157. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANUE

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Anueko Udalak, 2023ko martxoaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Erabaki hori 2023ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 11n, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Anuen, 2023ko uztailaren 11n.–Alkatea, Miguel Larrayoz Vidan.

ORDENANTZA, ANUEKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, erregula daitezen Anueko udal-mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa, eta hura garatzen duten erregelamenduak; Nafarroako Zuzenbide Administratiboko gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau, eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatua; galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Anueko Udalari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatu, administratu, aprobetxamendu-araubidea ezarri eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den eran.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Anueko Udalak herri-lurretako ondasunen gainean hartutako erabakiek.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Anueko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz; azken bi horiek izanen dira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Anueko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Anueko Udala ahaleginduko da herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Anueko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Anueko Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Anueko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Anueko Udalak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz, Anueko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Anueko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala jarriko dira indarrean, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Anueko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli egin beharko dizkie herritarrei Anueko Udalak.

IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Anueko Udala ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori bateragarri eginen du duten izaera sozialarekin.

16. artikulua. Orokorrean, Anueko Udaleko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urte lehenagotik.

c) Anuen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Anueko Udalarekin eta ibarreko kontzejuekin dituzten zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Azienda alta emanda edukitzea Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren barneko Anueko Erregistroan, ustiapenaren liburuan agertzea eta Udalaren baimena izatea jarduera hori egiteko.

Zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten bizilagunei, hala eskatzen badute.

17. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua.

18. artikulua. Anueko Udalak zehaztuko du zenbat lur adjudikatzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan hartuta zenbat herri-lur dauden eta adjudikatzen den lurraren produkzio ahalmena, bai eta eskatzailearen ustiategia edo beharrak ere; eta hori guztia eginen da Nafarroako Gobernuak behar bezala aholkaturik.

19. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzen dituen aziendak behar den ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatzeko betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz haren erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

20. artikulua. Onuradunak behartuta daude, eta adjudikazioa egin aurretik hala onartzen dute, herri-lurren aprobetxamendu eta laborantza egokia egitera baldintza hauen arabera:

a) Mugakide diren onuradunek edo jabeek izan ditzaketen bide-zorrak errespetatu eta mantentzea.

b) Herri-lurra behar besteko maiztasunez mantentzea eta garbitzea, sastraka eta zuhaixkaz bete ez dadin.

c) Abeltzaintzako azpiegiturak instalatu baino lehen (uraskak, jateko askak, etab.) edo aldi baterako bestelako instalazioak egin baino lehen, adjudikaziodunak eskaera egin beharko dio Anueko Udalari, eta haren onespen espresua eduki beharko du.

Baldintza horiek betetzen ez baditu, Anueko Udalak herri-lurraren adjudikazioa kenduko dio berehala.

21. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutakoaz bestelako aprobetxamenduetarako, baldin ez badute Anueko Udalaren aldez aurreko baimenik.

22. artikulua. Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatukoak. Ez da utziko herri-lurretako aprobetxamendua trukatzea.

23. artikulua. Anueko Udalak, onuradunei hiru hilabete aurretik iragarrita, eraginik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin bultzatzen bada herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Aditzera ematen da lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela sortuko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

24. artikulua. Debeku da, arras, erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe. Lur horiek barruti bat eratuko dute non larratzea eragotzita egonen den, eta ezarritako zehapena jasoko du bertan atzematen den azienda orok.

25. artikulua. Debeku da, arras, inolako aziendarik larratzea basoberritzeko itxitako lurretan, Anueko Udaleko edo Nafarroako Gobernuko organo eskudunak zehazten dituen urteetan. Larratuz gero, ezarritako zehapenak jarriko dira.

26. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen hirugarrenei azpierrentamendua egiteko edo lagatzeko. Horren ondorioetarako, Anueko Udalak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen baldin familia unitateko bizilagun titularrak baja ematen badio bere aziendari Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren barneko Anueko erroldan (Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua). Halaber, ulertzen da ezen herri-larreetako aprobetxamendua baliatu behar dela onuradunaren jabetzakoa den azienda zuzenean elikatzeko, eta ez da baimentzen hirugarrenei saltzea herri-lurretako aprobetxamenduko bazka (berdea, lehorra nahiz siloratua).

Anueko Udalak bidezkoak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ditzake noiznahi, larreak zuzenean aprobetxatzen diren begiratzeko; aplikatuko dira 280/90 Foru Dekretuaren 195. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako irizpideak (foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua).

27. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen duen aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita betetzen direla Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak, eta foru lege horretako nahiz haren erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

28. artikulua. Anueko Udalak ahalmena izanen du herri-larreen erabileran esku hartzeko, osoko bilkuran hala erabakita, herri-lurra defendatzeko eta behar bezala erabil dadin, honako hauekin lotuta: artzaintza-aldia, azienda-karga edo herri-lurretan eragina duen beste edozein alderdi.

II. KAPITULUA.–APROBETXAMENDU MOTAK ETA HORIEN GAINEKO ARAUAK

29. artikulua. Larreen aprobetxamendua.

Nafarroako Gobernuko zerbitzu edo departamentu eskudunak urtero zehazten duena izanen da larre horien azalera aprobetxagarria, ezarri den benetako azaleraren oinarritik abiatuta.

Anueko Udalaren kalkuluen arabera, azienda larriko 1,5 unitate da (AzLU) herri-larreek urtero jasan dezaketen batez besteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko.

Horren ondorioetarako, azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezarri dira:

a) Bai behi-aziendako buru helduek bai zaldi-aziendako buru helduek AzLU bateko (1) balioa dute.

b) Heldua ez den behi-aziendako edo zaldi-aziendako buru batek, edo zaldi-azienda txikiak (poneyak) 0,7 AzLUko balioa du.

c) Ardi-aziendako edo ahuntz-aziendako buru batek 0,15 AzLUko balio du.

Baliokidetasun eta baldintza horiek Udalak aldatzen ahalko ditu, ingurumen arloko legedia edo gainerako araudia aplikatu behar izanez gero, edo Nafarroako Gobernuak horixe gomendatzen duenean, edo komenigarritzat jotzen bada herri-lurretako larreak eta mendiak egoera onean mantentzeko.

Larre horien aprobetxamendua eginen da bazkatuko diren aziendaburuen kopuruaren arabera, bat etorriz Nafarroako Gobernuak igortzen duen dokumentazioarekin.

Larre horien aprobetxamendu-aldia izanen da Udaleko Alkatetzak urtero ezartzen duena; orientazio gisa, maiatzetik azarora bitarte izaten da.

Urtero, Anueko Udaleko Alkatetzak, ikusirik herri-larreen egoera eta kokapena, azienda kopuru eta motaren arabera izaten ahal diren aprobetxamenduak, aldi horretarako eskaera kopurua eta gainerako inguruabarrak, honako hau zehaztuko du:

1.–Azienda-kargaren edukiera eta baliokidetasunak, arestian aipatu direnak.

2.–Urte horretarako larratze-aldi zehatza.

3.–Herri-larreetan ibiliko den aziendaren banaketa zehatza, azienda motaren eta kopuruaren arabera.

4.–Bidezko iruditzen zaizkion beste zehaztapen batzuk.

Ekintza horiek gauzatzeko, Anueko Udaleko Alkatetzak udal langileen eta Nafarroako Gobernuko teknikarien aholkularitza egokia izanen du.

30. artikulua. Tarifak.

Azienda mota bakoitza larratzeko, urteko tarifa hauek ezartzen dira:

Herri-larreetan:

–Aziendaburu heldu bakoitzeko, 15 euro urtean.

–Behi-aziendako buru txiki bakoitzeko, 10 euro urtean.

–Ardi-aziendako buru bakoitzeko, 3 euro urtean.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Anueko Udalak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten.

Adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onetsi eta hilabeteko epean ordainduko dira tarifak.

Azalera baliokidearen ziurtagiria: ordainketa egin ondoren, Anueko Udalak ziurtagiri pertsonalak emanen dizkie horiek eskatzen dituzten adjudikaziodunei.

III. KAPITULUA.–ADJUDIKAZIOA

31. artikulua. Adjudikatzeko prozedura.

Udalak ekitaldi bakoitzeko larratze baldintzei buruzko ebazpena emanen du, ordenantza honen 26. artikuluko azken paragrafoetan adierazitako moduan, eta, hala, epe bat irekiko da, herri-larreen aprobetxamenduan interesa dutenek beren aziendarentzat larratze eskubidea eska diezaioten Anueko Udalari. Udalaren bando baten bidez iragarriko da, bertako iragarki-taulan paratuz eta tokiko beste zabalkunde bide batzuk erabiliz (webgunea, UIA, etab.), betiere kasuan kasuko ekitaldia hasi baino lehen.

Udal bandoan gutxienez ere hamabost egun naturaleko epea ezarriko da, interesdunek eskabideak aurkez ditzaten Anueko Udalean.

Interesdunek informazio hau eman behar dute eskabideetan:

–Izena, deiturak, NANa, helbidea, telefonoa eta, ahal dela, helbide elektronikoa.

–Ordenantza honen 16. artikuluan aipatzen diren agiriak.

–Larratze eskubidearen xede diren aziendaburuen zerrenda, bertan zehaztuz kopurua, espeziea eta adina.

–Aziendaburuen kopurua frogatzen duen erregistro fiskalaren ziurtagiria.

–Osasun ziurtagiria, arlo hau arautzen duen osasun araudiak aipatzen duena, indarduna (11/2000 Foru Legea, azaroaren 16koa, edo kasu bakoitzean indarra duena).

Gehieneko hamabost eguneko epea bukatutakoan, Anueko Udalak adjudikaziodunen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta bertan agertuko dira eskatzaileak eta esleitutako aziendaburuen kopurua eta espeziea.

Baldin eta azienda larratzeko eskaera-kopuruaren ondorioz behar den azalera "herri-larre" horien hedadura osoa baino handiagoa bada, larratze eskubideak adjudikatzean hainbanaketa eginen da aprobetxamendu horretarako eskubidea duten eskatzaileen artean.

Behin-behineko adjudikazioa egindakoan, iragarkiak jarriko dira Udalaren iragarki-taulan eta, hala behar bada, Udalaren gainerako hedabideetan, eta hamabost egun naturaleko epea emanen da alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko.

Adierazi epea iragan, eta alegaziorik edo erreklamaziorik jasotzen ez bada, adjudikaziodunen behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.

Alegazio edo erreklamaziorik aurkezten bada, Udaleko Alkatetzak horiek ebatzi eta bidezkoa dena erabakiko du; halaber, adjudikaziodunen behin betiko zerrenda onetsiko du.

Larratze eskubidea adjudikatzeko prozesua amaiturik, "herri-larreen" hedadura osoa agortzen ez bada, urte naturalaren gainerakoan eskaerak aurkez ditzakete beste interesdun batzuek, eta horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez erabakiko dira, betiere azalera erabilgarria agortu arte. Kasu horietan, tarifen zenbatekoa ez da aldatuko, nahiz eta aprobetxamendu-aldia urtebetetik beherakoa izan.

VI. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTELAKO APROBETXAMENDUAK

32. artikulua.

2010eko abuztuan, Anueko Udalak, Aritzuko Kontzejuarekin batera, hitzarmen bat sinatu zuen Aritzuko pistarako sarbidea erregulatzeko, konponbidea emate aldera hartan izaten zen ibilgailu trafiko gaitzari. Pista horretan, egoera hauetako batekin bat datozenak bakarrik sartzen ahalko dira:

1.–Anuen erroldaturik egotea, ibilgailua norberaren izenean inskribatua izanik. Ibilgailuak inskribatutzat joko dira haien agirietan Anueko helbide bat ageri bada eta titularrak udalerrian ordaintzen badu ibilgailuen zirkulazioaren gaineko nahitaezko zerga.

2.–San Humberto izeneko ehiztari-elkarteko kidea izatea edo haren gonbidapen txartela izatea.

3.–Sarbidea mendiko pista horretatik duten ondasun higiezinen jabeak edo horiek erabiltzeko eskubideak izatea frogatzen dutenak.

Aurreko baldintza horiek ez betetzea arau-haustetzat hartzen da, eta espediente bat irekitzea ekarriko du berekin; zehapena tipifikaturik dago 150 euroko isunarekin.

33. artikulua. Ehiza barrutia.

Anueko Udalak, Lantz, Odieta eta Olaibarko udalekin batera, tokiko Ehiza Barruti Publiko bat eratu zuen, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen 24., 25. eta 26. artikuluak, eta 49/2007 Foru Dekretuaren 13.etik 26.era bitarteko artikuluak eta horiekin bat datozenak (foru dekretu horren bidez garatu zen foru legearen erregelamendua). Barruti horretan herri-lurrak sartu ziren. Orobat, indarrean den Ehiza Antolatzeko Planaren mende egonen da.

Tokiko ehiztarien San Humberto elkarteak du adjudikatua aipatutako ehiza barrutia, kontratua bukatu arte.

V. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

34. artikulua. Anueko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

35. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

36. artikulua. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Anueko Udalak hartutako erabakia, proiektua onesteko, eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Jendaurrean jartzea hilabetez, eta aurkeztu diren alegazioen gaineko Udalaren ebazpena.

c) Nafarroako Gobernuaren behin betiko onespena.

d) Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta aurreko adjudikaziodunei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalte-galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere.

37. artikulua. Anueko Udalak osoko bilkuran onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurra hobetzeko egiten dituen proiektuak.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

38. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Udalak egiaztatzen badu onuradunen batek ez duela betetzen azienda baimendu guztia mendian larratzera egiazki eramateko betebeharra, jarduketa hori arau-hauste larritzat joko da ordenantza honen ondorioetarako, eta zehapen hauek izanen ditu:

60 euroko isuna azienda larriko buru bakoitzeko, eta 15 eurokoa azienda xeheko buru bakoitzeko.

Baldin eta betebehar horren ez-betetzea badagokio onuradun arau-hauslearen larrerako eskubidean sartzen den azienda guztiaren %20ri edo ehuneko handiago bati, aurreko zehapenari beste hau gehituko zaio: herri-lurretako aprobetxamendurako eskubidea galtzea hurrengo ekitaldirako eta, ondorioz, hektareen eskubidea ere galtzea Nekazaritza Politika Erkiderako (NPE).

Bi kasuetan, Udalak beste "azalera baliokidearen ziurtagiri" bat emanen du, aurrekoa baliogabetuko duena; dagokion abeltzainari eta Nekazaritza eta Abeltzaintza Departamentuari igorriko zaie.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

c) Azienda larriko buruek (zaldi eta behi aziendak) markarik ez izatea edo nolanahi aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi udal langileak kalkulatutako kalteen zenbatekoa, bai eta azienda identifikatzeko abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

d) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

e) Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi aziendako buru bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte-galeren ordaina.

f) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte-galeren ordaina.

g) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen dute basozainek. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatu ahal izanen zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua, zehazki hau:

Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60,00 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa izanen da.

Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

39. artikulua. Ordenantza honek aurretik zeudenak ordezkatzen ditu, halakorik bazegoen.

Iragarkiaren kodea: L2310539