Iragarkia
160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARMAÑANTZAS
Ordenantza, Gizalegezko jokaerak, kaleen garbitasuna eta espazio publikoen babesa sustatzea arautzen dituena. Behin betiko onespena
Armañantzasko Udalak, 2023ko apirilaren 13an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Armañantzasko udalerrian gizalegezko jokaerak, kaleen garbitasuna eta espazio publikoen babesa sustatzea arautzen dituen udal ordenantza.
Onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 2an.
Jendaurreko epea iragan denez inolako erreklamaziorik, kexarik edo oharrik jaso gabe, behin betiko onetsita gelditu da aipatutako ordenantza, ondoren ematen dena; hori dena, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.
Armañantzasen, 2023ko ekainaren 15ean.–Alkatea, David Pérez de Albéniz Crespo.
ARMAÑANTZASKO UDALERRIAN GIZALEGEZKO JOKAERAK, KALEEN GARBITASUNA ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESA SUSTATZEA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
LEHEN TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek xede hauek ditu:
1. Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak sustatzea, prebenituta herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduketak.
2. Udal-mugartean bideen eta eremu publikoen garbiketarekin ikustekoa duen oro arautzea, bizilagunek bideak eta eremu publikoak erabiltzen baitituzte, eta prebenitzeko, zuzentzeko eta/edo konpontzeko neurriak hartzea, horiek zikin ez daitezen.
3. Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea, gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.
Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren garraio elementu eta ibilgailuak, eta gisa bereko edo antzeko gainerako ondasunak.
Halaber, eta apaintasun publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, baldin badira udalerriko hiri altzarien parte, herritarrentzat badira edo baldin badira zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, jardinerak, objektuak ematen dituzten makina automatikoak eta antzeko gainerako ondasunak.
Ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke. Izan ere, hiriko ondare eta paisajearen parte dira, apaindura publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.
4. Gizalegezko balioen kontrako jarduketak zuzentzea, zehatzeko ahalaren bidez.
5. Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.
2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.
1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.
2. Ordenantza honek arautzen ditu gizalegezko balioekin zerikusia duten herritarren jarduketak eta ez-egiteak; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.
3. Ordenantza hau Armañantzasko udal-mugarte guztian aplikatuko da.
4. Berariaz araututa ez dauden kasuetan, ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, baldin, haien izaeragatik, ordenantzaren aplikazio-eremuaren barnean badaude.
5. Kode Zibilaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, arau hau ez ezagutzea ez da aitzakia hura ez betetzeko.
BIGARREN TITULUA
I. KAPITULUA.–GIZALEGEA ETA HERRITARREN PORTAERA EGOKIA SUSTATZEA
3. artikulua. Xedapen orokorra.
Armañantzasko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.
Era berean eta berariaz, Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabiltzeaz eta hiri ingurunea zaintzeaz den bezainbatean.
4. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.
1. Herritarrek bizikidetza errespetatu, eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.
2. Pertsona guztiek eskubidea dute hiriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek ezarritakoak eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritakoak.
3. Debeku da bizilagunen atsedena eragozten duen zaratarik egitea, baita gaueko iskanbiletan parte hartzea ere, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.
4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.
II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA
5. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.
Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6. artikulua. Pintadak eta grafismoak.
1. Debeku da pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan.
2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geldituko da horma-irudi artistikoak egitea, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan.
3. Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen duenean, erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.
4. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen ditu udal agintaritza eskudunak, jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.
5. Baldin pintadak egiten badira, edo paperak ezarri, kristalak marratu edo hautsi, kartelak itsatsi, edo kaltea dakarren beste edozer egiten bada eraikin publiko batean edo hiri altzarietako elementu batean, Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari egozten ahal dizkio bidezko kalte-ordainak eta garbitzearen, berria jartzearen edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.
7. artikulua. Zuhaitzak.
Zuhaitzak babesteko neurri gisa, debeku dira honako hauek:
Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.
Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.
Hondakinak botatzea zuhaitz-txorkoan edo inguruan.
8. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.
1. Pertsona orok parke eta lorategi publikoak errespetatzeko betebeharra dauka.
2. Ongi zaintzeko eta mantentzeko parkeetan, lorategietan, jardineretan eta bide edo espazio publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak, debeku dira honako ekintza hauek:
a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak.
b) Zuhaitzak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.
c) Zuhaitz-azaletan grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.
d) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.
e) Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu, baldin haiei kalte egiten ahal badiete edo eraso egiten ahal badiete haien estetikari eta gustu onari.
f) Parke eta lorategietan gorotzak uztea.
g) Sua egitea parke eta lorategietan.
h) Txakurrak aske eramatea.
i) Hiri-altzariak hautsi, puskatu edo kaltetzea.
3. Orobat debeku da dauden seinaleen ohartarazpenei kasurik ez egitea, edo halako eremu batzuetara sartzeko murriztapen aldi baterako nahiz behin betikoei ez obeditzea.
III. KAPITULUA–HERRITARREN JARDUERAK
9. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.
1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta horretarako erabiliko dituzte ere haiek sustatzen dituzten jardueretan, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez ezarritako tokietan eta ezarritako baldintzetan izan ezik. Debeku da bide edo espazio publikoetan jarduerak egitea baldin berekin ekartzen ahal badizkiete kalteak pertsona edo ondasunei, edo eragozpen nabariak eragiten ahal badizkiete herritarrei, kontuan harturik kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak. Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatutako jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.
2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo jarri, Udalaren baimena izan ezean.
3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezela.
10. artikulua. Sua eta jaiak.
1. Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea, eta piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea.
2. Jai edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduketek bete beharreko baldintzak.
11. artikulua. Zaratak.
1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu, eta bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak egitea saihestuko dute, hots mailei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan ezarri bezala, eta ordenantza honek arautzen dituen baldintza hauen arabera:
a) Gidariek ez dituzte ozen jarriko ibilgailuetako musika-ekipoak. Ozentzat joko da agintaritza-agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.
b) Debeku da botatzea zaratak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako gai piroteknikoak, Udalaren baimenik gabe.
c) Obrak egunez eginen dira, salbu arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimentzen badu. (Eguneko ordutegia: 8:00etatik 22:00ak arte; gaueko ordutegia: 22:00etatik 8:00ak arte. Administrazioak ordu bat aurrera dezake eguneko ordutegia).
d) Ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri bide publikoan, ez eta, hari begira, eraikinetan eta ibilgailuetan ere, baimena lortu ezean.
e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauez.
12. artikulua. Kea eta usainak.
1. Herritarrek ez dute eginen kea, usaina edo hautsa sortzen duen jarduerarik espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, baldin haietatik espazio publikoei eragiten bazaie, halako jarduerek lasaitasuna galarazten badute edo osasungarritasuna edo apaintasun publikoaren kontrakoak badira, indarra duen legedian ezarritako mugak edozein direla ere. Debeku horretatik salbu dira aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egin daitezkeen lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.
2. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimena izan ezean.
13. artikulua. Eskaletza.
1. Ordenantza honi dagokionez, hainbat jarduera joko dira eskaletzatzat, hala nola kalean edo erabilera publikoko espazioetan eskean ibiltzea eta ibilgailuen haizetakoak garbitzea.
2. Debeku da diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez zein egitez.
3. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskaintzea.
4. Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.
5. Agintaritza-agenteek galaraziko dute eskean ibiltzea eta, betiere, gizarte zerbitzuen berri emanen diote behartsuari, sorospena eta laguntza eska ditzan.
14. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.
1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik ezarri 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean. Agintaritza-agenteek kanpatzea bertan behera uzteko eskatuko diete bide publikoa modu bidegabean okupatzen duten kanpadenden, ibilgailuen edo bestelakoen erabiltzaile eta jabeei, galarazi gabe dagokien salaketa jartzea. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatzen ahalko dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.
2. Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.
3. Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Oro har, inoiz inork ezin ditu gutxietsi bide edo espazio publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea eta ekintza askatasuna, ez eta orokorrean onartuta dauden bizikidetzako sineste eta ereduak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ez eta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokaera edo jarduketak egitea ere.
HIRUGARREN TITULUA
I. KAPITULUA.–KALE GARBIKETA
15. artikulua. Eremu publikoaren kontzeptua. Udal eskumenak.
1. Honako hauek hartzen dira eremu publikotzat eta, hortaz, Udalaren erantzukizunekotzat, haien garbiketari dagokionez: Udal Plan Orokorrean edo hura garatzeko behin betiko onetsi diren tresnetan halakotzat joak direnak (esaterako, pasealekuak, etorbideak, kaleak, plazak, espaloiak, bideak, lorategiak, berdeguneak, lurguneak, zubiak eta oinezkoen tunelak), eta, halaber, jabari publikoko gainerako ondasunak, herri-lurrak edo ondare-lurrak, erabilera edo zerbitzu publikoari atxikiak daudenak, bai eta jabeek Udalari aldi baterako lagatako lur partikularrak ere.
2. Urbanizazio pribatuak, igarobideak, barneko patioak, orubeak, merkataritzako galeriak eta gisa horretakoak salbuespenak dira, ez baitira publikoak; izan ere, partikularrei dagokie haiek garbitzea, jabetza bakarra, partekatua edo jabetza horizontalaren araubidekoa izan.
3. Bide publikoek izen edo zenbaki bat izanen dute bereizgarri eta identifikagarri, desberdina bakoitzerako, eta hura Udalak onetsi beharko du. Hirian ez da bi bide publiko izaten ahalko izen bera edo zenbaki bera dutenak, ezta desberdinak izanda ere, beren antzekotasun grafiko edo fonetikoak nahasmendurik ekartzen ahal badu.
16. artikulua. Herritarren laguntza.
1. Pertsona fisiko zein juridiko guztiak beharturik daude, hiriaren garbitasunari dagokionez, zikinkeria saihesteko eta prebenitzeko jarrera izatera.
2. Halaber, udal agintaritzari jakinarazi ahalko diote, garbitasun publikoaren alorreko arau-hausterik ikusten badute, edo egiazki halakoen berri badute.
3. Udalaren erantzukizuna izanen da herritarren erreklamazio, kexa eta iradokizunei kasu egitea, eta egoera bakoitzean behar diren ekintzak egitea.
17. artikulua. Zerbitzu ematea.
1. Udalak, eremu publikoa garbitzeko eta bertako hondakinak biltzeko zerbitzuak ematerakoan, unean-unean Udalaren intereserako bidezkotzat jotzen dituen prozedura teknikoak eta kudeaketa bideak erabiliko ditu.
2. Udalak zilegi izanen du subsidiarioki egitea ordenantza honen arabera zuzenean pertsona fisikoei edo juridikoei dagokien garbiketa, eta, halakoetan, garbiketaren kostua egotziko zaie, ezertan galarazi gabe kasu bakoitzean ezar daitezkeen zehapenak.
3. Aurreko apartatuko baldintza berberetan, Udalak zilegi izanen du subidiarioki egitea mantentze, konpontze eta garbitze lanak higiezinetako kanpoko elementu eta aldeetan, eta abandonatutako hondakinak kargatu, kendu, garraiatu eta deuseztatzea; berdin jokatuko da, ordenantza hau ez betetzea dakartzan jarduketa guztietan.
4. Udal administrazioaren eskumenekoa da bide publikoetako egiturazko nahiz apaindurazko elementuen kontserbazio egokirako lan eta obrak egitea. Bide publikoen kontserbazio egoera hobetzeko izanik ere, inork ez du elementu horiek berritzeko edo konpontzeko lanik egiten ahalko, aurretik Udalaren lizentziarik ez badu.
18. artikulua. Udalarenak ez diren zerbitzuetako elementuen garbiketa.
Herritarren zerbitzurako izanik eta eremu publikoan egonik ere Udalaren ardurapean ez dauden elementuen garbiketa zerbitzu bakoitzaren titular administratiboei dagokie; baita administrazioaren beste organo batzuen titulartasunekoak diren espazio publikoena ere.
II. KAPITULUA–GARBIKETAREN ANTOLAKETA
19. artikulua. Kaleak, patioak eta jabetza partikularreko elementuak.
1. Jabeen betebeharra da etxadi barneko patioak, orube partikularrak (hirian zein industrialdeetan edo zerbitzu-poligonoetan egon), kale eta igarobide partikularrak, merkataritzako galeriak eta gisakoak garbitzea. Debeku da patioak erabiltzea objektuak, trasteak, hondakinak, etab. gordetzeko zein txakur eta bestelako animalien aterpe gisa.
2. Partikularrek erakusleihoak, dendak, saltokiak, merkataritzako establezimenduak, patioak, atariak, higiezinetako eskailerak eta abar garbitzen dituztenean, saiatuko dira eremu publikoa ez zikintzen. Behar bezain maiz eginen da garbiketa, oinezkoei eragozpenik sortzen ez dien orduetan. Jardueraren titularra izanen da arduraduna.
3. Finken, etxebizitzen eta establezimenduen jabeak beharturik daude garbi mantentzera eremu publikotik ikusten diren higiezinetako parteak.
4. Artikulu honetako garbiketa lanetan sortzen diren hondakinak, zer hondakin klase diren kontuan hartuta, horretarako dauden edukiontzietan utziko dira, baita garbigunean ere, horretarako ezarritako orduetan.
5. Finketatik irteten badira zuhaitz, zuhaixka edo bestelako espezie apaingarriak, horien jabeek edo errentariek neurri egokiak hartu behar dituzte eremu publikora eror ez daitezen fruituak, adarrak edo hostoak.
6. Udalak, bere ahalmenak erabiliz, aurreko puntuetan aipatutako eremuen titular diren pertsona edo entitateei eskatzen ahalko die behar diren neurri edo ekintzak egin ditzaten, eskatzen diren garbitasuna, segurtasun baldintzak, osasungarritasuna, estetika eta mantentzea bermatzeko. Udalak neurri horiek subsidiarioki hartzen ahalko ditu, jabeek edo arduradunek hala egin ezean, eta neurrien kostuak haiei egotziz, alde batera utzi gabe arau-haustearen ondorioz ezartzen ahal diren zehapenak.
20. artikulua. Espaloi eta galtzaden garbiketa.
1. Jabeei dagokie beren kontura garbitzea jabari eta erabilera pribatuko urbanizazioetako espaloiak, pasabideak, galtzadak, plazak eta abar. Espaloien garbiketa, eraikinen fatxadei dagokien luzeran, okupatzaileen kargura izanen da eta, haien ordez, finka bakoitzaren jabeen kargura, bakoitzak okupatzen duen luzeran. Bestela, bizilagunek, beren artean adostutako sistemaren arabera, hartuko dute garbiketan bildutako zaborra, eta hiri-hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuak arautzen dituen ordenantzan ezarritako moduan pilatuko dute bilketa zerbitzuaren ibilgailua etorri arte. Ez badute hala egiten, Udala arduratuko da eta kontua pasatuko die, dagokien zehapena gorabehera.
2. Udalak aldez aurretik adierazten ahal du zein kaletan ezin den aparkatu, haien egoera dela-eta halako egunetan bete-beteko garbiketa egin behar delako. Horretarako, gaztiguak utziko ditu ibilgailuetan edo mugitzeko moduko seinaleak jarriko ditu, "garbiketa publikoa" zein egun eta ordutan eginen den adierazita.
21. artikulua. Zakurren gaineko arau berariazkoak.
1. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.
2. Zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.
3. Animaliek, eremu publikoan dauden bitartean, kaka eginen dute horretarako gaitutako edo berariaz baimendutako tokietan, Udalak hala ezartzen badu.
4. Inguruan zakurren aisialdirako eremurik ez bada, aldi baterako baimentzen da kaka egitea hustubiderako estolderietatik hurbil dauden galtzada zatietan, ondoren jabeek kaka kentzen badute.
5. Betiere, eremu publikoan doan animaliaren gidariak gorotzak eremu publikotik bildu eta kentzeko aukera emanen dioten elementuak eraman beharko ditu aldean (poltsak, pala, etab.). Udalak eremu publikoan paratu dituen edukiontzietan utzi beharko dira poltsa horiek, behar bezala itxiak, baldin eta ordutegia egokia bada.
6. Aurrekoa betetzen ez bada, Udalak arau-hausleak salatuko ditu eta behar den zehapen-espedientea irekiko die.
22. artikulua. Elurra garbitzea.
1. Elurteetan, eraikinen jabeak, negozioen titularrak, eraikin publikoen titular administratiboak, orubeen jabeak, eta, subsidiarioki, horien arduradunak, beharturik daude agindu hauek betetzera:
1.1. Hiri-lurretako zein higiezinetako enplegatuek edo, bestela, horietako bizilagunek, eta, edozein kasutan, eraikin publikoak eta mota guztietako eraikinak garbitzeko ardura duten pertsonek elurra eta izotza kendu beharko dituzte fatxada aurrean dagokien espaloi zatian, oinezkoak pasatu ahal izateko behar duten lekua libre utzi beharrez.
1.2. Elurra eta izotza espaloiaren ertzean pilatuko dira, galtzadan utzi gabe eta gisa honetara:
a) Aparkaturiko ibilgailuen gainean utzi gabe.
b) Ertz-erretenetatik ura pasatzea eragotzi gabe, eta ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorriak eragotzi gabe.
c) Libre utziz estolderiako hustubide edo erregistro-estalki hurbilena.
2. Aurreko apartatuko 2. puntuan ezarritako baldintzak, espaloietako elurra garbitzeari buruzkoak, Udalaren zerbitzuek berdin bete beharko dituzte, edo, kasua bada, garbiketa zerbitzuaren emakida duen enpresak.
3. Elurteak irauten duen bitartean, herritarrek oro har, eta higiezinen, negozioen, orubeen, ibilgailuen eta abarren jabeek bete behar dituzte udal agintaritzak une oro ematen dituen jarraibideak.
4. Inola ere ez da eremu publikora botako terraza, balkoi, estalki eta eraikinen bestelako ataletan pilatu den elurra, udal agintaritza eskudunak kontrako xedapenik eman ezean.
23. artikulua. Balkoi eta leihoetan astintzea.
Debeku da arropak, alfonbrak, erratzak eta erratz handiak eremu publikoaren gainean astintzea balkoi, leiho edo terrazetatik, 23:00etatik 8:00ak arteko ordutegitik kanpo. Nolanahi ere, jarduera hori pertsonei eta gauzei kalte edo traba ez egiteko eran eginen da.
24. artikulua. Obra-hondakinak kentzea.
Dagokion obraren lizentzian edo komunikazioan eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuan eta, kasua bada, hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuak arautzen dituen ordenantzan ezarritakoari jarraikiz eginen da.
25. artikulua. Kioskoak, tabernak, terrazak edo bestelako salmentarako instalazioak garbitzea.
1. Eremu publikoan dauden kioskoen edo bestelako salmentarako instalazioen titularrak edo arduradunak beharturik daude garbi edukitzera tokia eta horren ingurunea eta hura garbi uztera jardueraren ordutegia bukatu ondoren.
2. Betebehar bera dute kafetegien, tabernen eta antzeko establezimenduen jabeek, mahaiekin eta aulkiekin okupatzen diren eremu publikoari, fatxaden luzerako espaloiari eta inguruko eremuari dagokienez.
3. Ezin da produkturik edo materialik ezta instalazioaren berezko hondakinik bildu edo metatu mahaiak dituzten terrazen ondoan, ez eta kioskoen instalazio finkoen kanpoaldean ere (denboraldikoak zein iraunkorrak izan), dela estetikagatik eta begiramenagatik, dela higieneagatik.
4. Udalak establezimenduen titularrak behartu ahalko ditu kontsumoaren ondorioz beren establezimenduetan sortutako hondakinak edukitzeko ontzi homologatuak jartzera. Horrez gain, titular horiei dagokie elementu horiek zaintzea eta garbitzea. Irekitzeko lizentzian ezarriko da beharrezkoa ote den zakarrontziak jartzea, eta hala bada, zenbat izanen diren eta non jarriko diren. Dagoeneko abian dauden establezimenduei arrazoizko epea emanen zaie arau honetara egokitzeko.
26. artikulua. Zamalanak.
Zamalanak ondoan dituzten establezimenduen titularrek espaloien garbiketa osagarria egin behar dute, beharrezkoa den aldiro, eremu publikoa behar bezain garbi egon dadin, eta Udalak hala agintzen duen guztietan. Halaber, beharrezko segurtasun neurriak hartu beharko dituzte lan horietarako.
27. artikulua. Lurrak, obra-hondakinak edo bestelako materialak garraiatzea.
1. Lurrak, ikatza, obra-hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsak, kartoiak, paperak edo, isuriz gero, eremu publikoa zikintzen duten, eta, hortaz, hirugarrenei kalteak sor diezazkieketen bestelako materialak garraiatzen dituzten ibilgailuen jabeek eta gidariek hertsiki beteko dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoa, eta karga ez erortzeko moduan egokituko dute, horretarako behar diren neurriak hartuz.
2. Ibilgailuaren jabea eta gidaria izanen dira aurreko apartatuan xedatutakoa ez betetzearen arduradunak, eta isuritako materiala nahiz ukitutako bide publikoa garbitzera beharturik egonen dira, ezertan ukatu gabe legozkiekeen zehapenak.
3. Erregai fosilak erabiltzen dituen berogailua duten bizilagun-erkidegoek egoera egokian mantendu beharko dute erregaiaren biltontzia kamioiaren mahukarekin lotzen duen ahoa, erregaia isur ez dadin.
4. Istripua edo iraulketa gertatuz gero edo karga eremu publikora isuri edo erorita bide segurtasunean arriskuak sortzeko aukera izanez gero, kasuan kasuko gidariek horren berri eman beharko diote Udalari, ahalik eta lasterren. Udalak bere garbiketa zerbitzuari jakinaraziko dio, deusetan ukatu gabe zerbitzuaren kostua ekintzaren arduradunei ordainaraztea.
5. Lurren eta obra-hondakinen bilketa, garraioa eta isurketa obraren lizentzian edo komunikazioan eta, edozein kasutan, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz eginen da, bai eta Hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuak arautzen dituen ordenantza betez ere.
28. artikulua. Eremu publikoko obrak.
1. Obra batek (esaterako, eraikuntzak egitea, zaharberritzea, berritzea edo eraistea) arrazoia edozein dela ere eremu publikoa ukitzen duenean, finkaren jabetzak eta, subsidiarioki, obrak egiten dituenak, kontrolatu beharko du ez dela zikinkeriarik sortzen, segurtasun eta prebentzio elementuak paratuz, lanek ukitutako eremutik kanpo zabal eta isur ez dadin materialik (adibidez, eraispenak, lurrak eta obretatik soberan gelditzen diren beste material batzuk), eta ez daitezen estolderiako hustubideak buxatu.
2. Beharrezkoa izanez gero, obran erabiltzen diren garraiorako ibilgailuek eremu publikoa zikintzen badute, ibilgailu horien gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko dute.
3. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta abarren lanen inguruak garbi eduki beharko dira beti, galtzadan eta, batez ere, espaloian inolako hondakinik ez dagoela, eremu publikoko erabiltzaileei arriskurik ez sortzeko.
4. 1. puntuan aipatu segurtasun neurriak hartu beharko dira obrak eremu publikoan egiten direnean (adibidez, seinaleak, hesiak, babeserako elementuak, zamalanetarako tutuak eta eraispenak), hura zikindu eta pertsona edo gauzei kalterik ez egiteko.
5. Eraikuntza lanetarako ibilgailuek bete beharko dituzte 24. eta 27. artikuluan ezartzen diren aginduak, lurren eta obra-hondakinen garraioari eta isurketari buruzkoak.
6. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, behar adinako presioko urez baliatu beharko da, lan horiek sortzen duten hautsari eusteko.
29. artikulua. Ibilgailuen garbiketa.
1. 28. artikuluan zehazten diren lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek eta hondeaketa lanetan, eraikuntzak egitekoetan eta antzekoetan erabiltzen direnek gurpilak garbitu beharko dituzte obretatik edo lan eremutik ateratzerakoan, lokatzik eror ez dadin eremu publikoan.
2. Neurri hori, halaber, eraikuntzak eraisteko obretan hartuko da, hautsa sortzea saihesteko behar diren neurriekin batera.
30. artikulua. Zirkuak, antzerkiak eta atrakzio ibiltariak.
Zirkuen, antzerki ibiltarien eta zaldiko-maldikoen gisako jarduerek eta beren ezaugarri bereziak direla-eta eremu publikoa erabiltzen duten beste batzuek fidantza bat utzi behar dute, beren jardueraren ondoriozko erantzukizunei heltzeko. Udalak garbiketa bat egin behar badu, fidantza horrekin ordainduko dira kostuak, eta horiek fidantza baino handiagoak badira, jardueraren titularrek ordaindu beharko dute aldea.
III. KAPITULUA.–DEBEKUAK
31. artikulua. Hondakinak, zaborra eta ur zikinak.
1. Debeku da hondakinak, hondarrak eta, oro har, edozein zabor botatzea edo uztea eremu publiko eta pribatuetan, eta orobat haien sarbideetan eta hesitutako edo hesitu gabeko orube edo finketan. Edukiontziak eta horretarako ontziak erabili beharko dira beti. Hondakin solidoen gaineko araudian eta/edo, bestela, araudi sektorial berariazkoan arautu moduan eta baldintzetan utzi eta deuseztatuko da zaborra.
2. Debeku da ur zikina isurtzea eremu publikoan, baita bertze edozein gauza botatzea ere eremu publikoan diren hustubideetara.
3. Debeku da altzariak, gauza partikularrak eta bolumen handiko hondakinak eremu publikoan uztea, bilketarako zerbitzu bereziak jasotzeko zain daudenak alde batera utzita, horretarako ezarritako egun eta orduetan.
4. Udalaren zerbitzuek ahalmena izanen dute eremu publikoan utzitako objektu material oro kentzeko, aurretik abisua eman gabe.
5. Udalaren zerbitzuek kendutako materialak udal agintaritzak horretarako ezarritako tokietara eramanen dira, biltegiratzeko edo ezabatzeko.
6. Material horien biltegiratzeak edo tratamenduak indarrean dagoen legediari jarraituko dio, eta, hartan ezartzen ez den gaietan, udal agintaritza eskudunak ezartzen duenari.
32. artikulua. Paperontzien erabilera.
1. Debeku da eremu publikoan botatzea zigarrokinak, paperak, fruitu lehorren azalak, txikleak, latak, botilatxoak, bilgarriak eta gisako edozein hondakin. Horretarako instalatutako edukiontzietan bota beharko dira.
2. Debeku da paperontzietan zigarroak, puruak, zigarrokinak edo beste zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Itzalita bota behar dira paperontzietara kasu guztietan.
3. Paperontzien xedea da paperak eta hondakin txikiak biltzea. Debeku da haietan etxeko hondakinak edo xedekoak ez diren beste gauza edo produktu batzuk botatzea.
33. artikulua. Ibilgailuak garbitzea, askotariko isurketak eta hondakinak manipulatzea.
1. Debeku da eremu publikoa zikintzen ahal duen edozein lan egitea, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta hiri hondakin edo hondar solidoak hautatu edo manipulatzea.
2. Orobat, debeku da edozein hondakin mota botatzea eraikin, etxebizitza edo establezimenduetako leihoetatik, balkoietatik, kanpoko irekiduretatik eta abarretatik.
3. Debeku da ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea eremu publikoan, edo hura erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.
4. Debeku da, halaber, edozein hondakin botatzea ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon.
5. Debeku da udal-mugarteko ibaietako ertzeetan eta ibilguetan, parkeetan eta eremu publikoetan egitea aurreko ataletan aipatutako lanak.
34. artikulua. Landareak ureztatzea.
Balkoietako eta terrazetako landareak ureztatzean saihestuko da ura eremu publikora isurtzea. Edozein kasutan, eremu publikoaren edo haren elementuen gaineko isurketak edo zipriztinak saihestuko dira, eta landareak ureztatuko dira 23etatik 8etara bitarteko ordutegian, ahal dela, edo pertsonak zein ibilgailuak pasatzen ez direnean.
35. artikulua. Gorozkiak eta pertsona eta animalien beste jariakin batzuk.
1. Debekatua dago listua, pixa eta kaka egitea eremu publikoan edo erabilera publikoko nahiz pribatuko eremuetan.
2. Zakurren eta lagun egiteko bestelako animalien jabeak beharrezko neurriak hartzen saiatuko dira, gorozkiak kalean geldi ez daitezen, 8. eta 21. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
3. Zaldien jabe edo gidariek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte eremu publikoa ez zikintzeko; bestela, berehala kenduko dituzte gorotzak, horretarako tresna eta materialak aldean dituztela.
4. Debeku da animaliak eremu publikoan garbitzea.
36. artikulua. Esekitako arropa eta bestelako elementu pertsonalak eremu publikoan agerian edukitzea.
1. Debeku da herrigune barnean arropak, janzkiak, etxeko elementuak, elementu pertsonalak eta bestelako objektuak eremu publikoan eseki edo agerian edukitzea, oztopo egiten duten edo haren xedearekin bat etorri gabe hura okupatzen duten esekitoki eramangarriak edo gisakoak erabiliz; bai eta hiri-altzarietan, balkoietan, leihoetan, barandetan, kanpoko terrazetan, eraikinen paramentuetan edo etxebizitzetako zein higiezinetako irekiduretan esekitzea ere, eremu publikora begira badaude edo hartatik ikus baldin badaitezke eta begirunearen edo hiriaren estetikaren kontrakoak badira, ordenantza honetan ezarritako salbuespenetan izan ezik.
2. Arau-hauste astuna izanen da lehenbiziko apartatuan ezarritakoa ez betetzea Donejakue bidearen hiriko tarte ofizialean edo errealean, interes kulturaleko ondasun gisa duen babesari jarraikiz (1962ko irailaren 5eko 2224/1962 Dekretua, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legea, Donejakue bidearen Nafarroako tartea behin betiko mugatu eta hura babesteko araubidea ezartzen duen abenduaren 14ko 290/1988 Foru Dekretua, urriaren 25eko 324/1993 Foru Dekretua eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legea).
LAUGARREN TITULUA.–BETEKIZUNAK
37. artikulua. Orubeen eta etxabeen garbiketa eta mantentze-lanak.
1. Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.
2. Aurreko aginduan sartzen da orubeetan arratoi-garbiketa eta desinfekzioa egin beharra.
3. Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.
38. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.
Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatu diren lanen ordezko betearazpenaz, gastuak kargatuz egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkion zehapenak.
39. artikulua. Hirigintzako ukipenak.
1. Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesdunek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, osotara edo parte batean, aurreko artikuluetan aipatutako baldintzak betetzeko ardura, deusetan ukatu gabe sustatzaileak dituen betebeharrak.
2. Aurreko apartatuan aipatutako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.
40. artikulua. Fatxaden estetika eta mantentze-lanak.
1. Eremu publikora begirako fatxadak dituzten etxebizitzen eta higiezinen jabeek edo arduradunek saihestu behar dute eremu publikoaren estetikaren kontrako edozein gauza erakustea leihoetan, balkoietan, terrazetan edo antzekoetan.
Bereziki, debeku da edozein motatako antenak paratzea eraikinen fatxada edo balkoietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuan ez bada.
2. Halaber, hirigune barnean debeku da arropa, garbia zein zikina, esekitzea eremu publikotik, eta, bereziki, Donejakue bidearen hiriko tarte ofizial edo errealetik, ikus daitekeen fatxadaren zatian. Salbuespena izanen dira barne patiorik edo antzekorik ez duten etxebizitzak eta higiezinak, baldin eta zinez frogatzen badute, eta, betiere, Udalaren aurretiazko baimenarekin eta hari jarraikiz egiten badute, kaletik gutxien ikusten diren tokietan, ahal den neurrian balkoiak eta balkoi jarraituak saihestuz eta bizilagunei eragozpenik sortu gabe, eta ikusizko inpaktua murriztuz.
Baimenduz gero, eremu publikora begira dauden esekitokiek ikusizko inpaktua murrizteko sistema bat edukiko dute, esekitako arropa eremu publikotik ikustea saihesteko. Ikusizko inpaktua murrizteko sistema horrek ez du eraginik edukiko bizigelen gutxieneko eguzki-argiztapenean eta aireztapen naturalean, eta eraikinaren fatxadan, haren ingurunean eta udalerriaren estetikan integraturik egon beharko du.
3. 1. eta 2. apartatuetan xedatua bete ezean, etxebizitzaren jabea, maizterra edo higiezinaren edo negozioaren titularra izanen da erantzulea.
4. Eraikinen jabeen erkidegoak zein finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, karrikako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikinen zati guztiak.
5. Ondorio horietarako, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu, berritu eta iztukatzeko lanak, apaindura publikorako beharrezko denean eta udal agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aldez aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.
6. Orobat, jabeek hauek ere garbi atxiki behar dituzte: tximiniak, biltontziak, patioak eta argi patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebista antenak edo higiezinen muntadura osagarri guztiak.
7. Artikulu honetan arautu gabeko orotan, eraikuntzari buruz indarrean dagoen lege-araubidea beteko da, hiriko Udal Plan Orokorrean ezarri bezala.
41. artikulua. Eraikinetako elementuen eta kanpoaldeen garbitasuna eta mantentze-lanak.
Higiezinen jabeak, edo, subsidiarioki, katastroko titularrak, behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaindura publikoko baldintzak zaintzera.
BOSGARREN TITULUA.–PUBLIKOTASUNA
42. artikulua. Ekitaldi publikoak.
1. Eremu publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren ekitaldi publikoen, ezkontzen edo ospakizun pribatuen antolatzaileak dira horietan sortzen den zikinkeriaren erantzuleak eta Udalari jakinarazi behar diote zein den egin gogo den ekitaldiaren ibilbidea, ordutegia eta tokia.
2. Udalak fidantza bat eska diezaieke, ekitaldi hori egitearen ondoriozko garbiketa lanetarako aurreikusten den zenbatekoaren adinakoa. Okupatutako eremu publikoa eta inguruak behar bezain garbi geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.
3. Ekitaldi publiko baten ondorioz, kalterik egiten bada eremu publikoan edo altzarietan, horren erantzuleak antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira eta konponketa gastuak ordaindu beharko dute, izan daitezkeen zehapenak gorabehera.
43. artikulua. Publizitaterako elementuak.
1. Eremu publikotik ikusgai dauden kartelak paratzeko lizentziak, baldin eta lokal itxietan ez badaude, ekarriko du ekintzaren titularrek kartela paratzeko erabili den eremu publikoko espazioak garbitzeko betebeharra, eta, behar denean, publizitaterako elementuak eta kasuan kasuko osagarriak kentzekoa, kasua bada.
2. Katalogatutako eraikinetan publizitaterako elementuak paratzeko, arlo horri buruz indarra duten xedapenei eta hiriko Udal Plan Orokorrari jarraituko zaie.
3. Kasuan kasuko lizentzia beharko da kartelak eta publizitaterako hesiak paratzeko, margotzeko, mural artistikoak pintatzeko, etab.
44. artikulua. Kartelak, pankartak eta itsasgarriak paratzea.
1. Baimendutako tokietan baino ez dira kartelak, pankartak eta itsasgarriak paratuko. Edonola ere, eskaerarekin eta lizentzia ematearekin bat zehaztuko da paratzeko tokia. Zinta itsaskorra erabiliko da, kolak, lekedak edo antzekoak erabiltzea baztertzen baita.
2. Debeku da kartelak, iragarkiak edo pankartak urratzea, erauztea edo eremu publikora botatzea.
3. Haiek paratzen dituzten enpresa edo pertsonak izanen dira erantzuleak, edo, horiek identifikatu ezin badira, iragartzen den enpresa.
45. artikulua. Esku-paperak.
1. Esku-paperak edo antzekoak banatuz gero, hori egiten duen enpresak eskura entregatu beharko ditu, edo haizetakoetan zein gisakoetan paratu, baina inolaz ere ez ditu eremu publikora botako, ez oinez doala ez eta ibilgailuetan joanda ere.
2. Zehatu eginen dira esku-orriak baimenik gabe barreiatzen edo banatzen dituztenak.
3. Udal zerbitzuek garbituko dute esku-paperak banatzearen eta barreiatzearen ondorioz zikindutako hiriko alderdia, eta zerbitzu horien kostua erantzuleei ezarriko zaie, deusetan ukatu gabe legozkiekeen zehapenak ere ezartzea.
SEIGARREN TITULUA.–HIRI-ALTZARIEN GARBIKETA ETA KONTSERBAZIOA
46. artikulua. Arau orokorrak.
Zainduta eta behar bezain garbi eta txukun edukiko dira parke, lorategi, berdegune eta bide publikoetako hiri-altzariak (besteak beste, eserlekuak, haur-jolasak, paperontziak, iturriak, seinaleak eta kale-argien edo estatuen gisako apaindura elementuak).
47. artikulua. Mugak.
1. Eserlekuak.
Ezin dira eserlekuak desegoki erabili, ezta horiek edozein modutan kaltetu edo hondatu ere. Batik bat, ezin dira finkatutakoak deslotu, lurrera finkatuta ez daudenak bi metrotik gora lekualdatu, ordenarik gabe elkartu, horietan inskripzioak egin edo margotu.
Haurrak zaintzeaz arduratzen diren pertsonen betebeharra da horiek eserlekuen gainean utz ez dezaten harearik, urik, lokatzik edo eserlekuak zikintzen ahal dituenik, edo horien erabiltzaileak zikindu edo kaltetzen ahal duenik.
2. Haur-jolasak.
Erabiltzaileek eduki beharreko adin tartea adierazten duten kartelak ezarriko dira haur-jolasetan aritzeko. Debeku da sektore edo jolas bakoitzean espresuki adierazten den adinetik goitiko edo beheitiko haurrek haiek erabiltzea, eta, edozein kasutan, 14 urtetik goitikoek ezin izanen dituzte erabili.
3. Paperontziak.
Hondarrak edo paperak horretarako edukiontzietan utzi beharko dira.
Debeku da paperontziak manipulatzea (lekuz aldatzea, su ematea, iraultzea, tokitik kentzea), inskripzioak egitea edo haietan itsasgarriak eranstea, Udalaren baimenarekin izan ezik, baita horien itxura hondatzea edo erabilera arrunta eragozten duten beste ekintza batzuk egitea ere.
4. Iturri publikoak.
Iturri publikotzat hartuko dira bide publikoan daudenak edo landa bazterretan izanagatik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Iturburuei dagokienez, Uren Legearen testu bateginari eta hura garatzen duen araudiari jarraituko zaio.
Debeku da iturri publikoetan:
a) Arropa garbitzea.
b) Jendea garbitzea edo bainatzea eta, orobat, zakurrak nahiz bestelako animaliak bainatzea.
c) Etxeko animaliei giza kontsumorako diren iturrietatik zuzenean edaten uztea.
d) Ibilgailu mota oro garbitzea.
e) Hoditeria eta iturrietako elementuak manipulatzea, ez bada erabilera arrunterako.
f) Debeku da iturri apaingarri, hornigailu, ureztatze-aho eta antzekoetatik edatea, haietan sartzea, haiekin jolastea, haiek manipulatzea eta, oro har, uraren erabilera oro egitea.
5. Seinalizazioa, kale-argiak, estatuak eta elementu apaingarriak.
Debeku da haietara igotzea, gora egitea, kulunkatzea edo erabilera arrunta eta funtzionamendua eragotzi, hondatu, kaltetu edo zikintzen duen edozein gauza egitea.
48. artikulua. Saltokiak.
1. Debeku da kalez kaleko salmenta egitea hiriko parke eta lorategietan eta haien sarbideetan, Alkatetzak ez badu espresuki baimentzen, kalez kaleko salmentari buruzko araudian ezarritako moduan eta baldintzak betez. Horretan xedatutakoa bete beharko da une oro jarduera horiei dagokienez.
2. Lorategi eta parke publikoetan kokatzen diren saltokiek Udalak propio eskatzen dien diseinura egokitu beharko dute instalazioa, haien kokalekuaren inguruaren arabera, eta begiratuko dute estetikak bat egiten duela kokalekuaren hiri multzoarekin. Horretarako, saltokiek bete beharreko arauak ezarriko ditu Udalak.
3. Saltokien titularrak izanen dira ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteen erantzuleak, haien menpeko langileek edo saltoki horietan aritzen direnek egiten badituzte ere.
ZAZPIGARREN TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA
49. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Zehapenak ezartzeko, bete beharko da arlo honetan zehatzeko ahala gauzatzeko legez eta erregelamenduz ezarritako prozedura. Bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako printzipioekin bat.
2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.
Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
50. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honek arautzen dituen gaiei dagokienez, arau-hauste administratiboak dira ordenantza osatzen duten arauetan ezarritakoa hausten duten egiteak edo ez-egiteak.
51. artikulua. Zehapenak.
Alkateak zehatuko ditu arau-hausteak, aplikatzekoa den legediak ezarritako mugen barnean, eta deusetan ukatu gabe egon litezkeen erantzukizun zibil eta penalak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako prozedura erabiliz.
52. artikulua. Erantzukizunak.
1. Ordenantza honetan adierazitako betebeharrak ez betetzeagatik sortzen diren erantzukizunak eskatuko dira, ez bakarrik egindakoarengatik baizik eta izan daitezkeen beste erantzule batzuengatik, bai eta animalien jabeengatik ere.
2. Betebehar kolektiboen kasuan, hala nola elementu komunen garbiketan, erantzukizuna kasuan kasuko jabeen erkidegoari egotziko zaio, edo, hura eraturik ez badago, higiezinaren okupatzaileei edo bizilagunei.
53. artikulua. Mailaketa. Sailkapena.
1. Zehapenen mailaketak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 29.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko dio.
2. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
54. artikulua. Neurri osagarriak.
Edozein kasutan, ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, jabari publikoko ondasunetan egindako kalteek beren ordaina izan behar dute, Udalaren zerbitzu eskudunek horiek ebaluatu ondoan.
55. artikulua. Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arina da:
1. Herritarren bizikidetza arinki trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
a) Zaratak egitea, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan edo hori ordezkatzen duen edo aplikatzekoa den araudian ezarritako muga 3 dezibeletan (dBA) baino gutxiagoan gainditzen bada.
b) Bide publikoan su egitea.
c) Kea edo usainak sortzea edo hautsa harrotzea, espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, haiei eragiten badiete, lasaitasuna galarazten dutelako edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak direlako.
d) Eskean ibiltzea eremu publikoan.
2. Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da:
a) Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.
b) Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea baimendutakoa baino leku handiagoa okupatuz.
c) Kaleko salmenta eremu publikoan, baimendutakoaren kontra eta/edo leku handiagoa hartuta egiten bada.
d) Baimenik gabe kanpatzea.
e) Espazio publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.
f) Galtzadan oztopoak sortu edo paratzea, arropa esekitoki eramangarrietan edo gisakoetan zabaldu edo esekitzea, eremu publikoan zein hiri-altzarietan, horiek udalerriaren hiriko gunean baldin badaude.
3. Zerbitzu publikoen funtzionamendua modu arinean trabatzea. Honako hau arau-haustea izanen da beti:
a) Iturri publikoetan arropa garbitzea, jendea bainatzea edo zakurrak zein bestelako animaliak bainatzea.
4. Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:
a) Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.
b) Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.
5. Osasungarritasun edo apaintasun publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:
a) Lagun egiteko animaliek espazio publikoetan utzitako gorozkiak ez biltzea.
b) Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsiz.
c) Bide publikoan pixa, kaka edo tu egitea.
d) Hondakinak, hondarrak eta zaborrak botatzea edo uztea eremu publikoan, haien sarbideetan eta orubeetan, edo hesiturik edo hesi gabe dauden finketan.
e) Garbiketarik eza kale partikularretan edo izaera bereko beste espazio batzuetan.
f) Eremu publikotik ikus daitezkeen higiezinen zatiak une oro garbi ez mantentzea.
g) Eremu publikoan uztea merkataritzako establezimenduetako erakusleihoak, ateak edo toldoak garbitzearen hondarrak.
h) Arropa esekitzea balkoi, terraza edo teilatuetan, kaletik ikusten ez diren esekitokiak dituzten eraikinetan.
6. Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, astun edo oso astun gisa tipifikatu ez direnak.
56. artikulua. Arau-hauste astunak. Arau-hauste astunak honako hauek dira:
1. Bizikidetza nabarmen trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.
Betiere, arau-hauste larria izanen da zaratak egitea, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan edo hori ordezkatzen duen edo aplikatzekoa den araudian ezarritako muga 3-10 dezibeletan (dBA) gainditzen bada.
2. Larriki trabatzea beste batzuei zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea. Betiere, arau-haustea izanen da:
a) Bide edo eremu publikoetan terrazak, mahaitxoak edo bestelako elementuak paratzea, Udalaren baimenik izan gabe.
b) Kaleko salmentan aritzea eremu publikoan, baimenik gabe.
c) Galtzadan oztopoak sortu edo paratzea, arropa esekitoki eramangarrietan edo gisakoetan zabaldu edo esekitzea, eremu publikoan zein hiri-altzarietan, horiek Donejakue bidearen hiriko tarte ofizialean edo errealean daudenean.
3. Larriki trabatzea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta.
4. Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.
5. Larriki trabatzea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:
a) Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungarritasunerako edo segurtasunerako arriskua sortzen dutenak.
b) Bide publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.
c) Arropa esekitzea balkoi, terraza edo teilatuetan, kaletik ikusten ez diren esekitokiak dituzten eraikinetan eta Donejakue bidearen hiriko tarte ofizial edo errealean ikusizko inpaktua sortuz.
6. Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek normal zirkulatzea haientzat prestatutako tokietan.
7. Elurra edo izotza kentzeko betebeharra ez konplitzea, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.
8. Ibilgailuen olioa eta beste likido batzuk aldatzea eremu publikoan edo espazio publiko libreetan.
9. Ibilgailuen zamalanak egin ondoren behar den garbiketa ez egitea.
10. Obretarako sarbide eta aterabideetan eremu publikoa ez garbitzea.
11. Eremu publikoan erabiltzen diren ibilgailuen gurpilak ez garbitzea, hura zikindu dezaketenean.
12. Edozein motatako ibilgailuak garbitzea eremu publikoan.
13. Agintaritzen berariazko errekerimenduak ez betetzea, lehenbiziko aldiz egiten direnean.
14. Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
15. Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, arin edo oso astun gisa tipifikatu ez direnak.
57. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:
1. Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Legea Organikoaren V. kapituluan ezarritako motetan tipifikatu ezin diren jokaerak badira.
Betiere, arau-hauste oso larria izanen da:
a) Zaratak egitea, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan edo hori ordezkatzen duen edo aplikatzekoa den araudian ezarritako muga 10 dezibel (dBA) baino gehiagoan gainditzen bada.
b) Biluzik egotea eta/edo paseatzea erabilera publikoko espazio eta eremuetan, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean.
2. Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea.
3. Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.
4. Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.
5. Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.
6. Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez direnean herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak. Betiere, honako jokaera hauek arau-hausteak izanen dira:
a) Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haiei kalte egitea, baldin eta horrela eragozten edo zailtzen bada seinalea ikustea edo ulertzea.
b) Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.
c) Haustea edo deusetarako ez direla uztea bide publikoko eta parke eta lorategietako zuhaitzak.
7. Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.
8. Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.
9. Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.
10. Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.
11. Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, arin edo astun gisa tipifikatu ez direnak.
58. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinek 60 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek, 120 eurora bitartekoa, eta oso larriek, berriz, 300 eurora bitartekoa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Alkateak edo hark eskuordetutako zinegotziak 36. eta 40. artikuluetako arau orokorraren salbuespenak baimendu ahalko ditu. Horren bidez debekatzen da arropak, janzkiak, etxeko elementuak, elementu pertsonalak eta bestelako objektuak eremu publikoan eseki edo agerian edukitzea, oztopo egiten duten edo haren xedearekin bat etorri gabe hura okupatzen duten esekitoki eramangarriak edo gisakoak erabiliz; bai eta hiri-altzarietan, balkoietan, leihoetan eta abarretan esekitzea ere, eremu publikora begira badaude, estetika eta apaindura direla eta. Salbuespenez, baimendu ahalko da hori egitea halako ordu batzuetan, urte sasoiaren arabera, udaberrian eta udan (22:00etatik 7:00ak arte) edo udazken eta neguan (20:00etatik 7:00ak arte), eremu publikoa inbaditu gabe eta, horretarako gaitutako espaziorik ez izateagatik, arropa kanpoan eseki beste aukerarik ez dutela zinez frogatzen duten etxebizitza eta higiezinen kasuan soilik. Hori Udalaren zerbitzu teknikoen txosten bidez frogatuko da eta urtero berrikusiko da.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, hamabost egun balioduneko epean, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak arau honen kopia baten komunikazioa jasotzen duenetik hasita, hura baita organo horrek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko eskatzeko duen eskumena erabiltzeko epea.
Iragarkiaren kodea: L2310705
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
