160. ALDIZKARIA - 2023ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

60/2023 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, honako arau hauek aldatzen dituena: 210/2010 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa eta titulua arautzen dituena; 48/2011 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak ematen dituena; eta 30/2013 Foru Agindua, diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

Uztailaren 26ko 628/2022 Errege Dekretuak abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzeko zenbait errege dekretu aldatzen ditu; besteak beste, urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte irakaskuntzen antolamendua ezartzen duena. Aldaketak, zehazki, tituluen izendapenari eta goi mailako arte irakaskuntzetara sartzeko baldintzei eragiten die.

210/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa eta titulua arautzen ditu; 48/2011 Foru Aginduak, berriz, arauak ematen ditu irakaskuntza horietan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko. Bi agindu horiek Nafarroako Foru Komunitaterako dira. Era berean, 30/2013 Foru Aginduak diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezarri zituen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan. Beharrezkotzat jotzen da 628/2022 Errege Dekretuak ezarritako aldaketak foru araudian jasotzea.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehenengo artikulua.–210/2010 Foru Agindua aldatzea, Musikako graduko goi mailako irakaskuntzak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa eta titulua arautzen dituena.

11. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"11. artikulua. Titulazioa.

1. Musikako goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun titulua lortzeko, kasuan kasuko espezialitateko ikasketa plana osatzen duten irakasgai guztiak, praktika guztiak (programatuz gero) eta gradu bukaerako lana gainditu beharko dira.

2. Hezkuntza Departamentuak, Musikako goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun tituluarekin batera, tituluaren gehigarri europarra emanen du, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademiko eta profesionalak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuan ezarritako ezaugarriekin bat.

3. Ikasleak Musikako goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun titulua lortzeko ikasketen zati bat baino ez badu egin, ez da tituluaren gehigarri europarra emanen, baizik eta egindako ikasketen ziurtagiria, besterik ez."

Bigarren artikulua.–Martxoaren 29ko 48/2011 Foru Agindua aldatzea, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak ematen dituena.

2. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"2. artikulua. Musikako goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun titulua lortzeko irakaskuntza ofizialetarako sarbidea.

Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izatea: batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.

b) Hezkuntza Departamentuak araututako berariazko sarrera proba bat gainditzea, izangaiak irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutza eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko. Berariazko proba horrek deialdia egin den ikasturte berean matrikulatzeko balioko du bakarrik. Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da probaren azken kalifikazioan."

Hirugarren artikulua.–30/2013 Foru Agindua aldatzea, diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan

1.–4. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"4. artikulua. Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzea.

1. Diseinuko goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izatea: batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate-titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.

b) Hezkuntza Departamentuak araututako berariazko sarrera proba bat gainditzea, izangaiak irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutza eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko. Berariazko proba horrek deialdia egin den ikasturte berean matrikulatzeko balioko du bakarrik.

2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua dutenak zuzenean sartzen ahal dira diseinuko goi mailako ikasketetan, berariazko sarrera proba egin gabe.

3. Foru agindu honen 4.1.a) artikuluan ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 18 urtetik gorako pertsonak eta, orobat, proba egiten den urtean adin hori betetzen dutenak Hezkuntza Departamentuak antolatutako heldutasun proba bat gaindituz sartzen ahalko dira. Proba hori gaindituz gero, egiaztatua geldituko da izangaiak Batxilergoko helburuetarako heldutasuna baduela, baita irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupideak, trebetasunak eta jarrerak ere. Proba horrek betiko balioko du Estatu osoan goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko.

4. Hezkuntza Departamentuak, gutxienez, berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen du urtean. Proba gaindituz gero, irakaskuntza horiek ematen dituen estatuko edozein ikastetxetan sartzen ahalko da, ikastetxe bakoitzean dauden ikaspostuen arabera betiere.

Proba gainditzen dutenak deialdiaren xedeko ikasturtean bakarrik matrikulatzen ahalko dira."

2.–18. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"18. artikulua. Titulazioa.

1. Diseinuko goi mailako ikasketen plana osatzen duten irakasgai guztiak, kanpoko praktikak eta gradu bukaerako lana gainditzeak berekin ekarriko du Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun titulua lortzea, non dagokion espezialitatea zehaztuko baita.

2. Hezkuntza Departamentuak, Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun tituluarekin batera, tituluaren gehigarri europarra emanen du, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademiko eta profesionalak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretuan ezarritako ezaugarriekin bat.

3. Ikasleak Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetako gradudun titulua lortzeko ikasketen zati bat baino ez badu egin, ez da tituluaren gehigarri europarra emanen, baizik eta egindako ikasketen ziurtagiria, besterik ez."

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko uztailaren 17an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2310699