160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORISOAIN

Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena hilerriko zerbitzuak egiteko. Behin betiko onespena

Orisoaingo Udalak, 2023ko maiatzaren 17an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza fiskal bat, arautzeko hilerriko zerbitzuak egiteko tasak.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ean, baita Orisoaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orisoainen, 2023ko uztailaren 14an.–Jarduneko alkatea, Alexandre Duró Cazorla.

ORDENANTZA FISKALA, TASAK ARAUTZEN DITUENA HILERRIKO ZERBITZUAK EGITEKO

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ezarri da honako arau hauen babespean: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), tasa eta prezio publikoei dagokienez.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Udal hilerriko zerbitzuak ematea da; honako hauek dira:

a) Ehorztea.

b) Hobitik ateratzea, hilerri barnean tokiz aldatu eta berriz ehorzteko.

c) Hobitik ateratzea, beste udalerri bateko hilerrira aldatzeko.

d) Askotariko ehorztokiak erabiltzeko kontzesioak, hala nola lurrazpiko hilobiak, paretako nahiz lurreko nitxoak eta kolunbarioak.

e) Hilerrian eman daitezkeen bestelako zerbitzuak.

3. artikulua. Subjektu pasiboa.

Tasa ordaindu beharko du, subjektu pasibo gisa, adjudikazioa edo zerbitzua eskatzen duen edo haren onura jasotzen duen pertsona naturalak nahiz juridikoak.

4. artikulua. Zerga-oinarria.

Emandako zerbitzua zein den kontuan hartuta zehaztuko da zerga-oinarria, jarraikiz ordenantza honetako tarifetan agertzen diren zenbatekoei.

5. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

6. artikulua. Kuota.

Kuota kalkulatuko da zerga-oinarriari aplikatuz ordenantza honen eranskinean ageri den karga-tasa, edo, bestela, horretarako adierazten den zenbateko finkoa.

7. artikulua. Kudeaketa arauak.

Kuotak 30 egun naturaleko epearen barrenean ordaindu beharko dira, ordenantza honetan ezarritako zerbitzuak egin eta haien kostua jakinarazi ondoko egunetik aurrera.

Kuotak borondatez ordaintzeko aldietan hala egiten ez dutenei premiamendu bidez erreklamatuko zaie, eta behar diren errekarguak izanen dituzte; hots, ezarrita daudenak Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduan eta aplikatzekoa den tributuei buruzko gainerako araudian.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Modu osagarrian aplikatuko dira martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), tasa eta prezioei dagokienez.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek, behin onetsirik uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluko prozeduraren arabera (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu behin testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Kanona kontzesioagatik, Udalaren hobi/nitxo bat pribatiboki erabiltzeko:

A) Hiltzean Orisoaingo Udalean erroldatuak:

i. Bertan bizi direnak, 25 urte edo gehiago daramatenak erroldaturik: kosturik gabe.

ii. Bertan bizi direnak, 25 urtetik behera daramatenak erroldaturik: 250 euro.

B) Hiltzean erroldaturik ez daudenak:

i. Orisoainen jaiotakoak, Orisoainen denera 25 urte edo gehiago erroldaturik egon direnak: 300 euro.

ii. Orisoainen jaiotakoak, Orisoainen denera 25 urte baino gutxiago erroldaturik egon direnak: 500 euro.

C) Gainerakoak: 750 euro.

2. epigrafea.–Ehortzi, hobitik atera eta berrehorzteko tasak.

Zerbitzuaren kostua, hots, Udalak lan horretarako kontratatutako enpresak fakturatzen duena.

3 epigrafea.–Tasak, beste zerbitzu batzuengatik.

Interesdunei egotziko zaizkie hilerrian ematen diren bestelako zerbitzuen kostuak, tarifa hauetan aurreikusi ez direnak, Udaleko langileek eman nahiz kontratatutako kanpoko enpresa batek eman. Kostu horiek zehaztu ondoren, interesdunek berariaz onartu beharko dituzte.

Halaber, interesdunak kontrata dezake Udalaz kanpoko enpresa bat, bere kontura, lan horiek egin ditzan. Udalak izendatutako langileek ikuskatuko dituzte lan horiek.

Iragarkiaren kodea: L2310625