161. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

493/2023 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako zaldikoa" zaldi-arrazaren hazkuntza-programa onesten duena, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 8ko 2016/1012 (EB) Erregelamenduarekin eta otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuarekin.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2001eko ekainaren 11n emandako Foru Aginduaren arabera, "Nafarroako zaldikoa" zaldi-aziendaren hazleen elkartea (JACANA) da arraza horretarako liburu genealogikoa kudeatzeko ofizialki aitortuta dagoen hazleen elkartea. Arraza horren hobekuntza-programa Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 4ko 62/2014 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

JACANA elkarteak "Nafarroako zaldikoa" arrazaren hazkuntza-programaren egokitzapena onesteko eskaera aurkeztu du, otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz. Errege dekretu horren bidez, arraza garbiko animalia ugaltzaileei, ugalketarako zerri hibridoei eta haien ugalketa-materialari aplikatu beharreko arau zooteknikoak ezartzen dira, abere arrazak kontserbatzeko eta sustatzeko programa nazionala eguneratzen da eta maiatzaren 25eko 558/2001 Errege Dekretua, urriaren 30eko 1316/1992 Errege Dekretua, azaroaren 27ko 1438/1992 Errege Dekretua eta azaroaren 14ko 1625/2011 Errege Dekretua aldatzen dira. Elkarteak, horrez gainera, eskatu du hazkuntza-programa egokitu dadila Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Animalien Hazkuntzari buruz 2016ko ekainaren 8an emandako 2016/1012 (EB) Erregelamenduan xedatutakora.

"Nafarroako zaldikoa" arrazaren hazkuntza-programak onesteko eskumena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari dagokio, 45/2019 Errege Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Nafarroako zaldikoa" zaldi-arrazaren hazkuntza-programa onestea, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 8ko 2016/1012 (EB) Erregelamenduarekin eta otsailaren 8ko 45/2019 Errege Dekretuarekin. Programa hori ebazpen honi erantsi zaio, eta haren barruan bildu dira liburu genealogikoaren araudia, kontserbazio-programa eta hobekuntza-programa.

2. Programaren edukia, bai eta etorkizunean egiten zaizkion aldaketak ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren webgunean argitaratuko dira, ARCA atalean.

3. Indarrik gabe uztea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 4ko 62/2014 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitzen "Nafarroako zaldikoa" zaldi-arrazaren hazleen Elkartearen hobekuntza-programa.

4. Ebazpen hau Animalien Ekoizpenaren Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau "Nafarroako zaldikoa" zaldi-aziendaren hazleen elkarteari (JACANA) jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpen honek ez diola amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Ingurumeneko eta Landa Garapeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2023ko ekainaren 26an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2310294