157. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARGUEDAS

Ordenantza, Nekazaritzako laboreak babesteko kanoi txorimaloen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Arguedasko Udalak, 2023ko maiatzaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Nekazaritzako laboreak babesteko kanoi txorimaloen erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2023ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 23an, eta jendaurrean egoteko legeak aurreikusten duen epea iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarriari jarraikiz. Hona hemen nola gelditu den idatzirik.

Arguedasen, 2023ko uztailaren 5ean.–Alkatea, José Luis Sanz Zubieta.

ORDENANTZA, NEKAZARITZAKO LABOREAK BABESTEKO KANOI TXORIMALOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikaziorako lurralde-eremua.

Udal ordenantza honen xedea da kanoi txorimaloak eta antzeko beste edozein gailu erabiltzeko baldintzak onestea, haien eginkizun bakarra denean Arguedasko udal-mugarteko landa-lurzoruan dauden nekazaritzako laboreak babestea.

2. artikulua. Arautegi aplikagarria.

Arguedasko udal-mugarteko landa-lurzoruan kanoi txorimaloak paratzeko, bete beharko dira ordenantza honetako xedapenak, Arguedasko hirigintzako arauak eta kasu bakoitzari aplikagarri zaizkion gainerako arau guztiak.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Ordenantza honen subjektu pasibo da landa-lur bat landu eta kanoi txorimalo bat edo antzeko beste gailu bat behar duena, izaera edozein izanik ere: jabea, maizterra eta abar.

4. artikulua. Xedea eta iraunaldia.

Subjektu pasiboek urte natural bakoitzean idatziz jakinarazi beharko dute udal bulegoetan gailua erabiliko dutela. Idatzi horrekin batera memoria bat aurkeztu beharko dute. Memoria horrek alderdi hauek, gutxienez jaso beharko ditu: instalatuko den gailuaren ezaugarri teknikoak; zer lursailetarako egiten den eskaera; lursail horietako laboreak zein diren; gailuaren kokalekua, eta gailuaren potentzia eta zer ordutan eta zer maiztasunarekin erabiliko den (zer tiro- edo detonazio-motarako eskatzen den baimena).

5. artikulua. Gomendioa.

Arguedasko Udalaren gomendioa da ordenantza honek hizpide dituen metodoez bestelako alternatibak erabiltzea hegaztiak uxatzeko, hala nola zerrenda edo material islatzaileak, hegazti harraparien siluetak edo figurak, ohiko txorimaloak, puxikak, ultrasoinuak, sareak eta abar.

6. artikulua. Dokumentazioaren eskaera.

Arguedasko Udalak, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, emandako informazioa zabaltzeko egoki irizten dituen nahi beste argibide eska diezazkieke interesdunei.

7. artikulua. Jakinarazitako instalazioek bete beharreko gutxieneko baldintzak.

–Egunez erabili beharko dira; gehienez, 08:00ak eta 20:00ak artean, eta, asteburuetan eta jaiegunetan, 09:00ak eta 20:00ak artean.

–Potentzia akustikoaren maila ezin izanen da izan 55 dB(A) baino handiagoa.

–Tiroen maiztasunari dagokionez, gehienez detonazio bat egiten ahalko da 10 minutuan behin.

–Gailuak inguruko etxebizitza edo instalazioetatik ahalik eta urrunen paratu beharko dira. Zehazki, egon beharko dute etxebizitzetatik edo bestelako instalazio sentikorretatik 100 metro linealera, gutxienez.

–Tiroa (kanoiaren ahoa) beti orientatuko da inguruko etxebizitzen edo instalazioen kontrako alderantz.

–Sute arriskuari dagokionez, erabili nahi den gailuak sute arriskuren bat badu, gailuaren ingurua (3 metroko erradioa) garbitu beharko da, eta landaredia ere kendu.

–Udalak, jakinarazitako kasua aztertuta, beste baldintza batzuk ezartzen ahalko ditu.

–Lurzatiaren kokalekua dela eta, ondoan beste etxebizitza batzuk edukitzeagatik edo beste arrazoiren bat dela medio ezin badira bete artikulu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak, debekatuta egonen da kanoi txorimaloak erabiltzea eta hain gogaikarriak ez diren beste gailu batzuk –legez onartutakoak, betiere– erabili beharko dira.

8. artikulua. Baimena berrikustea edo ezeztatzea.

Alkateak emandako ebazpen baten bidez debekatuko dira jakinarazitako instalazioak urtebeterako edo urte gehiagotarako, inguruabarrak zein diren aztertuta eta bidezkotzat jotzen bada. Hain zuzen, debekatzeko arrazoi izanen dira, besteak beste: oinarridun salaketak egotea edo zenbait salaketa pilatzea; gailuak erabiltzea laborantza-aroetatik kanpo; datu faltsuak eman izana Udalari idatziz; ez betetzea 7. artikuluan ezarritako baldintzak edo antzeko beste arrazoi batzuk.

9. artikulua. Zehapen prozedura.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.n) artikuluaren arabera, alkateak izanen du zehatzeko ahala, bere eskumenen esparruan, baldin eta legez edo erregelamenduz jokabide eta arau-hauste horien zehapena eta ikuskapena esleituta badauzka, eta betiere dagokion administrazio-espedientea hasi ondoren, hargatik eragotzi gabe egitateak jakinarazi behar izatea gaiaren edo agintaritza judizialaren arabera eskudunak izan daitezkeen beste administrazio-instantzia batzuei, delitu edo falta izan badaitezke.

Izapidetzen den zehapen-espedienteak kontuan hartu beharko du gaiari eta prozedurari buruz ezartzen dena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta aplikatu beharreko edo hura ordezten edo garatzen duten gainerako arauetan.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek bederatzi artikulu ditu, eta Udaleko osoko bilkurak behin betiko onetsi eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2310398