta merezimendu teknikoak aztertu ondoren, goi mailako kiroleko epaile, teknikari eta kirolarien zerrendarako proposamena igorriko diola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, eta horren gaineko txosten zehatz bat gehituko diola.

Hori horrela, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 16an emandako 112/2023 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolarien, teknikarien eta epaileen behin betiko zerrenda onetsi zen.

Otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuaren 10.2 artikuluak, berriz, ebazpen osagarriak ematen ahal direla ezartzen du, urteko ebazpen arrunta argitaratu ondoren kirol merezimenduak eskuratu dituzten kirolari, teknikari edo epaileek izaera hori lortu, eta foru dekretu honetan eta bere garapeneko araudian aurreikusitako onurak izan ditzaten.

Ildo horretan, Sara Vizcay Zarranz andreak eta María Beunza Goñi andreak egiaztatu dute goi mailako kirolari izateko betebehar orokorrak eta betebehar teknikoak betetzen dituztela. Horregatik, Nafarroako Errendimenduko Kirolaren Balorazio Batzordeak proposatu du goi mailako kirolarien behin betiko zerrendan sartzea.

Horrenbestez, azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenak erabiliz (foru dekretu horren bidez Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onetsi ziren, gero ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatu zirenak),

EBAZTEN DUT:

1. Sara Vizcay Zarranz andreari eta María Beunza Goñi andreari Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolari izaera ematea eta Nafarroako goi mailako kirolari, teknikari eta epaileen urteko zerrendan sartzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea (argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra bertan aitortutako kalifikazioak), eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta, honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko uztailaren 26an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2311080