4. PROZEDURA JUDIZIALAK
NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
89/2022 prozedura arrunta
Fabiola Llorente Llorente, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.
Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 0000089/2022 prozedura arruntean 335/2022 Epaia eman da 2022ko abenduaren 5ean, eta irmo geratu da. Hona hemen haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:
335/2022 Epaia.
Jaunak/andreak: Raquel H. Reyes Martínez andrea, presidentea.–Magistratuak.–Antonio Sánchez Ibáñez jauna.–José Manuel Izquierdo Salvatierra jauna.
Iruñean, 2022ko abenduaren 5ean.
Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatuak, aztertu egin ditu 89/2022 errekurtsoaren autoak. Errekurtso hori Tafallako Udalaren 26. ordenantza fiskalaren aurka jarri zen, zeinaren bidez arautu baitzen herriko jabari publikoaren aprobetxamendu berezia egiteko tasa, energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioentzat (2021eko 291. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa). Auzi honetan alderdi hauek parte hartu dute: errekurtsogile gisa, Red Eléctrica de España SAU, epaitegietako prokuradore Enrique Castellano Vizcayk ordezkatuta eta Manuel de Vicente-Tutor Rodríguez abokatuak zuzenduta; eta demandatu gisa, Tafallako Udala, epaitegietako prokuradore Belén Goñi Jiménezek ordezkatuta eta Marta Pernaut Ojer abokatuak defendatuta. Eta honako aurrekari eta zuzenbideko oinarri hauetan oinarrituta ebatzi du.
EPAITZA:
Baiestea Enrique Castellano Vizcay epaitegietako prokuradoreak Red Eléctrica de España SAUren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Tafallako Udalaren 26. ordenantza fiskalaren aurka jarria, zeinaren bidez arautu baitzen herriko jabari publikoaren aprobetxamendu berezia egiteko tasa, energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioentzat (2021eko 291. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koa). Horren ondorioz:
1. Errekurritutako ordenantza fiskala erabat deuseza deklaratzen dugu.
2. Alderdi demandatuak ordaindu behar ditu eragindako kostuak.
3. Behin epaia irmo bilakatuta, argitara bedi haren epaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 72.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Jakinaraz bedi ebazpen judizial hau Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 248. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta aditzera ematen da kasazio-errekurtsoa soilik jartzen ahal dela haren aurka, dagokion salari zuzendua, bakar-bakarrik kasazio-interes objektiboko kasuren bat badago tartean eta ezarritako legezko baldintzak betez, hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legearen 86. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat (uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoak emandako testuaren arabera).
Errekurtso hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko sala honi zuzenduta prestatu beharko da, epai hau jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean.
Alderdiei aditzera ematen zaie ezen, edozein kasutan, eta aurkezten diren kasazio-errekurtso guztietan, kasuan kasuko kasazio-errekurtsoari buruzko idazki guztiek bat etorri beharko dutela, aitzakiarik gabe, Auzitegi Goreneko Gobernu Salak 2016-4-21ean hartutako Erabakiaren bidez eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusi honek 2016-6-27an hartutako Erabakiaren bidez onetsi diren baldintza eta betebehar estrintsekoekin.
Erabaki horiek ikusgai daude Justizia Auzitegi Nagusi honen iragarki-taulan, eta argitaratuta, orobat, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren web-orrian (www.poderjudicial.es), jendaurrean egon daitezen eta orok jakin ditzan.
Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu.
Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Iruñean, 2023ko uztailaren 17an.–Salako Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.
Iragarkiaren kodea: J2310677