16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

607/2022 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Horren bidez prozedura ezartzen da Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoan hezkuntza itunak aldatzeko 2023-2024 ikasturterako.

Apirilaren 13ko 139/2021 Ebazpenaren bidez (119. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 21ekoa), Lehen Hezkuntzarako hezkuntza itunak onetsi ziren, sei urterako. Gero, uztailaren 21eko 274/2021 Ebazpenaren bidez (188. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 12koa), irailaren 16ko 341/2021 Ebazpenaren bidez (242. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 19koa) eta urriaren 13ko 369/2021 Ebazpenaren bidez (248. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa) itun horiek aldatu edo zabaldu ziren 2021-2022 ikasturterako.

Apirilaren 13ko 149/2022 Ebazpenaren bidez (95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 17koa), Lehen Hezkuntzarako hezkuntza itunak aldatu ziren 2022-2023 ikasturterako. Gero, irailaren 30eko 431/2022 Ebazpenaren bidez (213. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 149/2022 Ebazpena aldatu zen. Ebazpen horren bidez, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako hezkuntza itunak aldatzea onetsi zen, 2022-2023 ikasturterako.

Apirilaren 13ko 150/2022 Ebazpenaren bidez (96. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 18koa), Haur Hezkuntzako 2. ziklorako eta Batxilergorako hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako. Gero, ekainaren 6ko 258/2022 Ebazpenaren bidez, apirilaren 13ko 150/2022 Ebazpenaren I. eranskinean atzemandako akats bat zuzendu zen (124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 23koa), eta irailaren 30eko 432/2022 Ebazpenaren bidez (213. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Batxilergoan itundutako unitate kopurua handitu zen.

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela unitate kopurua aldatzea hezkuntza ituna Hezkuntza Departamentuarekin sinatua duten ikastetxeetan, hezkuntzarako eskubideari berme egokia eman ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da indarrean dauden itunak aldatzea ahalbidetuko duten irizpideak ezartzea eta prozedura zehaztea, alde batera utzita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari, Oinarrizko, Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloei eta Hezkuntza Bereziko unitateei dagozkienak, aurten berrituko baitira beren itunak.

Horrenbestez, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan ahalmenekin,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura onestea, behean adierazitako oinarriekin bat, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoan hezkuntza itunak aldatzeko 2023-2024 ikasturterako

OINARRIAK

1.–Eskaerak aurkeztea.

Bat etorriz Hezkuntzarako Eskubideari buruzko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin, ikastetxe pribatuek Hezkuntza Departamentuan eskaera bat aurkezten ahalko dute sinatuak dituzten hezkuntza itunak aldatzeko edo berriak sinatzeko Haur Hezkuntzako 2. ziklorako, Lehen Hezkuntzarako eta Batxilergorako. Horretarako epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Ikastetxeen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatu beharko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.

2.–Hezkuntza itunak aldatzea eta berriak sinatzea.

2.1. Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak prozedura ofizioz abiatuta, hezkuntza itunak aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.

2.2. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen 1. oinarrian esandako epeetan, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

a) 2023-2024 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

c) Titularraren aitorpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela ituna onesteko bete beharreko baldintzak betetzen, bai eta itunean eragina izan dezaketen aldaketak ere.

2.3. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan dezaten eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.

2.4. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. Otsailaren 5eko 35/2021 Ebazpenean (37. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 17koa) eta abenduaren 28ko 489/2021 Ebazpenean (19. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 27koa) finkaturiko ratioak bete beharko dira. Izan ere, ebazpen horietan ezartzen dira, hurrenez hurren, unitate itundu bakoitzeko ikasleen gutxieneko batezbestekoa Lehen Hezkuntzarako, eta unitate itundu bakoitzeko ikasleen gutxieneko batezbestekoa Haur Hezkuntzako 2. ziklorako eta Batxilergorako, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatu bezala.

2.5. Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako eta Lehen Hezkuntzarako, oro har, errespetatu beharko da otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen den ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle kopurua. Errege dekretu horren bidez ezarri ziren Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak. Batxilergorako, ikasleen gehieneko kopurua errespetatuko da, ikasleak onartzeko prozesua garatuko duen indarreko araudiaren arabera.

3.–Unitate iragankorren hezkuntza itunak.

3.1. Unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi baterako baimenarekin duten ikastetxeek zilegi izanen dute sinaturik duten ituna mantentzeko eskatzea.

3.2. Itunak mantentzeko eskaerak Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura zuzenduko dira, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeetan.

4.–Itunak aldatzeko eta berriak sinatzeko prozedura.

4.1. Itunak aldatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak, ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.

4.2. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaeren eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.

4.3. Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta 10 egun naturaleko epea finkatuko du beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

4.4. Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatzeko eskaeren gainean.

4.5. Horrekin batera, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, kontuan harturik, alde batetik, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak, eta bestetik, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak egiten dituzten txostenak eta balorazioak, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, espedientea erakutsiko die interesdunei eta 10 egun naturaleko epea finkatuko du eskubidez bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

5.–Itunak aldatzeko edo itun berriak sinatzeko ebazpena.

Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak egiten duen proposamena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari igorriko zaio, kontuan harturik ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatzearen gainean ebatziko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

Hezkuntza itunak aldatzeko eta itun berriak sinatzeko ebazpena eginen da kontuan harturik ebazpen honetan aipatzen diren hezkuntza-mailetan 2023-2024 ikasturterako dagoen eskolatze aurreikuspena, eta formalizatu aurretik egokituko dira, aldi arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren.

6.–Formalizazioa.

Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza hori agiri bidez frogatu beharko du.

2. Agintzea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari.

Iruñean, 2022ko abenduaren 29an.–Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria, Eneko Ardaiz Ganuza (108/2019 Foru Agindua, azaroaren 26koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak izendatzen dituena).

Iragarkiaren kodea: F2300011