155. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAN ADRIÁN

Alkatearen eta lehen alkateordearen ordainsariak eta dedikazio araubidea

San Adriango Udalak, 2023ko ekainaren 30ean egin osoko bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zuen. Hona hemen, osorik, haren xedapen zatia:

"Lehena.–Zehaztea Marta Ezquerra Martínez alkate udalburua dedikazio esklusiboan arituko dela Udalbatzako burutzari dagozkion eginkizunak betetzeko; hala, udal kudeaketan benetako berrogei ordu eman beharko ditu astean, gutxienez. Izan ere, San Adrianek 6.000 biztanle baino gehiago ditu, eta Udalen lan handia dago: bisita ugari izaten da, eta jende askori egiten zaio harrera.

Zehaztea, orobat, Ana Belén Escribano Martínez lehen alkateordea dedikazio partzialean arituko dela Udalbatzako buruordetzari dagozkion eginkizunak betetzeko; hala, udal kudeaketan benetako zortzi ordu eman beharko ditu astean, gutxienez. Dedikazio partzial horren bateragarritasuna deklaratzen da Ana Belén Escribano Martínezek sektore pribatuan duen lanarekiko, edo aurrerago egiten duen beste zeinahi lanekiko.

Bigarrena.–Marta Ezquerra Martínez alkatearentzat, karguan dedikazio esklusiboan arituko baita, honako ordainsari hauek ezartzea: hogeita hamazazpi mila berrehun eta berrogeita hamazazpi euro eta hamahiru zentimoko (37.257,13) ordainsari gordina urtean, hamalau ordainketatan, hots, urteko hilabeteei dagozkien hamabietan eta ekainari eta abenduari dagozkien beste bitan. Alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean, eta Udalak ordainduko ditu ordaindu beharreko enpresa kuotak. Era berean, zenbateko gordin horrek izanen ditu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, bai eta, hala behar bada, langilearen kontura den Gizarte Segurantzako kuota ere. Ordainsariak hasiko dira ordaintzen 2023ko ekainaren 18tik aurrerako ondorioekin.

Ana Belén Escribano Martínezentzat, udal kudeaketan dedikazio partzialean arituko baita, honako ordainsari hauek ezartzea: bederatzi mila hirurehun eta hamalau euro eta laurogeita lau zentimoko (9.314,84) ordainsari gordina urtean, hamalau ordainketatan, hots, urteko hilabeteei dagozkien hamabietan eta ekainari eta abenduari dagozkien beste bitan. Alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren sistema orokorrean, eta Udalak ordainduko ditu ordaindu beharreko enpresa kuotak. Era berean, zenbateko gordin horrek izanen ditu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, bai eta, hala behar bada, langilearen kontura den Gizarte Segurantzako kuota ere. Ordainsariak hasiko dira ordaintzen 2023ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Hirugarrena.–Ordainsari horiek ez dituzte inola ere gaindituko San Adriango Udalaren aurrekontu orokorrean urtero ezartzen diren mugak. Ordainsari horiek jaso ahal izateko, behar beste diru egon beharko da aurrekontuan.

Laugarrena.–Ohartaraztea ezen alkateak dedikazio esklusiboagatik jasotako ordainsaria ez dela bateragarria izanen beste ordainsari batzuekin, administrazio publikoen eta haien mendeko entitate, erakunde eta enpresen aurrekontuen kontura badira, ez eta beste jarduera batzuekin ere, abenduaren 26ko 53/1984 Legeari jarraikiz (Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko Legea).

Ana Belén Escribano Martínezek dedikazio partzialagatik jasotako ordainsaria bateragarria da beste ordainsari batzuekin, administrazio publikoen eta haien mendeko entitate, erakunde eta enpresen aurrekontuen kontura badira ere, baldin eta Udaleko lana egiten badu Administrazioan duen lanalditik kanpo, eta orokorrean ezarritako mugak inola ere gainditu gabe, halakorik balego. Toki-korporazioko kide bat dedikazio partzialean ari bada eta administrazio batean zerbitzuak egiten baditu, administrazio horrek eta aipatu toki-korporazioak elkarri jakinarazi beharko diote kide horrek haietako bakoitzean zer lanaldi duen eta zer ordainsari jasotzen dituen, bai eta gertatzen den beste zeinahi aldaketa ere; hori guztia, bat etorriz 53/1984 Legearen 5. artikuluarekin.

Bosgarrena.–Interesdunei erabaki hau jakinaraztea, aditzera emanik berariaz onartu beharko dutela dedikazio esklusiboko eta partzialeko araubidea, hurrenez hurren, eta Udaleko Kontu-hartzailetzara helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Seigarrena.–Erabaki honen xedapen zatia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan argitaratzea."

San Adrianen, 2023ko uztailaren 4an.–Alkate udalburua, Marta Ezquerra Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2310319