16. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 21ean hartua, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, Noain Elortzibarko udal mugartean. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

I.–Aldaketaren aurrekariak, xedea eta justifikazioa.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko maiatzaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, aipatutako aldaketa-espedientea tramitatzen hasi zen (2022ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 17koa).

Aldaketa honen xedea da berriz tramitatzea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. fasearen antolamendua, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2021eko abenduaren 23ko 421/2021 Epaiaren bidez baliogabetu ondoren. Horrek bi ondorio ditu:

–Alde batetik, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideei kasu egitea; zehazki, zortasun aeronautikoak Iruñeko Garraioaren Hiria (3. eta 4. faseak) handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren antolamenduari gehitu behar zaizkio.

–Bestetik, Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasearen hirigintza antolamendua osorik aldatzea planteatzen da (38 hektareatik goiti), honetarako:

a) Jarduera logistikoak eta ekipamendu eta azpiegituretarako jarduerak ezarri ahal izatea lurzati handietan (> 25.000 m²). Lehenengo aukerabideari dagokionez, sektore horren dinamika erabiltzen da justifikazio gisa; izan ere, azken milian banatzeko edo entregatzeko zentro logistikoez gain, hiriguneetatik kanpo eta ongi komunikatuak dauden plataforma logistiko handiak eskatzen ditu. Bestalde, "ekipamendu" eta "azpiegituretarako" lurzati handien justifikazioa da eskualde osorako zuzkidura eta azpiegituretarako tokia behar dela, besteak beste, Iruñerriko Mankomunitateak proiektatzen duen Iruñerriko Ingurumen Zentroa; izan ere, horrelako azpiegiturek arazoak izaten dituzte beste leku batzuetan ezartzeko, behar duten eremua dela-eta.

b) Intermodalitatea kentzea. Zehazki, eremu intermodala eta hari lotutako eremu logistiko intermodala. Justifikazio gisa, intermodalitatea Iruña aldean txertatzeari buruz egindako azterlan bat erabili da, zeinak zalantzan jartzen baitu Iruñeko Garraioaren Hirian nodo bat egiteko beharra, kontuan hartuta zer distantzia dagoen Noaingo zentro logistikora, haren potentziala, Nafarroako enpresek zerbitzu hori zer neurritan eskatzen duten eta Iruñeko Garraioaren Hirian aurreikusitakoaren muga operatibo eta teknikoak.

c) Komunitate-ekipamendurako tokiko sistema izateko aurreikusitako espazioa kentzea. Izan ere, proiektatutako lurzati handiaren tipologia berriak ez du horrelako erabilerarik eskatzen, eta Iruñeko Garraioaren Hiriaren beste fase batzuetan badaude horretara bideratutako lurzoru hutsak.

II.–Jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko tramitea.

Jendaurrean egoteko eta entzunaldia emateko tramiteak betetzeko, espedientea 45 egun baliodunez egon da aztergai, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, eta jendaurrean jarri da, orobat, ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren prozeduraren ondorioetarako, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin.

Tramite horietarako epearen barruan, Sebastián Marco Zaratiegui jaunak Noaingo Udalaren (Elortzibar) izenean aurkeztutako alegazio idazki bat erregistratu da.

Idazki horrek lau alegazio biltzen ditu, jarraian azaldu eta erantzuten direnak:

  • 1. alegazioa.–Arrazoiei dagokienez.

Laburpena:

Alegazio-egilearen ustez, UGPSaren xedea hondakinak tratatzeko instalazio bat ezartzea da. Haren ustez, ezarpen hori aukera gisa planteatzen da, eta ez erabaki ziur gisa, eta zalantzan jartzen du ezarpena eskualdeko ekipamendu- eta azpiegitura-erabileretarako lurzati berrien beharren balorazio edo azterlan baten ondorioz etortzea; aitzitik, Iruñerriko Mankomunitateak lurzati hori erosteko konpromisoari buruzko akordioari erantzuten dio. Haren iritziz, lurzatiaren xedea eta aldaketaren arrazoia "modu lausoan eta nahasian" azaltzeak berekin dakar modu paraleloan Udalez gaindiko Proiektu Sektorial bat tramitatzea lurzati horretarako, erabilera hori zehazten duena –UGPSan ustez irekita uzten den arren–, garapenerako beharrezkoak diren beste determinazio batzuekin batera, UGPSan jaso beharrean, prozedura normal eta garden batean logikoa eta ohikoa izanen litzatekeen bezala.

Uste du horrek berekin dakarrela kasurik ez egitea UGPSaren aldaketa –onespen berri honekin berriz tramitatzen dena– baliogabetzat jotzen duen epai judizialari, eta akats berberetan erortzea berriz.

Azpimarratzen du asmo bakarra dela estaldura ematea egindako salerosketari, hau da, interes partikular bati, eta ondorioztatzen du, horrela, arbitrariotasunean erortzen dela eta hori ez dagokiola hirigintza-plangintzari.

Gaineratzen duenez, UGPSaren aldaketarekin aurkeztutako beste agiri batzuetan (genero-eraginari buruzko txostena, ingurumen agiri estrategikoa eta sortuko den mugikortasunaren azterketa) kontuan hartu beharko litzateke ezarriko den ekipamendu zehatza (hondakinak tratatzeko instalazio bat), eta, beraz, haren baliogabetasuna kontuan hartu beharko litzateke.

Era berean, adierazten du ez dakiela zer ibilbide edo irismen izan duten udalak aurretiko ingurumen agiri estrategikoari egin zizkion iradokizunek.

Bukatzeko, adierazten du dokumentuaren arrazoiak ez datozela bat errealitatearekin, eta, beraz, edukia ezin dela egiazkotzat eta baliozkotzat hartu.

Erantzuna:

Aldaketak xede bat baino gehiago ditu. Nafarroako Gobernuaren 2022ko maiatzaren 25eko Erabakiak jasotzen duen bezala, aldaketa honen xedea bikoitza da: batetik, zortasun aeronautikoak txertatzea antolamenduan, eta bestetik, Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasean indarrean dagoen hirigintza-antolamendua osorik aldatzea, lurzati handietan jarduera logistikoak eta ekipamendu eta azpiegituretarako jarduerak ezarri ahal izateko, intermodalitatea kentzeko eta komunitate-ekipamendurako tokiko sistema izateko aurreikusitako espazioa kentzeko.

Bestalde, honako hau da helburu horien justifikazioa: kasu egitea Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren ohartarazpenei; sektorearen dinamikara egokitzea, zeinak azken milian banatzeko edo entregatzeko zentro logistikoez gain, hiriguneetatik kanpo eta ongi komunikatuak dauden plataforma logistiko handiak eskatzen baititu; eskualderako zuzkidura eta azpiegiturak jartzeko lekua eskaintzea (konparazio batera, Iruñerriko Mankomunitateak proiektatua daukan Iruñerriko Eskualdeko Ingurumen Zentroa), behar duten azalera dela-eta zailtasunak izaten baitituzte beste kokaleku batzuetan ezartzeko; intermodalitatea Iruñerrian txertatzeari buruzko azterlanera egokitzea, non zalantzan jartzen baita nodo intermodal bat egikaritzea Iruñeko Garraioaren Hirian; komunitate-ekipamendurako lurzoruaren aurreikuspenak egokitzea Iruñeko Garraioaren Hiriaren egungo eta aurreikusitako eskarira.

Hau da, proposatutako antolamenduak baditu beste eginkizun batzuk ere, Iruñerriko Ingurumen Zentroari lekua egiteaz gainera, baina agirian ez da ezkutatzen ezen, beharrezko baimenak lortuz gero, zentro hori ekipamendu- eta azpiegitura-erabilerarako lurzatian edo eremuan ezar litekeenik.

Aurrekoa esanda, adierazi behar da eremuan planteatzen den hirigintza-eraldaketari –besteak beste, lurzoruaren erabilerari dagokiona– ekiteko tresnak ezartzen dituen hirigintza-antolamenduko determinazioak egokitzen direla hirigintza-teknikara.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean, hirigintza-erabilera globalak eta xehatuak bereizten dira. Erabilera globala da hirigintza-eremu edo -sektore bati nagusiki esleitzen zaiona, erabilera xehatuetan garatu daitekeena. Bestalde, erabilera xehatuak dira lurzoruaren erabileren gaineko araubidea finkatzeko arautzen direnak, edo lursail bati aplikatu beharreko erabilera-araubide zehatza arautzen dutenak. Hirigintza-erabileretan ez dira, inola ere, jarduketa edo jarduera zehatzak aipatzen, eta ez du esan nahi erabilera horietarako eraikuntza-jarduketei hirigintza-baimena emanen zaienik.

Aurrekoa gorabehera, hirigintza-eraldaketako jarduketetan sartutako lurzoru batzuentzat ez da hirigintza-erabilerarik edo erabilera-araurik ezartzen. Egoera hori hirigintza-legeriaren eskakizunetatik etor daiteke (hirigintza-estandarrak), edo sektoreko legeriaren eskakizunetatik (indarrean dagoen legerian edo plangintza sektorialean aurreikusitako azpiegituretarako erreserbak). Lursail bat, biztanleria osoaren zerbitzu egokiak bermatzeko asmoz eta legeak hala eskatuta, urbanizatu behar denean edo azpiegitura, zuzkidura edo zerbitzu jakin batek okupatuko duela aurreikusten denean, ez da bidezkoa haien erabilerak arautzea.

Aurrekoa kontuan hartuta, aztergai dugun tresnak ekipamendu eta azpiegituretarako erabilera ezartzen du Iruñerriko Ingurumen Zentroa kokatu litekeen lursailerako. Zentro hori ez da beharrezkoa industrialdearen funtzionamendurako edo urbanizaziorako, eta haren kokapen zehatza ez dago aurreikusia indarrean dagoen legerian edo plangintza sektorialean.

Laburbilduz, aztertzen ari garen aldaketa, hirigintza-teknikaren ikuspegitik eta lurralde- edo hirigintza-antolamendurako beste edozein tresna bezala, bere eremuaren barruko lurrak eraldatzeko hirigintza-antolamenduko determinazioak ezartzera mugatzen da, eta ez du baimenik ematen jarduera zehatzak ezartzeko. Eremu horren urbanizazioa onetsi eta egikaritu ondoren (kasu batzuetan aldi berean), eremuaren barruko lurzatietan eraikuntza-obrak egitekotan edo jarduerak ezartzekotan, behar diren lizentziak edo baimenak eskuratu beharko dira.

Testuinguru horretan, aldaketak edo hari erantsitako azterlanek eta txostenek ezin dute aintzat hartu jarduera zehatzak modu partikularrean ezartzea; izan ere, adierazi den bezala, plangintzaren xedearen barruan ez dago jarduera zehatzak baimentzea, baizik eta lurzoruaren erabileren zerrenda eta horien araubidea ezartzea.

Alegazioan aipatzen den Iruñerriko Ingurumen Zentroa ezartzeko, kontuan harturik eskualde mailako ingurumen kudeaketako azpiegitura bat dela edo Nafarroako Gobernuaren hondakinei buruzko politika sektoriala gauzatzeko neurri bat dela, bereziki 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Plana gauzatzekoa, eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean aurreikusitako helburuak betetzea ahalbidetuko duenez, udalez gaindiko proiektu sektorial bat tramitatzen ari da aztergai dugun tresnak edo aldaketak ekipamendu eta azpiegituretarako erabilera ezartzen duen lurzati edo eremurako. Beste antolamendu-tresna bat denez, arestian adierazi den bezala, zentroa ezartzeko nahitaezko hirigintza-lizentziak edo -baimenak eskuratu beharko dira.

Azkenik, ingurumen agiri estrategikoaren gaineko iradokizunei buruz alegatutakoari emandako erantzunari dagokionez, ingurumen ondorioen adierazpenera jo behar da.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezetsi da.

  • 2. alegazioa.–Parte hartzeko prozesuari dagokionez.

Laburpena:

Alegazio-egileak zalantzan jarri du egindako parte-hartze prozesua, bere ustez tramitazio berri baten gisara planteatu delako eta ez dagoelako aukerarik funtsezko gaiei buruzko aldaketarik egiteko. Bere iritziz, ez da parte-hartze eraginkorrik egon, ezta alternatiben azterketarik ere.

Parte-hartzea nola gauzatu den ere kritikatzen du, online eta zoom bidezko saioetara eta posta elektronikoaren bidezko ekarpenetara mugatu baita, une horretan pandemiak jadanik jende kopuru kontrolatuekin bestelako bilerak egiteko aukera ematen bazuen ere.

Adierazi duenez, parte-hartze eraginkorrik ez dela izan erakusteko froga bat da honako hau hartu dutela "kontuan hartzeko moduko ekarpen" gisa: norbaitek adierazi izana, bere iritziz, lurzati handien aurreikuspena zuzena dela; "hori guztia tramite hutsa baino zerbait gehiago egin delako sentsazio faltsua emateko; eta hori ez zaigu egokia iruditzen".

Kritikatzen du dokumentuak ez duela ezer esaten intermodalitatea desagertzeak Iruñeko Garraioaren Hiri osoan duen eraginari buruz, eta ez zaiela zuzenean jakinarazi ezarrita dauden enpresei, zeinek orain beteko ez diren zerbitzu eta baldintzak aurreikusten baitzituzten.

Erantzuna:

Espedientean jasota dago Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuaren txosten bat, 2022ko irailaren 26koa, aldaketaren aldekoa eta parte hartzeko plana baliozkotzen duena.

Txosten horretan ondorioztatzen denez, parte hartzeko planak legezko gutxieneko edukiak betetzen ditu, eta egiaztatu da plana aplikatu bitartean bete dela herritar guztiek lurralde antolamenduko tresnak edo hirigintza antolatzeko eta egikaritzeko tresnak prestatzeko eta onesteko prozeduretan modu eraginkorrean parte hartzeko duten eskubidea, alegazioak, oharrak, proposamenak, erreklamazioak eta kexak eginez, bai eta erantzun arrazoitua jasotzeko eskubidea ere, administrazio horren araubide juridikoa eta kasuan kasuko prozedura arautzen dituen legeriaren arabera (7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5.e artikulua aplikatuz).

Hala ere, herritar guztiek lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnen prestaketan parte hartzeko duten eskubidea eraginkorragoa izan dadin, honako hobekuntza-ohar hauek egiten dira parte-hartze plana baliozkotzen duen txosten horretan:

–Epea: 20 eguneko epea laburregitzat jotzen da prozesuaren publizitate eraginkorra lortzeko, eta, beraz, parte hartzeko epea hilabetekoa izatea gomendatzen da, hots, legedian (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina) UGPS baten determinazioen aldaketak jendaurrean jartzeko tramiterako aurreikusita dagoen epearen antzekoa.

–Saio presentzialak: Gomendatzen da parte-hartze prozesuetan saio presentzialen bat sartzea, online saioez gainera, baliabide elektronikoetara sartzeko aukera gutxien duten pertsonen aukera-berdintasuna bermatzeko. Kasu honetan, pandemia-egoeragatik justifikatu zen, baina adierazi behar da Nafarroako Gobernuak COVID-19ari loturiko murrizketa guztiak baliogabetu zituela 2021eko irailean (zenbait eremutan musukoa erabiltzea izan ezik).

Hobekuntza horiek, berez, ezin dituzte baliogabetu alegatutako parte-hartze planaren edukia eta eraginkortasuna.

Gainera, parte hartzeko prozesuaren eraginkortasunari dagokionez, gogorarazi behar da prozesu horretan jasotako iradokizun batzuk erantsi zaizkiola tramitatzeko aurkeztutako dokumentuari, hots: bide perimetralaren egoera berrikusteko proposamenari buruzkoa eta trenbide-zortasunarekin eta errepide berriekin bat etortzeko moduari buruzkoa, baita lurzati handietako eskariaren aurreikuspenari buruzkoa ere. Prozesu horretan, orobat, funtsezko gaiak planteatu ahal izan ziren, eta, hala, zenbait ekarpen eta iradokizun jaso ziren, besteak beste, eremu intermodala mantentzeari buruz edo 4. fasean ekipamendu-erabilera kentzeari buruz. Ekarpen horiek ez dira aintzat hartu, horretarako arrazoiak emanez (edozein parte-hartze prozesutan aginduzkoa den bezala).

Azkenik, enpresa interesdunei egin beharreko jakinarazpenari eta haien negozio-aurreikuspenei dagokienez, gogorarazi behar da espedientea jendaurrean jarri dela eta entzunaldia egin dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean dagokion iragarkia argitaratuz (tramite horiek nahitaezkoak dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren arabera), eta, edozein lurralde- edo hirigintza-planeamenduk bezala, espedienteak lurraldearen eta lurzoruaren erabilera antolatzen eta definitzen duela, interes orokorrean justifikatuta.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezetsi da.

  • 3. alegazioa.–Jabetzaren egiturari eta eremuaren gaineko informazioari dagokienez.

Laburpena:

Alegazio-egilearen iritziz, birpartzelazioa deuseza da, eta, beraz, lurzatiak birpartzelazioa onetsi aurreko egoera juridikora itzuli behar dira, ulertu behar baita ez dela esparru juridikoan sortu.

Erantzuna:

Alegatutakoa kudeaketa-tresnari dagokio, eta tramitatzen ari den Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketarekin zerikusirik ez duen gai bat da.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

  • 4. alegazioa.–Trenbide-azpiegiturari dagokionez.

Laburpena:

Alegazio-egilearen ustez, proiektua osatu gabe dago, eta ezin da egokitzat jo, trenbide-adarra ez dagoelako behar bezala definituta, eta zeharkako eta luzetarako profilak eduki behar ditu, behar diren egiturak zehaztuta (hormak, ezpondak, etab.). Informazio hori beharrezkotzat jotzen du jabari publikoko eremuaren zabalera, babes eremua eta eraikinaren muga kalkulatzeko, eta, haren ustez, jatorritik finkatu beharreko kontua da hori.

Erantzuna:

Trenbideen arloko legeria sektorialaren arabera, eta espedientean dagoen Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiaren txostenak adierazten duen bezala (txosten horrek ondorioztatzen du ez dagoela eragozpenik egin nahi den UGPSaren aldaketa tramitatzen jarraitzeko), hirigintza-plangintzako tresna berriek, baldin eta beren eremuaren barruan baldin badago Interes Orokorreko Trenbide Sarearen parte den linearen bat edo jadanik informazio azterlan bat onetsita edo jendaurrean jartzeko fasean daukan trenbide linea planifikatu bat, honako hau egin behar dute:

–Estatuaren titulartasuneko trenbide-sistema orokor gisa kalifikatzea (edo balio bereko sailkapena ematea) interes orokorreko tren-azpiegiturek eta trenbide-zerbitzuko eremuek okupatutako lurrak, bai eta xede horretarako okupatu behar direnak ere, behin betiko onetsita dauden edo jendaurreko informaziorako tramitean dauden informazio azterlanen arabera. Hirigintza-plangintzan ez da ADIFi (Trenbide Azpiegituren Administratzailea) esleitutako eskumenak baliatzea galarazten edo eragozten duen inolako determinaziorik sartuko.

–Estatuaren eskumeneko trenbide-lineetan jabari publikoko eremu bat, babes eremu bat eta eraikitzeko muga-lerro bat ezartzea.

–Eremu horietan dauden lursailen jabetzaren mugak definitzea, azpiegituraren eta trenbide-garraioaren segurtasuna bermatzeko (muga horiek Trenbide Sektorearen Legearen 13. artikulutik 18.era bitartekoetan eta lege horren erregelamenduaren dagozkion artikuluetan arautzen dira).

–Jabari publikoko edo babeseko eremuetan edozein motatako obra edo instalazio finko edo behin-behinekoak egiteko, horien xedea edo jarduera mota aldatzeko eta zuhaitzak landatzeko edo mozteko, ADIFen (Trenbide Azpiegituren Administratzailea) aurretiazko baimena eskatzea, beste administrazio batzuen eskumenak galarazi gabe.

–Trenbidearen bi aldeetan, eraikitzeko muga-lerroraino dauden lurretan, debekatzea edonolako eraikuntza, berreraikuntza edo handitze lanak egitea, dauden eraikinak kontserbatzeko eta mantentzeko beharrezkoak direnak izan ezik; eta horietarako ere, ADIFen (Trenbide Azpiegituren Administratzailea) aurretiazko baimena beharko da.

UGPSaren aldaketaren eremuari "Iruñerrian trenbide sare berria ezartzeko proiektuari buruzko informazio azterlana: trenbide begizta kentzea eta geltoki intermodal berria eraikitzea" izeneko azterketaren aurreikuspenek eragiten diote, zeina Sustapen Ministerioko Azpiegitura eta Plangintzako Estatu Idazkaritzaren 2004ko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez behin betiko onetsi baitzen (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 191. zk., abuztuaren 9koa); bereziki, informazio azterlan horretan Castejón-Altsasu egungo linea konbentzionaletik Iruñeko Garraioaren Hirira sartzeko aurreikusitako sarbideak eragiten dio.

Aurretik azaldutako guztiarekin bat etorriz, UGPSaren aldaketak trenbidearen ukipen eremuak mugatzen ditu aipatutako sarrera-adarrari dagokionez (jabari publikoa, babes eremua eta eraikitzeko muga-lerroa), eta trenbide-adar horrek ukitutako lurzorua azpiegituretarako erreserbaren sistema orokor gisa kalifikatzen du.

Bestalde, ikusi den bezala, lurralde- edo hirigintza-plangintzako tresna baten xedea ez da Estatuko trenbide-aurreikuspen baten zeharkako eta luzetarako profilak edo egiturak (hormak, ezpondak, etab.) definitzea (informazio hori ematea Trenbide Sektorearen Legeak arautzen dituen tresnei dagokie). Bestalde, Interes Orokorreko Trenbide Sarea osatzen duten tren-azpiegituren jabari publikoko eremua, babes eremua eta eraikitzeko muga-lerroa (Iruñeko Garraioaren Hirira sartzeko adarra horrelako tren-azpiegitura bat da), ez dira zehazten edo ateratzen informazio horren ondorioz; aitzitik, Trenbide Sektorearen Legean ezartzen dira oro har.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezetsi da.

III.–Txosten sektorialak.

Espedientean honako hauek emandako aldeko txostenak daude: Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia eta Bide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologiaren Zuzendaritza Nagusia; Ebroko Konfederazio Hidrografikoa; Iruñerriko Mankomunitatea; Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua, Lehiakortasunaren Zerbitzua, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua eta Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzua.

Txosten horietatik hauek dira aipagarrienak, aldaketa-dokumentua aldatzea eragin duten determinazioak jasotzen dituztelako: batetik, trenbideei buruzkoa, non adierazten baita eraikitzeko muga-lerroa Iruñeko Garraioaren Hirira sartzeko aurreikusitako trenbide-adarraren plataformaren kanpoko ertzetik 50 metrora kokatu beharko dela; eta bestetik, abiazio zibilari buruzkoa, zeinak adierazten baitu Iruñeko aireportuko zortasun aeronautiko berriak sartu behar direla, apirilaren 5eko 248/2019 Errege Dekretuaren bidez aldatu baitira.

Azkenik, adierazi behar da ezen, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenik jaso ez denez, araudian sartu direla ondare arkeologikoaren gaineko balizko inpaktuak zuzentzeko neurri batzuk, hain zuzen, atal horrek indarrean dagoen antolamendurako edo UGPSrako egin zuen txostenean adierazi zirenak.

IV.–Ingurumen ebaluazioa.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 1315E/2022 Ebazpenaren bidez, aldaketa honen gaineko ingurumen adierazpen estrategikoa egin zen, eta ezarri zen plana garatu beharko dela ingurumen azterketa estrategikoan ingurumena babesteko jasotako irizpideei jarraikiz, honako hauez gainera:

1. Urbanizazio proiektuak paisaian eta ingurumenean integratzeko proiektu bat izanen du. Proiektu horrek honako hauek hartuko ditu barnean: kanpoko ezpondak landareztatzea, hegoalderantz landare-pantaila bat sortzea ezpondaren buruan, urbanizatutako sarearen barruko eremua birlandatzea eta Talluntze edo Arkotzain errekaren lehengoratze ekologikoa. Hori guztia, ingurumen azterketa estrategikoaren "Prebentzio eta zuzenketa neurriak" izeneko kapituluan jasotakoaren arabera. Landaketak, ereintzak eta hidroereintzak aurreikusiko dira, bai eta landaredia ezarri aurreko lanak eta ondorengo lanak ere, behar bezala sustraitzeko eta mantentzeko.

2. Landare-estalkia galtzeagatiko konpentsazio neurri gisa, zuhaitz eta zuhaixka gehiago landatuko dira ingurumen azterketa estrategikoan proposatutakoez gain. Baso-landaketak egiteko konpentsazio azalera gisa, eremuaren hego-mendebaldeko muturrean sortu den lur zabortegia gomendatzen da. Kasu honetan, ingurumen azterketa estrategikoan gomendatutako espezieez gain, Gaztela-Kantauri aldeko eta Cameros aldeko serieko espezie propioak sartzen ahalko dira, hurbileko Alaitz mendilerroan dauden arte hostobiribilen basoetakoak.

3. Errekaren inguruko berdeguneen kudeaketak mozketarik gabeko zerrenda bat bermatuko du ezpondaren goialdetik bi metrora arte.

4. Bideragarriak badira, errekaren eta kanpoaldearen arteko konexio ekologikorako sistemak sartu beharko dira, azpiko fauna-pasabideen bidez, hormigoizko markoak egokituz, hala hegoaldeko muturrekoak nola Iruñeko Garraioaren Hiriaren 3. fasearekin konektatzekoa. Horretarako, espaloiak eraikiko dira alde banatan, 50 cm-ko zabalerakoak eta markoetako uholde-geruzaren araberako garaierakoak.

5. Proiektuak aurreikusiko du jarduketa-eremuaren hegoaldeko muturrean erreka horren ertzetan dagoen zurezko landaredi urria kontserbatzea (Fraxinux excelsior espeziearen bizpahiru ale, Salix sp. baten bat, eta Populus sp espeziearen zenbait ale, berez sortuak).

6. Errekaren zeharkako drainatze-egituren buxaduragatiko uholdeak saihesteko, egitura horiek enborrik, zuhaitzik edo uren pasabidea oztopa dezakeen bestelako elementurik gabe mantendu beharko dira.

7. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egindako txostenak adierazten duen bezala, UGPSaren aldaketaren garapenaren ondorioz ezarriko diren proiektu berriek, baldin eta hondakin-urak isuri behar badituzte jabari publiko hidraulikora (ibilgu naturala, infiltrazioak lurrean, erretena, etab.), isurketa-baimena eskatu beharko dute Konfederazioaren isurketen kontrol arloan, eta, gainera, kontuan hartu beharko dituzte txosten horretan jasotako gainerako kontsiderazioak.

8. Tramitatzen ari den UGPSaren aldaketak klima-aldaketaren gainean dituen ondorioak murrizteko, honako hauek proposatzen dira:

a. Energia aurrezteko konponbideak hartzea instalatuko diren proiektuetako edo hirigintza-garapenetako eraikinetan eta kanpoko argiterian.

b. Aparkalekuetarako guneetan eta/edo eraikinen estalkietan energia berriztagarria sortzeko sistemak ezartzea, bideragarriak badira.

9. Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

–Goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak, argi puntuek emandakoak, %5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala. Argi emisioen mugak).

–Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar motakoak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhinen erradiazioa iragaztea. Hori ezinezkoa denean (hau da, argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea), kanpoko argiztapena beharrezkoa den lanorduetan edo lanetan erabiliko da, eta gainerako denbora itzalita egon beharko da.

10. Iruñeko Garraioaren Hirian garapen berriak ezartzearen ondorioz sarbide berriak eraiki behar badira eta, haien ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean edo Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean jasotako kasuetan sartzen badira, behar den ingurumen tramitea egin beharko da haien ingurumen inpaktua ebaluatzeko.

11. Trenbideak, etorkizunean garatuz gero, Talluntze edo Arkotzain errekaren jarraitutasun hidrologikoa bermatu beharko du, bertan ezartzen diren ingurumen balioei kalterik egin gabe.

12. Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeari jarraikiz, gainera, material birziklatuak erabili beharko dira, agregakin birziklatu gisa, destinoko obra motaren arabera egokitzat jotzen den ehunekoan.

13. Ingurumen azterketa estrategikoan proposatutako ingurumena zaintzeko plana osorik bete beharko da.

14. Hemen azaldutako neurri guztiak, hala nola ingurumen azterketa estrategikoan jasotako determinazioak, Iruñeko Garraioaren Hiria Handitzeko UGPSaren aldaketaren araudian sartuko dira.

Horrenbestez, neurri horiek 16. artikuluan (Ingurumen ebaluazioa) eta 26. artikuluan (Proposatutako araudiaren urbanizazio proiektuen baldintzak) sartu dira.

V.–Kontuan hartu beharrekoak.

2022ko irailaren 20an eta abenduaren 7an, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen, hasierako erabakian eta emandako txosten sektorialetan eskatutakoa betetzeko.

Dokumentazio horrek, jendaurreko informazioaren tramitean aztergai jarri zena ordezten duenak, funtsezkotzat jotzen ez diren zenbait aldaketa ditu, eta, beraz, ez du jendaurreko informazioaren tramite berririk behar.

Sartutako aldaketa guztien artean garrantzitsuena da Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostenari kasu egitearen ondoriozkoa. Txosten horri jarraikiz, eraikitzeko muga-lerroa 20 metrotik 50 metrora aldatu da, aurreikusitako trenbide-plataformaren kanpoko ertzetik neurtua, eta Iruñeko Garraioaren Hirira sartzeko trenbidea ateratzen bada kasuan kasuko ministerioaren trenbide-azpiegituren plangintzatik, muga-lerro hori 5 metrora ezarriko da (jabari eta erabilera publikoko berdeguneen aurrean dauden gainerako lerrokaduretarako irizpide berberarekin).

Gainerako aldaketak, alde batera utzita indarrean dauden zortasun aeronautikoetara egokitzea, hasierako erabakiaren kontsiderazio guztien ondorio dira, eta, batez ere, honako hauei buruzkoak dira: drainatze jasangarriko azterlanak kontuan hartzea, irisgarritasunari buruzko araudia betetzea, genero-txostena osatzea, mugikortasun aktiboko ekintzak kontuan hartzea, UGPS osorako salbuespenik gabeko araudi orokor bat proposatzea, urbanizazio proiektuen irismena doitzea, eraikuntza-epeak adieraztea, Klima Aldaketari eta Energia-Trantsizioari buruzko Foru Legea betetzea eta gehieneko altueran salbuespenak mugatzea.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko txostenarekin bat, eta jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, Noain Elortzibarko udal mugartean. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

3. Aldaketa honetan aurreikusitako antolamendua garatzeko eta gauzatzeko orduan, jarraikiko zaio aldaketa honen ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duen Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 1315E/2022 Ebazpenean eta espedientearen tramitazio aldian emandako txosten sektorialetan xedatutakoari.

4. Erabaki hau eta eranskinean jasotako aldaketaren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Era berean, aldaketaren dokumentua Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean egonen da eskuragarri.

5. Erabaki hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eta Bide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari; Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologiaren Zuzendaritza Nagusiari; Ebroko Konfederazio Hidrografikoari; Iruñerriko Mankomunitateari; Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, Lehiakortasunaren Zerbitzuari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuari; Ingurumen Eraginaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari; Noain Elortzibarko Udalari eta sustatzaileari.

6. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ARAUEN AURKIBIDEA

I.–XEDAPEN OROKORRAK

2. artikulua. Erreferentziazko lege esparrua.

5. artikulua. Urbanizazio proiektuak.

6. artikulua. Lurzoruaren hirigintza-araubidea.

6. bis artikulua. Determinazio egituratzaileak.

7. artikulua. Exekuzio unitatea eta jarduketa sistema.

7 bis artikulua. Hirigintza arloko betebeharrak betetzeko epeak.

8. artikulua. Ereduzko aprobetxamendua.

II.–ARAU OROKORRAK

10. artikulua. Erabilera onargarriak / Izaera logistikoa.

12. artikulua. Suteen prebentzioa.

13. artikulua. Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak.

14. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

15. artikulua. Irisgarritasuna.

16. artikulua. Ingurumen ebaluazioa.

13. Ingurumen azterketa estrategikoan proposatutako ingurumena zaintzeko plana osorik bete beharko da.16 bis artikulua.–Eraginkortasun eta efizientzia energetikoa.

III.–URBANIZAZIOARI, ERAIKINGINTZARI ETA ERABILEREI BURUZKO ORDENANTZAK EREMU ETA SISTEMETAN

1.–KONTZEPTUEN DEFINIZIOA ETA PARAMETRO GENERIKOAK

17 bis artikulua. Lurzatietako itxituren gehieneko lerrokadurak.

23. artikulua. Sestra gainean eraikitako azalera.

25. artikulua. Eraikigarritasun-koefiziente garbia.

2.–DENENTZAKO DETERMINAZIOAK

26. artikulua. Urbanizazio proiektuen baldintzak.

27. artikulua. Aparkalekuak.

28. artikulua. Lurzatietako itxiturak.

29. artikulua. Espazio libre pribatuak.

31. artikulua. Urbanizazioko ezponden baldintzak.

31 bis artikulua. Paisaia eta ingurumen integrazioa.

31 ter artikulua. Ingurumen agiri estrategikotik eratorritako prebentzio eta zuzenketa neurriak.

31 quater artikulua. Sistema fotovoltaikoak estalkietan.

31 quinquies artikulua. Diseinu bioklimatikoa eta naturan oinarritutako konponbideak.

31 sexies artikulua. Eraikinen alderdi morfologikoak eta apaingarriak.

3.–ERABILERA ANITZEKO EREMU LOGISTIKOAREN (EAEL) ORDENANTZA ESPEZIFIKOA

32. artikulua.

D.–"ERAIKIN BAKARTUA LURZATI HANDIAN" (EB-LH) AZPIEREMUA

58 bis artikulua. Erabilera baldintzak (EAEL-EB-LH).

58 ter artikulua. Okupazio mota (EAEL-EB-LH).

58 quater artikulua. Antolamendu sistema (EAEL-EB-LH).

58 quinquies artikulua. Lurzatiaren baldintzak (EAEL-EB-LH).

58 sexies artikulua. Eraikitzeko baldintzak (EAEL-EB-LH).

58 septies artikulua. Eraikin motak (EAEL-EB-LH).

58 octies artikulua. Eraikigarritasuna (EAEL-EB-LH).

58 nonies artikulua. Baldintza osagarriak (EAEL-EB-LH).

58 decies artikulua. Kudeaketa baldintzak (EAEL-EB-LH).

4.–EREMU LOGISTIKO INTERMODALAREN (ELI) ORDENANTZA ESPEZIFIKOA

59. artikulua. Erabilera baldintzak (ELI).

60. artikulua. Okupazio mota (ELI).

61. artikulua. Antolamendu sistema (ELI).

62. artikulua. Lurzatiaren baldintzak (ELI).

63. artikulua. Eraikitzeko baldintzak (ELI),

64. artikulua. Eraikin motak (ELI).

65. artikulua. Eraikigarritasuna (ELI).

66. artikulua. Baldintza osagarriak (ELI).

67. artikulua. Kudeaketa baldintzak (ELI).

5.–PLATAFORMA INTERMODALAREN EREMUAREN (PIE) ORDENANTZA ESPEZIFIKOA

68. artikulua. Erabilera baldintzak (PIE).

69. artikulua. Okupazio mota (PIE).

70. artikulua. Antolamendu sistema (PIE).

71. artikulua. Lurzatiaren baldintzak (PIE).

72. artikulua. Eraikitzeko baldintzak (PIE),

73. artikulua. Eraikin motak (PIE).

74. artikulua. Eraikigarritasuna (PIE).

75. artikulua. Baldintza osagarriak (PIE).

76. artikulua. Kudeaketa baldintzak (PIE).

7.–EKIPAMENDU ETA AZPIEGITURETARAKO EREMUAREN (EAE) ORDENANTZA ESPEZIFIKOA

81. artikulua. Ekipamendu eta azpiegituretarako eremua, eraikin bakartuekin lurzati handian (EAE-EB-LH).

82. artikulua. Erabilera baldintzak (EAE-EB-LH).

83. artikulua. Okupazio mota (EAE-EB-LH).

84. artikulua. Antolamendu sistema (EAE-EB-LH).

85. artikulua. Lurzatiaren baldintzak (EAE-EB-LH).

86. artikulua. Erabilera baldintzak (EAE-EB-LH).

87. artikulua. Eraikin motak (EAE-EB-LH).

88. artikulua. Eraikigarritasuna (EAE-EB-LH).

89. artikulua. Baldintza osagarriak (EAE-EB-LH).

90. artikulua. Kudeaketa baldintzak (EAE-EB-LH).

8.–AZPIEGITURETARAKO ERRESERBAREN SISTEMA OROKORRAREN (AESO) ORDENANTZA ESPEZIFIKOA

91. artikulua. Azpiegituretarako Erreserbaren Sistema Orokorra (AESO).

9.–JABARI PUBLIKO HIDRAULIKOAREN ETA HAREN ZORTASUN ETA POLIZIA EREMUEN ORDENANTZA ESPEZIFIKOA

92. artikulua. Jabari publiko hidraulikoa.

93. artikulua. Zortasun eremua.

94. artikulua. Polizia eremua.

10.–JABETZARI JARRITAKO MUGAK, TRENBIDE SEKTOREARI BURUZKO IRAILAREN 29KO 38/2018 LEGEAREN ARABERA.

95. artikulua. Jabetzari jarritako mugak, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2018 Legearen arabera.

I.–XEDAPEN OROKORRAK

2. artikulua. Erreferentziazko lege esparrua.

Udalez gaindiko Plan Sektoriala Noain Elortzibarko Udal Planaren esparruan kokatzen da, eta 3. Lurraldearen Antolamendurako Planaren testuinguruan (Eremu Zentrala).

5. artikulua. Urbanizazio proiektuak.

Araudi honen 26. artikuluak arautzen duenaren arabera.

6. artikulua. Lurzoruaren hirigintza-araubidea.

Garraioaren hiria handitzeko UGPSaren eremua lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen da, eta industria-erabilera globala du.

Kalifikazio xehatua: Honako eremu eta sistema hauek ezartzen dira:

–Erabilera anitzeko eremu logistikoa (EAEL).

–Ekipamendu eta azpiegituren eremua (EAE-EB-LH).

–Tokiko bide sistema (TBS).

–Komunitate-ekipamenduaren tokiko sistema (KETS).

–Espazio libre eta berdeguneen tokiko sistema (BTS).

–Azpiegituren tokiko sistema (ATS).

–Bide erreserbaren tokiko sistema (BETS).

–Azpiegituretarako erreserbaren sistema orokorra (AESO).

–Dagoen sistema orokorra (DSO).

–Azpiegituren ukipen zerrenda lurzoru urbanizaezinean. Ur zortasunaren zerrenda eta aireko linea elektrikoaren zortasun zerrenda.

6 bis artikulua. Determinazio egituratzaileak.

  • Sistema orokorrak:

–Dagoena: Sistema Orokorra: Errekaren jabari publikoa (2.750,48 m²).

–Proiektatutakoa: Azpiegituretarako erreserbaren sistema orokorra (22.635,23 m²).

  • Gehieneko eraikigarritasuna:

–121.709 m² erabilera logistiko balioaniztunerako, eraikin atxikian (pabiloi modularra edo eraikin maklatua).

–117.160 m² erabilera logistiko balioaniztunerako, eraikin bakartuan.

–144.380 m² erabilera logistikorako lurzati handian.

–76.568 m² "Ekipamenduak" eta "Azpiegiturak" erabilerarako.

–9.189 m² hirugarren sektorearen erabilerarako.

  • Antolamendurako oinarrizko baldintza eta irizpideak:

–Berdeguneak: 4. fasearen iparraldean dagoen berdegunea lehengoratuko da, eta ez da kontuan hartuko sektorerako eskatzen den espazio libre publikoen guztirakoa kalkulatzean.

–Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aurreikuspenetan, "Iruñerrian trenbide sare berria ezartzeko proiektuari buruzko informazio azterlana: trenbide begizta kentzea eta geltoki intermodal berria eraikitzea" izenekoa jasoko da, bai eta jabetzari jarritako mugak ere, Trenbide Sektoreari buruzko Legean arautzen direnak.

Informazio azterlan berri baten ondorioz aurreikuspenak aldatzen badira edo egungo informazio azterlanak indarra galtzen badu, UGPSa baldintza berrietara egokituko da, eta, trenbide-erreserbek eragiten ez badiote, trenbide-adarrerako gordetako eremua berdeguneen parte izatera igaroko da 4. fasean.

–Kanpoko sarera konektatu ahal izateko behar diren bide erreserbak aurreikusiko dira, Nafarroako Gobernuak 2006ko otsailaren 27an onetsitako Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko dokumentuan aurreikusten den bezala.

7. artikulua. Exekuzio unitatea eta jarduketa sistema.

4. fasearen barruan dauden lurzoruek exekuzio-unitate bakarra osatzen dute (UE-1).

Jarduketa sistema desjabetzea izanen da.

7 bis artikulua. Hirigintza arloko betebeharrak betetzeko epeak.

Zortzi urteko gehieneko epea ezartzen da mugatutako exekuzio unitatearen lagapenaren, ekitatezko banaketaren eta urbanizazioaren arloko betebeharrak betetzeko.

8 urteko epea ezartzen da ondoriozko orubeak eraikitzeko, lagapenaren, ekitatezko banaketaren eta urbanizazioaren arloko betebeharrak bete ondoren kontatzen hasita.

8. artikulua. Ereduzko aprobetxamendua.

Garraioaren Hiria handitzeko eremua (3. eta 4. faseetan) banaketa-area bakar gisara eratzen da.

Ereduzko aprobetxamendua zehazteko, aprobetxamendu globala hartuko da oinarri, eraikinen erabilera eta mota bakoitzari esleitutako eraikigarritasuna haztatzeko koefiziente batzuen bidez homogeneizatuta.

Hala, ereduzko aprobetxamendua hauxe izanen da: homogeneizatutako aprobetxamendu globalaren eta eremuaren guztizko azaleraren arteko zatiketaren emaitza.

–Ereduzko aprobetxamenduaren taula.

ERABILERA

AZALERA ERAIKIA

Eraikitako m²

HOMOGENEIZAZIO KOEFIZIENTEA

ERAIKITAKO AZALERA HOMOGENEIZATUA

Industriala, logistikoa eta erabilera anitzekoa.

Elkarri atxikitako eraikina.

Beheko solairua

Solairuartea

91282

30427

Erabilera bereizgarria

1

0,6

91.282 m² eraikiak

18.256 m² eraikiak

Industriala, logistikoa eta erabilera anitzekoa.

Eraikin bakartua.

Beheko solairua

Solairuartea

93728

23432

1,2

0,8

112.474 m² eraikiak

18.746 m² eraikiak

Industriala, logistikoa eta erabilera anitzekoa, lurzati handian

Eraikin bakartua

144380

0,7

101.066 m² eraikiak

"Ekipamenduak" eta "Azpiegiturak" lurzati handian

Eraikin bakartua

76568

0,7

53.598 m² eraikiak

Hirugarren sektorekoa.

Zerbitzuak

Erabilera anitzekoa

1208

7981

0,9

0,9

1.088 m² eraikiak

7.183 m² eraikiak

Guztira

469.008 m² eraikiak

403.692 m² eraikiak

0.4570 m²/m²

0.3935 m²/m²

Aprobetxamendu
gordina

Ereduzko
aprobetxamendua

II.–ARAU OROKORRAK

10. artikulua. Erabilera onargarriak / Izaera logistikoa.

Iruñeko Garraioaren Hiriak izaera espezializatu eta tematikoa du, eta erabilera onargarriei dagokienez, izaera hori zaindu eginen da, kasuan kasuko eremu eta sistemetako erabilera eta jarduera nagusien eta bateragarrien zerrenda xehatua errespetatuz.

12. artikulua. Suteen prebentzioa.

Arlo horretan indarrean dagoen legerian xedatutakoa errespetatu eta beteko da.

13. artikulua. Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak.

Arlo horretan indarrean dagoen legerian xedatutakoa errespetatu eta beteko da.

14. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Arlo horretan indarrean dagoen legerian xedatutakoa errespetatu eta beteko da.

15. artikulua. Irisgarritasuna.

Urbanizazio, eraikuntza eta obra proiektuei dagokienez, bide publikoetan eta eraikinetan irisgarritasun baldintzak betetzen direla bermatu behar da, irisgarritasunaren arloko legeriarekin bat etorriz.

Mugikortasun aktiboa errazteko neurri gisa, seinale bat jarriko da Iruñeko Garraioaren Hirirako sarbide orokorrean, galtzadaren erabilera ibilgailu motordunek eta bizikletek partekatzen dutela adierazteko.

16. artikulua. Ingurumen ebaluazioa.

Urbanizazio obrek eta UGPSak antolatutako jarduerak egokitu eta garatzeko obrek dirauten bitartean, Ingurumeneko Zaintza eta Kontrolerako Plana beteko da, Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eta gero etorri diren aldaketen ingurumen ukipenen azterlanean aipatzen diren prebentzio eta zuzenketa neurriak betetzen direla bermatzeko.

Gainera, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 1315E/2022 Ebazpenaren arabera, plana garatu beharko da ingurumen azterketa estrategikoan ingurumena babesteko jasotako irizpideei jarraikiz, eta honako hauek betez:

1. Urbanizazio proiektuak paisaian eta ingurumenean integratzeko proiektu bat izanen du. Proiektu horrek honako hauek hartuko ditu barnean: kanpoko ezpondak landareztatzea, hegoalderantz landare-pantaila bat sortzea ezpondaren buruan, urbanizatutako sarearen barruko eremua birlandatzea eta Talluntze edo Arkotzain errekaren lehengoratze ekologikoa. Hori guztia, ingurumen azterketa estrategikoaren "Prebentzio eta zuzenketa neurriak" izeneko kapituluan jasotakoaren arabera. Landaketak, ereintzak eta hidroereintzak aurreikusiko dira, bai eta landaredia ezarri aurreko lanak eta ondorengo lanak ere, behar bezala sustraitzeko eta mantentzeko.

2. Landare-estalkia galtzeagatiko konpentsazio neurri gisa, zuhaitz eta zuhaixka gehiago landatuko dira ingurumen azterketa estrategikoan proposatutakoez gain. Baso-landaketak egiteko konpentsazio azalera gisa, eremuaren hego-mendebaldeko muturrean sortu den lur zabortegia gomendatzen da. Kasu honetan, ingurumen azterketa estrategikoan gomendatutako espezieez gain, Gaztela-Kantauri aldeko eta Cameros aldeko serieko espezie propioak sartzen ahalko dira, hurbileko Alaitz mendilerroan dauden arte hostobiribilen basoetakoak.

3. Errekaren inguruko berdeguneen kudeaketak mozketarik gabeko zerrenda bat bermatuko du ezpondaren goialdetik bi metrora arte.

4. Bideragarriak badira, errekaren eta kanpoaldearen arteko konexio ekologikorako sistemak sartu beharko dira, azpiko fauna-pasabideen bidez, hormigoizko markoak egokituz, hala hegoaldeko muturrekoak nola Iruñeko Garraioaren Hiriaren 3. fasearekin konektatzekoa. Horretarako, espaloiak eraikiko da alde banatan, 50 cm-ko zabalerakoak eta markoetako uholde-geruzaren araberako garaierakoak.

5. Proiektuak aurreikusiko du jarduketa-eremuaren hegoaldeko muturrean erreka horren ertzetan dagoen zurezko landaredi urria kontserbatzea (Fraxinux excelsior espeziearen bizpahiru ale, Salix sp. baten bat, eta Populus sp espeziearen zenbait ale, berez sortuak).

6. Errekaren zeharkako drainatze-egituren buxaduragatiko uholdeak saihesteko, egitura horiek enborrik, zuhaitzik edo uren pasabidea oztopa dezakeen bestelako elementurik gabe mantendu beharko dira.

7. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egindako txostenak adierazten duen bezala, UGPSaren aldaketaren garapenaren ondorioz ezarriko diren proiektu berriek, baldin eta hondakin-urak isuri behar badituzte jabari publiko hidraulikora (ibilgu naturala, infiltrazioak lurrean, erretena, etab.), isurketa-baimena eskatu beharko dute Konfederazioaren Isurketen Kontrol Arloan, eta, gainera, kontuan hartu beharko dituzte txosten horretan jasotako gainerako kontsiderazioak.

8. Tramitatzen ari den UGPSaren aldaketak klima-aldaketaren gainean dituen ondorioak murrizteko, honako hauek proposatzen dira:

a. Energia aurrezteko konponbideak hartzea instalatuko diren proiektuetako edo hirigintza-garapenetako eraikinetan eta kanpoko argiterian.

b. Aparkalekuetarako guneetan eta/edo eraikinen estalkietan energia berriztagarria sortzeko sistemak ezartzea, bideragarriak badira.

9. Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

–Goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak, argi puntuek emandakoak, %5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 atala.–Argi emisioen mugak).

–Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar motakoak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhinen erradiazioa iragaztea. Hori ezinezkoa denean (hau da, argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea), kanpoko argiztapena beharrezkoa den lanorduetan edo lanetan erabiliko da, eta gainerako denbora itzalita egon beharko da.

10. Iruñeko Garraioaren Hirian garapen berriak ezartzearen ondorioz sarbide berriak eraiki behar badira eta, haien ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean edo Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean jasotako kasuetan sartzen badira, behar den ingurumen tramitea egin beharko da haien ingurumen inpaktua ebaluatzeko.

11. Trenbideak, etorkizunean garatuz gero, Talluntze edo Arkotzain errekaren jarraitutasun hidrologikoa bermatu beharko du, bertan ezartzen diren ingurumen balioei kalterik egin gabe.

12. Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeari jarraikiz, gainera, material birziklatuak erabili beharko dira, agregakin birziklatu gisa, destinoko obra motaren arabera egokitzat jotzen den ehunekoan.

13. Ingurumen azterketa estrategikoan proposatutako ingurumena zaintzeko plana osorik bete beharko da.

16 bis artikulua. Eraginkortasun eta efizientzia energetikoa.

Urbanizazio eta eraikinetan, indarreko legediarekin bat aplikatuko dira eraginkortasun eta efizientzia energetikorako neurriak.

III.–URBANIZAZIOARI, ERAIKINGINTZARI ETA ERABILEREI BURUZKO ORDENANTZAK EREMU ETA SISTEMETAN

1.–Kontzeptuen definizioa eta parametro generikoak

17 bis artikulua. Lurzatietako itxituren gehieneko lerrokadurak.

Antolamendu planoetan zehazten direnak dira eta erabilera publikoko espazioen eta erabilera pribatukoen arteko muga definitzen dute, azken hori lerrokadura ofizialarekin bat ez datorrenean.

23. artikulua. Sestra gainean eraikitako azalera.

Lurzati jakin batean eraikuntza-lerroaren gainetik dauden solairuek duten azaleren batura da.

Lurzati bakoitzerako muga bat ezarrita du, eremuko eraikigarritasun-koefizienteak zehazten duena.

Estalkiaren gainean dauden zerbitzuek eta instalazioek ez dute eraikigarritasunik kontsumituko.

4. faseko eremuan, sestra gainean eraikitako azalera adierazten da ondoriozko lurzatien gainean egin daitekeen eraikuntzaren m²e-tan.

25. artikulua. Eraikigarritasun-koefiziente garbia.

Lurzati bati esleitutako gehieneko azalera eraikiaren eta lurzati horren guztizko azaleraren arteko erlazioa da.

Parametro sistematiko bat da, eta berdina da ordenantzako azpieremu bakoitzerako.

4. faseko eremuan, exekuzio-unitatean proiektatutako erabilera bakoitzari esleitutako eraikigarritasun garbia birpartzelazioaren ondoriozko lurzatien artean banatuko da, proportzionalki, kontuan harturik kasuan kasuko erabileraren ondoriozko lurzati bakoitzaren azalera.

2.–Denentzako determinazioak

26. artikulua. Urbanizazio proiektuen baldintzak.

Bide komunitarioak, espazio libreak eta berdeguneak definituko dituzten urbanizazio proiektuek garatzen duten plangintzaren aurreikuspenak errespetatuko dituzte, eta obrak egikaritzeko beharrezkoak diren egokitzapenak egiten ahalko dituzte, justifikatuz gero.

Eremu osorako urbanizazio proiektu orokor bat eginen da, edo, bestela, urbanizazio proiektu bat Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSaren O.4 planoan ezarritako exekuzio-unitate edo fase bakoitzerako.

Urbanizazio proiektuan, konponbide bat eman beharko zaio hirigintza zerbitzuen arteko loturaren arazoari.

Proiektua idaztean, ukitutako udal erakundeen eta erakunde publikoen araudiak bete beharko dira, bai indarrean daudenak, bai aurrerago onartzen ahal direnak.

Era berean, urbanizazio lanekin batera, inguruko berdegune eta kirolguneetako lanei ere ekinen zaie, azken horiek ere luza gabe egikaritu daitezen eta multzoaren urbanizazioak, estetikaren ikuspuntutik, akabera egokia duela bermatzeko uneoro.

Urbanizazioa bukatzen denetik obraren behin betiko harrera egin bitarteko mantentze-lanak enpresa kontratistari dagozkio.

Sute-ahoetan uraren presioa egokia dela bermatzeko behar diren neurriak hartu beharko dira, horretarako ezartzen diren baldintzak betez, eta Iruñerriko Mankomunitateak horri buruz propio emaniko txosten bat ere gehitu beharko da proiektuaren dokumentu osagarri modura.

Urbanizazio proiektuak irisgarritasun unibertsalari buruzko legeria eta hura garatzen duten erregelamenduak hartuko ditu kontuan.

Urbanizazioa eta eraikuntza egikaritzeko baimenak aldi berean ematen ahalko dira, betiere fase oso bati badagozkio eta bien arteko koherentzia mantentzen bada, hirigintza-legeriak ezarritako baldintzetan.

Ingurumen ukipenen azterlanean sartutako prebentzio eta zuzenketa guztiak oso-osorik eta xehe-xehe bilduko dituzte, bat etorriz Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UGPSan aurreikusita dagoen ingurumenaren zaintzarako programarekin, bai eta UGPSaren aldaketa honen ingurumen txosten estrategikoan adierazten direnak ere, zeinak bilduak baitaude araudi honen 31 ter artikuluan ("Ingurumen agiri estrategikotik eratorritako prebentzio eta zuzenketa neurriak"), eta ingurumen ebazpenaren ondorio direnak ere bai.

Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126 ter artikuluko 7. puntuarekin bat, ahalik eta gehien gutxitu beharko da ekaitzek jarduketaren esparruan izan dezaketen balizko inpaktua eta, horretarako, saneamendurako instalazio egokiak diseinatuko dira urak behar bezala husteko, bai eta drainatzeko sistema jasangarriak ere (hala nola azalera eta akabera iragazkorrak, uholdeak gertatzeko arriskuari nolabait eusteko), ur jario horiek ahalik eta txikienak izaten laguntzeko, ekaitzetan biltzen diren euri-urak berrerabiliz, eta egungo lurzoruan eraldaketa horiek eginen ez balira ibilgura zuzenean iritsiko ez ziren urak infiltratuz eta lurpera bidaliz.

Horretarako, Urbanizazio Proiektuak drainatze jasangarriko azterlan bat jaso beharko du, baita azterlan hidrauliko bat ere, zehaztuko dituena, alde batetik, Arkotxain errekaren biribilgunearen azpian lurperatzeko ahalmena, eta bestetik, ibaian gora izan ditzakeen ondorioak. Azterlan horiek Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak baliozkotu beharko ditu.

Saneamenduari dagokionez, lehentasuna emanen zaio 4. fasearen aldaketaren eremuko saneamendu sarea Arazuriko hondakin uren araztegiarekin lotzeari. Ez da onartuko euri-urak sartzea saneamendu sareetan edo sare horiek arazteko instalazioekin lotzen dituzten hustubideetan.

Proiektu horietan jasotako obrak egiten diren bitartean, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean (59. artikulua) aurreikusitako kautelazko neurriak bete beharko dira.

Plana garatzeko, halaber, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 1315E/2022 Ebazpenean ezarritako neurriak hartuko dira, zeinaren bidez ingurumen adierazpen estrategikoa egin baitzen Noaingo udal mugartean (Elortzibar) Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustaturik. Neurri horiek 16. artikuluan jaso dira (Ingurumen ebaluazioa izenekoa).

27. artikulua. Aparkalekuak.

1.–Garraioaren hiria handitzeko eremu osorako:

Ibilgailu astunen aparkalekuak lurzati pribatuen barruan eta erabilera horretarako espezializatutakoetan jarriko dira, eta debekatuta daude bide komunitarioetan.

Ibilgailu arinen aparkalekuak modu sistematikoan jarriko dira bide komunitarioetan eta lurzatien barruan.

Plaza bakoitza ez da 2,20x4,50 m baino txikiagoa izanen.

Artikulu honen 2. eta 3. puntuetan ezarritakoaren arabera fase bakoitzerako adierazitako erreserbak betetzea bermatzen duten aparkaleku-plazek erabilera publikoa izanen dute, eta sarbide zuzena izanen dute erabilera publikoko espaziora. Lurzatien itxitura espazio horren egiturara egokitu beharko da, eta, hala, erabilera publikoko aparkalekuak lurzatiaren itxituratik kanpo egon beharko du.

Aparkaleku-plazek Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legetik eta Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legetik –edo haien balizko aldaketetatik– eratorritako eskakizunak bete beharko dituzte, edo haietara egokitu.

2.–3. fasean, honako erreserba hauek bermatuko dira, oro har:

a) Aparkaleku-plaza bat zerbitzugunean eta pabiloi atxikietan eraikitako 70 m²-ko.

b) Aparkaleku-plaza bat maklan eraikitako 150 m²-ko.

c) Aparkaleku-plaza bat nabe bakartuen 200 m²-ko.

3.–4. fasearen eremuan, lurzati bakoitzerako honako erreserba hau bermatuko da:

Lurzatien aurrealdean, eta erabilera publikoko espaziorako sarbidea duelarik, erabilera publikoko aparkaleku bat egiteko gune bat erreserbatu beharko da, lurzatian eraiki asmo den 500 m²-ko aparkaleku-plaza bat izanen duena.

Aurrekoez gainera, lurzatiek barrenean egitekoak diren jardueretarako beharrezkoak diren ibilgailuak aparkatzeko leku nahikoa izanen dute, behar bezala mugatua, erabilera publikoko lurzoru pribatuan kasuan kasuko lurzatiarentzat aurreikusita daudenak kenduta.

28. artikulua. Lurzatietako itxiturak.

Lurzati pribatu guztiek itxitura bat edukitzen ahalko dute perimetro osoan, salbu eta eremu hauetan: maklako eta pabiloi modularretako "hondartzetako" eremu irekian, aurreko artikuluan araututako aparkaleku-erreserbarako eremuan edo "lurzati-itxituraren gehieneko lerrokadura" mugatua duten lurzatien aurrealdean; kasu horretan, lurzatiaren itxitura lerrokadura horretan jartzen ahalko da, eta ez lurzatiaren perimetroan.

Lurzatien mugetan errekak dauden kasuetan, itxiturak 5 m atzera eramanen dira, zortasun tarte bat uzteko.

Itxiturak 2 m-ko altuera izanen du, bai eta ageriko hormigoizko 60 cm-ko zokalo bat ere, eta altzairu galvanizatuzko sare-begi plastifikatu berde bat ere bai, goraino, itxitura osagarririk gabe barnealdea ongi ikusten dela bermatzeko modukoa.

Zilegi izanen da Itxiturarako baldintza horiek aldatzea, kalitatea hobetuz betiere, gutxienez etxe-sail bat hartzen duen eremuan proiektu bateratu bat egiten den kasuetan.

Lurzatiaren perimetroak eta lurzatiaren itxituraren gehieneko lerrokadurak osatzen duten espazioan, halaber, 27. artikuluan –Aparkalekuak– ezarritako mugapenak aplikatuko dira.

29. artikulua. Espazio libre pribatuak.

Lurzatien barruan eraiki gabe gelditzen diren espazioetan aire zabaleko jardueren instalazioak jartzen ahalko dira (adibidez, ibilgailuak aparkatzeari eta hornitzeari loturiko jarduera osagarriak, zamalanetakoak eta abar), salbu eta maklako eta pabiloi modularretako "hondartza" eremuetan, horietan ibilgailuak aparkatzea eta maniobrak egitea baino ez baita onartuko, eta, salbuespen gisa, barruko sestra goratua badago kaiak daudelako, sestra horretan kokatuak dauden bulegoetara sartzeko eskailera nagusiak egiten ahalko dira.

Espazio horien urbanizazioa espazio publikoaren sestra ofizialetara egokitu beharko da, eta tratamendu homogeneoa izan beharko du, espazio horren urbanizazioarekin alderatuta.

Nabe bakartuak hartzeko diren lurzatien barneko eremuko gainazalaren behin betiko tratamendua eta terrazak zehatz-mehatz definituko dira proiektu teknikoan, non obren eta jardueraren lizentziaren eskaera dokumentatuko baita.

Lurzati batean eraikitzeak berekin dakar, nahitaez, aldez aurretik edo aldi berean urbanizazio lanak egitea bertan (berdintze lanak, irisgarritasuna eta zerbitzuak), Urbanizazio Proiektuaren garapen bateratuarekin edo fasekako garapenarekin bat etorriz betiere.

Lerrokadura ofizialaren eta lurzatiaren itxituraren gehieneko lerrokaduraren artean geratzen den eremuak erabilera publikoa duen lurzati pribatuko azalera bat osatzen du, eta ezin izanen da hesitu, eta une oro irisgarria izan beharko du. Espazio horretan kokatuko da drainatze jasangarriko hiri sistema. Sistema horren mantentze-lanak, obren harrera egin ondoren, Noaingo Udalaren (Elortzibar) ardurapean geldituko dira.

Erabilera publikoko lurzati pribatuaren azalera hori drainatze jasangarriko hiri sistemaren mendeko onibarra izanen da, mantentze-lanak barne, eta horrela ezarriko da Birpartzelazio Proiektuan.

Erabilera publikoko lurzati pribatuko eremu horretan, lurzatietarako sarbideak egin daitezke. Jabearen kargura eta haren kontura izanen dira sarbide horien mantentze-lanak.

31. artikulua. Urbanizazioko ezponden baldintzak.

Lurzoru naturala ondoriozko sestretara egokitzearen ondorioz urbanizazioan sortzen diren ezpondek 2,5H/1V-ko gehieneko malda izanen dute, salbuespen puntualetan izan ezik, hala nola azpiegiturak, bideak eta antzekoak bertatik igarotzen direnean, eta, kasu horietan, behar bezala justifikatu beharko dira Urbanizazio Proiektuan. Ezponda horiek landareztatzeko, kasuan-kasuan egokien diren teknikak erabiliko dira. Ezpondak hondatzen ez direla bermatzeko eta lurra finkatu eta egonkortzeko, hosto iraunkorreko espezie gazteak (koniferoak) landatuko dira, eremu osoan banatuak.

31 bis artikulua. Paisaia eta ingurumen integrazioa.

Iruñeko Garraioaren Hiriaren hegoaldeko perimetro osoan paisaia eta ingurumen integrazioa bermatzea hartu behar du helburu erabilera publikoko espazio libreen urbanizazio proiektuak, bai eta hegoaldetik iparraldera jarduketa-eremu osoa zeharkatzen duen eta Alaitz mendilerrotik datorren erreka-ubidearen ingurumen integrazioa ere.

31 ter artikulua. Ingurumen agiri estrategikotik eratorritako prebentzio eta zuzenketa neurriak.

Aplikagarriak izanen dira Garraioaren Hiriaren UGPSa handitzeari eta geroko aldaketari buruzko ingurumen ukipenen azterlanean zehaztutako prebentzio eta zuzenketa neurriak, 4. faseko eremu espezifikoari eragiten diotenak, kontuan hartuta eremua urbanizatuta dagoela jada, bai eta proposatutako antolamendu berriaren ondoriozkoak ere, honako hauek, alegia:

–UGPSaren aldaketaren ondoriozko urbanizazio proiektuak landareztatze- eta integrazio-proiektu espezifiko bat jasoko du, amaierako egoeraren oinarri kartografikoarekin, 1: 1.000 eskalan, 4. faseko eremuko berdeguneen gainean.

  • Paisaian integratzeko proiektuak aukera emanen du, alde batetik, garraioaren hiriaren eremu osoa bisualki integratzeko gehienbat nekazaritza-izaera duen esparru eszenikoan, Iruñerriko mendilerroak atzean dituela. Hala, espazio libreak landareztatzea eta berdeguneak sortzea jasoko duen proiektu bat aurkeztuko da, ereintza-lanak eta landaketak aurreikusiko dituena. Paisaian integratzeko lanei dagokienez, urbanizazio proiektuan aurreikusiko da eraikin berrietarako kolore neutroak aukeratzea, bisualki aiseago integratzeko.
  • Proiektuak dokumentu hauek jaso beharko ditu: memoria, baldintzen agiria, mantentze-plana, prezioen justifikazioa, aurrekontua eta planoak. Urbanizazio obretatik bereizitako exekuzio-unitate gisa hartu beharko da.
  • Landareztatzeko eta paisaian integratzeko proiektu horrek helburu hauek izanen ditu: jarduketa-eremuarekin muga egiten duten jardueren paisaia-ukipenak eta eragozpenak zuzentzea, azalera naturalen landare-estalkia aldatu gabe kontserbatzea eta berdeguneetan landare-estalki egokia garatzea jasangarritasun irizpideei jarraikiz.
  • Berdeguneetan, ahal dela, zuhaitzak landatuko dira zuhaitz-txorkorik gabe, ametz ilaundunen zuhaiztietako (Roso arvensis-Querco pubescentis S.) mendebaldeko Pirinioetako eta nafar-arabar serieko espezie autoktonoak erabiliz, hor kokatzen baita. Belar-geruza hautatzeko orduan, kontuan hartuko da erabilera intentsiborik eta erabiltzeko eskakizun espezifikorik gabeko berdeguneak direla, eta, beraz, aukera ona da belardiak ereitea.
  • Jarduketa-eremuaren barruko berdeguneetako landaketa eta ereintza guztiek mantentze-plan bat izan beharko dute (ureztatzea, ongarritzea, ale hilak, akastunak edo gaixoak ordeztea), landaketen hazkuntza egokia eta ingurumena eta paisaia leheneratzeko helburuak betetzen direla ziurtatzeko. Diseinuak bilatuko du uraren, ongarrien eta abarren gastua eta mantentze-lanak ahalik eta txikienak izatea, jasangarritasun-irizpideetara egokituz.
  • Zuhaitz-landaketek lurpeko azpiegitura-sareak igarotzen diren eremuak saihestuko dituzte.
  • Azpiegituretarako erreserbaren sistema orokor gisa aurreikusita dauden komunikazio-azpiegituren (bideak eta trenbideak) obrak egiten ez diren bitartean, azalera berdegune gisa urbanizatuko da, eta, beraz, landareztatzeko eta integratzeko proiektuan halaxe jasoko da.

–UGPSaren aldaketaren ondoriozko urbanizazio proiektuak berariaz jasoko du Arkotxain erreka ingurumen aldetik lehengoratzeko proiektu bat, 4. faseko eremuaren barruan duen trazadura osoarentzat (ibilguaren alde bakoitzean gutxienez 10 metroko zerrenda batean), honako hauek jasoko dituena: memoria, baldintza-agiria, mantentze-plana, prezioen justifikazioa, aurrekontua eta planoak.

  • Proiektu horren helburua izanen da hango landareak eta errekaren egitura naturala lehengoratzea eta dagoen landaredi naturala sartzea, hiri-ingurunearen eta inguruko nekazaritza-ingurunearen arteko lotura-korridore ekologiko bat sortzen laguntzeko.
  • Errekaren bazterretako gehieneko maldak 2,5H:1V izanen dira, antzeko malda duten ezponda erregularrak egotea saihestuz eta bazterrak kalitatezko landare-lurrez estaliz.
  • Ereintza eta landaketak eginen dira. Errekako landaredia lehengoratzeko lanetan erabiliko diren espezieak eremu biogeografiko horretan berezkoak direnak izanen dira, eta horien artean espezie hauek sartzen ahalko dira: lizarra (Fraxinus angustifolia), makal beltza (Populus nigra), sahats iluna (Salix atrocinerea), zume zuria (Salix alba), astigarra (Acer campestre), marmaratilla (Viburnum lantana), zuhandorra (Cornus sanguinea), arbustu arrunta (Ligustrum vulgare), aihenzuria (Clematis vitalba), basaerramua (Euonymus europaeus) eta intsusa beltza (Sambucus nigra).
  • Errekaren ohantzean lan egitea saihestuko da, eta, bereziki, hormigoitze bidez kanalizatzea saihestuko da.
  • Lubetetan ezpondak edo kanpoko azalerak sortuz gero, hidroereintzaz gainera, landareztatze proiektuan jasoko da landaketak egitea Elortz ibaiko lautadetan eta Iruñerrian ohikoak diren espezie autoktonoekin, konparazio batera, Quercus pubescens subsp. humilis, Fraxinus angustifolia, Acer campestre, Acer opalus, Sorbus domestica edo Sorbus aucuparia gisako zuhaitzekin eta Buxus sempervierens, Juniperus communis, Crataegus monogyna edo Rosa arvensis gisako zuhaixkekin.
  • 3. faseari dagokion eremuan, Arkotxain errekaren bazterrak landareztatu beharko dira inguru horretako ibaietan ohikoak diren espezieak erabiliz, Nafarroako Gobernuaren 2006ko otsailaren 27ko Erabakian xedatutakoaren arabera, horren bidez onetsi baitzen "Iruñeko Garraioaren Hiria SA handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa" espedientea.

–Arkotxain errekaren gainetik igaroko den trenbideak ahalmen nahikoa izan beharko du ur eta ingurumen funtzionaltasuna errespetatzeko eta ibilguaren jarraitutasuna ahalbidetzeko.

–Urbanizazio proiektuak eta eraikinek kontuan hartuko dituzte Garraioaren Hiria handitzeko UGPSan egindako azterlan geologiko-geoteknikoan ezarritako baldintzak.

–UGPSaren eremuak bete beharko ditu hirugarren sektoreko erabilerarako lurzorua nagusi den sektoreentzako kalitate akustikoko helburuak, 1367/2007 Errege Dekretua aldatzen duen 1038/2012 Errege Dekretuaren II. eranskineko A taulan ezarrita daudenak. Horiei dagokienez, zarata dela-eta, honako hau ezartzen du kalitate akustikoko helburu gisa existitzen ez diren hiriguneetan: ez gainditzea II. eranskineko A taulari aplika dakiokeen balioa 5 dezibeletan gutxituta.

–UGPSan aurreikusitako trenbidea egiten bada, eremu horretako balio akustikoak betetzeko behar diren neurriak jaso beharko ditu, eremuan etorkizunean ezartzen diren jarduerek bezala.

–UGPSaren aldaketa honetatik datorren urbanizazio proiektuak, argi kutsadurari dagokionez, bete behar du Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legean xedatutakoa.

–Etorkizuneko eraikinak ingurumen jasangarritasunerako beste irizpide batzuk kontuan hartuz proiektatuko dira, konparazio batera, kontsumo energetikoa aurreztea, energia berriztagarriko iturriak erabiltzea (adibidez, estalkietan eguzki-panelak erabiltzea), ur kontsumoa aurreztea, etab.

–Era berean, eta energia aurrezteko helburuarekin, beste faktore batzuk ere hartuko dira kontuan: konparazio batera, etorkizuneko eraikinen orientazioa edo eraikinen kolorea.

–Instalatzen diren jarduerek kutsatzaile atmosferikoen barreiatze- eta diluzio-elementuak izanen dituzte, bai eta berariazko arazketa-sistemak ere, behar izanez gero.

–Espazio libre pribatuetan, betiere instalatzen den jarduerak ahalbidetzen badu, kanpoaldeetan zoladura drainatzaileak instalatzea hobetsiko da, lur gaineko jariatzeak murrizteko, lurzoruak ura iragaztea erraztuz.

–Modu partikularrean instalatzen diren jarduerek ingurumen bektoreei buruzko indarreko legeria bete beharko dute, hala nola urari, lurzoruari, atmosferari eta zaratari dagokiena.

–UGPSaren araudian erabilera nagusitzat edo toleratutzat jotzeak ez du esan nahi jarduerak ezartzeko beharrezkoak diren beste izapide batzuk egin behar ez direnik, ezta ingurumen izapideak egin behar ez direnik ere, jarduerak hala eskatzen badu indarrean dagoen legeriaren arabera.

31 quater artikulua. Sistema fotovoltaikoak estalkietan.

Estalkietako sistema fotovoltaikoei dagokienez, eraikinek Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legetik edo haren balizko aldaketetatik eratorritako eskakizunak bete beharko dituzte, edo horietara egokitu.

31 quinquies artikulua. Diseinu bioklimatikoa eta naturan oinarritutako konponbideak.

Obrek eta eraikinek diseinu bioklimatikoko konponbideak eta naturan oinarritutako konponbideak proiektatuko dituzte, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea edo haren balizko aldaketak betez.

31 sexies artikulua. Eraikinen alderdi morfologikoak eta apaingarriak.

Eraikinen konposizioa librea da, baina, funtsean, eraikinak tokian tokiko eraikuntzaren ezaugarrietara eta bertako girora egokitu beharko dira, inguru hurbilenarekin bat eginez.

Alboetako eta atzeko fatxadak fatxada nagusikoen antzeko konposizio-baldintzekin eta materialekin tratatuko dira.

Eraikin berriek mehelinak sortuko balituzte eta fatxada horiek aldi baterako agerian geratuko balira, fatxaden antzera tratatuko lirateke materialei, ehundurari, koloreari eta tonuei dagokienez.

3.–Erabilera anitzeko eremu logistikoaren (EAEL) ordenantza espezifikoa

32. artikulua.

Eremu horretan hiru okupazio-eredu desberdin garatzen ahalko dira, bertako eraikinak atxikiak edo bakartuak diren eta lurzatiaren tamaina zenbatekoa den:

Antolamendu planoetan, azpieremu hauek identifikatzen dira:

a) Pabiloi modularren/Eraikin maklatuen azpieremua (EAEL-PM/EM).

b) Eraikin bakartuen azpieremua (EAEL-EB).

c) Lurzati handian eraikin bakartuen azpieremua (EAEL-EB-LA).

Lehenengo azpieremuan, bi eraikuntza motetatik edozein aukeratzen ahalko da (pabiloi modularrak edo eraikin maklatuak), betiere mota bera aukeratzen bada etxe-sail osoan.

Bigarren eta hirugarren azpieremuetan (eraikin bakartua eta eraikin bakartua lurzati handian), aukera tipologikoa bakarra da.

D.–"Eraikin bakartua lurzati handian" (EB-LH) azpieremua.

Logistikarako erabilerak, eraikinen izaera bakartuak eta lurzatien neurriak ezaugarritzen dute azpieremu hau.

58 bis artikulua. Erabilera baldintzak (EAEL-EB-LH).

–Erabilera nagusiak eta erabilera bateragarriak:

  • Erabilera nagusiak. (EAEL-EB-LH).
    • Biltegiratzea, horren barnean direlarik banaketa fisikoko azpisistema logistikoari dagozkion jarduerak: biltegiratzea, ontziratzea, enbalajea, garraioa, mantenua, etab.
    • Flotari arreta ematea.
    • Kargak taldekatzea eta finkatzea.
  • Erabilera bateragarriak (EAEL-EB-LH).
    • Ibilgailuak konpontzeko, piezak aldatzeko eta makineria osagarria eskuratzeko tailer eta lokalak, norberak erabiltzekoak.
    • Ibilgailuak, ordezko piezak eta makineria osagarria erakusteko edo saltzeko lokalak, norberak erabiltzekoak.
    • Enpresako taberna.
    • Enpresak ustiatzeko bulegoa.
    • Ekoizpenaren azpisistema logistikoari dagozkion jarduerak: osagaien muntaketa, pintura eta akabera, nahasketa, etab.
    • Ibilgailu astunen aparkalekua.
    • Kalitatea kontrolatzeko jarduerak, paletizazioa, picking-a eta eskariak prestatzea, enbalajea, paketegintza eta etiketatzea, osagaien aurremuntaketa edo enbalajea, hondatutako elementuen ordezkapena.

Azken horiek "balio erantsiko jarduerak" dira, eta honela definitzen dira: oinarrizko produktu bati (hots, prozesu industrial baten azkeneko ekoizpen etapatik ateratzen den produktuari) bukaerako produktua bihurtu arte (hots, bezeroari edo kontsumitzaileari entregatzeko prest egon arte) egiten zaizkion eraldaketa-jarduerak.

Aurreikuspenen arabera goranzko joera izanen duen jardueren sektore bat denez, erabilera nagusien taldean sartzea onartuko da.

Erabilera bateragarri horiei dagokien gehieneko azalera eraikigarria ez da guztizkoaren %5 baino handiagoa izanen lurzati bakoitzean.

Ez da onartuko substantzia arriskutsuak biltegiratzearekin loturiko erabilerarik, baldin eta, kantitateari dagokionez, biltegiratzen dena goi mailako atalasearen gainetik egon badaiteke irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren arabera.

58 ter artikulua. Okupazio mota (EAEL-EB-LH).

Eraikin bakartua, lurzatiaren mugekiko tarteak errespetatuz.

58 quater artikulua. Antolamendu sistema (EAEL-EB-LH).

Lurzatiko eraikin bakartuetan.

58 quinquies artikulua. Lurzatiaren baldintzak (EAEL-EB-LH).

Gutxieneko azalera: 25.000 m².

Aurrealdearen gutxieneko neurria: 90 m.

Azpizatiketak egiteko baldintzak: Gutxieneko parametroak errespetatu behar dira.

58 sexies artikulua. Eraikitzeko baldintzak (EAEL-EB-LH).

Lurzatiaren okupazioa. Eraikina modu bakartuan garatzea lurzatiaren barnean, mugekiko tartea errespetatuta, eta, hala badagokio, berdegune pribatutik kanpo.

Sestra gaineko okupazioaren gehieneko ehunekoa: %65.

Sestra azpiko okupazioaren gehieneko ehunekoa: %65.

Bideekiko gutxieneko tarteak: 15 m.

Beste mugekiko gutxieneko tartea: 5 m.

Patioak: libre.

58 septies artikulua. Eraikin motak (EAEL-EB-LH).

Sestra gaineko gehieneko altuera: 15 m.

Sestra azpiko gehieneko altuera: 3 m.

Sestra gaineko solairuen kopurua: 3.

Sestra azpiko solairuen kopurua: 1.

Gutxieneko barne altuera librea: 2,5 m.

Salbuespen gisa, baimendutako gehieneko altuerak gainditzen dituzten altuerak onartzen ahalko dira, betiere araututako gehieneko balioa %50 gainditzen ez bada eta jarduera logistikoaren premiengatik beharrezkoa bada, aldez aurretik lizentziaren xede den proiektuan justifikatuta.

58 octies artikulua. Eraikigarritasuna (EAEL-EB-LH).

Gehieneko eraikigarritasuna: 144.380 m² eraikiak.

(Sestra azpiko eraikigarritasuna ez da konputagarria).

58 nonies artikulua. Baldintza osagarriak (EAEL-EB-LH).

–Espazio libre pribatuei buruz.

Barneko espazio libreetan, eraikinari ainguraturik, babeserako markesinak eraikitzen ahalko dira, gehienez ere 4 m-ko lurgaina eta gutxienez 5 m-ko altuera dutenak, eta horma-atal bertikalik gabekoak.

–Eraikinei buruz:

Konposizio librea.

Debekatuta dago lurgainak eraikitzea mugekiko ezarrita dauden derrigorrezko gutxieneko zerrendetan.

Estalkiak: Konposizio librea gehieneko maldak definituriko inguratzailearen barruan.

Estalkiaren gaineko instalazioak: Jarduera dela-eta justifikatzen direnak.

58 decies artikulua. Kudeaketa baldintzak (EAEL-EB-LH).

Planoetako partzelazioa gutxi gorabeherakoa da. Lurzatiak etxe-sail itxien gisa definitzen dira hasiera batean, eta lurzatiak ezarpenen beharren arabera banatzeko aukera ematen da, baina betiere gutxieneko azalerari eta aurrealdearen gutxieneko neurriari buruz gorago azaldu diren irizpideei loturik.

Hurrengo partzelazioetan, lurzatiak bildu eta bereizten ahalko dira, baldin eta gutxieneko baldintza horiek betetzen badira.

Lurzati guztiek sarbidea izanen dute bide publikotik.

4.–Eremu logistiko intermodalaren (ELI) ordenantza espezifikoa

59. artikulua. Erabilera baldintzak (ELI).

Kentzen da.

60. artikulua. Okupazio mota (ELI).

Kentzen da.

61. artikulua. Antolamendu sistema (ELI).

Kentzen da.

62. artikulua. Lurzatiaren baldintzak (ELI).

Kentzen da.

63. artikulua. Eraikitzeko baldintzak (ELI),

Kentzen da.

64. artikulua. Eraikin motak (ELI).

Kentzen da.

65. artikulua. Eraikigarritasuna (ELI).

Kentzen da.

66. artikulua. Baldintza osagarriak (ELI).

Kentzen da.

67. artikulua. Kudeaketa baldintzak (ELI).

Kentzen da.

5.–Plataforma intermodalaren eremuaren (PIE) ordenantza espezifikoa

68. artikulua. Erabilera baldintzak (PIE).

Kentzen da.

69. artikulua. Okupazio mota (PIE).

Kentzen da.

70. artikulua. Antolamendu sistema (PIE).

Kentzen da.

71. artikulua. Lurzatiaren baldintzak (PIE).

Kentzen da.

72. artikulua. Eraikitzeko baldintzak (PIE),

Kentzen da.

73. artikulua. Eraikin motak (PIE).

Kentzen da.

74. artikulua. Eraikigarritasuna (PIE).

Kentzen da.

75. artikulua. Baldintza osagarriak (PIE).

Kentzen da.

76. artikulua. Kudeaketa baldintzak (PIE).

Kentzen da.

7.–Ekipamendu eta azpiegituretarako eremuaren (EAE) ordenantza espezifikoa

81. artikulua. Ekipamendu eta azpiegituretarako eremua, eraikin bakartuekin lurzati handian (EAE-EB-LH).

Ekipamendu eta azpiegituretarako erabilerak, eraikinen izaera bakartuak eta lurzatien neurriak ezaugarritzen dute eremu hau.

82. artikulua. Erabilera baldintzak (EAE-EB-LH).

–Erabilera nagusiak eta erabilera bateragarriak.

  • Erabilera nagusiak: (EAE-EB-LH).
    • Ekipamendua. "Ekipamendua" erabileratzat joko dira herritarrei zerbitzuak ematea helburu duten jarduerak, baita jarduera horiekin loturiko eraikin eta instalazioak ere. Ekipamendu mota hauek bereizten dira:

a) Hezkuntzakoa: Pertsonei prestakuntza intelektuala ematea du helburu, ezein mailatako irakaskuntza arautuaren bidez, haurtzaindegien bidez, irakaskuntza ez-arautuaren bidez eta ikerketaren bidez.

b) Kulturala: Arteak eta ezagutzak babestea, transmititzea, ikertzea eta erakustea du helburu.

c) Administratiboa: Funtzio nagusitzat zerbitzu administratiboa, teknikoa, finantzarioa, informatiboa edo antzeko besteren bat ematea duten hirugarren sektoreko jarduerei dagozkien zerbitzuak dira, batez ere informazioa erabiltzean eta enpresa nahiz partikularrei ematean oinarritzen direnak, publikoak badira ere. Kategoria honetakoak dira espazio propio eta independente bat kontsumitzen duten bulegoko jarduerak.

Izaera publikokotzat jotzen dira administrazio zentralaren edota toki administrazioen eta haien erakunde autonomoen eta elkarteen bulegoak, bai eta aurreko definizioarekin bat datozen ezaugarriak dituztenenak ere.

d) Jolas eta aisialdirakoa: Jarduera ludikoen bidez pertsonen aisialdia sustatzea du helburu.

e) Osasun zerbitzuetarakoa: Zaintza medikoa eta kirurgia zerbitzuak ematea du helburu, dela erregimen anbulatorioan, dela ospitalizazioa dagoen kasuetan. Bulego profesionaletan ematen diren zerbitzuak kanpoan geratuko dira.

f) Laguntza arlokoa: Gizarte zerbitzuen bidez pertsonei berariaz osasun arlokoak ez diren laguntza zerbitzuak ematea du helburu.

g) Kirolekoa: Herritarrei kirola egiteko instalazioak eskaintzea eta beren gorputz heziketa lantzeko aukera ematea du helburu.

h) Erlijiosoa: Bertan erlijio kultuak ospatzea du helburu.

i) Komunitate zerbitzuetarakoa: Segurtasun indarren eta suhiltzaileen instalazioak, autobus geltokiak, udal ibilgailuentzako kotxerak eta beste zenbait komunitate zerbitzu eskaintzea du helburu.

  • Azpiegiturak. "Azpiegiturak" erabileratzat joko dira hiri azpiegitura kolektiboekin lotutako instalazio eta eraikinak hartzeko xedea duten espazioak, bai eta halako azpiegiturak sortzeko, eraldatzeko, tratatzeko eta garraiatzekoak ere. Honako mota hauek bereizten dira:

a) Sareak: Hiriak funtzionatzeko behar dituen azpiegitura sareak dira, baita horiei loturiko instalazio txikiak ere.

b) Hiri zerbitzuak: Hiri instalazio handiak behar izaten dituztenak dira, hala nola araztegiak, biltegiratze edo erregulazio deposituak, ponpaketa estazioak, edateko uren araztegiak, transformazio zentroak edo argindarra sortzekoak, hondakinak biltzeko, tratatzeko eta kudeatzeko zentroak eta abar.

  • Erabilera bateragarriak (EAE-EB-LH).
    • Administratiboa (bulegoak), erabilera nagusiaren osagarri.
    • Merkataritzakoa, erabilera nagusiaren osagarri.
    • Ostalaritzakoa, norberak erabiltzekoa, erabilera nagusiaren osagarri.
    • Ibilgailuen aparkalekua.
    • Ibilgailuak edo makineria osagarria konpontzeko tailerrak eta lokalak, erabilera nagusiari lotuak daudenak.

Erabilera bateragarri horiei dagokien gehieneko azalera eraikigarria ez da guztizko azalera eraikigarriaren %25 baino handiagoa izanen lurzati bakoitzean.

Ez da onartuko substantzia arriskutsuak biltegiratzearekin loturiko erabilerarik, baldin eta, kantitateari dagokionez, biltegiratzen dena goi mailako atalasearen gainetik egon badaiteke irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren arabera.

83. artikulua. Okupazio mota (EAE-EB-LH).

Eraikin bakartua, lurzatiaren mugekiko tarteak errespetatuz.

84. artikulua. Antolamendu sistema (EAE-EB-LH).

Lurzati handiko eraikin bakartuetan.

85. artikulua. Lurzatiaren baldintzak (EAE-EB-LH).

Gutxieneko azalera: 25.000 m².

Aurrealdearen gutxieneko neurria: 90 m.

Azpizatiketak egiteko baldintzak: Gutxieneko parametroak errespetatu behar dira.

86. artikulua. Erabilera baldintzak (EAE-EB-LH).

Lurzatiaren okupazioa. Eraikina modu bakartuan garatzea lurzatiaren barnean, mugekiko tartea errespetatuta, eta, hala badagokio, berdegune pribatutik kanpo.

Sestra gaineko okupazioaren gehieneko ehunekoa: %65.

Sestra azpiko okupazioaren gehieneko ehunekoa: %65.

Bideekiko gutxieneko tarteak: 15 m.

Beste mugekiko gutxieneko tarteak: 5 m.

Patioak: libre.

87. artikulua. Eraikin motak (EAE-EB-LH).

Sestra gaineko gehieneko altuera: 15 m.

Sestra azpiko gehieneko altuera: 3 m.

Sestra gaineko solairuen kopurua: 3.

Sestra azpiko solairuen kopurua: 1.

Gutxieneko barne altuera librea: 2,5 m.

Salbuespen gisa, baimendutako gehieneko altuerak gainditzen dituzten altuerak onartzen ahalko dira ekipamendu edo azpiegitura batek beharrezkoak dituen instalazio edo elementu berezietarako, betiere araututako gehieneko balioa %50 gainditzen ez bada, aldez aurretik lizentziaren xede den proiektuan justifikatuta.

88. artikulua. Eraikigarritasuna (EAE-EB-LH).

Gehieneko eraikigarritasuna: 76.568 m² eraikiak.

(Sestra azpiko eraikigarritasuna ez da konputagarria).

89. artikulua. Baldintza osagarriak (EAE-EB-LH).

–Espazio libre pribatuei buruz.

Barneko espazio libreetan, eraikinari ainguraturik, babeserako markesinak eraikitzen ahalko dira, gehienez ere 4 m-ko lurgaina eta gutxienez 5 m-ko altuera dutenak, eta horma-atal bertikalik gabekoak.

–Eraikinei buruz:

Konposizio librea.

Debekatuta dago lurgainak eraikitzea mugekiko ezarrita dauden derrigorrezko gutxieneko zerrendetan.

Estalkiak: Konposizio librea gehieneko maldak definituriko inguratzailearen barruan.

Estalkiaren gaineko instalazioak: Jarduera dela-eta justifikatzen direnak.

90. artikulua. Kudeaketa baldintzak (EAE-EB-LH).

Planoetako partzelazioa gutxi gorabeherakoa da. Lurzatiak etxe-sail itxien gisa definitzen dira hasiera batean, eta lurzatiak ezarpenen beharren arabera banatzeko aukera ematen da, baina betiere gutxieneko azalerari eta aurrealdearen neurriari buruz gorago azaldu diren irizpideei loturik.

Hurrengo partzelazioetan, lurzatiak bildu eta bereizten ahalko dira, baldin eta gutxieneko baldintza horiek betetzen badira.

Lurzati guztiek sarbidea izanen dute bide publikotik.

8.–Azpiegituretarako Erreserbaren Sistema Orokorraren (AESO) ordenantza espezifikoa

91. artikulua. Azpiegituretarako Erreserbaren Sistema Orokorra (AESO).

Azpiegituretarako Erreserbaren Sistema Orokor deritzo etorkizunean komunikazio azpiegiturak (bidekoak nahiz trenbidekoak) eraikitzeko lanen exekuziorako euskarri fisiko gisa erabiliko den espazioari.

Sistema orokor bat denez, lurzorua lagako da, baina erakunde eskudunari dagokio azpiegitura bakoitza exekutatzea (bidekoa nahiz trenbidekoa).

Eremua urbanizatzen denean aurreikusirik ez badago azpiegiturarik eraikitzea, AESO gisa definitutako espazioa berdegune gisa urbanizatuko da, eta ez du konputatuko lagapenen ondorioetarako.

9.–Jabari publiko hidraulikoaren eta haren zortasun eta polizia eremuen ordenantza espezifikoa

92. artikulua. Jabari publiko hidraulikoa.

Sailkapen espezifikorik gabeko sistema orokor gisa definitzen da Arkotxain errekako (Talluntze) Jabari Publiko Hidrauliko gisa mugaturiko lurzorua.

Ez da konputatuko aprobetxamendurako eskubidea ematen duen azalera neurtzeko ondorioetarako, eta ezin da udal, batzar edo partikularren alde inskribatu.

Proiektatuta dagoen trenbidearekiko bidegurutzeari dagokionez, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126 ter artikuluko 3. apartatuan xedatuakoari jarraikiko zaio.

93. artikulua. Zortasun eremua.

Oro har, eta aldatzeko arrazoi justifikaturik izan ezean, ibilguen luzera osoan mugakide diren lurren bazterretan 5 metroko zabalerako bide zortasunaren eremua errespetatuko da, erabilera publikoak galaraz ditzakeen eraikinik gabe (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluak). Erabilera publiko horien artean daude, besteak beste, oinezkoentzako iraganbide publikoa edo zenbait zerbitzu betetzea.

Espresuki debekaturik daude oinezkoentzako iraganbidea galarazten duten itxiturak.

94. artikulua. Polizia eremua.

Polizia eremuak 100 metroko zabalera izanen du ibilguaren alde banatan, eta bertan jarduketaren bat egiteko, txostena eta/edo baimena eskatu beharko zaio arroko erakundeari.

10.–Jabetzari jarritako mugak, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2018 Legearen arabera

95. artikulua. Jabetzari jarritako mugak, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2018 Legearen arabera.

Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legean ezarritakoaren arabera, UGPSak errespetatu egin behar ditu trenbideen sektoreari buruzko legerian jabetzari ezarritako mugak.

Honako hauek dira jabetzari jarritako mugak, kontuan harturik antolamendu xehea duen lurzoru urbanizagarria dela:

1. Jabari publikoko eremua.

Jabari publikoko eremua osatzen dute Interes Orokorreko Trenbide Sarearen parte diren trenbide lineek okupatzen dituzten lurrek eta plataformaren alde banatan utzi beharreko bost metroko zerrendak (distantzia hori lur-berdinketaren kanpoko ertzetik neurtzen da horizontalean eta plataformaren ardatzarekiko perpendikularrean)(*).

Jabari publikoko eremuan, eta Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 30. artikuluan ezartzen denari uko egin gabe, obrak egin eta instalazioak eraiki baino lehen, trenbide azpiegituren administratzailearen baimena eskuratu beharko da, baldin eta tren zerbitzuak emateko beharrezkoa bada, edo zerbitzu publiko bat emateko edo interes orokorreko jarduera bat egiteko beharrezkoa bada. Aparteko kasuren batean, eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, jabari publikoko eremua airetik nahiz lurpetik gurutzatzeko baimena emanen da, interes pribatuko obrengatik eta instalazioengatik.

2. Babes eremua.

Trenbide lineen babes eremua alde banatan dagoen lur zerrenda bat da; barnealdean, aurreko puntuan definituriko jabari publikoko eremuak mugatzen du, eta kanpoaldean, berriz, lur berdinketaren ertzetatik zortzi metrora dauden bi lerro paralelok.

Babes eremuan ez da obrarik eginen, eta trenbide trafikoko segurtasunarekin bateragarri diren erabilerak baizik ez dira onartuko, baina horietarako ere, aurrez baimena eskatu beharko zaio trenbide azpiegituretako administratzaileari. Interes orokorreko arrazoiak tarteko, edo trenbide zerbitzuak hobetzeko balio badu, administratzaileak babes eremua erabiltzeko baimena ematen ahal du. Zehatzago esateko, baimena ematen ahal da honako helburu hauek betetzeko:

a) Trenbidea hartu edo inbaditu duten urak bideratu eta kanalizatzeko.

b) Trenbidearen plataformatik kentzen diren objektu edo materialak aldi baterako uzteko, bertan egotea arriskutsua bada edo zirkulazioari traba egiten badiote.

c) Zirkulaziorako egokia ez den material higikorra denbora batez aparkatzeko, matxuratua dagoelako edo beste zerbait gertatzen zaiolako.

d) Interes orokorreko zerbitzuekin loturiko kondukzioak egiteko, beste alternatibarik ez badago.

e) Trenbide linearekin edo haren elementu funtzional eta instalazioekin lotutako eraikuntza, konponketa eta mantentze-lanetarako makineria, tresneria eta materialak denbora batez bertan biltzeko.

f) Trenbidearen erabileretarako soilik diren baliabide geologikoak erabiltzeko, dagozkion baimenak eskuratu ondoren.

g) Trenbide linea edo haren elementu funtzional eta instalazioak eraiki, konpondu edo mantentzeko lanen ondorioz trenbidearen leku zehatz batzuetara iristeko bideak denbora batez irekitzeko, bai eta, gorabehera edo istripuren bat gertatuz gero, laguntzera joateko beharrezkoak izan litezkeen bideak irekitzeko ere.

h) Trenbide lineako eremu jakin batzuetara sartzeko, bertan gorabehera nahiz istripuren bat izanez gero.

i) Hirigintzako plangintzaren garapenetik eratorritako urbanizazio obren bidez trenbidea hirigunean integratzeko.

3. Eraikitzeko muga-lerroa.

Eraikitzeko muga-lerroa plataformaren kanpoko ertz hurbilenetik berrogeita hamar metrora dago, ertz horretatik bertatik horizontalean neurtuta.

Trenbidetik muga-lerrorainoko tartean debekaturik dago edozein eraikuntza, berreraikuntza edo handitze obra egitea, salbu eta Trenbide Sektoreari buruzko Legea indarrean sartu zenean zeudenak kontserbatzeko eta mantentzeko ezinbestez egin beharrekoak.

(*) Lur-berdinketaren kanpoko ertza da erauzitako lurraren ezpondak, lubetak edo, hala badagokio, mugakide diren eustormek lur naturalarekin egiten duten intersekzioa. Lurraren ezaugarriengatik lur-berdinketaren kanpoko ertza definitzerik ez dagoen kasuetan, bidearen ardatzarekin paralelo doan irudizko lerro bat dagoela joko da, kanpoko erreiaren kanpoko ertzetik hiru metrora kokatua, ardatz horrekiko perpendikularrean neurtua.

Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko ebazpen honetan atxikitako dokumentazio grafikoan, elementu hauek identifikatzen ahal dira.

–Jabari publikoko eremua.

–Babes eremua.

–Eraikitzeko muga-lerroa.

Aurreikuspen hori aldatuko duen beste informazio azterlan bat izapidetuko balitz, edo egungoak indarra galduko balu, UGPSa baldintza berrietara egokituko litzateke, eta, azterlan berriaren ondorioz trenbide-erreserbek haren gainean eraginik izanen ez balute, trenbide-adarrerako erreserbatutako eremua Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. faseko berdeguneen parte izatera pasako litzateke, eta plataformaren kanpoko ertzetik 50 metrora ezarrita dagoen eraikitzeko muga-lerroaren ordez lurzatien hegoaldeko mugatik 5 metrora egonen litzatekeen beste bat finkatuko litzateke.

Era berean, azpiegituren administratzaile orokorrek, Trenbide Sektorearen 38/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz, eraikitzeko muga-lerroa murriztea erabakitzen badute, zehazten duten muga-lerro berriak automatikoki ordeztuko du plataformaren kanpoko ertzetik 50 metrora kokatuta dagoen muga-lerroa.

ERANSKINA.–ZORTASUN AERONAUTIKOAK

Plan sektorialaren eremu osoa Iruñeko aireportuari dagozkion legezko zortasun aeronautikoen eremuen barnean dago. Zehazki, eremua honako hauen eraginpean dago nagusiki: Lurreratze Instrumentalaren Sistemako Lokalizatzailearen Altuerak Mugatzeko Azalera (LLZ IPN), ILS YZ RWY 15 maniobraren Hurbilketa Zapuztuaren Azalera, eta VOR RWY 33 maniobraren Hurbilketa Zapuztuaren Azalera.

Iruñeko aireportuko zortasun aeronautikoak mugatzen dituzten azaleren maila lerroek honako hauek zehazten dituzte: eraikinek (haien elementu guztiak barne, adibidez, antenak, tximistorratzak, tximiniak, aire girotuko ekipamenduak, igogailu zuloak, kartelak, akabera apaingarriak, garabiak eta abar) gainditu ezin dituzten altuerak (itsasoaren mailarekiko), lursailaren edo objektu finkoen aldaketak (zutoinak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne–, kartelak eta abar) eta bideen edo trenbideen galiboa.

Zortasun aeronautikoei buruzko 584/72 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, jarduerak mugatzen dituen zortasun bat ezarri da Iruñeko aireportuko zortasun aeronautikoen eremuko lurren proiekzio ortogonalaren barreneko eremuan, eta, horren indarrez, AESA-Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak ahalmena izanen du eremu horren barreneko jarduerak debekatu, mugatu edo baldintzatzeko, arriskutsuak badira aireko operazioetarako edo instalazio erradioelektrikoen funtzionamendu egokirako. Eskumen hori aipatutako jarduerak ezarri edo egitea ahalbidetzen duten lurzoruen erabileretara ere zabalduko da, eta, besteak beste, honako hauek hartuko ditu bere baitan:

a) Turbulentziak eragin ditzaketen oztopoak eraikitzea dakarten jarduerak.

b) Argien erabilera (laser izpien emisoreak edo proiektoreak barne), arriskua sor badezakete edo nahastera edo huts egitera eraman badezakete.

c) Eremu handi eta oso islatzaileak erabiltzen dituzten jarduerak, itsualdiak eragin ditzaketelako.

d) Aerodromoaren mugimendu esparruaren inguruetan faunaren jarduera erakar dezaketen jarduketak.

e) Ikusten ez diren irradiazio-iturrien ezarpena edo funtzionamendua dakarten jarduerak, edo objektu finko edo mugikorren presentzia dakartenak, aeronautikako komunikazio, nabigazio eta zaintza sistemen funtzionamendua oztopatu badezakete edo haiei kalte egiten ahal badiete.

f) Kea, lainoa edo aireontzientzat arriskutsua izan daitekeen beste edozer sortzen duten instalazioen ezarpena edo funtzionamendua dakarten edo errazten duten jarduerak.

g) Propultsio edo aireratze bideak erabiltzea kirol jarduerak edo beste edozein jarduera egiteko.

Aeronautikako instalazio erradioelektrikoen ohiko funtzionamendua nahasi dezaketen irradiazio elektromagnetikoak sor ditzakeen edozein emisore erradioelektriko edo beste edozein gailu instalatzeko, oztopoak mugatzeko azalerei eragiten ez badiete ere, behar den baimena lortu beharko da, Zortasun Aeronautikoei buruzko 584/72 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zortasun aeronautikoak jabetza eskubideari jartzen zaizkion lege mugak dira, jabetza horren gizarte funtzioaren arabera. Hori horrela, ondorio horretarako ematen diren ebazpenek ez dute sortuko kalte-ordaina jasotzeko inolako eskubiderik.

Bideko azpiegiturek zortasun aeronautikoak kontuan hartu beharko dituzte, seinaleek, zutabeek, kartelek eta antzeko elementuek edo ibilgailuen galiboak azalera horiek inbaditu ez ditzaten, nahasmenduak eragiten ahal dituztelako aire nabigazioko seinale irrati-elektrikoetan.

Energia elektrikoa garraiatzeko lineak instalatzean, zehazki, "Azpiegiturak" deritzon 4. antolamendu planoan jasotako "66 kV-eko linea proiektatua" izeneko goi tentsioko linea instalatzean (ikus Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala), bermatu beharko da ez direla urratzen Iruñeko Aireportuko Zortasun Aeronautikoei buruzko arauak. Horixe bera aplikatu behar zaie instala litezkeen aerosorgailuei, oso garaiak badira, palen luzera ere kontuan hartu behar baita halakoetan, telekomunikazioetako azpiegiturei (hala nola telefoniako antenak eta mikrouhin loturak) eta, funtzionatzeko duten moduagatik, plataforma goratuetan ezarri behar diren gainontzeko egiturei. Linea edo azpiegitura horiek exekutatu aurretik, AESA-Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren aldeko ebazpen berariazkoa eskuratu beharko da, Zortasun Aeronautikoei buruzko 584/72 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluekin bat etorriz.

"66 kV-eko linea proiektatuak" zortasun aeronautikoak urratuko balitu, AESAk egiaztatu beharko luke segurtasuna bermatuta dagoela eta, oso bereziki, aireko operazioak erregularrak direla, horretarako sustatzaileak propio aurkeztu eta AENAk teknikoki berretsi beharreko azterketa aeronautiko baten bidez, bat etorriz Zortasun Aeronautikoei buruzko 584/72 Dekretuaren 7. eta 9. artikuluen gaur egungo testuarekin.

Edozein eraikuntza, instalazio (zutabeak, antenak, airesorgailuak –palak barne–, eraikitzeko behar diren tresnak –eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne–) edo landaketa egiteko, aldez aurretik AESA-Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren aldeko erabakia beharko da, 584/72 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluekin bat.

Birpartzelazioaren ondoriozko lurzatietan, dagokion Jabetza Erregistroan idatziz jasoko da zortasun aeronautikoek eragindako afekzioa, bat etorriz Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 65. artikuluan eta 1093/1997 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, testu honen bidez:

"Finka hau Iruñeko Aireportuko Zortasun Aeronautikoen Eremuan sartuta dago, eta aireontzien altuera baxuko hegaldiak jasan ditzake, aireportuaren instalazioetatik hurbil dagoelako eta aireportu horretan jarduten duten aireontzien maniobren ibilbideen azpian dagoelako. Beraz, finkan kokatzen diren eraikinek, instalazioek edo landaketek ezin izanen dituzte inola ere gainditu zortasun horiek aplikatzearen ondoriozko altuerak".

Iragarkiaren kodea: F2217493