160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ARAKIL

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko dinamizatzaile soziokulturalaren lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko

Arakilgo Udaleko dinamizatzaile soziokulturalaren lanpostuari dagokionez egon daitezkeen beharrei erantzutearren, eta zerbitzuen funtzionamendu normala ez eragozteko, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Deialdiaren honako oinarri hauek onestea dinamizatzaile soziokulturalaren lanpostuan aldi baterako kontratu bidez aritzeko izangaien zerrenda eratzeko, eta orobat agintzea oinarriok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen, tramitazioa abiarazteko.

DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO DINAMIZATZAILE SOZIOKULTURALAREN LANPOSTUA ALDI BATERAKO KONTRATU BIDEZ BETETZEKO ARAKILGO UDALAREN ZERBITZURA

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da izangaien zerrenda bat eratzea Arakilgo Udalaren zerbitzuko dinamizatzaile soziokulturalaren lanpostua, C1 hizkuntza-eskakizuna duena, aldi baterako kontratu bidez betetzeko, entitate horretan sortzen diren beharrei erantzutearren aldi baterako.

1.2. Arakilgo Udalean eta hura osatzen duten kontzejuetan egin beharko da lan. Lanaldia %50ekoa izanen da.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak ditu lanpostuak, baita enpresaren hitzarmen kolektiboan eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta dinamizatzaile soziokulturalaren lanposturako egokiak diren lanak eta eginkizunak beteko dira. Kontratatzen den pertsonak beteko ditu eskatzen zaizkion eginkizunak eta zerikusia dutenak horiekin eta/edo bere titulazioarekin edo gaitasun profesionalarekin.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.6. Deialdi honen babesean egindako edozein kontratu azkentzeko kausa izanen da Administrazio publikoetako langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 5. eta 8. artikuluetan jasotzen den edozein kausa.

1.7. Hilabeteko probaldia egonen da, eta epe horretan edozein alderdik deuseztatzen ahalko du kontratua, alde bakarretik.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

2.1. Prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

b) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

c) Unibertsitateko erdi mailako titulazioa edo haren baliokidea izatea edo hura eskuratzeko maneran egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Euskarazko C1 titulua edo baliokideren bat edukitzea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

f) Gidabaimena izatea, B motakoa, baita ibilgailua ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.2. Interesdunek baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte eskabidea aurkezten dutenean.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, bai eta hautaketa-prozeduran zehar eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Arakilgo Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira (Foruen plaza 4, Irurtzun, 31860 Nafarroa), 9:00etatik 14:30era, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.

3.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte NANaren edo haren baliokidea den agiriaren fotokopia eta deialdi honetako 2.1. c) eta 2.1.d) oinarrietan eskatutako titulazioa, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hura lortzeko baldintzetan daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Argitaratu ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Irantzu Escudero Jaka, Arakilgo Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–Epaimahaikidea: Garbiñe Olazar Bazterrika, Arakilgo Udaleko dinamizatzaile soziokulturala.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–Epaimahaikidea: Oihana Olaberria Jaka, Arakilgo alkatea.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–Epaimahaikidea: Iosune Zabala Ijurko, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-hezitzailea.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

–Epaimahaikide-idazkaria: Imanol Goñi Razkin, Arakilgo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetzen duena.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Arakilgo Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautaketa-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Onartutakoen zerrendarekin batera epaimahaiak zehazten duen egunean hasiko da hautaketa-prozesua. Deialdi bakarra eginen da. Izangaiak NANa edo agiri baliokidea aldean dutela agertuko dira, eta oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo era horretan nor diren frogatzen ez dutenak.

6.2. Ondotik zehazten diren probak eginen dira hautaketa-prozesuan. Egun berean eginen dira eta plika sistema erabiliko da.

Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

–Lehenengo proba: lanpostuaren ezagutzei buruzko proba teorikoa. Proba honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahal dira eta bazterturik geldituko dira esleitutako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

Proba honetan test motako 25 galdera erantzun beharko dira idatziz, deialdi honetako II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Epaimahaiak, hasi aurretik, zehaztuko du ariketaren iraupena, gehienez ere 40 minutukoa izanen dena.

Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek zigorra izanen dute, galderari emandako balorazioaren laurden batekoa.

–Bigarren proba: praktikoa; lanpostuaren eginkizunei buruzko kasu praktiko bat landu beharko da. Proba hori idatziz eginen da. Proba honetan gehienez ere 50 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 25 puntu behar dira. Bigarren ariketak zuzentzeko, izangaiek 25 puntu gutxienez lortu beharko dituzte lehenbiziko ariketan. Epaimahaiak, era berean, hasi aurretik erabakiko du ariketaren iraupena, gehienez ere 90 minutukoa izanen dena.

6.3. Proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Arakilgo web-orrian argitaratuko du lortutako puntuazioa, eta epeak ezarriko ditu erreklamazioak egiteko.

7.–Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Proben balorazioa bukaturik eta, erreklamaziorik bada, haiek ebatzi ondoren, epaimahaiak iragarki-taulan argitaratuko du aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendaren proposamena, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa.

7.2. Halaber, epaimahaiak buruari igorriko dio oinarri honetan aipatzen den zerrendaren proposamen hori, onets dezan, hautaprobetako espediente osoarekin batera.

7.3. Izangaien artean gerta daitezkeen berdinketak zozketa berariazko baten bidez ebatziko dira, eta zozketa horretara bertaratzeko deituko zaie izangai ukituei.

7.4. Epaimahaiburuak onetsi ondoren, izangaien zerrenda Arakilgo web-orrian argitaratuko da.

8. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

8.1. Gutxienez 50 puntu eskuratuz prozesuko bi probak gainditu dituzten izangaiek baizik ez dute zerrenda osatuko.

8.2. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrenda indarrean izanen da kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta onesten denetik hasita, gehienez ere 5 urteko indarraldia izanen du.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

9.1. Deitzea.

Izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiak aise atzeman ahal izateko, izangaiek eman beharko dituzte kontakturako telefono batzuk, posta elektronikoaren helbidea edo faxa, eta datuok eguneraturik izan beharko dituzte, Udalari datuen edozein aldaketaren berri emateko konpromisoa harturik.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (Administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari bi dei, bederen, egingo zaizkio emandako zenbakietan eta helbideetan, eta bi egunez.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu bat dela bide, lanean ari bada edo aritu denean eta, kontratua bukatu eta hurrengo 6 hilabetean udal berean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Arakilgo Udalak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

9.2. Kontratazioa hobetzea.

Langile batek kontratua hobetzen du indarreko kontratu bati uko egiten dionean iraupen luzeko beste bat izenpetzeko, baldin eta bere zerrendaren eremukoa bada eta lehentasun hurrenkerari jarraituz berari badagokio.

9.3. Uko egiteak.

a) Izangairen batek uko egiten badio eskainitako lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoeretako batean dagoela frogatu ezean:

1. Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2. Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.

3. Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi honengatik kontratuari uko egiten diotenei ez zaie berriz deituko hiru hilabete bat iragan arte, uko egin dutenetik hasita.

4. Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5. Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (lege horrek hizpide du bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoa), balio bereko egoeran sartu berria, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

b) Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen antzeko egoeretan daudenek, bost eguneko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

c) Uko egiteko moduko arrazoiak dauden kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.4. Zerrendatik baztertzea.

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:

1. Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

2. Sinatutako kontratuari uko egitea.

3. Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.5. Lan-kontratuak.

Dinamizatzaile soziokulturalaren lanpostuaren izangaiei administrazio kontratu bat eskainiko zaie, aldi baterako iraupena izanen duena, kasuan kasuko beharraren arabera iraunen baitu, eta haren araubide juridikoak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatzeko araudia beteko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Arakilen, 2023ko uztailaren 12an.–Alkatea, Oihana Olaberria Jaka.

I. ERANSKINA.–ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

Deialdiaren datuak:

Lanpostua: Arakilgo Udaleko dinamizatzaile soziokulturala.

Datu pertsonalak:

Deiturak eta izena: .............................................................................................................................

NANa edo agiri baliokidea: .............................................. Jaioteguna: .............................................

Jaioterria: .................................................................... Nazionalitatea: .............................................

Helbidea: .................................................................................................................................................

Herria: ........................................... Probintzia: ....................................... Posta kodea: ............................

Telefono mugikorra: ................................................... 2. telefonoa: ...................................................

Helbide elektronikoa: .........................................................................................................................

Aurkeztutako agiriak:

( ) NANaren edo gidabaimenaren fotokopia.

( ) Eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

( ) Euskararen ezagutza frogatzen duen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

(Sinadura)

...............................(e)n, 2023ko .........................................aren ......(e)(a)n.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

Probetarako gaiak

1.–Arakil ibarra: ibarraren ezaugarriak, geografia, biztanleria, kontzejuak, eragile sozialak, zerbitzuak, gizarte eta aisia baliabideak, ingurumen eta turismo baliabideak.

2.–Euskararen erabilera arautzen duen udal ordenantza.

3.–Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Egitura eta programak.

4.–Sakanako Berdintasun Plana.

5.–Sakana Garapen Agentzia zer den, haren helburuak eta ekintzak.

6–Sakanako Mankomunitatea zer den. Egitura eta programak.

7.–Animazio soziokulturala aisia eta astiaren alorrean.

8.–Bileren dinamizazioa.

Material lagungarria

Udalaren web orrian kontsultatu.

Iragarkiaren kodea: L2310549