Iragarkia
160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ELGORRIAGA
Ordenantza, eguzki-energia biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Elgorriagako Udalak, 2023ko otsailaren 22an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Elgorriagako udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza.
Erabaki hori 2023ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 14an, bai eta Elgorriagako Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan eman manuei jarraikiz.
Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.
Argitara ematen da aipatu manua bete beharrez, eta ohartarazten da ezen erabaki honen aurka –administrazio-xedapena baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Hortaz, behin betiko onespen honen aurka bide hauetako bat erabiltzen ahalko da:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Elgorriagan, 2023ko uztailaren 18an.–Alkatea, Eva Martin Ibarra.
ORDENANTZA, EGUZKI-ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA ELGORRIAGAKO UDAL-MUGARTEAN
Atarikoa
Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta, berrikiago, bereziki sustatzen ari da etxebizitzetan instalazioak ezartzea, norberaren kontsumorako energia sortzeko.
Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Autokontsumoa izapidetzeko gidan adierazten duenaren arabera, toki administrazioak zeregin erabakigarria betetzen du autokontsumorako instalazioak izapidetzeko garaian; horregatik, gomendatzen dute udalek sinplifika ditzatela beren eskumeneko baimenak emateko izapideak, hori eginez gero, erraztu eginen baitute haien udalerrietan autokontsumorako instalazioak jartzea.
Ordenantza honek, hortaz, udal erregulazio bat ezartzen du, zeinak sustatzen baitu autokontsumorako eguzki-instalazio termiko eta fotovoltaikoak, sarera konektatutakoak, ezartzea toki eremuan. Orobat, bide ematen du energia elektrikoaren sorrera garatzeko, lurralde osoan banatua, eta, hain zuzen, energia elektrikoa sortzeko eredu ekonomikoa aldatzeko, eredu jasangarriagoa eta ekologikoagoa bilaka dadin. Eta hori, helburu horretarako hirigintza lizentziak izapidetzeko beharrezkoak diren eskakizunetan argitasuna eskainiz.
Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik.
Bestalde, eguzki-energia biltzearen arloa berri samarra da eta teknologia horrek izandako bilakaerari esker, eguzki-energia biltzeko elementu berriak bideragarriak izan daitezke bai teknikoki eta bai ekonomikoki, eraikin tradizionaletan errazago integratzeko, eta galzorian jarri gabe gure herrietako balio formal eta estetikoak.
Hori dela eta, eguzki-energia biltzeko instalazioak ingurumenerako onuragarriak badira ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.
Gaur egun, ez dago baimenduta eguzki-panelak jartzea Elgorriagako hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarrietako estalduretan.
Elgorriagako Udalak eguzki-energia biltzeko instalazioak arautu nahi ditu udal-mugartean; horretarako, zenbait baldintza ezarriko ditu autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak nahiz termikoak sustatzeko eta instalaziook ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak izateko.
Ordenantza idatzi da halako moduz non koherentzia gordetzen baita udal plangintzarekiko eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko; betebehar hori jasota dago uztailaren 16ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 86. artikuluan (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onestekoa).
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Elgorriagako udal-mugartean eguzki energia biltzeko instalazioak ezartzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Elgorriagako udal-mugarte osoko instalazioak hartzen dira aplikazio-eremutzat.
3. artikulua. Definizioak.
Eguzki-energia biltzeko elementuei eguzki-plaka edo panel esan ohi zaie; gailu horiek eguzki-erradiazioen energia biltzen dute, eta hura energia termiko edo energia elektriko bihurtzen dute:
–Eguzki-instalazio termikoek zuzenean baliatzen dute eguzkitik jasotzen dugun erradiazio-energia, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira, batez ere, eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak klimatizatzeko.
–Eguzki instalazio fotovoltaikoak edo termoelektrikoak zenbait material erdieroaleren ezaugarri fisikoez baliatzen dira argindarra zuzenean sortzeko eguzki erradiazioa abiapuntu hartuta.
–Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko nahiz termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta zer hirigintza sailkapen duen haien kokaleku den lurzoruak.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK, HIRI-LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN
4. artikulua. Instalazioen xedea.
Eguzki-instalazioak baimenduko dira soilik baldin neurri batean edo osorik badira eraikinen energia beharrizana asetzeko, dela etxeko ur beroa izateko (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako argindarra sortzeko, jarraikiz apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuari (errege dekretu horren bidez arautzen dira energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak).
5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan paratu daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
–Estalkiaren isurialdeetan integratu beharko dira plakak, haiek duten inklinazio berarekin eta haien plano berdina mantenduta. Panelek sortutako planoa estalkiak sortutako planotik teknikoki ahalik eta hurbilen egonen da. Oinplanoan, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat edo gehiago.
–Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak edo etorkizunean "energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak" arautzen dituenak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.
–Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, dela ur beroa sortzeko, dela espazioak klimatizatzeko.
–Ezin izanen dute okupatu estalkiaren azaleraren %30 baino gehiago, eta panel instalazioen ertzak gutxienez 1 m bereiziko dira fatxada-planotik, mehelinetatik eta isurialdeen arteko topagune-ertzetatik.
–Panel bakoitza jarri beharko da bere ertzetako bat teilatu-hegalaren ertzarekiko paralelo joateko moduan.
–Instalazioaren elementu osagarriak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira agerian gelditu eraikinen estalkian edo fatxadetan.
2. Estalki lauetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:
–Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik.
–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.
3. Eguzki-panelen, estalkiko leihoen eta estalki lauen azalerak baturik, horiek ezin izanen dute hartu estalkiaren azaleraren %35 baino gehiago.
4. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.
5. Udal Plan Orokorrean garapen berriko eremu gisa sailkatutakoetan ("lurzoru urbanizagarriko banaketa eremuak", esaterako), salbuespenez proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, betiere ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.
6. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak paratzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.
7. Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuaren gaineko instalazioak.
Eraikina zer lurzatitan dagoen, lurzati horretako lurzoru libre pribatuan panelak jartzea badago, honako baldintza hauek betez gero:
–Instalatzen ahalko dira, bakar-bakarrik, eraikin kontsumitzailea lehendik badagoenean lurzati horretan edo mugakidean, edo aldi berean eraikin horretarako obra-lizentzia ematen denean. Ez dute eremuaren azaleraren %30 baino gehiago okupatzen ahalko.
–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko. Dena den, guztiek izanen dute inklinazio bera.
–Panelak lurzoruan bermaturik paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino garaiagoak, lurretik neurtuta.
Kokalekuak ezin du eragotzi eraikinaren eta ondokoen fatxada nagusia ikusi ahal izatea kaletik.
7. artikulua. Industria erabilerako lurzoruaren gaineko instalazioak.
Elgorriagako Udal Plan Orokorrean industria erabilerarako sailkatua dagoen lurzoruan eguzki-panelak instalatzeko baldintzak ordenantza honetako 5. artikuluan hiri-lurzorurako eta lurzoru urbanizagarrirako ezarritako baldintza berberak dira.
III. KAPITULUA.–LURZORU URBANIZAEZINAREN GAINEKO INSTALAZIOAK
8. artikulua. Aurretiazko baimenak.
1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean ezartzea (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: 64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana.
2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
3. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baldin baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea. Horretarako, dena den, eraikina kokatuta dagoen lurzatian edo haren mugakide den lurzati batean paratu beharko da.
4. Instalazioak paratu ahal izateko, lursailek horretarako egokiak izan beharko dute; zer babes kategoria duten, horren araberakoa.
5. Udal Planeko Eraikinen Katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
9. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.
1. Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan. Haren planoen gainean paratuko dira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurialdearen planotik zuzenean gora neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurialdearen perimetrotik.
2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azalera edo orientazio mugarik gabe.
3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.
4. Salbuespenez, proposatzen ahalko da eraikinetan eguzki-panelak jartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.
5. Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
10. artikulua. Eguzki-parkeak ezartzeko baldintza partikularrak.
5 hektareatik gorako azalera okupatua daukaten eguzki-parkeak kokatu beharko dira hiri-lurzoru edo bizitokietarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutakotik 500 metrora, gutxienez.
Eraikin berriak eskualdeko eraikuntzako eta arkitekturako ezaugarrietara egokitu beharko dira, halaxe ezarrita baitago Udal Planaren hirigintzako araudian.
Bistan diren eraikuntza, panel eta instalazioek 9 metroko tartea, gutxienez, gorde beharko dute parkeko mugekiko. Tarte horri berdeguneko zerrendaren tratamendua emanen zaio, eta soropila eta arbolak izanen ditu.
11. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.
Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da izapidetzea linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea (93/2006 Foru Dekretua, onesten duena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua). Hura baimendu arte ezin izanen da eman panel fotovoltaikoak instalatzeko lizentzia.
IV. KAPITULUA.–IZAPIDETZEA
12. artikulua. Lizentzia eskatzea.
Ordenantza honetan arautzen den instalazioren bat paratu, handitu edo legeztatzeko, Elgorriagako Udalari eskatuko zaio dagokion obra lizentzia eman dezan. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.
Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, proiektu bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek sinatua eta egoki den elkargo profesionalak ikus-onetsia, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.
Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.
Instalazioak paratu nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izanen dela eusteko estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari.
Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak izapidetuko dira, kontuan harturik Elgorriagako Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.
Sustatzaileak eduki beharko ditu kasuan kasuko gaiaren arabera organo eskudunetan aurkeztu beharrekoak diren baimen guztiak.
Lizentziak, betiere, emanen dira kalterik egin gabe jabetza eskubideari eta hirugarrenei. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.
13. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.
Erantzukizunpeko adierazpena Udalaren ereduaren arabera aurkeztu beharko da, eta honako hauek gutxienez jasoko ditu: sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen identitatearen egiaztapena, instalazioaren kokalekua, higiezinaren katastroko erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), aurrekontua eta instalazioaren potentzia elektrikoa.
Agiri tekniko hauek aurkeztu beharko dira:
–10 kW-eko edo gutxiagoko potentzia duten instalazioetarako.
- Teknikari eskudunak idatzitako memoria teknikoa aurkeztuko da, egin beharrezko obrak eta instalazioak deskribatuz. Aurkeztu beharko dira aurrekontua eta egin nahi diren obrak eta instalazioak definitzeko dokumentazio grafiko nahikoa (kokalekua, plaken ezarpena, plaken konexio eskemak eta hari bakarreko eskemak eta altxaerako eta sekzioko planoak; izan ere, balio behar dute frogatzeko bete egiten direla ordenantza honen 5. 6. eta 7. artikuluan definitutako arauak paisaian integratzeari eta instalazioen baldintzei dagokienez).
- Demagun egin nahi diren obretarako proiektua prestatu behar dela, hala xedatuta baitago Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluan; kasu horretan, bada, teknikari eskudunak idatzitako proiektua aurkeztu beharko da, instalazio fotovoltaikoari lotutako instalazio elektrikoaren deskribapenaz lagunduta. Teknikari eskudun horrek eduki beharko du 38/1999 Legearen 10. artikuluko 2.a) apartatuan eraikinaren erabileraren arabera ezarritako titulu akademikoa.
–10 kW-etik gorako potentzia duten instalazioetarako.
- Teknikari eskudunak idatzitako proiektua aurkeztuko da. Proiektu horrek Industria eta Energiako Zuzendaritza Nagusiak industrietarako eta industria instalazioetarako ezarritako gutxieneko edukia jaso dezake.
Proiektuarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira: egin behar diren obren deskribapena; ordenantza honetako artikuluetan paisaian integratzeari buruz eta instalazioek bete beharreko baldintzei buruz ezarritako arauak betetzen diren frogatzeko nahikoa dokumentazio grafiko; segurtasunaren eta osasunaren gaineko azterlana eta hondakinen kudeaketarako azterlana.
- Aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera proiektu espezifikoa behar duten instalazioetarako (eraldaketa zentroak, goi-tentsioko lurpeko lineak eta abar), proiektu espezifikoa ere aurkeztu beharko da, bai erantzukizunpeko adierazpenaren bidez izapidetzen diren obren kasuan, bai obra-lizentziaren bidez izapidetzen direnetan.
- Egin beharreko obretarako proiektua behar bada, hala xedatuta baitago 38/1999 Legearen 2.2 artikuluan, teknikari eskudun batek idatzitako proiektua aurkeztu beharko da. Teknikari eskudun horrek eduki beharko du 38/1999 Legearen 10. artikuluko 2.a) apartatuan eraikinaren erabileraren arabera ezarritako titulu akademikoa.
Bi kasuetan aurkeztu beharko dira estalkiaren, sekzioaren eta altxaeren planoak. Horien bidez, instalazioaren osagaien kokalekua zehaztuko da, eta instalazioak ordenantza honen artikuluetan paisaian integratzeari buruz eta instalazioak bete beharreko baldintzei buruz ezarritakoa betetzen duela justifikatu beharko da. Orobat, aurreikusitako plakak nola antolatuko diren eta eraikinaren gainerako zatiekiko zer konposizio izanen duten azaldu beharko da.
–Tasa eta eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) ordaindu izanaren frogagiria, indarrean dauden ordenantza arautzaileekin bat.
–Behar diren baimen sektorialak. Hemen sartzen da Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik eman beharreko aldeko txostena hiri-antolamenduko agirietan katalogatu gisa ageri diren eraikinen kasuan.
–Bide publikoa okupatu behar bada, dagokion okupazio lizentzia eskatu beharko da, udal ordenantzetan ezarritakoarekin bat.
Sustatzaileak, dagokion jarduketa gauzatzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela dioen adierazpena bere erantzukizunpean egin ondoren, eta adierazpen hori eskatzen den dokumentazio guztiarekin batera Udalean aurkeztu ondoren, obrak berehala hasteko gaituta egonen da. Dena den, udalak ahalmena izanen du honako alderdi hauek egiaztatu eta ikuskatzeko: eskubide hori baliatzeko gaitzen duten baldintzak betetzen direla eta egindakoa bat datorrela adierazpenean jasotakoarekin.
Erantzukizunpeko adierazpenak, adierazitako moduan eginak, izanen ditu aplikatu beharreko araudiak udal-lizentzia emateari egozten dizkion ondorioak, eta administrazioan zein beste edozein pertsonaren aurrean baliatzen ahalko da, dela pertsona naturala, juridikoa, publikoa edo pribatua.
Administrazio eskudunari egindako erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, ezin izanen dira obrak hasi edo horiek egiteari utzi beharko zaio gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legozkiokeen erantzukizunak. Inguruabar horiei buruzko administrazio-ebazpenenean jasotzen ahalko da interesduna behartuta dagoela eskubidea aitortu edo erabili edo jardueran hasi aitzineko egoera juridikoa berrezartzera. Dena den, dagokion zehapen-prozedura ere izapidetzen ahalko da.
Iragarkiaren kodea: L2310706
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
