16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

894E/2022 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Dirulaguntza, kolektibo kalteberentzako konektibitate digitaleko bonuen (bonu digitalak) programa gauzatzeko" deialdia. DDBN identifikazioa: 665348.

Azaroaren 16ko 989/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi egin zen autonomia erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien laguntzen emakida zuzena, kolektibo kalteberentzako konektibitate digitaleko bonuen programa gauzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ildo berean, Europako Batzordeak programa honi dagokion laguntzaren (SA.100138-TRTEL-UNICO programa-Bonu soziala –SEM–) adostasun adierazpena eman zuen maiatzaren 5ean.

989/2021 Errege Dekretuaren xedea da laguntzen emakida zuzena arautzea autonomia erkidegoentzat eta Ceuta eta Melilla hirientzat, salbuespen gisa eta interes publiko, sozial eta ekonomikoko arrazoiengatik. Horien bitartez, kolektibo kalteberentzako konektibitate digitaleko bonuen (bonu digitalak) programa gauzatuko da. Errege dekretu hori 2021eko 275. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 17koan.

Aipatu errege dekretuaren arabera: "Emakida zuzenen sistema da, Estatuaren agindupean, Estatuak telekomunikazioei dagokienez duen eskumen esklusibotasuna kohesionatzeko mekanismorik egokiena, laguntzak arintasun handiagoz abiaraztea beharrezkoa baita; horretarako, autonomia erkidegoen laguntza izan da".

Halaber, honako hau adierazten du: "Bonu digital honek banda zabaleko konexio zerbitzu berrien kontratazioa finantzatzen lagunduko du, edo lehendik kontratatutakoen abiadura handitzen kokapen finko batetik, beheranzko norabidean gutxienez segundoko 30 Mbit-eko abiadurarekin, teknologia egokienarekin, kalteberatzat jotako pertsonentzat edo familia-unitateentzat, autonomia erkidego bakoitzean eta Ceuta eta Melilla hirietan zehazten den moduan".

Autonomia erkidego gisa Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren aurrean laguntza eskatu eta onesteko tramitea egin ondoren, Nafarroako Foru Komunitateari 128.640 euro zuzenean ematea erabaki da.

Aipatu errege dekretuan ezartzen da laguntza emanen zaiela errege dekretu horretan eta autonomia erkidego bakoitzaren deialdian finkatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskaerei.

Deialdi honen bitartez lortu nahi diren helburuak erabat lerrokatuta daude Nafarroa 2030 Estrategia Digitalarekin (NED 2030)

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiaren urriaren 24ko 576E/2022 Ebazpenaren bidez "kolektibo kalteberentzako konektibitate digitaleko bonuen programa - Nafarroa" SEM proiektuaren Kudeaketa Plana onetsi zen. Kudeaketa Planean aurreikusten da, mugarri eta helburuak behar bezala betetzeko, kolektibo kalteberentzako bonu digitalen dirulaguntzen emakidak erabiliko direla kudeaketa tresnatzat. Aipatu laguntzak banakako ebaluazioaren araubidez tramitatuko dira, 989/2021 Errege Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuarekin bat.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Kolektibo kalteberentzako konektibitate digitaleko bonuen (bonu digitalak) programa gauzatzeko dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko deialdia onestea.

Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean bildu direnak.

Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskabideak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G30001-G3100-4809-469100 [PEP: E-21/000478-01 ]: MRR C15. I3. Kolektibo kalteberentzako bonu digitalen deialdia

2023

128.640,00

Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 20an.– Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, Luis Campos Iturralde.

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1. Ebazpen honen xedea Nafarroako Foru Komunitatean kolektibo kalteberentzako konektibitate digitaleko bonuen (bonu digitalak) programa bat gauzatzeko laguntza publikoen oinarri arautzaileak ezartzea da, baita programaren operadore laguntzaileen erregistroa sortzea eta bertan izena emateko prozeduraren deialdia egitea ere.

Bonu digital honek banda zabaleko konexio zerbitzu berrien kontratazioa finantzatzen lagunduko du, edo lehendik kontratatutakoen abiadura handitzen, kokapen finko batetik, beheranzko norabidean gutxienez segundoko 30 Mbit-eko abiadurarekin puntako orduan ("under peak time conditions"), teknologia egokienarekin, kalteberatzat jotako pertsonentzat edo familia-unitateentzat.

"Puntako orduko abiadura" da sarearen karga maximoa izan ohi den eguneko unean –ordubeteko iraupen tipikoarekin– azken erabiltzaileek izanen dutela espero den abiadura.

2. Deialdi honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (UNICO-Bono Soziala programa) 15. osagaiko Cl5.I3 "Enpresa txiki eta ertainentzako eta kolektibo kalteberentzako konektibitate bonuak" inbertsioa egitea.

2. oinarria.–Laguntzen finantzaketa.

Deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduerak Europar Batasunetik datozen baliabideen bidez finantzatuko dira, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez. Mekanismo hori 2021eko otsailaren 12ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak, "Next Generation EU" Suspertze Funtsaren parte denak, ezartzen du.

Dirulaguntza horien finantzaketa 128.640 eurora artekoa izanen da, hori baita Nafarroako Foru Komunitatearentzako laguntzen gehieneko zenbatekoa, eraldaketa digitalerako konferentzia sektorialak 2021eko urriaren 6ko akordioaren bidez onetsia. Akordio horren bidez onartu ziren, halaber, lurralde banaketa eta kolektibo kalteberentzako bonu digitalen programa finantzatzeko kredituak autonomia erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien artean banatzeko irizpideak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 15. osagaiaren barruan. Helburua 2023ko abenduaren 31 baino lehen 536 bonu ematea da.

Deialdi honi esleitutako kredituak aldatzen ahal dira. Lehenik, azaroaren 16ko 989/2021 Errege Dekretuan ezarritako epeen ondorioz, aurrekontu ekitaldia gainditzen duten dirulaguntzen faseetarako kreditu horiek murriztu eta, hala badagokio, hurrengo ekitaldietan sortu behar badira. Bigarrenik, kreditua handitzen bada aurrekontuan kreditua dagoelako eskuragarri, dela Estatuko Aurrekontu Orokorretatik datozen funtsengatik, dela beste jatorri batzuetatik datorren diruagatik, betiere, kredituak Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzan transferitu edo aintzatetsi badira, 989/2021 Errege Dekretuaren 11.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Araubide juridikoa, araudi espezifiko aplikagarria, onuradunen baldintzak eta betebeharrak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak izanen dira, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren Erregelamenduan ezarritakoa ere (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen).

Laguntza horiek, halaber, honako hauen mende egonen dira: azaroaren 16ko 989/2021 Errege Dekretua, Autonomia Erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzenean laguntzak ematea onesten duena, kolektibo kalteberentzako bonu digitalen programa gauzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena; baita Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezartzen den kudeaketari, jarraipenari eta kontrolari aplikatu beharreko barne araudia ere, bereziki, Administrazio publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua, nahitaez aplikatu beharrekoa.

Aurrekoa, ezertan galarazi gabe aplikagarri den zuzenbide nazionaleko nahiz Europar Batasuneko zuzenbideko beste edozein xedapen aplikatzea, eta bereziki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak eta SEEPak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen funtsak gauzatu eta kudeatzeko onesten direnak. Zehazki, aplikagarri izanen da kategorien araberako salbuespenaren erregelamendu orokorrean eta "de minimis" erregelamenduan ezarritakoa, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua, zeinaren bitartez Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa sistema eratzen baita; baita HFP/1031/2021 Agindua ere, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, jarraipena egiteko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien mugarri eta helburuei zein neurrien aurrekontu eta kontabilitatearen betetze mailari.

4. oinarria.–Operadore laguntzaileak.

Onuradunei banda zabaleko zerbitzua eskaintzeko gaitutako telefonia operadoreak diren operadore laguntzaileak, eta eskaintzen dituzten zerbitzu diruz lagungarriak online kontsultatzen ahal dira dirulaguntzari dagokion Nafarroako tramiteen fitxan.

5. oinarria.–Laguntzen azken hartzaileak.

Bonu digitalaren emakida izaten ahal dute kolektibo kalteberaren izaera duten pertsonek. Hona hemen haien definizioa:

Urteko errenta errenta eskala honen barnean duen familia batekoa izatea, familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaren arabera:

Eskatzailearen zerga-egoitza eta zerbitzua eskatzen den helbidea Nafarroako Foru Komunitatearen barnean egon behar dira.

Eskatzaileek irizpide hauetako bat bete behar dute gutxienez:

Gaur egun ikasten ari diren ikasleen familiak edo 2021ean eta hurrengo urteetan hezkuntza programa hauetakoren bat egin izanaren titulua edo ziurtagiria jaso duten ikasleen familiak:

Oinarrizko Lanbide Heziketa (OLH).

Helduen Hezkuntza (HHE).

Curriculum egokituko programa (CEP).

Bereziki kalteberak diren emakumeen taldekoa izatea: genero indarkeriaren biktima direnak, desgaitasuna dutenak, luzaroko langabeak, familia gurasobakar amadunak, pertsona bakarreko etxeetako adineko emakumeak eta emakume migratzaileak.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek eskaera bat aurkeztu beharko dute, horretarako prestatutako eskaera ereduaren arabera (http://www.nafarroa.eus webgunean eskuragarri dago), ahal dela Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan –horra sartzeko http://www.nafarroa.eus helbidera jo behar da, eta sinadura elektronikoa behar da; halaber, posible izanen da eskaera aurkeztea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako beste edozein tokitan, bai eta Nafarroako Gobernuaren herritarren arretarako edozein bulegotan ere.

Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta etengabe irekita egonen da dauden funtsak agortu arte. Nolanahi ere, eskaera egiteko azken eguna 2023ko irailaren 1a izanen da.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. oinarria.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak:

Eskaera, datuak beteta (telematikoki edo II. eranskinean dagoen eskaera dokumentua betez, gainerako dokumentazioarekin batera herritarren arretarako bulegoetan aurkezteko).

Lehendik dagoen linea aldatzeko eskatuz gero, indarrean dagoen kontratua erantsi behar da zerbitzu horren azken fakturarekin batera.

Talde hauetako batekoa izanez gero, jarraian zehazten den eta talde horri dagokion ziurtagiri egokia aurkeztu beharko da.

Une honetan OLH, HHE edo CEP ikasmailetako batean ari diren ikasleek ikasturteko matrikula erantsi behar dute.

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimek honako aukera hauetako bat erantsi behar dute:

Edozein jurisdikzio ordenaren epai irmo bat, emakumeak indarkeria jasan zuela dioena.

Biktima babesteko kautelazko neurriak hartzea erabaki duen indarreko babes agindua edo ebazpen judiziala.

Fiskaltzaren txostena, indarkeria zantzuak daudela dioena.

Polizia agintaritzaren akta, gizakien salerosketaren biktima izateaz zentzuzko zantzuak daudela egiaztatzen duena, emakumeak sexu esplotaziorako salerosten diren kasuetan.

Administrazio publiko eskuduneko zerbitzu sozialen eta/edo sanitarioen ziurtagiria eta/edo txostena.

Administrazio publiko eskuduneko harrera zerbitzuen ziurtagiria eta/edo txostena.

Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren txostena, lan esparruan sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena dagoen kasuetan.

Familia gurasobakar amaduna: familia liburuaren kopia erantsiz egiaztatuko da.

Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako emakumeak: bakarrik bizi izatearen zinpeko aitorpena aurkeztu behar dute.

Gainerako agiriak (eskaeran markatu behar da Nafarroako Gobernuan arrakala digitalaren arloan eskumena duen departamentuari baimena ematen zaiola informazio hau egiaztatu eta kontsultatzeko; eskatzaileek dokumentazio hori ez aurkezteko aukera izaten ahal dute).

Eskatzailearen NANaren fotokopia.

Familia-unitatea osatzen duten kide guztien azken urteko PFEZ aitorpena.

Bizikide guztien errolda-ziurtagiria.

OLH, HHE edo CEP ikasketen gaineko indarreko ziurtagiri, titulazio edo gordekina, hala badagokio.

Desgaitasunaren ziurtagiria, hala badagokio.

Iraupen luzeko langabea izatearen egiaztagiria, hala badagokio.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

Instrukzioa eta tramitazioa Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiaren Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuari dagokio. Horrek ebaluatuko ditu eskaerak, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituz, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek bonu digitala eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Bonu digitalaren dirulaguntzak ebazteko organo eskuduna Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia izanen da.

Organo horrek neurriak hartu behar ditu, batetik, azpiko gastuaren erregulartasuna ziurtatzeko, eta, bestetik, iruzurra eta ustelkeria, interes gatazkak edo finantzaketa bikoitza saihesteko. Neurri horiek eraginkorrak eta proportzionatuak izan behar dute hautemandako arriskuen arabera, eta, betiere, beharrezkoak direnak, agintari nazional eskudunek edo Europar Batasunekoek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari loturik ematen ahal dituzten jarraibide, gidalerro eta arauak aplikatuz.

Zehazki, langile publikoren batek uste badu "Next Generation EU" deritzen funtsen kudeaketan interes gatazka sortzen ahal dela bere jardunean, langileak uko egin beharko dio bere lanarekin jarraitzeari, bat etorriz Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 53.5 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin.

Bonu digitalak emateko prozedura banakako ebaluazioarena izanen da.

Eskaerei erantzunen zaie aurkezteko ordenari zorrotz jarraituta, harik eta funtsak agortzen direnera arte, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 62.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Herritarrak eskaera aurkezten duenetik 3 hilabeteko gehieneko epean, kolektibo kalteberakoa den ala ez adierazten duen jakinarazpen bat jasoko du, eta jakinarazpena baiezkoa bada, operadore laguntzaileen erregistroan inskribatutako operadoreren batekin zerbitzuaren alta edo aldaketa eskatzen ahalko du 2023ko azaroaren 30a baino lehen.

Operadore laguntzailearekiko kontratuaren alta eskatzean, jaso den jakinarazpena aurkeztu behar da, operadore laguntzaileak honako hauek baliozkotu ahal izateko: eskatzailea kolektibo kalteberako kide dela, eta baimendutako zerbitzu mota (alta edo uneko abiaduraren aldaketa). Horrekin, halaber, Nafarroako Gobernuak esleitutako espediente zenbakia idatzi ahal izanen du, eta pertsona horrek txartel digitala duen edo ez kontsultatu, operadoreen erregistroaren tramiteari nafarroa.eus webgunean dagokion orrialdean. Identifikatzaile gisa espediente zenbakia osatzen duen azken zenbaki blokea erabili beharko du.

Behin zerbitzuaren alta edo aldaketa kontratua sinatutakoan, operadore laguntzaileak kontratatutako zerbitzuaren aktibazioa abiaraziko du. Hilabete bakoitzaren amaieran, operadore laguntzaileak Nafarroako Gobernuari bidaliko dio, bonodigital@navarra.es helbidearen bidez, CSVrekin aldez aurretik kreditatu eta hilabete horretan bertan linearen alta edo abiadura aldatzeko zerbitzua deskontuarekin batera kontratatu duten herritarren IFZen zerrenda. Zerrenda hori nafarroa.eus atarian, operadoreen erregistroari dagokion tramitearen fitxan, dagoen txostena–hilabetea–operadorea eredua erabiliz bete behar da, eta hilabetea eta operadorea zehaztu behar dira bidaltzen den fitxategiaren izenean.

Eskatzailearen IFZa operadore laguntzaileak hilaren amaieran bidalitako zerrenda horretan aurkitzen bada, laguntza ematearen aldeko ebazpena emanen da, baita horren zenbatekoa ere. Onuradunari bi hilabeteko epean jakinaraziko zaio, zerbitzua operadore laguntzailearekin kontratatu zuenetik zenbatzen hasita, dagozkion bitartekoen bidez, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera. Behin aldeko ebazpena eman ondoren, organo eskuduna zerbitzua egiteko eta, amaitutakoan, horren justifikazioa jasotzeko zain geratuko da, dirulaguntza ordaindu dadin agindua emateko operadore laguntzaileei. Operadore laguntzaile horiek dirulaguntzaren zenbateko osoa jarduera diruz lagungarriak ordaintzeko erabiliko dute, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebeharrak izanen dituzte, baita azaroaren 16ko 989/2021 Errege Dekretuan eta deialdi honetan ezartzen diren betebeharrak ere.

Laguntza jasotzeko baldintzak ez badira betetzen eta dagokion komunikazioa jaso bada, herritarrak 10 egun izanen ditu informazioaren zuzenketa aurkezteko, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legedian xedatutakoarekin bat.

Aldi hori herritarraren berri izan gabe igarotzen bada, bonu digitalaren emakidaren aurkako ebazpena jakinaraziko zaio.

Eskaerak egiteko epea amaitutakoan, eskaera berriei uko eginen zaie, eta bonu digitalaren emakidaren aurkako ebazpena jakinaraziko da. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, laguntza ezetsi egin dela joko da.

Berariazko edo presuntziozko ezespenarekin, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legediari jarraikiz, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Dirulaguntza emateko kontuan izan den inguruabarren bat (objektiboa nahiz subjektiboa) aldatzen bada, horren berri eman beharko du onuradunak.

9. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Oinarri arautzaile hauetan zehaztutako kolektibo kalteberako kide den eskatzaileari emanen zaio bonu digitala. Guztira, 240 euro izanen dira urtean, hamabi hilabetetan banatuta, halako moldez non hilero 20 euroko murrizketa aplikatuko baitzaio Interneteko konexio zerbitzua kontratatua duen operadore laguntzaileak egindako fakturan.

Familia-unitate bati bonu digitala jasotzeko eskubidea aintzatestea eta bonu horren zenbatekoa ez da familiako kide kopuruaren araberakoa.

10. oinarria–Zerbitzua bertan behera uzteko prozedura edo onuradunak eramangarritasuna eskatzea.

Laguntzaren azken hartzaileek zerbitzu ematen ari zaion operadore laguntzailearen zerbitzua ezeztatzeko eskaera egin dezakete, inguruabar hauek gerta baitaitezke:

Azken hartzaileak uko egiten ahalko dio dirulaguntzari, baldin eta arrazoiak ematen baditu eta prozedurarekin jarraitzeko interesa duen hirugarrenik ez badago, ezta prozedura jarraitzea gomendatzen duen interes publikorik ere.

Dirulaguntzari uko egiteak ez du salbuesten kontsumitzailearen eta operadore laguntzailearen artean sinatutako itun eta akordio pribatuak betetzetik, ezta horietatik eratortzen ahal diren betebeharrak betetzetik ere.

Ez da bidezkoa izanen laguntzari uko egitea, kasuan kasuko fakturei jada aplikatzen zaizkien hileko murrizketei dagokienez.

Dirulaguntzari uko egiten bazaio, ukoa eskatzen den egun berean izanen da eraginkorra.

Zerbitzua ematen ari den operadore laguntzaileak jakinaraziko dio egoera hori Nafarroako Gobernuari, eta bonodigital@navarra.es helbidera bidaliko du hilabete horretan operadore horretan izan diren bajen zerrenda, navarra.eus webguneko Bajak-hila-operadorea ereduaren arabera. Hori operadoreen erregistroari dagokion tramitearen fitxan dago, eta bidaliko den artxiboaren izenean hilabetea eta operadorea zehaztuko dira.

Informazio horrekin, Nafarroako Gobernuak eskuragarri gelditu den diru-kopuru hori kudeatuko da, bonu digitalak eman ahal izateko. Esleipen berririk egonez gero, diruz lagundutako guztizko hilabete kopuruan gorabeherak izan daitezke.

Bestalde, dirulaguntzaren indarraldian, azken hartzaileak operadore laguntzaileen erregistroan izena emandako beste edozein operadore laguntzailetara eraman ahal izanen du linea, edozein unetan.

Eramangarritasuna eskatzen ari den laguntzaren onuradunak operadore laguntzaile berriari erakutsi beharko dio Nafarroako Gobernuak kolektibo kalteberakoa izateari buruz bidalitako jakinarazpena. Operadore laguntzaileak Nafarroako atarian kontsultatu ahal izanen du, online, operadoreen erregistroari dagokion tramitearen fitxan, onuradunari oraindik zenbat denbora geratzen zaion diruz lagundutako zerbitzuan, espediente zenbakitik abiatuta. Datu horiek une oro eguneratuko dira Estatua-Bonuak-Emandakoak fitxategian. Eramangarritasuna eskatzen zaion operadore laguntzailea izanen da, kontratu berriaren alta sinatu eta herritarrak eskatutako zerbitzua abian jarri ondoren, Nafarroako Gobernuari egoera horren berri emanen diona, alta berrien hileroko txostenean IFZ hori eta kontratuaren datuak sartuta, nafarroa.eus webguneko Txostena–hilabetea–Operadorea.xls ereduaren arabera, zeina operadoreen erregistroari dagokion tramitearen fitxan baitago. Jakinarazpen horrek eramangarritasuna egin den hilabeteari dagokion hileko txostenean sartuta egon behar du.

Azkenik, onuradunak helbidea aldatzen badu, Administrazioari jakinarazi beharko dio nafarroa.eus atariaren bidez, dirulaguntzaren deialdiari dagokion tramitearen fitxan. Behin egiaztatutakoan egoitza berria Nafarroako Foru Komunitatearen barruan dagoela, Nafarroako Gobernuak 10 eguneko epean bidaliko dio aldaketa hori egiteko baimena, CSVrekin sinatutako agiri baten bidez. Agiri horrek operadore laguntzaileari erakutsi beharko dio, linea beste helbide batera eraman ahal izan baino lehen.

11. oinarria.–Justifikazioa.

Operadore laguntzaileek bidalitako altei buruzko hileko txostenekin justifikatuta geratzen da onuradun bakoitzari ematen zaion zerbitzua, eskatutako 30 Mbps-ak ematen ari direla eta noiz egin ziren altak, diruz lagundutako 12 hilabeteko kuotak kontrolatze aldera.

Bonua amaitu eta hiru hilabeteko epean, bonu digitalerako (240 euro) eskubidea aintzatesteko azaroaren 16ko 989/2021 Errege Dekretuan aurreikusten den 2023ko abenduaren 31ko epemuga kontuan hartuta, eta zerbitzua erabiltzeko aurreikusitako 2024ko abenduaren 31ko muga eguna kontuan hartuta, operadore laguntzaileak justifikazio kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege Dekretuaren 8. artikuluarekin bat. Horren bidez, hain zuzen ere, Suspertzerako Europako Bitartekotik datozen Europako funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduerak kudeatu eta gauzatzeko premiazko neurriak onetsi dira.

Justifikazio kontu sinplifikatua, nafarroa.eus atarian operadoreen erregistroari dagokion tramitearen fitxan eskuragarri dagoen Kontua-Justifikazio-Sinplifikatua ereduari jarraituz aurkeztuko da.

Aipatu lege-dekretuaren 8. artikulua betez, operadore laguntzaileei justifikazio informazio xehakatua eskatzen ahalko zaie espedienteen ausazko lagin baterako.

12. oinarria.–Dokumentu Basea.

Atxikitako operadoreak, onuradunarekin formalizatutako konektibitate zerbitzua emateko kontratuaren arabera, eta bere izenean, operazioak ikuskatzeko pista egokia bermatu beharko du, eta gorde egin beharko du oinarri arautzaile hauetako 11. oinarrian ezartzen den justifikazio kontua osatzen duen dokumentazio guztia, baita funtsak eman ziren helburuetarako erabili direla egiaztatzeko beharrezkoak diren gainerako elementu guztiak ere, bost urteko epean, justifikazio epea amaitzen denetik hasita, eta egiaztapen eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Bonu digitalen onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako bonu digitala kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, aipatu foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Emandako bonu digitalak kobratzeko eskubideak galtzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik kopuru konprometituak askatzen badira, kopuru horiek ebazpenaren eta/edo emakidaren zain dauden familia-unitateen alde eman ahal izanen dira.

14. oinarria.–Bonu digitalaren bateragarritasuna.

Errege dekretuaren esparruan emandako bonu digitalak bateragarriak izanen dira edozein administrazio publiko, edo organismo edo erakunde publikoren beste programa edo tresnekin, Estatukoak zein nazioartekoak izan, bereziki Europar Batasunekoak, laguntza horrek kostu berberak estaltzen ez dituen bitartean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan aurreikusitako finantziazioa ez bikoiztearen printzipioarekin bat etorriz, eta Finantza Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

Deialdi honen esparruan emandako bonu digitalak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek nahiz nazioartekoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Bonu digital bakar bat ematen ahalko da pertsona fisiko eta familia-unitateko, familia-unitatetzat ulertuz azaroaren 28ko 35/2006 Legearen 82. artikuluan jasotzen direnak (lege hori pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzkoa da, eta hein batean aldatzen ditu sozietateen gaineko, ez-egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergei buruzko legeak):

a) Legez bananduta ez dauden ezkontideek osatzen dutena eta, halakorik balego:

Adingabeko seme-alabek, salbu eta hauek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

Epai aginduz ezgaituak eta guraso ahal luzatu edo birgaituari loturik dauden seme-alaba adinez nagusiek.

b) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, artikulu honetako a) letran aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Dirulaguntzen zenbatekoa –bera bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera eta baliabide batzuk gehituta–, inoiz ez da izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Bonu digital bakar bat ematen ahalko da helbideko (pisua eta atea barne) eta azken hartzaileko.

Bonu digitala operadore bakarrarekin bakarrik kontratatu ahal izanen da; beraz, ezin izanen da laguntza hori bigarren operadore batean eskatu, eta laguntza mantenduz bakarrik egin ahal izanen da linearen eramangarritasuna. Horretarako, eramangarritasun eskaeretan kolektibo kalteberetakoak direla dioen ziurtagiria aurkeztu beharko da berriro.

15. oinarria.–Bonu digitalaren publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bonu digitalak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

16. oinarria.–Nafarroako Foru Komunitateko bonu digitalen programako operadore laguntzaileen erregistroa sortzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko bonu digitalen programako operadore laguntzaileen erregistroa sortzen da, Aurrerapen Digitalerako Zerbitzuaren mende.

2. Programaren operadore laguntzaileen erregistroa herritarrentzako eskaera epea ireki ondoren kontsultatzen ahalko da, dirulaguntzaren tramitetik bertatik nafarroa.eus webgunean, programaren operadore laguntzaileei eta zerbitzu kontratagarriei buruzko informazioa eskuratzeko.

17. oinarria–Kolektibo kalteberentzako bonu digitalaren programako operadore kolaboratzaileek izena ematea.

1. Kolektibo kalteberentzako bonu digitalaren programarekin elkarlanean aritu ahal izanen dira telekomunikazioetako operadoreak, Nafarroako Foru Komunitatean banda zabaleko sareetan Interneterako konexio zerbitzuak ematen badituzte, beheranzko noranzkoan gutxienez segundoko 30 Mbit-eko abiadurarekin, eta telekomunikazioen arloko legeriak eskatutako gainerako baldintzak betetzen badituzte.

Operadoreak ez dira sartuko programan baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela, eta laguntza hori berreskuratzeko agindu baten mende badaude, edo krisi egoeran badaude, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C249/01).

2. Deialdi honetan arautzen den kolektibo kalteberentzako bonu digitalaren programarekin lankidetzan aritu nahi duten operadoreek kolektibo kalteberentzako bonu digitalaren programako operadore laguntzaileen erregistroan izena eman behar dute Nafarroako Foru Komunitatean.

3. Operadoreak eskatuta, erregistroan inskribatzeak berarekin ekarriko du oinarri arautzaile hauen edukitik eratorritako baldintzak, betebeharrak eta konpromisoak onartzea.

Era berean, erregistroan inskribatzeak berarekin ekarriko du operadore laguntzaileak izaera pertsonaleko datuen tratamendu-eragilearen izaera hartzea, datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera.

18. oinarria.–Operadore laguntzaileek bete beharrekoak.

1. Programa honetan parte hartzeko, telekomunikazio operadoreek aurreko artikuluaren 1. apartatuan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta Nafarroako Foru Komunitatean deskribatutako zerbitzuak emateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluak eduki behar dituzte.

Era berean, operadoreak ez dira krisi egoeran egonen, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01), ezta berreskuratze agindu baten mende ere, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

2. Operadoreak aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak bete behar ditu oinarri arautzaile hauek argitaratzen diren egunean.

3. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztuko dira, www.nafarroa.eus atarian izena emateko ereduan jasota daudenak. Adierazpen horiek 20 egun naturalez egonen dira gaituta, oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita.

4. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Atxikipen inprimakia sinatzen duenak telekomunikazio operadorearen izenean jarduteko behar besteko ahalordea duela egiaztatzeko agiria.

Telekomunikazioen Merkatuaren Batzordeko Operadoreen Erregistroan inskribatuta egotearen egiaztagiria, eta, hala badagokio, oinarri arautzaileen 16.1 artikuluan deskribatutako zerbitzuak emateko beharrezkoak diren gaikuntza tituluak dituela egiaztatzeko agiria.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

Memoria deskribatzailea: banda zabaleko zerbitzua emateko modua, zerbitzua zein herritan dagoen eskuragarri, zerbitzu mailak eta deskarga abiadurak.

Konektibitate bonu sozialaren hartzaileentzako merkataritza eskaintza, abiadura handiko banda zabal finkorako sarbide zerbitzuak emateko, gutxienez datuak segundoko 30 Mbit-eko beheranzko noranzkoan transmititzeko abiadura izan dadin puntako orduko baldintzetan, baita egoten ahal diren zerbitzu konbergenteak ere, kontratazio posiblearen moduan zehaztuz.

Zerbitzua kontratatzeko modu posibleak, nafarroa.eus atarian operadoreen erregistroari dagokion tramitearen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraituz.

Programaren onuradunek sinatu beharreko kontratu eredua.

Banku helbideratzerako eredua, nafarroa.eus atarian operadoreen erregistroari dagokion tramitearen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraituz.

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen eskatzen diren baldintzak, operadore interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Era berean, jakinarazi eginen zaio, horrela egiten ez badu, ulertuko dela atxikipenean atzera egin duela.

Atxikipen formularioa aurkezteak berarekin dakar telekomunikazio operadoreak bere gain hartzea aurkeztutako dokumentazioaren egiazkotasuna, eta konpromisoa hartzea laguntza programari atxikitako telekomunikazio operadore izateak dakartzan betebeharrak betetzeko eta onuradunei eskaintzen dituen zerbitzuak emateko, azaroaren 16ko 989/2021 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, honako baldintza hauek betez:

Segundoko 30 Mbit-eko gutxieneko abiadura beheranzko noranzkoan, puntako orduaren baldintzetan.

Dirulaguntza amaitutakoan, onuradunak eskubidea du zerbitzuan baja emateko edo harekin jarraitzeko dirulaguntzarik gabe; kasu horretan, programako operadore laguntzaileek hitzeman behar dute kontratatutako zerbitzuak gutxienez urtebetez eta baldintza berberetan ematen jarraitzeko.

Operadore laguntzaileak eta dirulaguntzaren onuradunak egiten duten kontratuak berariaz ezarri beharko ditu honako hauek:

Kontratuaren titularra laguntzaren azken hartzailea dela.

Enpresa laguntzaileak konpromisoa hartzen duela aipatu laguntza osoa 12 hilabeteetako ordainketa kuotak (BEZa barne) murrizteko aplikatzeko.

Zerbitzu kontratua 12 hilabeteak bete baino lehen bertan behera geratzen bada, zerbitzua jardunean egon zen denboraren zati proportzionala kobratuko da.

Behin ziurtatu denean operadoreak aurreko apartatuan ezarritako betekizunak bete dituela, Telekomunikazioeta eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak aintzatetsiko du atxikipena, ebazpen bidez. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean pertsona horrek atxikipen aintzatespenari buruzko ebazpenik ematen ez badu, ulertuko da atxikipen hori ez dela aintzatesten. Ebazpen horrek prozedurari amaiera emanen dio eta administrazio bidea amaituko du. Horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, aukeran, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera, edo zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritako moduan eta epeetan.

19. oinarria.–Onuradunen betebeharrak publizitatearen arloan.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen laguntzetako operadore laguntzaileek bete egin beharko dituzte Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan jasotako informazio, komunikazio eta publizitate betebeharrak, (erregelamendu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotako neurrien Europar Batasunaren finantzaketari buruzkoa da). Jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsako iragarki eta tartekatzeak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:

Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU" testuarekin batera. "SEEPen marka eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak:

Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua (https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual).

Suspertze Planaren logotipoa, esteka honetan eskuragarri:

https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual

Diruz lagundutako jarduketa guztien gaineko edozein hedabidetan, aipatu beharko da Europar Batasunak (NextGenerationEU) finantzatu dituela.

Kartel eta plaka informatiboak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.

20. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2217751