160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORISOAIN

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Orisoaingo Udalak, 2023ko maiatzaren 17an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea ordenantza honetan: Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantzan. Aldatuko dira izenburua; 1., 5. eta 13. artikuluak; azken xedapena; eta eranskina.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 30ean, baita Orisoaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orisoainen, 2023ko uztailaren 14an.–Jarduneko alkatea, Alexandre Duró Cazorla.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA UDAL HILERRIAREN ERABILERA

1. artikulua. Orisoaingo Udalari dagokio udal hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak; hori dena, jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluei eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluei.

2. artikulua. Administratzeak, zuzentzeak eta zaintzeak honako ahalmen hauek dakartza berekin:

a) Hilerriko zaintzarekin, garbitasunarekin eta txukuntasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramatearekin lotutakoa eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurrak eta hilobiak antolatzea, banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta, bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian, ehorzketarako ekartzen diren hilotz guztiei emanen zaie lur, baldin legezko izapideak bete badira. Ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzuagatik.

5. artikulua. Lurperatzeko eta hilobiak edo gisako elementuak egiteko erabiliko da hilerriko lurra, ez beste deusetarako.

Hilerriko arduradunak ezarriko du non ehortzi. Horretarako, honakoak hartuko dira kontuan:

(1) Hobien arteko tartea 0,50 metrokoa izanen da gutxienez.

(2) Hobia 2 metro luze eta 0,80 metro zabal izanen da.

(3) Hobiaren sakonera 1,25 eta 1,50 metro artekoa izanen da.

(4) Oro har, ez dadila hobi bat zapaldu behar beste batera iristeko.

(5) Hobi berriak egitean, lerrokatuko dira aurretik daudenekin, kaleak eratuz.

(6) Hilobietan gurutzeak edo plaka bertikalak nahiz horizontalak paratuko dira, betiere lurra egonkortutakoan. Honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

(a) Diseinu mota: librea.

(b) Gehieneko garaiera: 120 cm.

(c) Gehieneko zabalera: 80 cm.

(d) Hobien kanpoaldea mugatzen ahal da, baldin ez badituzte gainditzen 5.2 artikuluko neurriak, eta horren helburua bada hobia txukun edukitzea. Udalak baimendu beharko du berariaz hobien mugaketa, eta mugatzeak inola ere ez du emanen jabetza eskubiderik.

(e) Debeku da:

i. Hilerriko lurzoruan edo paretetan edozein mota eta tamainatako lauzarik jartzea.

ii. Mausoleoak eta panteoiak egitea, eta lurzatiak erostea.

6. artikulua. Kontzesiodunaren kargura izanen dira hobien kokapena, lur-erauzketa gastuak eta hobiak irekitzeko eta ixteko kostuak, baita ehorzteko eta hilobitik ateratzeko sortzen diren gastuak ere.

7. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak eta hobiak seguru, garbi eta txukun edukitzea. Behar bezala edukitzen ez badituzte, Alkatetzak errekerimendua eginen die interesdunei, hogeita hamar eguneko epean behar diren obrei ekiteko, utzikeriaren ondoriozko hondamena konpontzeko. Errekerimendua ez betetzea aski arrazoi izanen da ehorzketak egiten ez uzteko.

8. artikulua. Honako hauengatik ere buka daitezke kontzesioak eta aprobetxamenduak:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

d) Nolanahi ere, hobien kontzesioa edota aprobetxamendua gehienez ere 30 urtekoa izanen da, ehorzketa egunetik aurrera.

9. artikulua. Hilotzak hobitik atera daitezke hilerrian bertan lekualdatzeko edo beste hilerri batera eramateko. Betiere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera beharko dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

10. artikulua. Udalak hilotza atera behar duenean epea bukatzeagatik, ez da inolako abisurik eman beharko.

Hilotzak atera nahi dituztenek Udalari eskatu beharko diote baimena, eta hark erabakiko du atera daitezkeen edo ez, betiere jarraikiz kronologia, erabilera publiko eta horrelatsukoen gaineko irizpideei. Hilotzak ateratzeko gastuak eskatzailearen kargura izanen dira.

11. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar, baltsamatu gabeko hilotzak honela ateratzen ahal dira:

a) Lurperatu zirenetik gutxienez ere hogeita hamar urte iraganda atera daitezke lurpean ehortzitako hilotzak, hezur hutsa baldin badira.

Horiek baino epe laburragoetan ez da baimenik emanen hilotzik ateratzeko, epaile baten aginduz ez bada.

12. artikulua. Noiznahi baimendu daiteke hilotz baltsamatuak desehortzi eta lekualdatzea, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria paratu beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

13. artikulua. Errausketaren ondoriozko errauskinetarako, honako baldintza hauek bete beharko dira:

(a) Errausketen ondoriozko errauskinak bakar-bakarrik jar daitezke errauts-kutxa biodegradagarrietan, eta horiek utziko dira hildakoarekin familia lotura duen hilobietan.

AZKEN XEDAPENA

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da sektorean indarrean den araudia.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

Iragarkiaren kodea: L2310624