16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

2023ko lan-egutegia

Tafallako Udaleko alkatetzaren ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira 2023. urterako lan egutegia eta jarraibide batzuk, lan-ordutegia malgutzeko neurriak ezartzeko, udal bulegoetan zerbitzuak ematen dituzten Tafallako Udaleko langileentzat.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 323/2022 Ebazpenaren bidez, ezartzen da Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2023ko jaiegunen egutegi ofiziala (2022ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 27koa).

Abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen bidez, aldatzen da ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzkoa, eta ezartzen da urteko lanaldia Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen direnentzat (Nafarroako administrazio publikoetako enplegatuen artetik).

Udal bulegoetan zerbitzuak ematen dituzten Tafallako Udaleko langileendako 2023. urterako lan egutegia zehazten da, eta lanaldiaren urteko egiazko lan ordu kopurua (1.592 ordu) banatzen. Horiekin batera, lan-ordutegia malgutzeko zenbait neurri zehazten dira, eta haien helburua da lan-bizitza eta familia bateragarri egitea, ezertan galarazi gabe herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoa eta arreta egokia ematea. Malgutze-neurriak hartzea eta horretarako laguntza errazten dira tresna informatiko bat ezarrita presentziak kudeatzeko, ahalbidetzen duena proposatutako neurriak kudeatzea eta doitzea.

Ebazpenaren edukia behar bezala negoziatu da sindikatuekin, bat etorriz xedatutakoarekin abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 83.6. artikuluan.

Neure eskumenak baliatuz, hain zuzen ere, eman dizkidatenak Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak (horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua) eta aplikatu daitezkeen gainerako arauek,

EBATZI DUT:

Lehena.–2023ko lan egutegia onestea, Tafallako Udaleko udal bulegoetan zerbitzuak ematen dituzten langileentzat; beraz, larunbatetan eta igandeetan ez ezik, hurrengo egun hauetan ere udal bulegoak itxita egonen dira:

a) Nafarroako Gobernuak izendatutako jaiegunak, baita herriko jaiegun ofizialak ere:

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Urtarrilaren 20a San Sebastian, Tafallako zaindaria.

–Apirilaren 6a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 7a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 10a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren ondoko astelehena.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

b) Lan egiteko ez diren egunak, udal bulegoak itxita egonen direnak:

–Abuztuaren 14, 16,17 eta 18a: Tafallako festak.

–Abenduaren 26a.

Bigarrena.–Onestea Tafallako Udalaren bulegoetan zerbitzuak ematen dituzten enplegatu publikoen lan-ordutegia malgutzeko neurriak, ebazpen honekin batera doan eranskinaren arabera.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Tafallako Udaleko alor guztiei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2023ko urtarrilaren 12an.–Jarduneko alkatea, Uxua Olkoz Velaz.

ERANSKINA

Lehena.–Urteko lanordu kopurua egiazko 1.592 lanordukoa izanen da:

Bigarrena.–Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 15 minutu izanen da.

a) Laneko ordutegiaren zati finkoa, langile guztiak lanpostuan nahitaez egotea eskatzen duena, 08:30etik 14:30era bitartekoa izanen da, astelehenetik ostiralera.

Eguneko lanaldia osatzeko falta den denbora, 1 ordu eta 15 minutu, langileak aukeratuko du noiz egin, malgutasunez, betiere ordutegi honen barrenean: 07:30etik 08:30era eta 14:30etik 15:45era.

Urte osorako modu orokorrean finkatzen den lanaldiaren banaketaren arabera, eguneko lanaldiak aldaketak jasan ditzake, eta horien mende egonen da, baita ere, ordutegi malguaren aipatu tarte hori.

Dedikazio esklusiboko osagarria edo lanaldia luzatzearena duten postuetako langileei ez zaizkie aplikatuko ordutegiko zati malgurako ezarritako mugak.

Mugikortasunagatik, energia-kontsumoa murrizteagatik edo garraio publikoa sustatzen duen beste edozein neurrigatik neurri horiei heltzen dieten langileek beste malgutasun neurri batzuk hartzeko aukera izanen dute, betiere garraiobide horien ordutegia justifikatu ondoren eta une bakoitzean indarrean dagoen nahitaezko presentziaren ordutegiaren zati finkora hurbiltzen badira. Nolanahi ere, neurri horiek alkatetzak baimendu beharko ditu behar bezala.

Eskari hori alkatetzak aintzat hartuko du, baldin eta zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatuta badago, eta enplegatuak behar bezala egiaztatzen badu neurri horrek aipatu neurriak laguntzen dituela.

Zerbitzuaren beharren ondorioz bestelako lanaldi mota bat duten udal langileei ez zaie aplikatuko aurreko paragrafoetan aipaturiko lanaldiaren banaketa.

b) Enplegatu bakoitzak modu jarraituan gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 15 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero eguneratuko da lanorduen kontrolerako sisteman.

10 orduko saldo positibo hori gainditzen duen denbora ez da ezertarako ere zenbatuko sisteman, eta ez inola ere konpentsatuko.

10 orduko saldo negatibo hori gainditzen duen denborak nominan dagozkion ordainsariak automatikoki deskontatzea ekarriko du.

Nolanahi ere, 10 orduko saldo positiboa ezin izango da erabili edo konpentsatu nahitaezko presentziaren ordu-tartean.

c) Lanaldiko atsedenaldia.

Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Lanaldia lau ordu eta erditik gorakoa eta sei ordutik beherakoa bada, aipatutako etenaldia hamabost minutura murriztuko da.

Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 14:00etara bitartean hartzen ahalko da.

Atsedenaldiak finkatutako iraupena gainditzen badu, gainetiko denbora aurreko atalean ezarritako enplegatuaren saldo negatiboari egotziko zaio, kalterik egin gabe enplegatu guztiek kasu bakoitzean ezarritako lanaldiaren nahitaezko tarteari dagokion egiazko lanorduen kopurua osatzeko duten betebeharrari.

d) Justifikatuta egon beharko dute lanera ez joate eta puntualtasun- eta iraunkortasun-falta guztiek, aurreko paragrafoan aipatutako etenaldiek izan ezik, eta alor bakoitzeko buruak berariaz baimendu beharko ditu aldez aurretik.

e) Orokorrean, ordutegi malguan ematen diren zerbitzuak eguneko ohiko lanaldian egotziko dira. Hala ere, behar bezala justifikatutako salbuespen kasuetan, administrazio organo eskudunek ordu-tarte horretan aparteko orduak egitea baimentzen ahalko dute, betiere ezarrita dagoen lanaldia bete ondoren.

f) Puntualtasun arauak nahitaez lanpostuan egon behar deneko lanaldiaren hasieran eta amaieran aplikatuko dira.

Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratu direnen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta bukaeran, bai eta lanaldiaren barnean ateratzen eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Lanaldia betetzeari buruzko kontrola unitate bakoitzeko arduradunek eginen dute. Horretarako, beste hainbat baliabideren artean, presentzien kontrolerako sistemaren zerrendak erabiliko dituzte.

g) Lanaldiaren zati finkoa betetzen ez bada edo saldo negatiboa 10 ordukoa baino handiagoa bada, nominan automatikoki deskontatuko dira lan egin ez den denborari dagozkion ordainsariak. Deskontua hiru hilabetetik behin eginen da, unitate eskudunek dagokion nominen kudeaketa zentroari bidaltzen dioten informazioa oinarri hartuta.

Deskontu hori Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 68. artikuluan eta ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretu bidez onetsitako Diziplina Araubideari buruzko Erregelamenduaren 15. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera eginen da. Aldez aurretik, Tafallako Udaleko langileen unitateak interesdunari jakinaraziko dio.

Hirugarrena.–Ordutegi malgua apurka ezartzeko prozedura eta irizpideak.

Nolanahi ere, ordutegi malgua ezarri ahal izateko, presentzia kontrolatzeko sistema automatiko bat izan behar da.

Zerbitzuetan, herritarrei arreta emateko zerbitzua bermatu beharko da, ezarritako ordutegiaren barruan, bai eta gainerako zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela ere. Horretarako, mugak ezarri beharko dira, modu arrazoituan, unitate edo lanpostu jakin batzuetarako oro har ezarritako ordutegi-malgutasunean.

Ordutegi malgua ez da hedatuko ematen dituzten zerbitzuen ezaugarriengatik ordutegi hori ezarri behar ez zaien unitate edo langile-taldeetara; salbuespen hori baimentzen duen ebazpenean zehaztuko da, behar bezala arrazoituta.

Laugarrena.–Lanaldi malgua apurka ezartzeari buruzko jarraibideen aplikazioaren jarraipena.

Tafallako Udaleko Langileen Unitateak aldian behin kontrolatuko du ea ordutegi malgua ezarrita duten unitateek hemen jasotako jarraibideak betetzen dituzten.

Bosgarrena.–Aurreko apartatuetan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzuko beharrak direla-eta lanaldi berezia dutenei edo ordu konpentsazioren bat dutenei (lana txandaka egitea, gauez, etab.), ez eta ikastetxeei atxikita daudenei ere, horiek berariazko lan egutegia izanen baitute.

Urteko lanorduen kopurua banatzeko oro har ezarritakoaz beste erregimen bat dagoen kasuetan, berariazko lan egutegi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, udal langileen ordezkari sindikalekin negoziatu ondoren.

Seigarrena.–Zerbitzuaren beharrek komenigarri egiten badute, Tafallako Udaleko alkatetzak, arduradunak proposaturik, halakorik balego, aipatu ez bezalako lan ordutegia baimentzen ahalko du kasu edo administrazio unitate zehatzetan, ordezkari sindikalekin negoziatu ondoren, betiere ezarritako lanaldiaren urteko kopurua errespetatuta.

Zazpigarrena.–Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea.

1. Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da arrazoia jasota badago Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia), bai eta langileak osasun laguntza behar duen egoeretan ere.

2. Baimen eta lizentziak ematen direnean, kasuan kasuko baimenaren edo lizentziaren xedea betetzeko behar-beharrezkoa den denbora emango da. Denbora tarte horretan, honako hauek sartuko dira: lantokitik kontsultara edo baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza egin behar den lekura joan eta etortzeko langileak behar duen denbora, bai eta, adinagatik edo mugikortasun arazoengatik ahaideren bati lagundu behar zaion kasuetan, hura etxetik edo antzeko batetik hartu eta bertara itzultzeko behar den denbora ere.

Langilea zuzenean joaten bada kontsultara edo baimena eragin duen gertaera egiten den lekura lanpostutik igaro gabe, baimenean arrazoizko denbora bat sartuko da bidaia hori egiteko, langileak medikuaren kontsultatik edo gertaera eragilea gertatu den lekutik lantokira itzultzeko erabiltzen duen denbora adinakoa. Era berean, baimena eragin duen gertaera bukatu ondoren edo kontsultaren ondoren langilea bere lanpostura itzultzen ez bada, baimenean arrazoizko denbora bat gehituko da, lanpostutik medikuaren kontsultara edo gertaera eragilea egiten den lekura joateko erabiltzen den denbora adinakoa.

Ordutegi malgua duten langileen kasuan, langileak bere lanpostutik igaro gabe zuzenean joaten denean edo baimena eragin duen gertaera bukatutakoan lanera itzultzen ez denean, baimen edo lizentzia ordaindu horiek emateagatik baimenduta zeukan absentzia-denbora osoa ez da zenbatuko hamar orduko poltsa positiboa sortzearen ondorioetarako.

3. Aurreko apartatuetan adierazitako kasuak alde batera utzita, langileak arrazoi partikularrengatik lanera huts egiten badu edo lantokitik atera nahi badu goian adierazitako arrazoi berariazkoak tartean izan gabe, norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak erabili beharko ditu, edo bigarren apartatuan ezarritako ordu-poltsakoak, eta halakoetan, lanera huts egiteak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie lan bizitza eta familiako bizitza bateragarri egitearekin lotutako betebeharrak betetzeko kasuei.

Iragarkiaren kodea: L2300612