160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARUNBEKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Larunbeko Kontzejuak, 2023ko apirilaren 15ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 16an, eta iragarki-taulan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legea).

Iragarkia jendaurrean egon den aldian ez denez aurkeztu ez alegaziorik, ez eragozpenik ez oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtzen da, eta ordenantzaren testu osoa argitaratzen da.

Larunben, 2023ko uztailaren 10ean.–Kontzejuburua, Eduardo Goikoa Arbilla.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA LARUNBEKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK. BEHIN BETIKO ONESPENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Kontzejuaren mugarteko herri-ondasunak administratzeko, erabiltzeko, zaintzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (Nafarroako toki administrazioari buruzkoa), urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua), eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak ezartzen duena 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Larunbeko Kontzejuaren ahalmenak dira herri-ondasunak erabiltzea, administratzea, aprobetxatzea eta antolatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Larunbeko Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Larunbeko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Larunbeko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Prozedurari dagokionez, jarraikiko zaio uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Larunbeko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Larunbeko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Larunbeko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Larunbeko Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Larunbeko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du, beti, iraungi daitezen herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, hain zuzen ere sortu direnak baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz, betiere horretarako baliatuz ahalmen hertsatzaileak. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Larunbeko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala jarriko dira indarrean, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Larunbeko Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Epaitzen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Inolako zor fiskalik ez izatea Larunbeko Kontzejuarekin.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak.

3. Larunbeko Kontzejuaren Batzarrak ebatziko ditu artikulu hau interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak.

II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

16. artikulua. Larunbeko Kontzejuko herri-larreek honako ustiapen eremu hauek dituzte:

a) Monte de Arriba: izen hori duen herri-basoa hartzen du.

b) Monte de Abajo: izen hori duen herri-basoa hartzen du.

c) Artealde zelaia: Artealde izeneko herri-lurra hartzen du.

17. artikulua. Larunbeko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Bizilagunentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

18. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira bizilagunentzako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda beren izenean alta emanda badute Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan.

19. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Ondorio horietarako, Larunbeko Kontzejuak ulertuko du ez direla larreak zuzenean aprobetxatzen onuradunek beren azienda kentzen dutenean Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistrotik.

20. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da.

21. artikulua. Kontuan hartuz zenbat azienda hartzen ahal duten, larreen kalitatea eta haien eskuragarritasuna, Kontzejuak kanona ezarriko du merkatuko prezioaren arabera; hura ez da izanen larreen balio errealaren %80 baino txikiagoa, ez eta %90 baino handiagoa ere.

22. artikulua. Adjudikazioaren prezioa bigarren urtetik aurrera igoko da; horretarako, gehituko zaio bizitza kostuaren igoera, onetsitako indize ofizialen arabera.

23. artikulua. Epe bakar batean ordainduko da urte bakoitzari dagokion kanonaren edo adjudikazioaren zenbatekoa, urte bakoitzeko urtarrilean.

24. artikulua. Onuradunak urteko prezioaren %10 jarri beharko du, 5 eguneko epean, adjudikazioaren egunetik hasita.

25. artikulua. Larunbeko Kontzejuak larre guztien bostena gordeko du urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berriendako.

Kontzejuak behar den unean mugatuko du erreserba hori.

26. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela frogatuko baita betetzen direla azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak, bai eta aplikatu beharreko gainerako araudian eskatzen direnak ere (11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa). Halaber, bete beharko dira foru lege horretako eta horren erregelamenduko baldintza guztiak.

27. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari eta abeltzainendako kalteak eragozteko, Kontzejuak ondoko baldintzak ezarri ditu:

–Onuradunak behartuta daude itxiturak edo alanbre-hesiak beren kontura zaintzera, azienda ez dadin atera larratzeko eremutik. Aziendek larratzen diren eremutik kanpo kalterik sortuz gero, haien jabeek izanen dute erantzukizuna. Aprobetxamendua bukatutakoan, alanbre-hesiak edo itxiturak ezin hobeki utzi beharko dira, Kontzejuaren iritziaren arabera.

Prozedura

28. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta, eta Kontzejuaren iragarki-taula iragarkia agertuta, 10 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

29. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazioa aurkeztuko da. Horrez gain, erantsiko dira abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 26. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria, baita erabili nahi diren eremuen zerrenda ere, ordenaturik.

30. artikulua. Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, baldintza hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

b) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahal zaie. Halakoetan, kanona abelburuko ezarriko da.

c) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, baldin behar adina azienda badu eta bete badira herriko gainerako abeltzainen eskaerak.

31. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

32. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, 8 urterako, jarraikiz indarra duen araudiari, ordenantza honi (aplikatzekoa denari) eta Kontzejuak une oro ezarritako baldintzei.

III. KAPITULUA.–EPAITZEN APROBETXAMENDUA

33. artikulua. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Larunbeko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

34. artikulua. Larunbeko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Larunbeko Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Betiere, beteko dira uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 163. artikulua eta hurrengoak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

35. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

36. artikulua. Egurra banatzerakoan, Larunbeko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die diru aldetik familia-unitate apalenei.

37. artikulua. Zehazteko zer maila ekonomiko duten aurreko artikuluan aipatu diren familia-unitateek, Larunbeko Kontzejuak jokatuko du irizpide objektiboen arabera, betiere kontra egin gabe apirilaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 165. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), horrexek baitu lehentasuna.

38. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona, aurrekontu arruntean.

39. artikulua. Epaitzak hartutzat ematen dira:

a) Markaketa eremutik baztertuta daudenean.

b) Zatituta eta pilatuta daudenean.

c) Ezin dira hondar horiek pilatu bideetan, mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dira basozainek agindutakoak.

d) Epaitzak gehienez ere urtebetez uzten ahal dira mendian, zatituta eta pilatuta.

e) Epaitzak ateratzean alanbre-hesiak hondatuz gero, konpondu egin beharko dira.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

40. artikulua. Baldin ehiza barrutia eratu bada herri-lurrak sartuz, ehiza aprobetxamendua arautuko da jarraituz abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeari eta haren osagarri diren xedapenei (17/2005 Foru Legea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa).

41. artikulua. Larunbeko Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro.

Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

42. artikulua.

1. Larunbeko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntzeko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan ordura arte diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, baldin zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

43. artikulua. Soilik Kontzejuak berak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean jendaurrean eduki beharko dira, eta gero Udalak ebatzi beharko ditu aurkezten diren alegazioak.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

44. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea bizilagunentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatzen dena, herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruz (11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa).

i) Hildako abereak bertan uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

45. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

Aipatu diren a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea; gainera, gordailuan utzitako fidantza galduko da.

Aipatutako g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen esleipendun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteetan, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena.

Zehapen-prozedura bideratuko da jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari (lege horrek tratatzen du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2310546