Iragarkia
160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZARRAKAZTELU ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena
Zarrakaztelu aldeko Udalen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2022ko urriaren 7an eta azaoaren 28an egindako bilkuretan, hasiera batez eta behin betiko onetsi zuen, hurrenez hurren, Mankomunitatearen estatutuetan egindako aldaketa.
Hasierako onespena hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.
Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari eskatutako txostena jaso ondoren, estatutuen proiektuaren aldaketa bozkatu eta horrek Mankomunitatea osatzen duten toki erakunde guztien aldeko botoa jaso zuen. Beraz, behin betikoz onetsitako testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan xedatua bete beharrez.
Zarrakaztelun, 2023ko uztailaren 11n.–Mankomunitateko burua, Olaia Fraile Gracia.
ZARRAKAZTELU ALDEKO UDALEN OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA.–ERAKETA, IZENA ETA HELBIDEA
1. artikulua. Estatutu hauen 1. eranskinaren zerrendan ageri diren udalerriek borondatezko Mankomunitatea eratu dute estatutu hauen 2. kapituluan adierazitako zerbitzuak, haien eskumenekoak baitira, denen artean eman eta antolatzeko.
Mankomunitatean kide berriak onartzeko eta udalerriren bat handik ateratzeko, dagozkion estatutuetako arauak beteko dira.
Mankomunitatearen antolamendua eta jarduna estatutu hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, ezertan eragotzi gabe Nafarroako toki -entitateei dagokien araudia aplikatu beharra.
2. artikulua. Nortasun juridikoa.
Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa izanen du bere xedeak betetzeko, izaera publikoko administrazio entitatea den aldetik, eta une bakoitzean kide dituen toki entitateen mugarteetan erabiliko ditu bere eskumenak.
3. artikulua. Zenbait udalerrik osatutako entitatearen izena "Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea" izanen da eta egoitza Zarrakaztelun egonen da.
II. KAPITULUA.–XEDE ETA EGINKIZUNAK
4. artikulua. Mankomunitatearen xedea: Mankomunitateak xede hauek ditu, besteak beste:
A.–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, informazioa, aholkularitza eta orientazioa ematea pertsona, familia eta kolektiboei:
a) Gizarte zerbitzuen arloko eskubide, betebehar eta baliabideei buruzko informazioa, aholkua eta orientazioa ematea pertsona, familia eta kolektiboei.
b) Sortzen diren arazo edo gatazkak konpontzeko esku hartzea, bere eginkizunaren eta gaitasunen barrenean badaude.
c) Orientatzea eta, behar den kasuan, espezialistengana igortzea.
d) Bere eginkizunak betetzeko elkarlanean aritzea gainerako mailetako gizarte, osasun eta kultur zerbitzuekin.
e) Nafarroako Gizarte Ongizateko Institutuak eman beharreko laguntza guztien tramitazioa baloratu eta txostenak egitea, bai eta haien jarraipena egitea ere.
f) Erakundeen menpetik ateratzeko prozesua bultzatzen ari diren administrazio publikoekin elkarlanean aritzea, pertsonak beren ingurunean gizarteratu daitezen lortzeko.
g) Gizartean zer behar eta baliabide dauden atzeman eta haien erabilera ahalik eta onena koordinatzea.
B.–Adinekoei arreta eskaintzea. Horretarako, ezarri edo kudeatuko dira egoitza-zentroak, eguneko zentroak, eguneko egonaldietarako zerbitzuak, jantoki zerbitzua, egoitza batera lotutako etxebizitzak, etxeko zaintzak, etab. Gainera, martxan jarriko dira Mankomunitateko adinekoei laguntzeko egoki diren baliabide eta zerbitzuak. Xede hori kudeaketa edo zuzendaritza organo batek kudeatuko du, eta, horrez gain, Batzar Orokorreko buruak emandako akordioak gauzatuko ditu organo horrek.
C.–Asoziazionismoa sustatzea; horretarako, sustatuko dira solidaritatea eta herritarren arteko elkarbizitza zein gizarte boluntariotza.
D.–Fundazioko xedeak betetzearen aldeko edozein jarduera gauzatzea, nahiz eta berariaz aipatu ez.
Funtzio espezifikoak izanen dira Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aipatutakoen osagarri gisa egiten dituenak, programa espezifikoen bidez herritarren berezko gizarte arazoei aurre egiteko.
Funtzio espezifikoak izanen dira adinekoen arretarako zentroetan aipatutakoen osagarri gisa egiten direnak programa espezifikoen bidez herritarren berezko gizarte arazoei aurre egiteko.
Xede horiek lortzeko, toki entitateei legeriak emandako eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu, baita zerbitzuak udalaren esku uzteko aukera ere.
5. artikulua. Arestian zehaztu eskumenaren barnean, Mankomunitateak ahalmena izanen du aitzineko artikuluan aipatu diren xedeak betetzeko ekintza guztiak gauzatzeko, bereziki hauek:
1.–Dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskatzea Estatuari eta korporazio publiko zein pribatuei.
2.–Mota guztietako hitzarmen edo kontratuak egitea.
3.–Zarrakazteluko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak antolatzea.
4.–Zahar-egoitzan zerbitzuak antolatu eta kudeatzea.
5.–Mota guztietako kontratuak egitea obra eta instalazioak adjudikatzeko, horiek mantendu eta zaintzeko, eta kredituen maileguak kontratatzeko.
6.–Materiala, lanabesak, tresnak eta mota guztietako ondasunak erostea.
III. KAPITULUA.–JARDUKETA EREMUA
6. artikulua. Hitzarmenak ondorioak izanen ditu hura sinatu duten udalen lurralde eremuan.
IV. KAPITULUA.–INDARRALDIA
7. artikulua. Mankomunitate honen iraupen edo indarraldia mugagabea izanen da, eta funtzionatzen hasiko da estatutuak behin betiko onesten direnetik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 50. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
V. KAPITULUA.–GOBERNU-ORGANOEN ANTOLAKETA
8. artikulua. Gobernu-organo hauek zuzenduko dute Mankomunitatea:
–Mankomunitateko burua eta buruordea.
–Batzar Orokorra
Asanblada edo Batzar Orokorra da Mankomunitatearen organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskudantziak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoak aitortzen dizkionak ere.
VI. KAPITULUA.–BATZAR OROKORRA
9. artikulua. Batzar Orokorra.
1.–Batzar Orokorra Mankomunitateko organo gorena izanen da. Estatutu hauetan zehaztutako eskumen eta eskudantziak eta antolamendu juridikoak ematen dizkion gainerakoak izanen ditu.
2.–Kideak Zarrakaztelun bilduko dira normalean, baina Mankomunitatea osatzen duten herrietako edozeinetan biltzen ahalko dira.
10. artikulua. Batzar Orokorraren osaera.
1.–Mankomunitateko Batzar Orokorrak udalerri mankomunatu guztiak ordezkatuko ditu. Batzar Orokorra udaletako hautetsiek osatuko dute, udalbatzen osoko bilkurek izendatuta legeria indardunaren arabera. Arau hauek aplikatuko dira batzarkideen kopurua zehazteko:
a) Udal bakoitzak ordezkari bat izanen du gutxienez.
b) 1.500 eta 2.500 biztanle bitarteko udal bakoitzak beste ordezkari bat izanen du, lehenbizikoaz gain.
2.–Udalak berritzeko udal hauteskundeen egunaren aurretik azkenekoz ofizialki deklaratuta dagoen biztanle kopurua hartuko da aintzat udal bakoitzari zenbat ordezkari dagozkion kalkulatzeko, eta hauteskundeen ondorioz osatutako udalaren agintaldi osoan kopuru horri eutsiko zaio.
11. artikulua. Batzar Orokorreko ordezkariak izendatzea.
1.–Udalbatza bakoitzak izendatuko ditu Mankomunitateko Batzar Orokorrerako bere ordezkariak, baita kargutik kendu ere. Toki hauteskunde bakoitzaren ondoren izendapenak berrituko dira.
2.–Udalbatza bakoitzak titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu, estatutu hauetan xedatuarekin bat. Biek izanen dute ordezkaritza, baina bakarrak erabili ahal izanen du botoaren bitartez.
3.–Titular edo ordezko bat kanpora joan, gaixotu, hiltzen bada, kargua uzten badu edo antzeko zerbait gertatzen bazaio, ukitutako Udalbatzak ordezkoa izendatuko du hilabeteko epean, aurreko titularraren edo ordezkoaren kargu-uztea edo antzeko kasua gertatzen denetik aurrera.
12. artikulua. Ordezkari izaerari uztea.
Mankomunitateko Batzar Orokorreko ordezkariek honako kasu hauetan utziko dute kargua:
a) Entitate izendatzaileek kargutik kentzean.
b) Hautetsi izateari uzten diotenean.
c) Korporazio berriak eratzen direnean.
Mankomunitatea osatzen duten toki entitateetako batzarkide ordezkariek, c) apartatuko kasuan, beren karguetan segituko dute, jardunean, harik eta behar diren udal hauteskundeak egin ondoren batzar eratzaile berria eratu arte. Udalbatza berriak eratu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da Batzarra eratzeko bilkura. Bitarte horretan, kargua uzten duten zuzendaritza organoek ezin izanen dute hartu gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik.
13. artikulua. Batzar Orokorraren eskumenak.
a) Oinarrizko gizarte zerbitzuek udalerrietan gauzatu beharreko jarduketa programak onestea.
b) Pertsonarengan zentratutako arreta integralaren ereduaren ezarpena zuzentzea.
c) Zerbitzuen aurrekontuak eta urteko kontuak onestea. Zerbitzuen barnean egonen dira Gizarte Zerbitzuak eta Zahar-egoitza.
d) Zerbitzuei atxikitako langileak zehaztea, eta orobat ezartzea erabili beharreko kontratazio sistemak eta hautapenerako irizpide eta oinarri orokorrak.
e) Udal mankomunatuek egin beharreko ordainketen zenbatekoa ezartzea Mankomunitatea sostengatzeko, bai Gizarte Zerbitzuak eskaini, bai Zahar-egoitzako zerbitzua emateko.
f) Baimena ematea, beste administrazio batzuek egiten dituzten eskumen eskuordetzak onar daitezen, dena delako hitzarmenaren xede den arloan.
g) Eta, bere helburuak betetzeari dagokionez, udaletako osoko bilkurei legez esleitzen zaizkien eskudantzia eta eskumen guztiak, beheragoko beste organo batzuei ez badagozkie.
h) Burua hautatzea udalen ordezkarien artean.
h) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.
14. artikulua. Batzar Orokorraren bilkuretarako deialdia.
1.–Batzar Orokorra sei hilean behin bilduko da gutxienez; nolanahi ere, behar adina bilkura egin daitezke, buruaren ekimenez, Batzorde Iraunkorrak proposatuta edo zuzenbidez Batzarreko kide direnen heren batek eskatuta.
Bilkuretan, udalen bilkuretako funtzionamendurako araudia bete beharko da.
2.–Buruak edo legez hura ordezten duenak eginen du bilkurarako deia. Kideei garaiz jakinaraziko zaie, bilkurako gaiak aztertzeko denbora nahikoa izan dezaten. Gutxienez 4 egun lehenago jakinarazi behar zaie.
Deialdian bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, aztergaien zerrenda emanen da eta aztergaien berri izateko behar diren agiri guztiak erantsiko dira.
15. artikulua. Batzar Orokorreko bilkurak egitea.
1.–Bilkuretarako baliozko quoruma Batzar Orokorra zuzenbidez osatzen duten pertsona hautetsien herena izanen da. Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.
2.–Mankomunitateko burua eta idazkaria edo legez ordezten dituztenak agertu ezean ezin izanen da bilkurarik egin.
3.–Lehen deialdian quorumik ez badago, besterik gabe deialdia egintzat joko da, bi egunen buruan ordu berean bilkura egiteko. Orduan ere quorumik lortzen ez bada, Mankomunitateko buruak deialdia baliogabetuko du eta zerrendako aztergaiak hurrengo bilkurarako utziko dira.
16. artikulua. Batzar Orokorrak erabakiak hartzea.
1.–Oro har, Batzar Orokorraren erabakiak hautetsien gehiengo soilaz hartuko dira.
Indarra duen legerian eta estatutu hauetan berariaz zehazturik dauden gaiei buruzko erabakiak hartzeko, gehiengo kualifikatua beharko da.
Zerbitzu jakin bati buruzko bozketa egiten bada, eta udalerri mankomunaturen batek zerbitzu horri buruzko eskumena Mankomunitatearen esku utzi ez badu, udalerri horrek gobernu-organoetan dituen ordezkariek ez dute bozkatuko.
2.–Jarraian adierazitako gaien inguruko akordio baliodunak hartzeko, beharrezkoa izanen da Batzar Orokorreko kideen gehiengo soilaren aldeko botoa:
a) Ordenantzak eta tarifa orokorrak onestea, zerbitzuen erabiltzeei edo Mankomunitatearen, Sozietate Kudeatzailearen nahiz gainerako atalen funtzionamendu araubideari eragiten badiote.
b) Obra eta inbertsioen urte anitzeko planak onestea.
c) Mankomunitatean kide berriak onestea.
d) Burua hautatzea, kargutik kentzea eta kargutik bereiztea, eta haren dietak eta ordainsariak zehaztea.
e) Toki araubideko legeriaren arabera quorum hori behar den gainerako gai guztiak.
4.–Jarraian adierazitako gaien inguruko akordio baliodunak hartzeko, beharrezkoa izanen da Batzar Orokorra zuzenbidez osatzen duten kideen gehiengo osoaren aldeko botoa:
a) Mankomunitatearen estatutuak onestea eta aldatzea.
b) Sozietate kudeatzaileak edo atalak sortzea eta horien estatutu edo erregelamenduak onestea eta aldatzea.
5.–Batzar Orokorrak hartzen dituen erabaki guztien berri eman behar zaie ukitutako udal mankomunatuei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren jarduketak egin ditzaten.
6.–Batzar Orokorretik heldu diren administrazio egintzen araubide juridikoa, udalen osoko bilkuren egintzak zuzentzen dituen bera izanen da.
VII. KAPITULUA.–BURUA ETA BURUORDEA
17. artikulua. Burutza.
1.–Buruak betearaziko ditu Batzar Orokorraren erabakiak; horrez gainera, bi gobernu-organoen eztabaidak zuzenduko ditu eta estatutuak zehatz-mehatz bete daitezen arduratuko da.
2.–Legeek alkateei emandako eskudantzia berberak izanen ditu bere eskumeneko eremuan.
18. artikulua. Buruaren hautaketa.
1.–Batzar Orokorrak izendatuko du burua, eratzeko bilkuran. Toki entitateetako hautetsiak berritzeko garaian berrituko da Mankomunitateko burua ere, salbu kargutik kentzen dutenean; hori gertatuz gero, ahalik eta azkarren hautatuko da Mankomunitateko buru berria, kargua hutsik egon ez dadin.
2.–Burua Mankomunitatearen ordezkaria izanen da beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin dituen harremanetan, eta horretaz gainera, estatutu hauek esleitu edo Batzar Orokorrak berak ematen dizkion eginkizunak beteko ditu.
3.–Burua Batzar Orokorreko kide bat izanen da, hain zuzen ere hori hautatzeko lehenengo bozketa batean Batzar Orokorra zuzenbidez osatzen duten kideen gehiengo soilaren aldeko botoa lortzen duena.
Aurreko paragrafoan aipaturiko gehiengoa batzarkide bakar batek ere lortzen ez badu, bigarren bozketa eginen da, eta gehiengo soila lortzen duena izanen da Mankomunitateko buru.
Berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen toki entitatearen ordezkaria hautatuko da. Berdindutako hautagaiak toki entitate beraren ordezkariak badira, zaharrena aukeratuko da.
4.–Burua edo buruordea kargutik kentzeko edo hark kargua uzteko proposamen berean kargurako hautagaia proposatuko da, kargu hutsa berehala bete dadin.
19. artikulua. Buruaren eskudantziak.
1.–Mankomunitateko buruari eginkizun hauek dagozkio:
a) Bilkuretarako deiak egitea eta haietan buru aritzea, eta hartzen diren legezko erabakiak betearazteko agintzea.
b) Bere erantzukizunpean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea haren lehen bilkuran eta, kasuak garrantzi handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.
c) Kontu-hartzailearekin batera, Mankomunitatearen aurrekontuen proiektuak prestatzea eta legezko xedapenen eta aplikatu beharreko arauen arabera onetsitako aurrekontuak behar bezala gauzatzeko neurriak hartzea.
d) Aurrekontuko kontsignazioen barrenean Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea.
e) Bertako funts eta ondasunak administratzea, eta aurreko ekitaldiko kontuak agertzea urte naturalaren lehen seihilekoan.
f) Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.
g) Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak sinatuz ikus-onestea.
h) Koordinazioa bermatzea Mankomunitateko organoen artean eta Mankomunitatearen eta udal mankomunatuen artean.
i) Lan publikoaren eskaintza onestea, osoko bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.
j) Ondasun higigarriak eta higiezinak besterentzea eta kostu bidez eskuratzea, une bakoitzean indarra duen legeriak alkate udalburuentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan, eta urtebeteko kontratuak egitea, horien zenbatekoa aurrekontuko diru-sarrera arrunten %10etik beherakoa bada, edo urte anitzekoak, gastua gehienez ere lau ekitaldiri aplikatzen bazaie eta urte guztietako zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu.
Balio zenbatetsiak ez du inola ere gaindituko sei milioi euroko zenbatekoa, honako honetan ezarritakoaren arabera: Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarria, zeinaren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan sartzen baitira 2014ko otsailaren 26ko Europako Parlamentuko eta Kontseiluko Zuzentarauak (2014/23/EB eta 2014/24/EB).
k) Zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, toki araubideari buruzko oinarrizko legerian eskumenak banatzeko ezarritako esparruan, eta, betiere, Batzar Orokorrak berarendako ez baditu.
2.–Buruak espresuki eskuordetu ditzake indarreko legeriak delegatzea baimendutako eginkizunak.
20. artikulua. Buruordeak hautatzea.
1.–Buruak izendatuko du buruordea.
2.–Buruak kargua uzten duenean, buruordea automatikoki kenduko da kargutik, hark kargua uzteko beste arrazoi batzuk izatea eta aplikatzea eragotzi gabe: horri uko egitea, hautetsia edo Mankomunitatean dagoen tokiko entitatearen ordezkari izateari uztea edota buruak berak egindako izendapenak atzera botatzea modu boluntarioan.
3.–Buruaren eginkizunak hartuko ditu bere gain hala dagokionean, estatutuetan xedaturikoaren arabera; bestetik, buruak edo Batzarrak haren esku berariaz utzitakoak ere izanen ditu. Batzarrari eman beharko dio kontu bere jardunaz.
4.–Buruordeak burua ordeztuko du azken hori kanpoan, gaixo dagoenean edo kargua hutsik gelditzen denean, edo buruak abstenitu behar duenean.
VIII. KAPITULUA.–IDAZKARIA, KONTU-HARTZAILEA ETA DIRUZAINA
21. artikulua. Idazkaritza, kontu-hartzailetza eta diruzaintza.
1.–Mankomunitateak nomina eta plantillan izaten ahalko ditu Idazkaritza eta Kontu-hartzailetzako funtzio publikoak beteko dituen langile bat, fede publikoko eta halabeharrezko legezko aholkularitza emateko. Horrez gain, bi organo horiek barne fiskalizazioa eta aurrekontu-, kontabilitate-, ekonomia- eta finantza-aholkularitza eta kudeaketa eginen dute. Horretarako, Nafarroako toki entitateen funtzio publikoari aplikatu beharreko indarreko araudiari jarraituko zaio.
2.–Lanpostu hori sortzen ez den bitartean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 234.2d) artikuluan xedatuari jarraikiz gauzatuko dira haren eginkizunak, eta Mankomunitateko udaletako idazkarietako edozein izenda daiteke horretarako, eta, behar denean, izendapena ezezta daiteke, noiznahi ere.
3.–Diruzaintzako funtzioak indarreko lege eta erregelamenduetako xedapenen araberakoak izanen dira.
IX. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA
22. artikulua. Helburuak betetzeko eta sortzen diren gastu guztiak finantzatzeko, Mankomunitateak bere baliabide ekonomikoak erabiliko ditu, honako hauek, alegia:
1.–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan:
a) Mankomunitateak udaletatik, Nafarroako Gobernutik edo bestelako erakunde publiko nahiz pribatuetatik biltzen dituen dirulaguntzak, 4. artikuluan aipatu diren jardueretarako.
b) Bere jarduerek ekar ditzaketen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.
c) Mankomunitateko udalen ekarpenak.
d) Bere aldeko dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.
e) Bere xedeak betetzeko asmoarekin hitzartzen dituen kreditu-eragiketen eta maileguen ondoriozko baliabideak.
f) Bere ondasun eta eskubideen emaitzak, errentak eta korrituak.
g) Haren esku utz daitekeen beste edozein baliabide.
2.–Zahar-egoitzan:
a) Hitzartutako plazak.
b) Egoiliarren ekarpenak.
c) Mankomunitateko kide diren udalbatzen ekarpenak.
d) Bere aldeko dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.
e) Bere xedeak betetzeko asmoarekin hitzartzen dituen kreditu-eragiketen eta maileguen ondoriozko baliabideak.
f) Bere ondasun eta eskubideen emaitzak, errentak eta korrituak.
g) Haren esku utz daitekeen beste edozein baliabide.
23. artikulua. Mankomunitateak urtero aurrekontu bat sortu eta onetsiko du, eta bertan honakoak jasoko ditu: gizarte zerbitzuak zein zahar-egoitzako zerbitzuak emateagatik sortuko diren gastu eta diru-sarrerak.
Dirulaguntzen bidez edo Nafarroako Gobernuaren eta erabiltzaileen ekarpenen bidez guztiz ordaintzen ez diren funtzionamendu-gastuak Mankomunitateko kide diren udalek ordainduko dituzte, udal bakoitzak dituen biztanleen arabera.
Horretarako, udal mankomunatuek konpromisoa hartzen dute beren urteko aurrekontuetan aurretiaz adierazitako ekarpenak sartzeko, gizarte zerbitzuen eta zaharren-egoitzan beharrezko ekarpenak egiteko.
24. artikulua. Dirua soberan badago zerbitzuen gastu guztiak, obra eta instalazioen kontserbazio arruntetakoak, langileen ordainsarienak eta hitzartutako gainerako betebeharrei dagozkienak egin ondoan, gerakin hori hurrengo ekitaldiko aurrekontura pasatuko da.
25. artikulua. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bere gain hartzen duen zor eta obligazio orori dagokionez, Mankomunitateko kide diren udal guztiak izanen dira erantzule, zati proportzionaletan, zuzenbideko biztanleen kopuruaren arabera.
X. KAPITULUA.–LANGILEAK
26. artikulua. Mankomunitateak behar diren langileak izanen ditu; Batzarrak osatuko duen plantillan zehaztuko dira haien kopurua, kategoria eta eginkizunak.
Mankomunitateak kontratatutako langileen plantilla osatuko dute Gizarte Zerbitzuetan eta adinekoen zahar-egoitzan beharrezkoak diren langileek.
Bi plantilla horiek ez dute zertan hitzarmen kolektibo berdinak izan; izan ere, zahar-egoitzan azpikontratatuko diren langileak azpikontratatzeko ezarritako baldintzen arabera egonen dira.
XI. KAPITULUA.–KIDE BERRIAK ONARTZEA ETA KIDE DIRENAK ATERATZEA
27. artikulua. Kide berrien onarpena.
1.–Batzarrak onetsi beharko du Mankomunitatean udal berriak onartzea, zuzenbideko kideen legezko gehiengo soilaren botoekin; onartzeko erabakia 15 egunean egonen da jendaurrean. Epe berean Nafarroako Gobernuari entzutea emateko izapidea eginen da, proposaturiko onarpenari buruzko iritzia eman dezan, egokitzat jotzen badu.
2.–Aldi hori bukatutakoan, erreklamaziorik ez badago, onarpena behin betikoa izanen da.
3.–Onartu eta gero, kide horiek hiru urterako konpromisoa hartuko dute gutxienez.
28. artikulua. Kideak ateratzea.
1.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 52.3 artikuluan aurreikusitako prozedura erabiliko da Mankomunitateko kideak hartatik ateratzeko, eta estatutuak aldatzeko ezarritako arau berak bete beharko dira.
2.–Mankomunitateko entitate bati hortik ateratzeko eskaera onartu ahal izateko, bermatu beharko du bere esparruko zerbitzuak behar bezala ematen ahalko dituela, irtetearekin Mankomunitatearen interes orokorrei ez diela kalterik eginen eta azken horrek zerbitzua ematen segitzeko aukera izanen duela.
3.–Mankomunitateko Batzar Orokorrak kide baten bereizketari buruz hartzen duen erabakiak horren ondorioak beharko ditu, ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienez.
XII. KAPITULUA.–INDARRALDIA ETA DESEGITEA
1.–Mankomunitateak mugagabeko indarraldia izanen du.
2.–Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoiak Mankomunitateari aplikatu beharreko Toki Araubideko legerian ezarritakoak izanen dira. Mankomunitatea deseginez gero, Batzarrak Likidazio Batzorde bat eratuko du. Hark likidatuko ditu kitatzeko dauden kontuak eta soberakina banatuko du Mankomunitateko udalen artean.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Sortzen diren arazoak ebazteko, estatutu honetan ezarritakoa aplikatuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Nafarroako toki-korporazioentzat indarrean dagoen araudian ezarrita ez dagoen guztian.
I. ERANSKINA.–MANKOMUNITATEA OSATZEN DUTEN UDALERRIAK
Zarrakazteluko Udala.
Melidako Udala.
Santakarako Udala.
Murillo el Frutoko Udala.
Iragarkiaren kodea: L2310543
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
