160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

656E/2023 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 52E/2023 Ebazpena, urtarrilaren 23koa, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita Eólica Cascante SLk sustatutako Cascante II haize-parkerako, Eólica La Torre SLUk sustatutako "Murchante" haize-parkerako eta Solen Energía Navarra SLUk sustatutako "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, bai eta haien ebakuazio-azpiegitura partekatuetarako ere.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen Cascante II haize-parkearen eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektuaren hasierako bertsioa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, iragarki bat argitaratuz 2020ko 185. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 19koan. Jendaurrean jarritako proiektuan, ebakuaziorako linea elektriko bat diseinatu zen, gehienbat airekoa, aireko bi tarte dituena (12.442 m-koa eta 665 m-koa), bai eta lurpeko bi tarte motz ere, linearen amaieran, bata 547 m-koa eta bestea 740 m-koa.

Ondoren, sustatzaileak proiektua aldatu zuen, linearen amaiera lurperatzeko. Proiektuaren arabera, 8.773 metrokoa da lehen zatia, airekoa, eta linearen amaieran 6.530 metroko zati bat dago lurpean. Lineak 284 metroko aireko tarte batekin gurutzatuko ditu NA-160 errepidea eta Lodosako ubidea. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen berriz proiektu berria eta ingurumen-inpaktuaren azterketa (2021eko 256. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 9koa).

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 23ko 52E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen Eólica Cascante SLk sustatutako Cascante II haize-parkerako, Eólica La Torre SLUk sustatutako "Murchante" haize-parkerako eta Solen Energía Navarra SLUk sustatutako "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, bai eta haien ebakuazio- azpiegitura partekatuetarako ere. Aurrerantzean "IIA" erabiliko dugu.

Ebazpen horrek, inpaktu esanguratsuenetarako prebentzio- eta zuzenketa-neurriei dagozkien baldintzen artean, 7. baldintza hau jasotzen du:

7. Cascante II haize-parkean ekoitzitako energiaren ebakuaziorako 66 kV-eko goi-tentsioko linean (Cascante TAEtik La Cantera TAEra doana), aireko lehenbiziko tartea (1. euskarritik 33. euskarrira doana), 8.773 m-koa, zanga batean lurperatuta diseinatu eta gauzatu beharko da.

2023ko maiatzean, sustatzaileak lehen aipatutako 7. baldintza aldatzeko eskatu zuen, eta linea elektrikoari buruzko ingurumen-datuen azterketa berri bat aurkeztu zuen. Gainera, aldaketa hori jasotzen duen eraikuntza-proiektua aurkeztu zuen, izapidetzeko.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen eraikuntza-proiektua, ingurumen-eranskinekin batera, iragarki bat argitaratuz 2023ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9koan.

Elkarte hauek ingurumenaren arloko alegazioak aurkeztu dituzte: "GURELUR - Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural", "Ecologistas en Acción Comarca de Sangüesa / Ongaiz", "Landazuria-Ecologistas en Acción de La Ribera" eta "Asociación de Amigos de la Naturaleza Muérdago". Gurelurren ustez, aurkeztutako ebakuazio-linearen eraikuntza-proiektua, 2. tarteari dagokionez, 2021eko maiatzeko proiektuaren antzekoa da funtsean; beraz, hautemandako eta IIAn adierazitako inpaktu handiek bere horretan diraute, eta instalazio osoa ingurumen aldetik bideraezin bihurtzen dute. Alegazio-egilearen iritziz, sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentazioak azpiegitura horren benetako inpaktua gutxiesten du. Ongaizek eta Landazuriak alegazio-idazki berdina aurkeztu dute, eta bertan eskatzen dute aurkeztutako proiektu berria ezesteko, ebakuazio-linearen aireko trazadurak ez baitu betetzen IIAren 7. baldintza. Ebazpen honen azterketa teknikoan azaltzen da 7. baldintzaren aldaketaren justifikazioa.

Muérdago elkarteak hainbat zuinketa proposatzen ditu haize-sorgailuen azken kokapenari eta barneko bideen eta konexio elektrikoko zangen trazadurei dagokienez, babes bereziko flora-espezieen eta zuhaiztien gaineko ukipenak eta baso-suteen arriskua minimizatzeko. Ukipen horiek proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren prozesuan baloratu ziren, baina kontuan hartuko dira ingurumen-organo horrek 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren arabera eraikuntza-proiektuaz egin beharreko berrikuspenean eta proiektuaren exekuzioaren ingurumen-jarraipenean.

Azterketa teknikoa.

a) Aurkeztutako dokumentazio berriaren azterketa.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatzeko eskaeran, titularrak Cascante II haize-parkearen ebakuazio-linea hegazti-faunari dagokionez aztertzen duen dokumentu bat erantsi zuen, eraikuntza-proiektuan proposatutako trazadura-diseinu berria ingurumen aldetik bateragarria dela justifikatzeko.

Dokumentu horretan, sustatzaileak azaltzen ditu linea erabat lurperatzeak ekarriko lituzkeen zailtasun teknikoak, gauzatzeari eta lineari berari dagozkienak, NA-6900, NA-6830, NA-6710 errepideen eta AP-68 autobidearen gurutzatzeak barne, topo edo zulaketa bidez egin beharrekoak. Sustatzaileak adierazi du lurperatutako tartea hain luzea izateak eta zulaketa bidez egin beharreko gurutzatzeek biderkatu egiten duela exekuzio-kostua, eta horrek, mantentze-lanen gainkostuarekin eta galera elektrikoen igoerarekin batera, instalazioa ekonomikoki bideraezin bihurtuko lukeela.

Zailtasun teknikoei aurre egiteko, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren 7. baldintza kontuan hartuta, titularrak azterketa sakonagoa egiten du hegazti-faunari buruzko datuez, eta ebakuazio-linearen aireko eta lurpeko trazadura berri bat diseinatzen du, azterketa horretan oinarrituta.

Azterketak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa egin zenean landa-lanean bildutako datuei buruzko azterketa garatzen du. Ingurumen Inpaktuaren Atalak eskatutako protokoloaren arabera egin zen lana. Astero laginketak egin ziren ebakuazio-linearen aireko trazaduraren eragin-eremuan banatutako 5 behaketa-puntutatik, urteko ziklo oso batean. Datuen azterketa osoagoa egiten du, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko espedientearen azterketa teknikoaren fasean aztertutako dokumentuarekin alderatuta. Oraingoan, behaketa-puntu bakoitzeko datuak bereizten dira, begiratoki bakoitzean izandako kontaktu guztiak eta hegaldi-maiztasunak azalduta, hegaldi-altuera desberdinak bereizita, eta datu horiekin kalkulatzen da talka-arrisku handieneko altueran hegan maiz ibiltzen diren espezieentzako arrisku-adierazlea. Jarraian, lanak azterketa estatistiko bat egiten du, eta hortik honako hau ondorioztatzen da:

1. Lehen behaketa-puntua (trazaduraren hasiera) da hegazti-maiztasun handiena duena, baina zifra hori 3. hegaldi-altueran (arrisku txikia) kurrilo arruntaren ale asko igarotzeak baldintzatzen du.

2. Erreferentzia gisa 2. hegaldi-altuera hartuta (arrisku handia), 4. behaketa-puntuan dago arrisku-adierazle handiena eta estatistikari begiratuta arrisku handiagoa du hegaztientzat gainerako behaketa-puntuek baino.

3. Katalogatutako espezieak aztertuta, estatistikaren aldetik ez da ikusten diferentzia nabarmenik behaketa-puntuen artean. Katalogatutako hiru espezie hauteman dira: mirotz zuria, mirotz urdina eta miru gorria. Arrisku handiko altueran behatutako hegaldi kopurua ez da oso handia izan, eta arrisku-adierazleari dagokionez ere ez dago alde nabarmenik begiratokien artean.

Azterketa estatistikoaren ondorioak hauek dira:

–Ez dago alde nabarmenik behaketa-puntu bakoitzetik igarotzen diren hegaztien kopuruan.

–Arrisku handiko altueran ibiltzen diren hegaztien portzentajea oso desberdina da behaketa-puntu bakoitzean, eta intzidentzia handienekoak 4. eta 5. behaketa-puntuak dira. Bi behaketa-puntu horiek 1., 2. eta 3. puntuez bestelakoak dira nabarmen.

–Katalogatutako espezieei dagokienez, arrisku handiko altueran ibiltzen diren hegaztien portzentajeak ez du alde nabarmenik behaketa-puntuen artean. Begiratoki guztien emaitzak elkartzea bateragarria da horietako bakoitzean gertatzen denarekin.

–Behaketa-puntu bakoitzean behatutako hegazti guztien kopuruarekin alderaturik, arrisku handiko altueran hegan ibiltzen diren hegazti katalogatuen portzentajean ere ez dago alde nabarmenik behaketa-puntuen artean.

Dokumentuak, azkenik, linea lurperatzeko diseinu berri bat proposatzen du, honakoa:

1) Trazaduraren hasiera lurperatzea, 1. behaketa-puntuaren eremuan, tarte horretan ebakuazio-linearekiko perpendikularrak diren mendi-magaleko hegaldietan ukipenik ez eragiteko (1.273 m).

2) 3. eta 5. behaketa-puntuen artean ebakuazio-linea lurperatzea, Pulguerko urmaelaren eta Ebro ibaiari lotutako sistema urtarren artean espezieak igarotzeko oztoporik gabeko korridore bat irekitzeko (8.728 m). Tarte horretan, baldintza teknikoak direla-eta, aireko hiru gurutzatze planteatzen dira NA-6710, AP-68 eta NA-160 errepideetarako eta Lodosako Ubiderako, guztira 639 m.

b) Ingurumen-organoaren balorazioa.

Cascante II haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen 52E/2023 Ebazpenean, "Ingurumen-organoaren ondorioak eta balorazioa" izeneko atalean, honako hau ezartzen zuen ingurumen-organo honek:

"Azterketa teknikoan azaldu den bezala, ingurumen-organo honek uste du La Canterako gaineko ipar-mendebaldeko mendi-magalean goi-tentsioko (66 kV) aireko linea elektriko bat jartzeak talka egiteko edota elektrokutatzeko arrisku handia sortuko lukeela eremua erabiltzen duten tamaina ertaineko eta handiko hegaztientzat. Arrisku hori arintzeko, haize-parkeko 66/30 kV-eko Cascante II TAE transformazio azpiestazio jasotzailea iparralderago kokatu beharko da, La Canterako gaineko pinudietatik urrunduta, edo, bestela, Cascante II TAEtik La Cantera TAErainoko 66 kV-eko ebakuazio-linea elektrikoaren tarte hori zangan lurperatuta diseinatu beharko da. Ebakuaziorako goi-tentsioko linearen lehenbiziko tartea airetik diseinatzeari dagokionez, ingurumen-organo honek uste du talka-arrisku handia dagoela hegazti espezie nekrofago fakultatiboen edo oportunisten populazio batzuentzat, egunero beren ugaltze edota atseden lekuetatik joan-etorriak egiten dituztelako El Culebrete alderdian Erriberako Mankomunitateak daukan hondakinen tratamendu instalaziora eta hondakindegira. Aurreikus daitekeen inpaktu esanguratsu hori eta paisaiaren gaineko inpaktua ezabatzeko, Cascante II TAEtik La Cantera TAErainoko ebakuazio-linearen aireko lehen tartearen trazadura lurpean egin beharko da."

Espedientearen azterketa teknikoaren fasean, ingurumen-organo honek honako hau aztertu zuen: "Cascante TAEtik La Cantera TAErainoko goi-tentsioko aireko lineak (66 kV) abifaunaren gainean duen eraginaren azterketa, 2022ko azaroa (V. eranskina )." Lan horretan akatsak zeuden behaketa-puntuen UTM koordenatuak kokatzean, non: "Bi behaketa-puntu linearen lurpeko tartean kokatu dira, hau da, 35. euskarritik La Cantera TAErainoko tartean." Horrek zaildu egin zuen behaketa-puntuetan emandako datuei dagozkien linea elektrikoaren tarteak ebaluatzea. Orain aurkeztutako lanean, behaketa-puntuen kokapen zuzenak ematen dira, eta, azterketa estatistikoa egiten da, behaketa-puntuen artean, hegaldi-maiztasunez eta talka-arrisku handiko mailan kokatutako behaketen ondoriozko arrisku-adierazleez. Horrela, lanak aukera ematen dio ingurumen-organo honi El Culebreteko hondakinen instalazioak eta/edo Pulguerko urmaelean egunero erakartzen dituen tamaina ertaineko edo handiko hegaztien populazioentzat talka-arrisku handiena duten ebakuazio-linearen tarteak ebaluatzeko.

Kontuan hartuta ebakuazio-linea elektrikoa erabat lurperatzeko sustatzaileak azaldutako baldintzak, eta abifaunak espazioa nola erabiltzen duen jakiteko azterketa begiratu ondoren, ingurumen-organo honek honako hau uste du:

–Ebakuazio-linearen lehen tartea (1.273 m) lurperatzen bada, saihestuko da La Cantera gaineko ipar-mendebaldeko mendi-magala erabiltzen duten hegazti ertain eta handiek talka egiteko eta/edo elektrokutatzeko arriskua.

–Ebakuazio-linea 3. eta 5. behaketa-puntuen artean (8.728 m-ko tartea) lurperatzen bada, saihestuko da hegazti ertain eta handiek talka egiteko edo elektrokutatzeko arriskua, hain zuzen ere igarotzeko maiztasun handiena eta talka egiteko arrisku handieneko altueran hegaldi kopuru handiena ikusi diren tarteetan. Horrela, oztoporik gabeko eremu bat sortzen da, ingurumen-organo honen ustez nahikoa eta egokia dena Pulguerko urmaela edo El Culebreteko hondakin-zentroa erabiltzen duten hegaztientzako igarobide eta lotura ekologikoa ahalbidetzeko.

–Aireko diseinua erabiliko den 4.838 m-ko tarteko eremuetan, berriz, ikusi da nabarmen txikiagoa dela hegazti ertain eta handien hegaldien portzentajea arrisku handiko altueran. Sustatzaileak tarte hori lurpean egiteko azaldu dituen baldintza teknikoak kontuan hartuta, ingurumen-organo honek uste du tarte horretan talka egiteko arriskuaren ondorioz dagoen inpaktua bateragarria dela. Ebazpen honetan jasotzen dira ebakuazio-linea elektrikoaren aireko tarteetan talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuak dakarren inpaktua murrizteko behar diren zuzenketa-neurriak.

Azaldutakoa ikusita, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak proposatu du sustatzailearen proposamena onartzea eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 23ko 52E/2023 Ebazpenean jasotako ebakuazio-linearako baldintzak aldatzea. Ebazpen horren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen Eólica Cascante SL enpresak sustatutako "Cascante II" haize-parkerako, Eólica La Torre SLUk sustatutako "Murchante" haize-parkerako eta Solen Energía Navarra SLUk sustatutako "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, bai eta ebakuazio-azpiegitura partekatuetarako ere.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatzeko eskaeraren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 52E/2023 Ebazpena, urtarrilaren 23koa, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita Eólica Cascante SLk sustatutako "Cascante II" haize-parkerako, Eólica La Torre SLUk sustatutako "Murchante" haize-parkerako eta Solen Energía Navarra SLUk sustatutako "El Sasillo" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, bai eta haien ebakuazio-azpiegitura partekatuetarako ere. Hauek dira aldaketak:

–"ii) Inpaktu esanguratsuenetarako prebentzio-, zuzenketa eta konpentsazio-neurriei dagozkien baldintzak" izeneko ataleko 7. baldintza aldatzen da. Honela idatzita geratuko da:

7. Cascante II haize-parkean ekoitzitako energiaren ebakuaziorako goi-tentsioko linea, SET Cascante II TAE-La Cantera TAE (66 kV), lurpean diseinatu eta gauzatu beharko da lehen tartean, gutxienez ere ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta emateko aurkeztutako ebakuazio-linearen proiektuan 00.04 zenbakiarekin definituta dagoen euskarriraino.

NA-6830 errepidea airetik gurutzatu ondoren, ebakuaziorako aireko linea lurpean diseinatu eta gauzatu beharko da, 00.22 euskarritik aireko tartearen amaierara arte, 00.33 euskarrian. Lurpeko tarte horretan (00.22 euskarria-00.33 euskarria), aireko gurutzatzeak diseinatzen ahalko dira, NA-6710 errepidea eta AP-68 autobidea gurutzatzeko.

–"ii) Inpaktu esanguratsuenetarako prebentzio-, zuzenketa eta konpentsazio-neurriei dagozkien baldintzak" izeneko ataleko 29. baldintza aldatzen da. Honela idatzita geratuko da:

29. Ebakuazio-linearen aireko tarte guztietan eta Cascante II TAE azpiestazio jasotzailean 2022ko azaroko IIAren 8.5.2.3 atalean adierazitako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarri beharko dira, eta hauetan araututakoa bete beharko da: apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua, abifauna babesteko instalazio elektrikoetarako arau teknikoak ezartzen dituena, eta abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, abifauna babes-eremuetarako goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena. Eroaleen, ebakigailuen, autobalbulen edo tentsioan dauden elementuen arteko loturen arteko lotura-zubi ahulak euskarriaren gurutzetaren azpitik jarriko dira beti, eta material egokiarekin isolatuta. Hegaztiak salbatzeko baliza birakari islatzaileak instalatuko dira aireko tarte guztietan, edo ingurumen-organoak aurrez onetsitako beste batzuk, antzeko funtzionaltasuna dutenak. Seinalatzea hari eroaleak jaso eta tenkatu ondoren eginen da, astebeteko epean. Balizen mantentze-lanak lineari dagozkion mantentze- eta kontserbatze-lan orokorren barruan sartuko dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko ekainaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2310244