157. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Udal talde politikoendako diru-kopuruak

Tafallako Udaleko osoko bilkuraren 2023ko uztailaren 5eko erabakia, zeinaren bidez onesten baita ondoko zuzkidura ekonomikoa Udaleko talde politikoentzat.

2023ko maiatzaren 28an egindako hauteskundeen ondoren, 2023ko ekainaren 17an egindako osoko bilkura berezian eratu zen 2023-2027 agintaldirako udalbatza berria.

Azaroaren 28ko 2568/986 Errege Dekretuak, 23. artikuluan eta hurrengoetan, ezartzen du udalkideak talde politikoetan antolatuko direla udalkide jarduteko (aipatutako dekretu horren bidez onetsi zen Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua).

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, 73.3 artikuluan, ahalbidetzen du diru-kopuru bat ezartzea Udaleko talde politikoentzat, helburu zehatz baterako: ordezkaritza-eginkizuna erraztea eta talde politikoaren funtzionamendua erraztea Udalbatzan. Funts horiek kontrol administratiboaren menpe egonen dira, baita kontrol judizialaren menpe ere. Hala, artikulu horrek honako hau ezartzen du: "Korporazioko osoko bilkurak diru-zuzkidura bat izendatu dezake talde politikoentzat korporazioko urteko aurrekontuen kontura; osagai bat finkoa izango da, talde guztientzat berdina, eta beste osagaia aldakorra, talde bakoitzeko kide-kopuruaren arabera, Estatuko aurrekontu orokorren legeetan orokorrean ezar daitezen mugen barruan; eta ezin izango dira erabili korporazioaren zerbitzura diharduten ezelango langileen lansariak ordaintzeko, ez eta ondare moduan aktibo finkoak eratzeko balio dezaketen ondasunak eskuratzeko ere (...)". Orobat, honela segitzen du artikuluak: "Talde politikoek aparteko kontabilitatea eraman behar dute 3. paragrafoko bigarren idatz-zatian aipatutako zuzkidurari buruz, eta korporazioko osoko bilkuraren eskura jarri beharko dute hark eskatzen dienean".

Horrekin guztiarekin bat, Tafallako Udalaren osoko bilkurak, alkateak hala proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

Lehenbizikoa.–Honako zuzkidura ekonomiko hau onestea Udaleko talde politikoentzat, aipatutako ondorioetarako:

Udalbatzan ordezkaritza duen talde politiko bakoitzari esleitzea hileroko zenbateko finko bat, berbera denentzat, 71 euro kide bakoitzeko. Hilabetero ordainduko da.

Bigarrena.–Adieraztea kopuruok urtero eguneratu beharko direla, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak urte bakoitzean funtzionarioentzat ezartzen duenaren arabera.

Hirugarrena.–Erabaki hau helaraztea Zerbitzu Ekonomikoen eta Toki Garapenaren Arloari.

Laugarrena.–Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoaren gardentasun atarian eta ediktu-taulan.

Tafallan, 2023ko uztailaren 7an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

Iragarkiaren kodea: L2310474