16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25027E/2022 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko 2023ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 664312.

Nafarroako Gobernuak borondate irmoa azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, jardunbide egokiak lagunduz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta eta langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduz, horixe baita enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren azken helburua.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, esparru juridiko berria ezarriz prestakuntza arloko ekimenentzat.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, oinarriak ezarri ziren administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko. Agindu horrek araututako prestakuntza eskaintzaren ekimenen artean langabeentzako ekimen bat dago enplegu zerbitzu publikoen prestakuntza programen bidez garatzen dena, atzematen diren prestakuntza beharrak betetzeko.

Arau horiek betetzeko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak urtero argitaratu ohi ditu langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntza-deialdiak.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitatean lehentasunezkoak diren sektore ekonomikoekin eta produkzio arloekin zerikusia duten prestakuntza ekintzak identifikatu dira, eta kontuan hartu dira enplegu agentzien programazio proposamenak; izan ere proposamen horiek oinarrian dituzte lan eskaintzen kudeaketan eta enplegu eta prestakuntza arloko diagnostiko pertsonalizatuetan identifikatutako beharrak. Eta modu erabakigarrian eragin dute Nafarroako eskualdeetarako eskaintza programatzeko orduan.

Gainera, deialdi honetan programazioak lehentasuna ematen die espezialitate berritzaileei, lan-merkatuan antzemandako behar berriei erantzuteko diseinatu baitira berriki.

Aurreko urteetako deialdien gauzatze portzentajeak honako hauek izan ziren: %81,33, 2019an; %95,23, 2020an; eta %70, 2021ean. 2023rako dirulaguntzen deialdi honen helburua da aurrekontuaren %80 gauzatzea.

Programatutako prestakuntza amaitu zuten pertsonen kopuruari dagokionez, 2019an hasi zutenen %93,3k amaitu zuen; 2020an, %90,6k; eta 2021ean, %91,5ek. 2023rako helburua da gutxienez ikasleen %91k bukatzea prestakuntza ekintza.

Deialdi honetako dirulaguntzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 3.4.a) artikuluaren araberakoak dira (Estatuari dagokio horien araudi osoa edo oinarrizkoa ezartzea, eta osoki zein partzialki kudeatzeko eskumena, berriz, beste administrazio publiko batzuei), baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 1. artikuluaren araberakoak ere.

Deialdi honek zuzenean eragiten du neurri hauetan: "prestakuntza eskaintza optimizatu eta arrazionalizatzea, lurraldeko beharrak kontuan hartuta", eta "ordezkaritza txikia duten sektoreei lotutako prestakuntzan dauden emakumeen parte-hartzea bultzatzea". Neurriok O.E.2.2.4 helburuaren baitakoak dira ("Irismena hobetzea, prestakuntza lurralde guztietara eta talde guztietara zabalduz"). Helburua Nafarroako 2021-2024 Enplegu Planean jasota dago.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. 2023an prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia onestea. Ekintza horiek Nafarroako Foru Komunitatean langabezian dauden pertsonei zuzenduko zaizkie.

3. 900.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko 950002 96200 4709 242103 partidaren kargura, "Langabeen lanbide-heziketarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izenekoa. Gastua modu honetan banatuko da:

  • 890.000 euro, III. eranskineko prestakuntza ekintzak finantzatzeko.
  • 10.000 euro, emakumeak bertaratzeko beketarako.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 14an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, 2023. urtean langabeentzat antolatzen diren prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzak.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak izaten ahalko dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak barne, baldin eta kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik badaude dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintzaren berri emateko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Nafarroan akreditatutako edo inskribatutako lokalak edo instalazioak izan arren, prestakuntza beste toki batzuetan eman nahi duten entitateek zehaztu beharko dute, ekintzen berri emateko jarduerak egin baino lehen, zer instalazio edo lokaletan emanen duten prestakuntza, eta horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza espezialitateetarako akreditutaturik edo inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek, entitate eskatzaileei inskripzioari buruz eskatzen zaien epe berean.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

3.–Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak.

3.1. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak oinarri arautzaile hauen III. eranskinean jasotzen dira.

Prestakuntza ekintzak laguntzak ematen diren egunetik 2024ko ekainaren 30era bitartean egiten ahalko dira.

3.2. Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

3.3. Prestakuntza ekintza guztiek III. eranskinean adierazitako digitalizazio-orduak eman beharko dituzte, eranskin horietan kasuan kasuko prestakuntza espezialitaterako adierazitako modalitatean. Eranskin horretan kasuan kasuko prestakuntza espezialitaterako adierazitako modalitatea mistoa denean, modalitate presentzialean, hibridoan edo teleprestakuntzan ematen ahalko dira digitalizazio-orduak.

3.4. Modalitate presentzialean eman beharreko prestakuntza ekintzak modalitate hibridoan ere ematen ahalko dira; modalitate horretan, ikasle batzuk modalitate presentzialean joaten dira prestakuntza jarduerara, eta beste batzuek aldi berean, ikasgela birtualaren bidez egiten dute.

3.5. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean edo hibridoan ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokietako prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

3.6. Teleprestakuntzaren modalitatean, gutxienez tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Modalitate mistoan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.7. Ikasgela birtualaren bidez emanen den prestakuntzak baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ikasgela birtuala erabiltzen ahalko da modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzetan edo modalitate mistoko edo teleprestakuntzako ekintzen zati presentzialean.

–Horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore-prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.

–Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.

–Ikasgela birtualaren aplikazioak sortutako konexioen erregistro bat edukiko da, eta bertan identifikatuko dira, baliabide horren bidez garatutako prestakuntza ekintza bakoitzerako, ikasgelan parte hartzen duten pertsonak, ekintzen datak eta konexio-denborak. Bestalde, prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkiak edo grabazioak).

–Entitate onuradunak ikasgela birtualerako esteka eta sarbide-gakoak emanen dizkie Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

–Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita.

3.8. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko behar besteko ahalmenekoa. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun, segurtasun, irisgarritasun eta elkarreragin mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 x 7 erabiltzeko prest egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei; horretarako, gako bat emanen die, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da (Teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako). Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide prestakuntza ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

4.–Irakasleei ordaintzea.

4.1. Irakasleen kostuek barnean hartzen dituzte prestakuntza ekintza ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleek egotzitako beste edozein ere.

Oinarri honetan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.

4.2. Irakasleen orduko kostua 40 eurokoa edo hortik gorakoa izanen da modalitate presentzialean edo hibridoan, eta 30 eurokoa edo hortik gorakoa teleprestakuntzaren modalitatean. Modalitate mistoan, kasuan kasuko kostuak aplikatuko dira, zenbat ordu eman diren modalitate presentzialean edo hibridoan eta teleprestakuntzan.

Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.

4.3. Era berean, prestakuntza ekintza bakoitzean irakasleen kostuak izanen dira, gutxienez, entitate onuradunak prestakuntza amaitu ondoren aurkeztu beharreko justifikazio-memorian eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren %35.

Orduko kostua kalkulatzeko, eskatutako dirulaguntzaren %35 aterako da, eta hori zatituko ikastaroko ordu guztien kopuruarekin.

Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.

4.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35ekoa izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostuak, gutxienez, aurreko puntuan adierazitakoa izan beharko du.

4.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak portzentaje eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.

4.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio eskatutako dirulaguntzaren %35 itzul dezala, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.

4.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.

5.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdi honen III. eranskinean zerrendatutako prestakuntza ekintzak lagunduko dira diruz. Erreserbako prestakuntza ekintzak besteekin batera esleituko dira, baina, horiek eman eta gauzatzeko, aurrekontu-baliabideak izan behar dira.

5.2. Prestakuntza ekintza bakoitzerako ematen den dirulaguntzak gehieneko diru muga bat izanen du, deialdi honen III. eranskinean adierazitako kostua, hain zuzen. Zenbateko hori ateratzeko, eragiketa hau eginen da: partaide eta prestakuntza ordu bakoitzari dagokion berariazko modulu ekonomikoa aplikatzea 15 partaideri modalitate presentzialean eta modalitate hibridoan, eta 20 partaideri teleprestakuntzako modalitatean.

Prestakuntza ekintza presentziala edo mistoa izaten ahal denean, eta entitateak eskatzen badu modalitate mistoan ematea, teleprestakuntzako modulu ekonomikoa ezin da izan III. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoaren %75 baino handiagoa.

6.–Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

6.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren pertsona guztien gutxienez ehuneko 70 talde horretakoak izan beharko dira.

b) Lana duten pertsonak, kolektibo hauen barruan badaude:

–Zerbitzu ordainduak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dituztenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen badute.

–Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

–Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

–Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

Lana duten pertsonak prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren partaide guztien ehuneko 30 izanen dira gehienez.

Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente baten menpe dauden langileen kasuan, enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude, ez dira lanean dauden pertsonatzat hartuko TMS/368/2019 Aginduaren 18.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako, azaroaren 25eko TES/1109/2020 Aginduan ezarrita dagoen bezala.

Prestakuntzaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.

c) Administrazio publikoen zerbitzuko langileek ezin dute ekintza hauetan parte hartu.

6.2. Modalitate presentzialeko, modalitate hibridoko eta modalitate mistoko prestakuntza ekintzak 15 laguneko taldeei zuzenduta daude. Entitate onuradunek zilegi izanen dute 20 lagun bitarteko taldeak osatzea, horretarako inskribaturik badaude. 15. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 14.1.d) oinarrian ezarritako moduan.

Teleprestakuntza modalitateko prestakuntza ekintzak 20 laguneko taldeentzat dira. Entitate onuradunek parte-hartzaileen kopurua handitzen ahalko dute. 20. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 14.1.d) oinarrian ezarritako moduan.

Prestakuntza hartzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

6.3. Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

6.4. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, kontuan hartuta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak identifikatzen dituen beharrak eta berdintasun eta objektibotasun irizpideak. Horrez gain, bermatu beharko du parte-hartzaileek betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak, edo prestakuntza ekintza egiteko oinarrizko gaitasunen jabe direla.

Inskripzioa enplegu atariaren prestakuntza atalaren bidez eginen da (https://formacion.navarra.es/eu/), edo enplegu agentzietan, aurretik hitzordua eskatuta.

6.5. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak gainditzen duenean postu kopurua, entitate onuradunak hautaketa bat eginen du. Hautaketa horrek honako lehentasun-ordena eta irizpide hauei jarraituko die:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio-zerbitzuek, orientazio-zerbitzuak emateko entitate laguntzaileek edo oinarrizko gizarte-zerbitzuek lehentasunezkotzat jotzen dituztenak.

b) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean.

c) Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Dirusarrera jasotzen dutenak.

d) Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

e) Prestakuntza prozesua egin ondoren kontratatuak izateko konpromisoa frogatzen dutenak.

f) Ikastaro bakoitzean lehenetsiak izateko baldintza betetzen dutela frogatzen dutenak.

g) Irizpide horiek erabili ondoren eskatzaile batzuk berdinduta geldituz gero, talde hauei emanen zaie lehentasuna, ordena honetan: ABEEE batean sartuak dauden pertsonei, emakumeei eta kualifikazio apaleko pertsonei.

Entitateak hautaketa osatzen ahalko du elkarrizketak, mailaketa probak, hizkuntzen ezagutzakoak eta bestelakoak eginez, taldeko kideen artean antzeko maila dagoela ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.

Hautaketan, emakumeen kopurua eta gizonena bera izan daitezen ahaleginduko da.

Aukeratutako ikasleek aukeratuak izateko betekizunak mantendu beharko dituzte prestakuntza ekintzetan hasten diren egunean.

6.6. Prestakuntza entitateak zorrotz zehaztu beharko ditu hautaketa irizpideak. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak irizpide horien berri emanen du prestakuntza ekintzen zabalkunde fitxetan.

6.7. Hautaketa egin ondoren, prestakuntza entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari emanen dio emaitzen berri, eta, bereziki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek, orientazio-zerbitzuak emateko entitate laguntzaileek edo oinarrizko gizarte-zerbitzuek lehentasunezkotzat jotzen dituzten pertsonen berri, adieraziz nor onartu den eta nor ez, eta, kasu horretan, parte ez hartzeko edo ez hautatzeko arrazoia emanez.

6.8. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek kanporatzeko arrazoiak dira:

a) Hilabetean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egitea.

b) Prestakuntza ekintza probetxuz ez segitzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

6.9. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman ez eta parte hartu ere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

6.10. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

7.–Bekak eta laguntzak.

7.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko kontzesioko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskaerarekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

7.2. Bekak eta laguntzak:

a) Emakumeak bertaratzeko beka.

Honako lanbide-arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeei dagokie: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako lanbide-arlo horietako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskudunek edo harrera zentroko gizarte zerbitzuek emandako ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

d) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik zentrora joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraioa norberaren ibilgailua erabiliz eginez gero laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

e) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

f) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aztertu beharko du. Gehienez ere 33,33 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

g) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-subsidioa edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

7.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Modalitate hibridoko, mistoko edo teleprestakuntzako modalitateko prestakuntza ekintzak direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza ekintzetara agertu behar duten egunen kontura.

8.–Lanekoak ez diren praktikak.

8.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanekoak ez diren praktika profesionalak egiten ahalko dituzte, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 19. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

8.2. Praktika horiek Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak horretarako baimena ematen badu. Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.

8.3. Lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten langabeek 7. oinarrian ezartzen diren bekak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte. Langabetzat joko da praktika profesionalen hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan.

8.4. Lanekoak ez diren lanbide praktikak prestakuntza ekintza egin bitartean egiten ahalko dira, prestakuntza ekintzaren gutxienez %75 egin bada, edo ekintza bukatu ondoren, ebaluazio positiboarekin gainditu bada. Praktikak jarduera bukatu ondoren hasten badira, ez dira 30 egun naturaletik gora iraganen jarduera bukatzen denetik praktikak hasi bitarte. Praktiken iraupenari dagokionez, haiek sortzen dituen prestakuntza ekintzaren iraupenaren %20tik %100era bitartekoak izanen dira, eta ezin dira 40 ordutik beherakoak izan.

9.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

9.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

9.2. Eskatzen diren loteek bat etorri beharko dute III. eranskinean argitaratutakoekin. Baldintza hori betetzen ez dutenak baztertuko dira.

9.3. Entitate eskatzaileek eskaera bakarra aurkeztu beharko dute. Entitate batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan.

9.4. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko aitorpena.

c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

d) Adierazpena, eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla dioena, eta eskatutako agiriak aurkeztu direla dioena.

Eskaera sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

9.5. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskaera sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza ekintza guztien laburpena, memoria eta aurrekontua, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztuko dute.

d) 11.2 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea, hala badagokio.

e) Aurreko guztiaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

9.6. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10.–Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.

10.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 egun naturaleko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

10.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2021eko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.

11.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikoa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, gehienez ere 65 puntu lortu arte:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zer puntuazio lortu duen entitate eskatzaileak 2021ean amaitutako prestakuntza ekintzetan parte hartu duten pertsonei egindako inkestetan (ekintza horiek sartuta daude lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdietan, zeinak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsi baitzituen).

Inkesta horietan 3tik 4ra doan puntuazioa hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Entitate bat ez bazen eskatutako espezialitateari dagokion lanbide arloan 2021ean ematen zen ezein prestakuntza espezialitateren onuradun, urte horretan kontzeptu horrengatik lortutako batez besteko puntuazioaren %75 emanen zaio.

b) Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2021. urtea hartuko da aintzat). Portzentajea %50 eta %10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten 2021eko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, ez zaio punturik emanen.

c) Laneratze indizea.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Soilik baloratuko dira gutxienez prestakuntza ekintzaren iraupenaren %75ean parte hartu duten ikasleak (2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bukatutako prestakuntza ekintzetan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako eta abenduaren 17ko 4476/2020 Ebazpenaren bidez araututako dirulaguntzaren barnean).

Baloratu beharreko laneratze bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egongo da. Laneratze bakoitzak behin bakarrik jasoko du puntuazioa.

Kalkulua honela eginen da: pertsona landunen portzentajea %10 eta %60 bitartean dagoenean, 2-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Aurrekoaren ondorioetarako, laneratze garbitzat jotzen da kontratazio edo autoenplegu bidezko laneratzea eta bazkide-langile gisa sartzea kooperatiba batean, lan sozietate batean edo ekonomia sozialaren sektoreko beste forma juridiko batean, prestakuntza entitateak emandako prestakuntza ekintzaren lanbide arloarekin lotutako lanbideetan, prestakuntza ekintza hasten denetik amaitu eta hurrengo 6 hilabetean. Kontratua egiten bada, gutxienez hilabete batekoa izan behar da.

Prestakuntza espezialitatea prestakuntza osagarriko lanbide arlokoa bada, laneratze garbitzat joko da edozein lanbidetan egindako laneratzea, betiere gainerako baldintzak beteta.

Ez dira baloratuko entitateak aurkezturiko laburpen-memoria-aurrekontuan behar bezala jasota ez dauden pertsonen laneratzeak.

Entitate bat ez bada Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak 2021ean gauzatzeko onetsitako dirulaguntzen deialdiaren onuradun, eskaera guztietan kontzeptu horrengatik lortutako batez besteko puntuazioaren %75 emanen zaio.

d) Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo, bestela, honako esparru hauetakoren batean baduela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri, gutxienez, gauzatu dituela adierazten duen txostena: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena. 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

e) Eraginkortasuna dirulaguntzaren kudeaketan.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira.

Baloratuko da zenbateko eraginkortasunaz kudeatu den langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak, araututa daudenak abenduaren 17ko 4476/2020 Ebazpenean, 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean gauzatzeko dirulaguntza, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman zuena.

Emandako dirulaguntzaren %90 gutxienez gauzatu duten entitateei 5 puntu emanen zaizkie. Uko partzialen kasuan, dagokion deialdian ezarritako epean egin badira, gauzapena kalkulatzeko, uko egitearen ondoriozko dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat.

Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

f) Kontratatzeko konpromisoa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Prestakuntza ekintzak iraun duen denboraren %75era edo gehiagora joan diren ikasleak kontratatzeko konpromisoa baloratuko da.

Baloratu beharreko kontratatzeko konpromiso bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egongo da. Kontratatzeko konpromiso bakoitzak behin bakarrik jasoko du puntuazioa.

Kalkulua honela eginen da:

–Lanaldi osoko eta epe mugagabeko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 5 puntu.

–Lanaldi osoko eta gutxienez hiru hilabeteko kontrataziorako konpromiso bakoitzeko, edo lanaldi partzialean baliokidea den denboraz, gutxienez eguneko %50eko lanaldia izanik, prestakuntzako ekintzari dagokion lanbide arloarekin lotutako lanetan: 2,5 puntu.

11.3. Honako zigor hauek ezarriko dira baldin eta gauzatu ez bada Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean egiteko emandako dirulaguntza (abenduaren 17ko 4476/2020 Ebazpenean araututa daude ekintzak):

–Onartutako prestakuntza orduen %10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago zigorrik.

–Onartutako prestakuntza orduen %10etik gorako ez-gauzatzeak: 0-10 tarteari dagokion puntuazioa kenduko da, proportzioan.

Kalkulua honela eginen da: gauzatutako prestakuntza orduak onartutako prestakuntza orduekin zatituko dira.

Prestakuntza ekintza bakoitzaren iraupen-orduak hartuko dira prestakuntza ordutzat.

11.4. Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko 2021eko deialdian (Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzailearen abenduaren 17ko 4476/2020 Ebazpena) onartu ziren prestakuntza ekintzak gauzatzeko orduan ez-betetzeren bat gertatu bada, kontuan hartuko dira eskaera bakoitzaren azken balorazioa zehazteari begira, ebazpen honen II. eranskinean adierazi bezala.

11.5. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako agirietan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

12.–Adjudikaziorako irizpideak.

12.1. Dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartze aldera, 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

Lote bakoitza osatzen duten prestakuntza ekintzak independenteak dira baloraziorako. Dirulaguntza emateko, lotearen azken puntuazioa prestakuntza ekintza bakoitzak modu isolatuan lortutako balorazioaren batez besteko puntuazioa izanen da.

Esleipena honela eginen da:

–Lehenik, entitate bakar batek eskatutako prestakuntza ekintzen loteak esleituko dira.

Prestakuntza ekintzen lote hauek ez dira kontatuko gainerako prestakuntza ekintzak esleitzeari begira.

–Ondoren, prestakuntza ekintzen loteak esleituko dira, III. eranskinean ageri diren hurrenkeran.

Lote bakoitzaren onuradun izanen da puntuaziorik handiena eta lote kopuru txikiena esleitua daukan entitate eskatzailea. Esleitutako lote kopurua berdina bada, lehentasun ordenaren arabera esleituko dira.

Onuradunak izanen dira soilik eskatutako lotean balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortu dutenak.

Gelditzen den dirulaguntza aski ez bada esleitutako erreserbako lote osoei erantzuteko, lote horietako prestakuntza ekintzak banaka hartzen ahalko dira, baina, betiere, III. eranskinean agertzen diren ordenari segituz.

12.2. Puntuazioan berdinketarik bada, ondoko irizpideak aplikatuko dira hori hausteko, lehentasun hurrenkera honen arabera:

–Puntuaziorik handiena "Laneratze garbiaren indizea" izeneko balorazio irizpidean.

–Puntuaziorik handiena "Kontratatzeko konpromisoa" izeneko balorazio irizpidean.

–Eskaera erregistroan lehenago sartu zena.

12.3. 20.5 oinarrian ezarritakoari jarraikiz, kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo uko egiteagatik askatzen den diruarekin dirulaguntza gehiago ematen ahalko dira III. eranskinean erreserba gisa agertzen diren loteak gauzatzeko. Erreserbako lote guztiei erantzuten bazaie, zilegi izanen da ukatutako loteak edo prestakuntza ekintzak onartu eta sartzea esleipenean.

13.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

13.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

13.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

13.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du, non, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko baita zerrenda batean.

13.5. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

13.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

14.–Entitate onuradunen betebeharrak.

14.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen gaineko informazioa ematea: prestakuntzaren hedadura; eskubideak eta betebeharrak; eta, halakorik bada, aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetan jasotako edozein jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren ordutegiaren barruan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean dago bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorriak edozein garraiobidetan izaten ahal dira). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek sortzen badira ikastaroan, irteeretan, bisitetan eta in itinere joan-etorrietan gertatutako istripu baten ondorioz.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Entitate onuradunak emanen dio parte-hartzaile bakoitzari ebaluazio positiboarekin gainditutako prestakuntzaren diploma. Agiri hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen du, IRIS aplikazioaren bidez.

g) Prozeduraren instrukzio fasean behar den informazioa eta dokumentazioa aurkeztea; prestakuntza ekintzak gauzatzea eta dirulaguntza justifikatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita; eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, bai eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak ere, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

h) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako kopuruen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori bide exekutibora jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketa bidezko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu diren, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

j) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

k) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

l) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

m) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, beteko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, enplegurako lanbide prestakuntzaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

14.2. Gardentasun betebeharrak:

14.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

14.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

14.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat dago eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar egun naturaleko epean, horren bidez frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14.3. Kontratatzeko konpromisoa betetzeko betebeharra:

14.3.1. Entitate onuradunek justifikatu beharko dute kontratazio konpromisoa bete dela, "Agirien taula. Langabeak" agirian zehazten den moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.navarra.es), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

14.3.2. Baldintza hauen arabera gauzatuko da kontratazio konpromisoa:

a) Kontratazioak eginen dira kasuan kasuko prestakuntza ekintzari dagokion lanbide arloko lanetan.

b) Kontratazio bakoitza prestakuntza ekintza bakar bati lotuta egonen da, eta behin bakarrik zenbatuko da.

c) Kontratazioa egiteko, epe bat izanen da, prestakuntza ekintzaren lehen egunean hasten dena eta ekintza bukatu eta 6 hilabetera bukatzen dena. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak epe hori luzatzeko baimena ematen ahal du, bukatu aurretik, entitate onuradunak eskaera arrazoitua egin ondoren.

d) Lan kontratuak lan arloko araudiarekin bat etorriko dira eta, ahal bada, mugagabeak izanen dira. Nolanahi ere, gutxienez hiru hilabeteko kontratuak izanen dira, lanaldi osokoak, edo horien baliokideak lanaldi partzialean, eguneko lanaldia %50ekoa dela, gutxienez ere.

e) Kontratazio konpromisoa betetzeko, honako hauek hartuko dira kontratazio mugagabetzat:

–Ikasleak kooperatiba bateko, lan-sozietate bateko edo gizarte-ekonomiako beste edozein forma juridikotako bazkide langile gisa sartzea, hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.

–Langile autonomoen araubide berezian alta emanda dauden eta dagozkien kuotak gutxienez 12 hilabetez ordaindu dituztenak.

–Aldizkako kontratu finkoa duena kontratatzea.

f) Kontratatzeko konpromisoa betetzeari dagokionez, hiru hilabeteko edo epe handiagoko kontrataziotzat hartuko dira langile autonomoen araubide berezian alta emanda dauden eta dagozkien kuotak gutxienez 3 hilabetez ordaindu dituzten pertsonak.

g) Ikasleek kontratazioari uko egiteak ez du justifikatuko hartutako kontratazio konpromisoa ez betetzea, salbu eta kontratatzeko beste ikaslerik ez dagoenean.

h) Kontratu horiek Gizarte Segurantzaren kotizaziorako pizgarri edo onurez baliatzen ahalko dira, edo kasuan kasuko kontratuagatik legozkiokeen bestelako laguntzez, horrelako pizgarri edo onurak arautzen dituen araudiaren arabera.

15.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

15.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17. artikuluan araututakoa beteko da.

15.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

15.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta bidaltzen bada ikastaroaren iraupenaren %25 gainditzen den eskola egunera arte, egun hori barne.

15.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, baldin eta prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

15.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, "Agirien taula. Langabeak" agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

15.6. Entitateak 2023ko irailaren 30a baino lehen uko egiten badio onartutako prestakuntza orduak gauzatzeari, eta hurrengo deialdietan kontuan hartzen bada onartutako prestakuntza orduak ez direla bete, ukoaren ondoriozko prestakuntza orduak hartuko dira erreferentziatzat.

16.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarrei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

17.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

17.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen modalitatean eginen da.

17.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

17.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza ekintzaren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, prestakuntza ekintzaren hasiera egiaztatu ondoren.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

17.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, kalitatearen ebaluazioaren emaitzak jasoko ditu, 18.1 oinarrian ezarri bezala.

2. Justifikazio-memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

17.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da gehienez, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak berekin ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 20. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

17.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

17.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, 3 hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

17.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen nahiz modalitate hibridoaren kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada, digitalizazio-orduak barne daudela. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen %75 eginez gero gutxienez, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

17.9. Justifikazioaren ondorioetarako, ekintza presentzialetan nahiz modalitate hibridoan, ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela baldin eta ekintza bertan behera utzi behar izan badute lana, beka bat edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, pertsona horiek egina izan beharko dute, gutxienez, beren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian aldiko kontrolen %25, edozein dela ere konektatuta egon diren ordu kopurua.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

17.10. Prestakuntza ekintza presentzialetan eta modalitate hibridoan egiten diren ekintzetan, aurreko apartatuan ezarritakoez bestelako arrazoiengatik ekintzak bertan behera uzten badira prestakuntza orduen %25 eman ondoren, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %15era arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25aren ondoren utzi beharko dira bertan behera.

Ekintza presentzialetan eta modalitate hibridoan, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko epearen barnean egun batean parte hartu duten pertsona guztiek. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko epearen barnean prestakuntza plataforman sartu diren pertsona guztiek.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

18.–Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

18.1. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, "Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta" erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko.

18.2. Entitateak bilduko ditu, 17.4.1 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak.

18.3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela.

–Irakasleei ordaintzea.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

19.–Azpikontratazioa.

19.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza ekintza egiteko egin behar dituen bestelako gastuak.

19.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntzaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

20.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

20.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

20.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Ez-betetzea prestakuntza ekintzetan: ez-betetzea erabatekotzat hartuko da baldin eta prestakuntza jardueraren ehuneko 25 betetzera iristen ez bada (honela neurtua: ordu kopurua bider ekintza bukatzen duten pertsonen kopurua). Horrek dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du. Prestakuntza partez gauzatzen bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, gauzatu gabeko zatiari dagokiona kenduta, baldin eta prestakuntzaren ehuneko 25 baino gehiago gauzatu bada.

b) Eskaeran jasotako kontrataziorako konpromisoa, dirulaguntza emateko baloratu dena, betetzen ez bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, edo, behar denean, jada likidatutako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Murriztu edo itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, kalkulatuko da kontrataziorako konpromisoaren atalean lortutako puntuetan gauzatu ez direnak, eta zer eragin izan zuten puntu horiek entitatearen azken balorazioan. Portzentaje hori aplikatuko da likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzan.

20.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

20.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.

20.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

21.–Datuen babesa.

21.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

21.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

22.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretuaren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzako sistema arautzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen. Era berean, aplikatzekoak izanen dira Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa eta Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea.

23.–Dirulaguntzen publikotasuna.

23.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

23.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

24.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubidea

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan:

1.–Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %40ra artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: ehuneko 1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %15eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %20eko penalizazioa.

2.–Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, denak batera, ezin dira sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren penalizazioaren %30etik gorakoak.

3.–Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan aurreikusitako penalizazioa %50 murriztuko da.

4.–Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskaerarik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Prestakuntza jardueraren egun aldaketak, ordutegiak, emateko lekuak, irakasleak eta tutoreak ez jakinaraztea.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan ez egotea haien sinadurarik (PNL--4), edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik (PNL-4).
  • Praktiketatik salbuestea zilegi ez izatea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5.–Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Irakasleei ez ordaintzea 4. oinarrian zehaztutakoarekin bat.

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleari "gai" kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen ehuneko 75era ez bertaratu.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

6.–Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gordailura bidalitakoak.

–Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den asistentzia-kopuruarekin (PNL-5).

III. ERANSKINA

III. eranskina.–Prestakuntza ekintzak.

Deskargatu III. eranskina (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2217169