160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

181/2023 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Nafarroako Foru Komunitatea Jorge Ramón Sarasa Juanto jaunaren abintestato jaraunsle (GP 2023016) deklaratzeko prozedurari.

Iruñeko Lehen Auzialdiko 6. Epaitegiko Justizia Administrazioaren letraduaren 2023ko urtarrilaren 18ko antolaketa-eginbidearen bidez, Ondare Zerbitzuari jakinarazi zitzaion 13.934,26 euroko soberakin bat zegoela, Jorge Ramón Sarasa Juanto jaunaren jaraunspen jasogabean titulu judizialen betearazpen batetik zetorrena (262/2017 prozedura-zenbakia).

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen da lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.

Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.

Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, "halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz".

Jorge Ramón Sarasa Juanto jauna Iruñean jaio zen, 1936ko apirilaren 20an, eta Iruñean hil zen, 2008ko irailaren 2an.

Hona hemen orain arte identifikatu diren eta zenduari egozten zaizkion ondasunak (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ager litezkeenak):

–13.934,26 euroko soberakina, titulu judizialen betearazpen batetik datorrena (262/2017 prozedura-zenbakia), Iruñeko Lehen Auzialdiko 6. Epaitegian.

–Bankuko lau kontu, guztira, 2.228,98 euroko saldoa egiten dutenak 2011ko abenduaren 31n.

Espedientean jasota daude heriotza-ziurtagiriak, kausatzailearen azken nahietako egintzen erregistroaren agiriak eta heriotza aseguruen kontratuenak.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak esleitutako eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Jorge Ramón Sarasa Juanto jaunaren abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.

2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki taulan ikusgai jar dadin hilabetez, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen 24. artikuluko 6. apartatuan aurreikusitakoarekin bat.

3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan, edozein interesdunek alegazioak edo dokumentuak edo egoki jotzen dituen beste juizio-elementu batzuk aurkezteko aukera izateko, toki honetan: Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuko Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Yanguas y Miranda kalea 27-2.a, 31003 Iruña (Nafarroa).

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalera eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Aferetarako Bulegoa).

Iruñean, 2023ko uztailaren 24an.–Ondare Zerbitzuko zuzendaria, Marta Echavarren Zozaya, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiaren ordez (Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 12ko 76/2019 Foru Agindua).

Iragarkiaren kodea: F2311079