3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
GOBERNUAREN ORDEZKARITZA
Energia Politikako eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitzaio Red Eléctrica de España SAUri Castejongo udal mugartean (Nafarroa) Castejón azpiestazioan, 400 kV-eko parkean, posizio bat aldatzeko
Red Eléctrica de España SAUk (aurrerantzean, Red Eléctrica), 2022ko irailaren 1ean, aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zituen, 400 kV-eko Castejón azpiestazioan ziklo konbinatuko zentral baten energiaren ebakuaziorako posizio batetik energia berriztagarriaren ebakuaziorako posizio batera pasatzeko. Jarduketaren xedea da 400 kV-eko Castejón azpiestazioko egungo posizio bat (2. kalea, 2. barra) egokitzea, garraio sarera energia berriztagarriaren ebakuazioa ahalbidetzeko. Aipatu posizioa ekipatuta dago, balizko ziklo konbinatu baten konexiorako aurreikusi eta eraiki baitzen; sarbide-baimen hori, baina, bertan behera geratu zen azkenean. Hori dela eta, proiektu honetan planteatzen da posizioa berrerabiltzea energia berriztagarriaren ebakuaziorako.
Red Eléctricak erantzukizunpeko adierazpena izenpetu zuen, aplikatzekoa zaion araudia betetzen dela frogatzen duena, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluan ezarri bezala.
Espedienteari hasiera eman zitzaion Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalean, eta izapidetu zen bat etorriz Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, bai eta herri-lanen emakidako kontratua arautzen duen maiatzaren 23ko 13/2003 Legearen hamabigarren, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarriekin ere, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen heinean.
Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak txostena igorri zuen, eta ez dago horren aurka. Txosten hori Red Eléctricari igorri zitzaion, eta hark jaso zuela adierazi zuen.
Castejongo Udalari galdetu zitzaion, eta ez zen erantzunik jaso; beraz, ados dagoela ulertzen da, 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.2 eta 131.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Horrez gain, eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak 2022ko irailaren 29an iragarkia argitaratu baitzuen 2022ko 238. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urriaren 4koan, eta 2022ko 209. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 21ekoan. Jendaurreko informazioaren tramitean ez zen inolako alegaziorik jaso.
Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostena egin zuen aurkeztutako proiekturako aurretiazko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaerari buruz.
400 kV-eko Castejón azpiestazioaren aldaketa hori, helburu duena energia berriztagarriaren sorkuntza agente baterako sarbidea erraztea, horrela, berriztagarrien integrazioari laguntzeko eta sistemaren murrizketa teknikoak konpontzeko, jasota dago indarrean dagoen plangintzan, hau da, "Energia Elektrikoaren Garraio Sarea Garatzeko Plana (2021-2026)" izenekoan, zeina Ministroen Kontseiluaren 2022ko martxoaren 22ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen (2022ko 93. Estatuko Aldizkari Ofiziala, apirilaren 19koa). Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege-dekretuaren laugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz antolatu da jarduketa hori, indarreko plangintzan sartua baita.
Red Eléctrica enpresari eman zitzaion entzunaldiko tramitea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoa, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen proposamenarekin batera, zeinaren bidez Red Eléctrica de España SAUri aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen zaizkion, Castejongo udal mugarteko (Nafarroa) 400 kV-eko parkean Castejón azpiestazioaren posizio bat aldatzeko. 2023ko maiatzaren 18an, Red Eléctricak adierazi zuen ados zegoela proposamenaren edukiarekin.
Ebazpen proposamena bidali zitzaion Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, txostena egin zezan, Energia elektrikoaren garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera. Abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege-dekretuak, bere 32.3 artikuluan, dekretu horren 127.6 artikulua aldatu zuen. Izan ere, abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege-dekretuaren bidez, jasangarritasun ekonomikoko neurriak ezartzen dira garraioaren arloan eta beken eta ikasteko laguntzen arloan, bai eta energia aurrezteko, energia-efizientziarako eta gas naturalarekiko mendekotasun energetikoa murrizteko neurriak ere.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 128. eta 131. artikuluekin bat, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi hau eskuduna da ebazteko ebazpen honen xede diren jarduketen aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko prozedura.
Aintzat hartuz Administrazioaren jarduera zuzendu behar duten printzipioak, prozesuaren azkartasuna eta ekonomia, alegia, bidezkoa da egintza bakar baten bidez ebaztea Red Eléctricaren eskaera, aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateari buruzkoa.
Baimen hauek ematen badira ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren emakidak eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.
Horregatik guztiagatik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan legez ezarritako eskumenak baliatuz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek,
EBATZI DU:
Lehenbizikoa.–Red Eléctrica de España SAUri aurretiazko administrazio-baimena ematea Castejóngo udal mugartean (Nafarroa) dagoen 400 kV-eko parkeko Castejón azpiestazioko posizio bat aldatzeko.
400 kV-eko parkeko Castejón azpiestazioaren ezaugarri nagusiak hauek dira:
–Tentsio nominala: 400 kV.
–Tentsio gorena materialerako (Um): 420 kV.
–Teknologia: AIS.
–Instalazioa: Aire zabalekoa.
–Konfigurazioa: Barra bikoitza.
–Iraupen laburreko zirkuitu laburreko intentsitatea: 50 kA.
Aldaketarako, etengailuko posizio bat ekipatu behar da 2. kalean, 2. barran.
Bigarrena.–Red Eléctrica de España SAUri eraikitzeko administrazio-baimena ematea Castejóngo udal mugartean (Nafarroa) dagoen 400 kV-eko parkeko Castejón azpiestazioko posizio bat aldatzeko, ebazpen honen eranskinean ageri diren baldintza bereziekin.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren estatu-idazkariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
Madrilen, 2023ko uztailaren 3an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.
ERANSKINA
Eraikitzeko administrazio-baimena ematen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat eta baldintza berezi hauekin:
1. Lanak egin beharko dira aurkeztu den proiektuarekin eta aplikatzekoak zaizkion erregelamenduzko xedapenekin bat, eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda, beharrezkoak badira.
2. Ustiapen-baimena emateko epea hemezortzi hilabetekoa izanen da, ebazpen hau eskatzaileari jakinarazten zaionetik hasita.
3. Instalazio horren titularrak lanen amaieraren berri eman beharko dio probintziako organo eskudunari, ustiapen-baimena behin betikoz onartu eta zabaltzeko.
4. Eraikitzeko administrazio-baimenak ez du inola ere instalazioaren titularra salbuesten instalazioek behar dituzten gainerako baimen osagarriak lortzetik; besteak beste, lortu beharko ditu industria segurtasunaren arloko legeriak, sistema laguntzaileei dagokienez, horiek instalatu edo abian jarri aurretik, eskatzen dituen baimenak, autonomia-erkidegoen eskumenekoak, edo, bestela, kontrolerako beste formalitate guztiak bete beharko ditu.
5. Administrazioak ondoriorik gabe utziko du ebazpen hau baldin eta ikusten bada, denboraren joanean, ebazpenean ezartzen diren eskubideen titularrak ez dituela betetzen bertan ezarritako baldintzak. Kasu horietan, Administrazioak, behar den espedientea bideratu ondoren, kasuko baimena baliogabetzea erabakiko du, horrek dakartzan ondorio administratibo eta zibil guztiekin, indarra duten lege xedapenekin bat.
6. Instalazioaren titularrak kontuan hartuko ditu, hura egiteko, erakundeek ezarri dituzten baldintzak, zeinak jakinarazi zaizkion eta berak berariaz onartu dituen.
Iragarkiaren kodea: E2310570