160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAITZ

Aldaketa Ordenantza fiskal orokorrean. Behin betiko onespena

Jaizko Udalak, 2023ko maiatzaren 4an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ordenantza fiskal orokorraren aldaketa.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2023ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 16an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batera.

Jaitzen, 2023ko uztailaren 18an.–Alkatea, Francisco Eraso Azqueta.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

I. KAPITULUA.–PRINTZIPIO OROKORRAK

Xedea

1. artikulua. Ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten udal baliabideen ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea. Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.

Zergaren orokortasuna

2. artikulua. Tokian tokiko ordenantza fiskalek, eta bai toki ogasunei buruzko foru legeek ere –halakorik beharrezkoa ez izateagatik ordenantza partikularrik onetsi ez den kasuetan– agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztion betebeharra da, eta ukitzen ditu pertsona fisiko zein juridiko oro, eta bai eskubide eta betebehar fiskalak dituzten nortasun juridikorik gabeko subjektuak ere.

Ezin izanen dira aplikatu foru lege batean espresuki ezartzen diren hobari fiskalak baizik, eta, era berean, ez da onartuko inolako analogiarik, zerga-egitatearen edo zerga salbuespen edo hobarien eremua bere muga hertsietatik harago hedatzeko.

Aplikazio-eremua

3. artikulua. Ordenantza fiskalak udal-mugarte osoan aplikatuko dira, indarra hartzen duten unetik beretik indargabetu edo aldatzen diren arte.

II. KAPITULUA.–TRIBUTU-HARREMANERAKO ELEMENTUAK

Zerga-egitatea

4. artikulua. Zerga-egitatea izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga-betebeharra sortzen du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak osatuko du zerga-egitatearen zehaztapena, lokabetasunerako arrazoiak zein diren eta zerga ordaindu beharra zer baldintzetan sortzen den aipatuz.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zerga-egitateak jarraitutasunez gertatzen badira.

Subjektu pasiboa

5. artikulua.

1) Subjektu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, legearen arabera zerga-prestazioak betetzeko obligazioa duena, zergaduna edo haren ordezkoa izateagatik.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, legearen arabera zerga-egitatetik sortutako tributuaren zama bere gain hartzen duena.

Zergadunaren ordezkoa da, legearen aginduaren ondorioz, haren ordez zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera behartuta dagoen subjektu pasiboa.

2) Zerga-egitate bati titular bi edo gehiago batera egokitzeak berarekin ekarriko du horiek elkarrekin beharturik izanen direla, udal ogasunari begira, salbu eta Legeak, tributua erregulatzean, kontrakoa ezartzen badu.

6. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ezin dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatu.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, ukatu gabe berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak.

Egoitza fiskala

7. artikulua. Pertsona fisikoendako zerga ondorioetarako helbidea beren ohiko bizitegia izanen da; pertsona juridikoendako, aldiz, beren egoitza soziala, bertan baldin badago zentralizatua haren administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza kokatzen den tokia izanen da.

Udal administrazioak beren egoitza fiskala aitor dezaten eskatu ahal die subjektu pasiboei. Subjektu pasibo batek egoitza aldatzen duenean, tributu administrazioari jakinarazi beharko dio, horretarako berariazko adierazpena eginez. Administrazioari dagokionez, egoitza aldaketak ez du ondoriorik sortuko zerga aitorpen hori aurkezten ez deino. Administrazioak egiaztapen egokiaren bitartez zuzen dezake subjektu pasiboen egoitza fiskala.

Karga oinarria

8. artikulua. Tributuei buruzko ordenantzetan, zorra zehazteko oinarritzat zerga-oinarriak hartzen direnean, horiek zehazteko behar diren bitartekoak eta metodoak ezarriko dira.

9. artikulua. Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian, hala egokituz gero, eginiko murrizketen emaitza, murrizketa horiek tributua arautzen duen legean edo dagokion ordenantza fiskalean xedaturik daudenean.

Kuotaren zehaztapena

10. artikulua. Tributu-kuota hauetako bat izanen da, dagokion ordenantza fiskalaren arabera:

a) Horretarako ezarritako kopuru finkoa.

b) Tarifa bat aplikatu eta horren ondoriozko kopurua.

c) Bi prozedura horiek batera aplikatzearen ondoriozko kopurua.

d) Oinarriari karga-tasa bat aplikatu eta horren ondoriozko kopurua.

e) Kontribuzio berezietan, subjektu pasibo bakoitzari zerga-oinarriaren zati bat egotzi, hori arautzen duen ordenantzan jasotako banaketa irizpideei jarraituz, eta horren ondoriozko kopurua.

Tributu-zorra

11. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan sartzen da tributu-kuota eta, hala behar denean, kontzeptu hauek gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutze interesa, sorrarazten den aldi horretan indarra duena.

c) Tributuei buruzko Lege Orokorraren 61. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako errekarguak.

d) Premiamendu-errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

Erantzukizuna tributu-zorra ordaintzean

12. artikulua. Erantzukizuna tributu-zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta. Aitzitik, premiamendu-errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari ordenantza honen 17. artikuluaren 1) apartatuan araututako kasuan.

13. artikulua. Tributuei dagokien arau-hauste baten egile edo laguntzaile diren pertsonek orok elkarrekin eta batera erantzun beharko diete tributu obligazioei.

14. artikulua. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 33. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko nahiz ekonomikoen partaidekideek edo titularkideek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute entitate horien tributu obligazioetan, bakoitzak duen partaidetzaren neurrian.

15. artikulua.

1) Pertsona juridikoek burututako arau-hauste arinen erantzule subsidiarioak nahiz tributu-zor osoaren erantzule, arau-hauste larriak direnean, haien administratzaileak izanen dira, baldin eta asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, horiei dagozkien egitekoak ez badituzte burutu, hautsitako tributu obligazioak betetzeko, edota beren menpekoei utzi badiete arauak hausten, edota arau-haustea ahalbidetu duen erabakirik hartu badute.

Halaber, administratzaileek erantzun beharko dute subsidiarioki, beren jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoek ordaindu gabeko tributu obligazioen kasuan.

2) Porroten, lehiaketen, elkarteen, edo, oro har, edozein entitateren sindikoak, kontu-hartzaileak edo likidatzaileak erantzule subsidiarioak izanen dira, baldin eta, asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, ez badituzte beharrezkoak diren gestioak egiten, egoera horien aurretik sortu eta subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen tributu obligazioak arras bete daitezen.

16. artikulua. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatu ahalko zaio horietako edonori.

17. artikulua.

1) Tributu-zorra ordaintzeko jardute administratiboa erantzuleengana bideratu ahal izateko, egintza administratibo bat egin beharko da, non erantzukizuna adieraziko baita eta horrek noraino hartzen duen zehaztuko, interesdunari entzutea eman eta gero. Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, eta une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen dira.

Erantzuleari borondatezko epe bat emanen zaio, ordaintzeko, eta behin hori iraganik ordaindu ez badu, premiamendu bidezko diru-bilketak aurreikusten duen %20ko errekarguari ere erantzun beharko dio, eta zorra aipatu bide hori erabiliz galdatuko zaio.

2) Jardute administratiboa erantzule subsidiarioengana bideratu ahal izateko, aurretik adierazi beharko da zordun nagusiari kobratu ezin izan zaiola, ezta gainerako erantzule solidarioei ere, hori guztia adierazi aurretik hartzen ahal diren kautelazko neurriak galarazi gabe.

18. artikulua.

1) Pertsona fisikoen edo juridikoen ustiapen eta jarduera ekonomikoen ondorioz sortutako tributu-zorrak eta erantzukizuna, edo Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatzen diren entitateenak, eskatzen ahalko zaizkie haien titulartasunean edo jardunean (edozein kontzeptu dela bide) haien ondorengo direnei. Erantzukizun hori ezin zaio eskatu enpresa horien elementu solteak erosten dituztenei, salbu eta elementu solte horien erosketak (eroslea pertsona bakarra nahiz batzuk izanik) aukera ematen badio ustiapenari edo jarduerari jardunean segitzeko.

2) Eskuratzailearen erantzunbeharrak ez dio pagatu beharra kentzen eskualdatzaileari. Biak dira horren erantzule solidarioak. Erantzukizuna eskatzeko prozedura ordenantza honen 17.1 artikuluan ezartzen da.

3) Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, adjudikatu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

Tributu-zorraren iraungipena

19. artikulua. Tributu-zorra arrazoi hauengatik iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

20. artikulua.

1) Edonola ere, lau urteko epean preskribituko dira eskubide eta ekintza hauek:

a) Tributu-zorra likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, eskubide hori sorrarazi zen egunetik hasita.

b) Likidaturiko tributu-zorren ordainketa eskatzeko ekintza, non epea hasiko baita borondatezko ordainketaren epea amaitzen den egunean.

c) Tributu arau-hausteak direla medio zehapenak ezartzeko ekintza, non epea hasiko baita arau-hausteak gauzatu ziren egunean.

2) Orobat, lau urteko epean preskribituko da beharrik gabe egindako ordainketa atzera jasotzeko zergadunek duten eskubidea, non epea hasiko baita ordainketa egiten den egunean.

3) Preskripzioa eteten denean, etendura gertatzen den egunean hasiko da lau urteko epea.

21. artikulua.

1) Aurreko artikuluaren 1. apartatuak aipatzen duen preskripzio epea honakoetan eteten da:

a) Edozein administrazio-ekintza egiten bada, subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean dagoela, kreditu edo eskubide hori aitortu, erregularizatu, ikuskatu, segurtatu, egiaztatu, likidatu edo jasotzeko asmoz.

b) Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.

c) Subjektu pasiboak tributu-zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

2) Aurreko artikuluaren 2. apartatuaren kasuan, preskripzio epearen etendura etorriko da diru-sarrera bidegabea atzera jasotzeko xedez subjektu pasiboak egiten duen edozein egintza fede-emailerekin, edo hori hala izan dela aitortzeko udal administrazioak egiten duen edozein egintzaren bidez.

22. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

23. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen kaudimengabezia egiaztatua delako ordaindu ezin izan diren tributu-zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungita geldituko da.

Gerora etorritako kaudimena suertatuz gero, eta preskripziorik ez badago, exekuzio-prozedura irekiko da berriz. Erabaki hori aldi berean jakinaraziko zaio dagokion bulego kudeatzaileari, baja emanda dauden kredituen likidazio berria egin dezan, eta, honela, kasuan kasuko exekuzio-tituluak luza daitezen kobraezin deklaratu ziren unean zeuden kobrantza egoera berean.

III. KAPITULUA.–TRIBUTUEN ARLOKO ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

Tributuen arloko arau-hausteak

24. artikulua.

1) Tributu arloko arau-hausteak dira, bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren egiteak eta ez-egiteak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

2) Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako egiteak eta ez-egiteak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

3) Legez arau-haustetzat hartzen diren egiteek edo ez-egiteek honako kasu hauetan ez dute erantzukizunik sortuko:

a) Tributu gaietan obratzeko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

b) Ezinbesteko kasuetan.

c) Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

4) Aurreko zenbakiak aipatzen dituen kasuetan, subjektu pasiboen edo gainerako behartuen tributu egoera erregularizatzean, tokatzen diren kuota eta errekarguez gain, dagokion berandutze-interesa eskatuko da.

5) Toki administrazioak arau-hausteei Ogasun Publikoaren kontrako delituak izan daitezkeela deritzen kasuetan, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dio dagokiokeen errua, eta ez dio administrazio prozedurari segidarik emanen agintari judizialek epai irmoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu, edo Fiskaltzak espedientea itzultzen ez duen bitartean.

Agintaritza judizialak zigortzeko epaia emanez gero, ez da administrazio zehapenik izanen.

6) Deliturik antzematen ez bada, toki entitateak segida emanen dio zehapen espedienteari epaitegiek frogatutzat jo dituzten gertaerak oinarritzat harturik.

25. artikulua. Arau-hausteak bi motatakoak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Astunak.

26. artikulua. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeaketan edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu obligazio edo betekizunak ez betetzea, arau-hauste astunak ez direnean, eta horiek zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

27. artikulua. Arau hauste astunak honako hauek dira:

a) Legeek edo behar den ordenantzak ezarritako epeetan ez ordaintzea zerga-zor osoa, edo haren parte bat.

b) Salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

c) Toki entitateak autolikidazio jardunbidearen bidez eskatzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.

Zehapenak

28. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onuren edo itzulketen zenbatekoaren gainean.

29. artikulua.

1) Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du.

2) Beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, ikuskatzaileen jardunari kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300dik 6.010,12 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3) Arau-hauste astunei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik 150era bitartekoa, 31. artikuluan aipatutako murrizketa deusetan galarazi gabe.

Era berean, zilegi izanen da berandutze-interesak eskatzea ordainketarako borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko denboragatik.

Zehapenen graduazioa

30. artikulua.

1) Tributu zehapenak mailakatzeko honakoak hartuko dira kontuan:

a) Tributu arloko arau-hausteak behin baino gehiagotan egin diren.

b) Toki-entitatearen ikerketa-lanei trabak jarri, uko edo aurka egin zaien.

c) Arau-haustea egitean iruzurrezko bideak erabili diren edo bertze norbait tarteko egin den.

d) Aitorpenik aurkeztu ez ote den edo aitorpen faltsu, osagabe edo zehaztugabeak aurkeztu ote diren, horrek tributu-zorra gutxitzea badakar berekin.

e) Formazko edo laguntza emateko betebeharrak nork bere kabuz bete ez ote duen edo berandu bete ote duen.

f) Zerga kudeaketarako zer-nolako munta duten eman gabeko datu, txosten edo aurrekariek eta, oro har, ez betetzeak eginbide formalak, kontabilitatekoak edo erregistrokoak, eta toki entitateari lagundu edo informatzekoak.

2) Mailakatze irizpideak aldi berean aplika daitezke.

3) Tributu arloko arau-hauste astunen zehapenen zenbatekoa %30 murriztuko da, subjektu arau-hausleak edo, bestela, erantzuleak adierazten badu egiten zaion erregularizazio proposamenarekin ados dagoela.

e) eta f) letretan aipatzen diren irizpideak arau-hauste arinei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez dira erabiliko. d) letran aipatzen den irizpidea arau-hauste astunei dagozkien zehapenak mailakatzeko baizik ez da erabiliko.

Zehapen prozedura

31. artikulua. Tributu arloko zehapenak ezartzeko espedientea ez da izanen subjektu arau-hauslearen tributu-egoera egiaztatu eta ikertzeko instruitutako bera, baizik eta beste bat, eta hartan interesdunari entzunaldia emanen zaio.

Zehapenak erabaki eta ezarriko dituzte tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak burutzeko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berberek.

Zehapena murriztea

32. artikulua.

1) Arau-hausteek sortzen duten erantzukizuna zehapena ordaindu edo betetzean iraungitzen da, edo preskripzioz.

2) Subjektu arau-hausleak hiltzean, gauzatu gabeko zerga-betebeharrak jaraunsle edo legatu-hartzaileei transmitituko zaizkie, legeria zibilean jaraunspena eskuratzeari buruz finkatzen dena ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik beste bati transmitituko.

3) Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar burutu gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, adjudikatu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

V. KAPITULUA.–KUDEAKETA ARAUAK

Tributu kudeaketa hasteko moduak

33. artikulua. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Ikerketa bidez.

Zerga-aitorpena

34. artikulua.

a) Zerga-aitorpentzat hartuko da zerga-egitate baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa emanen zaio zerga-egitatea biltzen edo eratzen duen dokumentua aurkezte hutsari.

b) Inondik inora ere ez da eskatuko zerga-aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian, aitorpenaren egiaztagiria emanen zaie interesdunei; aitorpenaren kopiak ere horretarako balioko du.

d) Probarako agiria aurkeztean, interesdunek eransten ahal diote kopia soil bat edo fotokopia bat, hain zuzen ere, udal administrazioak erkatu ondoren, jatorrizkoa itzul diezaien, non ez den erabakitzen ez dela itzuli behar prozedurari buruzko behin betiko ebazpena eman baino lehen, agiria pribatua izateagatik edo bidezkotzat jotzen den beste arrazoiren batengatik.

Aitorpena nahitaez aurkeztu beharra

35. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zerga-egitatea gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

Aurkezpenaren ondorioak

36. artikulua.

a) Aitorpena udal administrazioan aurkezteak ez du erran nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

b) Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta datu gehiago ematea ere bai, eta orobat aurkitu diren okerrak zuzentzea ere, ordainarazpenaren likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

c) Aurreko letrak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

Tramitatzeko epeak

37. artikulua.

a) Ordenantza partikularretan tramite bakoitza egiteko zein izanen diren bete beharreko epeak adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren egunera arteko denbora, hori galarazteko behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira. Ikuskatze kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

b) Administrazioak epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du esan nahi administrazio ekintza iraungi egiten dela, baina, hala ere, interesdunei kexa-erreklamazioa aurkezteko baimena ematen die.

c) Tramitazio akatsen kontrako kexako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, akats horiengatik prozedura gerarazten bada, jarritako epeak hausten badira edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen tramiteak egiten ez badira. Kexa baiesten bada, erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekiko da, horretarako arrazoirik izanez gero.

Ikerketa eta ikuskapena

38. artikulua. Udal administrazioak ikertuko ditu zerga-egitatea osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

39. artikulua. Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira, eta orobat ondasunak, elementuak, ustiapenak eta tributua zehazteko beharrezko diren beste aurrekari guztiak, informazioa ematen badute.

40. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskatze lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zerga-egitatearekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

41. artikulua.

a) Ikuskaritza jarduketak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, aldez aurreko nahiz behin betiko eginbide, jakinarazpen eta akten bidez dokumentatuko dira. Dokumentu horietan ondoko hauek zehaztuko dira:

–Eginbidea norena den (izen-deiturak) eta bertan zeren kariaz edo ordezkaritzaz agertzen den.

–Zerga-egitatearen funtsezko elementuak eta hura subjektu pasiboari atxikitzekoak.

–Bidezko jotzen diren zerga-egoerak.

–Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.

b) Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekiko bere adostasuna adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonarik izenpetzen ez badu, dagokion espedientea irekiko da izenburutzat aipatu akta izanen duela, eta bertan subjektu pasiboari bere alegazioak aurkez ditzan hamabost eguneko epea emanen zaio.

c) Espedienteari buruzko ebazpena handik ateratzen den likidazioan jakinaraziko da.

Salaketa

42. artikulua. a) Toki entitateen ikerketa lanari salaketa batek ematen ahal dio hasiera. Salaketa paratzeak ez du galarazten Administrazioari laguntza emateko obligazioa, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Salatzailea ez da interesduntzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

c) Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributuen likidazioa.

43. artikulua.

a) Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du: likidazioa eginen da, tributu-zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

b) Behin betikotzat hartuko dira:

–Zerga-egitatearen ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

–Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

c) Aurreko apartatuan adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, kauziokoak, partzialak edo osokoak izan.

44. artikulua.

a) Likidazioak egiterakoan administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduz, egiten den likidazioarekin batera.

45. artikulua.

a) Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

–Haien funtsezko elementuak.

–Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan paratu behar diren ere.

–Tributu-zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

b) Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu-zorra ordaintzera.

c) Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu-zorraren ordainketa egiten duenean.

d) Dena den, subjektu pasiboei pertsonalki emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza saihestu badute, salbu eta Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatuz epe horretan arau bidezko protesta egin bada.

46. artikulua. Subjektu pasibo beraren gaineko tributuen likidazioa eta diru-bilketa egintza bakar batean bateratzen ahal dira, eta horrelakoetan ondokoak eskatuko dira:

–Likidazioan jaso beharko dira kontzeptu bakoitzeko oinarriak eta tasak edo kuotak, halako eran non bateratzen diren likidazioak oro zehazturik eta banakaturik geratuko baitira.

–Diru-bilketan bereizirik jaso beharko dira kontzeptu bakoitzari dagozkion zorrak, eta horiek batuz finkatuko da ordainarazi beharreko zor bateratua.

Zergadunen erroldak

47. artikulua. Ordenantza partikularrean berean zehazten diren kasuetan, udal administrazioak, interesdunen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenaren ondotik, dagozkion zergadunen erroldak prestatuko ditu. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

48. artikulua.

a) Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

b) Erroldan gerora zernahi alta, baja edo aldaketarik sor dezakeen gorabeheraren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

49. artikulua. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bestelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

VII. KAPITULUA.–DIRU-BILKETA

Ordainketa aldiak

50. artikulua.

a) Diru-bilketa egin daiteke:

–Borondatezko epean.

–Epe exekutiboan.

b) Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Epe exekutiboan, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere betebeharra betetzen ez badu, diru-bilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

Zorren sailkapena diru-bilketari dagokionez

51. artikulua.

a) Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu-zorrak, diru-bilketari dagokionez, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

b) Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu-zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

c) Jakinarazpenik gabeko zorrak dira bana-banako jakinarazpenik behar ez dutenak, subjektuek aurretik ezagunak dituzten zergadun erroldetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuetan, behin zentsu, errolda edo matrikula hartan alta hartu izanaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izanen da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez horren berri emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin-berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

d) Norberak likidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu zorra aldi berean ordaintzen duenean.

Ordainketa tokia

52. artikulua.

a) Udal administrazioaren aldeko zorren diru-sarrera bertako kutxan eginen da, non eta ordainarazpen bakoitzari dagozkion ordenantza partikularrak espresuki agintzen ez duen diru-sarrera udal zerbitzu ezberdinetan eratutako kutxetan egin daitekeela edo egin behar dela.

b) Era berean, bankuetan nahiz aurrezki kutxetan Udalaren alde irekitako kontuetan ere kitatzen ahal da tributu-zorra, ordaindu behar duenak ordenantza honen 57. artikuluan aipatutako bitartekoren bat erabiliz.

Ordainketa epeak

53. artikulua. Tributu-zorrak honela ordainduko dira:

1. Jakinaraziak, jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean.

2. Epez epe ordainagiri bidez kobratu beharreko tributuen kasuan, bana-banako jakinarazpena beharrezkoa ez dutenetan, gutxienez aurreko zenbakian adierazitako epean; borondatezko ordainketarako epearen lehenbiziko eta azkeneko egunak zehaztuko dira, kuotak onesten dituen ebazpenean.

Kobratzeko epea zein den multzoka jakinaraziko da, eta horretarako beharrezko ediktuak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

3. Subjektu pasiboak berak autolikidatutako zorrak, dagozkien aitorpenak aurkezterakoan ordaindu beharko dira, tributu bakoitza arautzen duen ordenantzak seinalatzen dituen egun eta epeetan, eta hori egin ezean, hogeita hamar egun balioduneko epean, zerga-egitatea sortzen den egunetik aurrera.

Interesak eta errekarguak

54. artikulua. Epe exekutiboaren hasierak berandutze interesak eta epeari dagozkion errekarguak sortuko ditu, betiere borondatezko aldian ordaindu gabe gelditu den zorraren gainean.

Errekargu exekutiboa %5ekoa izanen da eta probidentzia jakinarazi aurretik epe exekutiboan ordaindutako zorrari aplikatuko zaio.

Premiamendu-errekargu murriztua %10ekoa izanen da eta zein zorretarako hasita den premiamendu-prozedura, haiek ordaintzeko ezartzen den erregelamenduzko epea bukatu baino lehen ordaindutako zorrari aplikatuko zaio. Premiamendu-errekargu arrunta %20 izanen da eta artikulu honetako 2. eta 3. apartatuetan adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direnean aplikatuko da.

55. artikulua.

1) Berandutze interesa galdatuko da egintzaren exekuzioa eteten den kasuetan, bai eta geroratzeetan, zatiketetan edo edozein motako luzapenetan ere.

Nolanahi ere, zorraren zenbateko osoa bermatzen bada, dela kreditu entitate batek edo elkarren bermerako sozietate batek emandako abal solidario bidez dela kauzio aseguruaren egiaztagiriaren bidez, galda daitekeen berandutze-interesa diruaren legezko interesa izanen da, diru-sarrera egiten den egunera artekoa.

2) Aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkien diru-sarrerei, epetik at baina aurretiazko errekerimendurik izan gabe aurkeztu badira, bai eta epetik at eta aurretiazko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenek eragindako likidazioei ere, honako errekargu hauek eginen zaizkie:

a) Diru-sarrera egiteko edo aitorpena aurkezteko borondatezko epea amaitu eta ondoko hiru hilabetean gauzatzen badira horiek, %5eko errekargua aplikatuko da, eta ez dira galdatuko bertze zenbait kasutan galda zitezkeen berandutze interesa eta zehapenak.

b) Behin 3 hilabete horiek igarota, baina diru-sarrera egiteko edo aitorpena aurkezteko borondatezko epearen ondoko hamabi hilabeteak igaro gabe, %10eko errekargua aplikatuko da, eta ez dira galdatuko bertze zenbait kasutan galda zitezkeen berandutze interesa eta zehapenak.

c) Behin diru-sarrera egiteko eta aitorpena aurkezteko borondatezko epearen ostean hamabi hilabete igaro eta gero, errekargua %20 izanen da, eta ez dira galdatuko bertze zenbait kasutan galda zitezkeen zehapenak. Halako kasuetan, berandutze interesak galdatuko dira, halako eran non halakotzat joko baitira hamabi hilabeteko epe hori amaitu eta kasuan kasuko ordainketa egin bitarte sortutakoak.

Ordaintzeko modua

56. artikulua. Tributu-zorren ordainketa eskudirutan eginen da edo, bestela, efektu tinbratuen bitartez, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantzan xedatzen den bezala. Berariaz xedatzen ez bada, ordainketa eskudirutan eginen da.

57. artikulua.

a) Tributu-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

–Indarra duen dirua.

–Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

–Bankuko edo aurrezki kutxako kontu korronteko taloia.

–Banku txekea.

–Banku edo aurrezki kutxako abonamendu edo transferentzia gutuna, Udalaren alde propio irekitako kontuetan.

–Datafonoa edo banku txartela.

b) Arestian adierazitakoa gorabehera, ordainagiri bidez eta epez epe kobratzen diren tributu zorrak direnean, eta horiek banakako jakinarazpenik galdatzen ez badute, ordainketa ondoko moduren batean egin beharko da:

–La Caixak hiri honetan irekita dauzkan bulegoetako edozeinetan, hain zuzen, ordaintzeko epea hastean horretarako zergadun bakoitzari igortzen zaion gaztigu-ordainagiria aurkeztu ondoan. Edozein arrazoi dela-eta, behar den tenorean hartzen ez badu, udal bulegoetan eskatu beharko du ordainketa egin baino lehen.

La Caixak dirua jasotakoan, gaztigu-ordainagiria zigilatuko du, eta orduan jasoko du, jaso ere, delako dokumentuak bertan ageri diren kuoten ordainketaren egiaztagiri balioa.

–Gordailu entitateetan helbideratzea: ordainagirien ordainketa udalerrian bulegoak dituzten banku edo aurrezki kutxetan helbideratzen direlarik, entitateek subjektu pasiboaren administratzaile jokatuko dute, horrek baimendu dizkien zorrak ordaindurik.

Helbideratzeak baldintza bakarra du: idatziz ohartaraztea Udal Diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari helbideratze hori zein zerga kontzepturi buruzkoa den, eta hori egin behar da zorra ordaintzeko borondatezko epea hasi eta, gutxienez, bi hilabete lehenago.

Helbideratzea balioduna izanen da, epemugarik gabe, baldin eta interesdunak ez badu baliogabetzen, edo entitate gordailuzainak atzera egiten ez badu, edo, bestela udal administrazioak arrazoi justifikatuak direla medio, haiek baliogabetzea berariaz xedatzen ez duen bitartean.

–Udal Diruzaintza: egoera berezian diren ordainagiriendako.

c) Geroko mugaeguna duen ordainagiri baten kobrantzak ez du lehenagokoak ordaindu direla esan nahi, eta ez du zorpekoak direnak eskuratzeko Udalak duen eskubidea iraungitzen ere.

Ordainketa geroratzea eta zatikatzea

58. artikulua. Geroratzea edo zatikatzea eskatzeko zer baldintza behar diren, haiek erdiesteko zer jardunbide segitu behar den, zer berme eta bestelako baldintzari iritzi zaien beharrezko, hori dena, udal aurrekontuak betearazteko oinarrietan jasoko da.

VI. KAPITULUA.–ERREKURTSOAK

59. artikulua. Behin ordenantza fiskalak eta horien aldaketak behin betiko onetsirik, onespen horren kontra egiten ahalko da, bai eta kudeaketa, ikuskapen eta tributu bilketarako egintzen kontra ere, Nafarroako toki entitateen egintzen eta erabakien kontra jotzeko indarrean dagoen errekurtsoen araubide orokorrari jarraikiz.

60. artikulua.

1) Bidezko errekurtsoak paratzeko ez da beharrezkoa izanen galdatutako diru kopurua aurretik ordaintzea.

2) Errekurtsoa paratzeak ez du geldiaraziko inpugnatu den egintzaren betearazpena, horrek dakartzan legezko ondorioekin, likidatutako kuota edo eskubideen, interesen, errekarguen eta kostuen bilketa barne. Nolanahi ere, interesdunak hala eskatzen badu, inpugnatutako egintzaren betearazpena eten eginen da, kasu hauetan:

a) Ondoko bermeetako bat Udal Diruzaintzan aurkezten bada:

–Gordailua, eskudirutan.

–Abal edo fidantza solidarioa, banku, aurrezki kutxa, kreditu kooperatiba edo elkarren bermerako sozietate batek emana.

–Fidantza pertsonala eta solidarioa, hiriko bi zergadunek emana, zorrek 1.502,53 euro baino gutxiago egiten badute, soilik; zergadun horiek eguneratuak izan behar dituzte Udalari ordaintzeko betebeharrak.

b) Salbuespenez, bermerik gabe etetea bidezkoa bada, indarra duten arauekin bat.

3) Emaniko bermea balioduna izanen da bide administratiboan etendura mantentzen den bitartean. Bermeak bere indarra galdu badu edota bermatu beharreko kopurua handiagoa bada, errekarguak, interesak edo gehitutako beste erantzukizun batzuk direla eta, berme berri bat aurkeztu beharko da edota aurrekoa osatu.

Zorra premiamendu-prozeduraren barnean dagoenean, bermeak, zor nagusiaz gain, %25 berdindu beharko du, premiamendu-errekargu, korritu eta sor daitezkeen kostuak direla medio.

4) Tributu arloko zehapenen betearazpena berehala eten eginen da, inolako bermerik aurkeztu behar gabe, baldin eta haien kontra bidezko den errekurtsoa aurkezten bada, behar den era eta epeetan; hala bada, ezin betearaziko dira bide administratiboan irmoak izan arte.

VII. KAPITULUA–KALEEN SAILKAPENA

61. artikulua. Ondorio fiskalei dagokienez, kontuan hartuko dira katastroko poligonoak eta eremuak, horiek aplikatuko baitira ordenantza partikular bakoitzean ezarritakoari jarraikiz.

VIII. KAPITULUA–HOBARIAK

62. artikulua. Energia berriztagarriak sustatzeko, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 170 bis artikuluan oinarrituta, zergaren kuotaren %95eko hobaria ezartzen da eguzki-energiaren edo autokontsumorako beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako.

Hobari hori soilik aplikatuko da energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemetara bideratutako gauzatze materialaren kostuaren zatian, betiere sistema horiek instalatzea nahitaezkoa ez denean, arloaren gaineko araudi espezifikoaren arabera.

Horretarako, aurrekontuan helburu espezifiko horrekin bat ez datozen obrak jasotzen badira, obra horietako bakoitzari dagokion zenbatekoa behar bezala xehatua aurkeztu beharko da.

Hobaria aplikatzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

b) Hobariaren eskaera eta frogagiriak Udal Ogasunera bidalitako eskabide baten bitartez aurkeztea obrarako lizentzia eskatzean edo erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.

Obraren sustatzaileak eskatu beharko du hobaria.

Iragarkiaren kodea: L2310739