157. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

685E/2023 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Abartzuzako Udal Planaren determinazio egituratzaileak aldatzeko 2. poligonoko 54. lurzatian. Sustatzailea Abartzuzako Udala da.

Abartzuzako Udalak 2023ko apirilaren 27an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zen, iragarki bat argitaratuta 2023ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 11koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Abartzuzako 2. poligonoko 54. lurzatiaren azalera, lurzati-zedularen arabera, 3.045,93 m²-koa da. Azalera horretatik, 668,58 m² hiri-lurzoru gisa kalifikatuta daude, eta 2.377,35 m² lurzoru urbanizaezin gisa ("Biztanlegunearen ingurunea").

Udal Planaren aldaketaren xedea da lurzoru urbanizagarriko sektore berri bat sortzea (N 2 antolamendu xehatuarekin, 2. banaketa-arearen barruan). Sektore horretan, familia bakarreko 6 etxebizitza isolatu eraikitzea proposatzen da, aldameneko lurzatien tipologiari eta erabilerari jarraituz, baita berdegune bat ere (316,57 m²-koa).

54. lurzatiak lehorreko laborantzarako erabilera du gaur egun, hau da, ez du intereseko landaredi naturalik, eta biltegi-erabilera duten bi eraikuntza ditu. Lurzati laua da, hiri-bilbearekin jarraitutasuna du eta zerbitzu-sareak ditu inguruan. Behe-tentsioko aireko linea batek zeharkatzen du: linearen trazadura aldatuko da eta lurpetik eramanen da.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egiten da Abartzuzako Udal Planaren determinazio egituratzaileak aldatzeari buruz 2. poligonoko 54. lurzatian. Sustatzailea Abartzuzako Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Abartzuzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko uztailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2310508