16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25170E/2022 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez abenduaren 21eko 4513E/2020 Ebazpena aldatzen baita eta 2023rako gastua baimentzen. Ebazpen horren bidez, dirulaguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren, langabeendako prestakuntza ekintzak egiteko, gero horiek kontratatzeko konpromisoarekin. DDBN identifikazioa: 664281.

Nafarroako Gobernuak adierazi du enplegurako lanbide prestakuntza bultzatu nahi duela, horren bidez enpresen lehiakortasun beharrei erantzuteko eta langabeen nahiz landunen lanbide sustapena eta garapen pertsonala lortzeko xedeak asetzeko.

Lan arloko enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak eta ondoren lege hori garatu eta betearazteko eman den araudiak sistemaren goitik beherako erreformari ekin diote, eta hori kontuan hartu da deialdi honetan.

Bai irailaren 9ko 30/2015 Legeak, bai hura garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuak, langabeendako eskaintza kontuan hartzen dute enplegurako lanbide prestakuntzaren ekimenen artean, eta horien artean daude kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, barnean sartuta kontratatzeko konpromisoa atxikita duten prestakuntza programak. Agindu horretan ezartzen denez, administrazio publiko eskudunek dirulaguntzak emateko beste edozein prozedura aplikatzen ahalko dute, erakunde onuradunen arteko lehia ahalbidetzen duena, eta prozedura horiek aipatutako aginduaren II. kapituluan ezarritako oinarri arautzaileek arautuko dituzte.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimenduko du.

Gobernuak 2020ko abenduaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan, banakako ebaluazioaren araubidean, langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak finantzatzeko.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 21eko 4513E/2020 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren, dirulaguntzak eman daitezen banakako ebaluazio araubidean, Nafarroako Foru Komunitatean langabeendako prestakuntza ekintzak egiteko, gero horiek kontratatzeko konpromisoarekin.

2023rako berrikuntza gisa, lanbide-arlo jakin batzuetan dagoen segregazio horizontala murriztu nahi da, hala nola Eraikuntza eta Obra Zibilean, Elektrizitatea eta Elektronikan, Energia eta Uran, Instalazioa eta Mantentze-lanetan, eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanetan; izan ere, emakumeak parte-hartzaile guztien %10 baino gutxiago dira haietan. Hala, aurreikusten da gutxienez 5 emakumek egitea lanbide-arlo horien prestakuntza.

Dirulaguntza hauek kudeatutako dirulaguntzak dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren arabera. Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea; horiek kudeatzeko eskumena, berriz, osoa zein partziala, beste administrazio publiko batzuena da.

Deialdi honek eragin zuzena du Nafarroako 2021-2024 aldirako Enplegu Planean, zehazki 0.E.2.2.2 helburu estrategikoan ("Prestakuntza Nafarroako eskaeren eta beharren arabera planifikatzea eta diseinatzea, enpleguan zuzeneko eragin handiagoa lortzeko"), eta horren barrenean jasotako neurri honetan: "Modalitate duala enplegurako prestakuntza-programetan sartzeko prozesuan aurrera egitea; kontratatzeko konpromisoa atxikia duen prestakuntza bultzatzea; prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak; eta, enpresan eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko edozein modalitate, lan-merkatura sartzeko azken zubi gisa".

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 21ean emandako 4513E/2020 Ebazpena (horren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren, dirulaguntzak eman daitezen banakako ebaluazio araubidean, langabeendako prestakuntza ekintzak egiteko, gero horiek kontratatzeko konpromisoarekin). Hori horrela, honako atal hau sartuko da 7.2 oinarrian (Bekak eta laguntzak):

g) Emakumeak bertaratzeko beka.

Honako lanbide-arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeei dagokie: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako eta aurreko paragrafoan zehaztutako lanbide-arloko bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

2. 750.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastuen aurrekontuko "Kolektibo desberdinekin enplegurako konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak egiteko laguntzak. Konferentzia sektoriala" izeneko 950002 96200 4709 242104 partidaren kargura (edo gaitzen den antzeko partidaren kontura), deialdi honetarako: dirulaguntzak, Nafarroako Foru Komunitatean langabeak kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzak 2023an egiteko, honela banatuta:

  • 745.000 euro kontratatzeko konpromisoa atxikia duten prestakuntza ekintzetarako.
  • 5.000 euro emakumeak bertaratzeko beketarako.

3. 200.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta ebazpena aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 15ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2217138