155. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal ordenantza. Behin betiko onespena

Altsasuko Udalak, 2023ko apirilaren 26an egin osoko bilkuran, emakume eta gizonen arteko berdintasunerako udal ordenantza hasiera batean onetsi zuen. Ordenantza horren iragarkia 2023ko maiatzaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 102. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean jartzeko epea igaro denez eta inork ez duenez alegaziorik jarri, behin betiko onesten da ordenantza horren aldaketa, eta haren testu osoa argitaratzea xedatzen da, dagozkion ondorioetarako.

Altsasun, 2023ko uztailaren 11n.–Alkatea, Javier Ollo Martinez.

ERANSKINA.–EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO ALTSASUKO UDALAREN ORDENANTZA

AURKIBIDEA

ZIOEN AZALPENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea, helburua eta arau-esparrua.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

3. artikulua. Jarduteko printzipio orokorrak.

II. TITULUA.–TOKIKO GOBERNANTZA ETA GENERO-ZEHARKAKOTASUNA

I. KAPITULUA.–AZPIEGITURAK ETA KOORDINAZIOA

I. ATALA.–BERDINTASUNERAKO UDAL-EGITURA

4. artikulua. Berdintasun Arloa.

II. ATALA.–BERDINTASUNERAKO UDAL POLITIKA BULTZATU, KUDEATU ETA KOORDINATZEKO EGITURAK

5. artikulua. Berdintasun Batzordea.

6. artikulua. Berdintasunerako Talde Teknikoa.

7. artikulua. Partaidetza-organoak.

8. artikulua. Erakundeen arteko parte-hartzea.

II. KAPITULUA.–ORDEZKARITZA OREKATUA ETA ORGANOEN OSAKETA

9. artikulua. Eragindako organoak.

III. KAPITULUA.–PRESTAKUNTZA ETA TREBAKUNTZA TEKNIKOA

10. artikulua. Neurriak.

IV. KAPITULUA.–LAN- ETA ADMINISTRAZIO-PROZEDURAK

I. ATALA.–ALTSASUKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO PLANA

11. artikulua. Udaleko Berdintasun Plana.

12. artikulua. Esku-hartze arloak.

II. ATALA.–UDALAREN BARNE-KUDEAKETARAKO BERDINTASUN PLANA

13. artikulua. Barne-kudeaketarako Berdintasun Plana.

14. artikulua. Udalaren barneko berdintasun-planaren eremuak.

III. ATALA.–GENEROAREN ARABERAKO ERAGINARI BURUZKO TXOSTENAK

15. artikulua. Nahikoezkotasuna eta egiteko prozedura.

IV. ATALA.–KONTRATAZIO PUBLIKOA GENERO-IKUSPEGIAREKIN

16. artikulua. Genero-klausulak kontratazio-prozeduretan.

V. ATALA.–16. ARTIKULUA. GENERO-IKUSPEGIDUN LAGUNTZA PUBLIKOAK

17. artikulua. Genero-klausulak laguntza publikoetan.

VI. ATALA.–AURREKONTUAREN PLANIFIKAZIOA ETA EBALUAZIOA

18. artikulua. Aurrekontu-plangintzaren neurri orokorrak.

VII. ATALA.–INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN KUDEAKETA

19. artikulua. Hartu beharreko neurriak.

VIII. ATALA.–UDAL-IKERKETAK ETA -ESTATISTIKAK

20. artikulua. Hartu beharreko neurriak.

III. TITULUA.–EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

21. artikulua. Jarduketa-esparru orokorra.

22. artikulua. Indarkeria prebenitzeko eta haren aurka jarduteko neurriak.

IV. TITULUA.–ZAINTZAK ETA ERANTZUKIDETASUNA, BIZITZARI ETA LURRALDEARI EUSTEKO BETEKIZUNAK

23. artikulua. Zainketen zentraltasunean aurrera egiteko neurriak.

V. TITULUA.–EMAKUMEEN AHALDUNTZEA ETA BALIOEN ALDAKETA SOZIALA

I. KAPITULUA.–EMAKUMEEN AHALDUNTZEA

24. artikulua. Eragin-eremuak.

II. KAPITULUA.–BALIOEN ALDAKETA SOZIALA

25. artikulua. Udalaren jarduera.

VI. TITULUA.–ORDENANTZA APLIKATZEKO BERMEAK ETA ZEHAPEN ARAUDIA

I. KAPITULUA.–APLIKAZIO-BERMEAK

26. artikulua. Bermeak.

Xedapen iragankor bakarra.–Ikerketak eta estatistikak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Azken xedapena.

ZIOEN AZALPENA

Altsasuko Udalak ibilbide luzea egin du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa txertatzen eta bultzatzen, eremu horretan dagoen konpromiso politikoaren ondorioz, zeinak gizartearen eskaera oso sendoari erantzuten dio. Puntu honetan, Altsasuko Mugimendu Feministak urte askoan egindako lana aitortu nahi du Udalak, bai eta egindako proposamenei beti erantzun dieten beste udal-erakunde eta organismo batzuena ere; halaber, Udaleko langileek beren prestakuntzan eta gaikuntzan egindako ahalegina aitortu nahi du, baita urte hauetan etengabe lankidetzan aritu diren beste toki-erakunde batzuen lana ere.

1992. urteaz geroztik, Emakume eta Berdintasun Sailaren bidez, gero eta modu sistematikoagoan lan egin du berdintasunean, eta hori emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko I. eta II. Jarduketa Plana onartzean eta garatzean islatu da. Azken plan hori 2016ko uztailean onartu zen, eta 2023ra arte luzatu zen, 2019ko urriaren 30eko Osoko Bilkuraren erabaki baten bidez. Udalak, 11. neurria betetzeko (Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal-ordenantza bat idaztea eta onartzea), ordenantza hau egin eta onartu du.

Lan horren ondorioz, hainbat programa finkatu dira: batzuk herritar guztiei zuzenduak, sentsibilizatzeko eta informatzeko; beste batzuk, udalerriko hainbat gizarte-talderekin lankidetzan garatuak: hezkuntza, kultura eta kirolaren arlokoak; emakumeekin egindako lana ere sendotu da, batez ere indarkeria matxistari dagokionez. Horrez gain, jarduteko prozedurak eta mekanismoak prestatu eta abiarazi dira udalean bertan, berdintasun-politika betetzen eta egonkortzen dela bermatzeko.

Ordenantza hau onartuta, udal-jardueraren erregulazioan aurrera egin nahi da, lanaren sistematizazio handiagoa lortzeko, arlo eta prozedura guztiak barne hartuta, bai eta lanaren kalitate handiagoa lortzeko ere. Azken helburua, ezin bestela izan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzea da, emakumeen diskriminazioa eta genero-desberdintasun sozialak oraindik sortzen eta erreproduzitzen dituzten oztopoak ezabatuz.

Horrela, gainera, Altsasuko Udalak berdintasunaren arloan indarrean dagoen legeria betetzen du, eta Zioen Azalpen honetan berariaz jaso nahi du gai horri buruzko araudirik berriena: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legea, abuztuaren 3ko 9/2018 Errege Lege Dekretuaren bidez aldatua (9/2018 Errege Lege Dekretua, genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna garatzeko presako neurriena). Dekretuak, 25. artikuluan (Toki-erakundeen eskumenak) o) letra gehitzen du, eta haren bidez eskumen propioa esleitzen zaie udalerriei gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko eta genero-indarkeriaren aurkako jarduketen arloan. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa, eragin berezia duena Nafarroako toki-erakundeetan. 12. artikuluan, 2. apartatuko 5. puntuan, toki-erakundeen eginkizunei dagokienez, honako hau adierazten da: "Toki entitateek genero-ikuspegia txertatuko dute beraien politika, programa eta ekintza administratibo guztietan, foru lege honetan ezartzen denari dagokionez eginkizunak garatu eta betetzeko langileak jartzea sustatuko dute, eta berdintasun ordenantzak egiten ahalko dituzte, apartatu honetan ezarritakoa jasotzeko"

Ordenantzak 6 titulu eta 26 artikulu ditu:

I. titulua haren xedeari eta helburuari, oinarri duen arau-esparruari eta aplikazio-eremuari buruzkoa da.

II., III., IV. eta V. tituluek berdintasun-politikaren edukia arautzen dute, eta, beraz, baita udaleko Berdintasun Arloaren jarduera-eremuak ere. Horretarako, "Genero Berdintasuna Nafarroako Toki Entitateetan. Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izenburuko dokumentua hartzen dute erreferentziatzat. Dokumentua Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egin du, Nafarroako toki-entitateetako berdintasun-teknikariekin batera, eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak hartu du bere gain.

II. tituluak, Tokiko gobernantza eta genero-zeharkakotasuna izenekoak, 17/2019 Foru Legearen 13. artikuluan adierazitakoa garatzen du Altsasuko Udalarentzat; hau da, sistematikoki eta genero-ikuspegitik hartuko ditu kontuan emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta beharrizan desberdinak, eta genero-arrakalak ezabatzeko eta politika eta ekintza guztietan berdintasuna sustatzeko helburu eta neurri espezifikoak jasoko ditu, plangintza-, diseinu-, egikaritze-, jarraipen- eta ebaluazio-faseetan. Bereziki kontuan hartuko dira emakumeen sektore jakin batzuei eragiten dieten askotariko diskriminazio-egoerak".

Erakundean bertan eta Udalaren kudeaketa osoan genero-ikuspegia aplikatzeko (Ordenantza hau mekanismo horren inguruan kokatzen da), 1995ean Beijingen egin zen Nazio Batuen Emakumeei buruzko Munduko Laugarren Konferentzian gomendatutako genero-zeharkakotasuna deitu zaion metodologiari jarraituko zaio.

Genero-zeharkakotasuna zehatz-mehatz aplikatze aldera, II. titulu hau 4 kapitulutan zehazten da, eta horietan lehenak berdintasunaren ardura duten udal-egiturak garatzen ditu.

II. kapitulua gobernu-organo guztietan ordezkaritza eta osaera orekatua izateari buruzkoa da, eta organo horietan emakumeen eta gizonen presentzia bermatuko du, sexu bakoitzeko pertsonen ehunekoa ez dadin izan ehuneko hirurogei baino handiagoa eta ehuneko berrogei baino txikiagoa.

III. kapituluak, administrazioaren jardunean genero-ikuspegia txertatze aldera, langileen prestakuntza lantzen du, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, bai eta haien gaikuntza etengabea eta progresiboa ere.

IV. kapituluak 8 atal ditu, eta zabalena da, lan- eta administrazio-prozedura guztiak biltzen baititu. I. eta II. atalak Altsasuko Berdintasun Planari eta Udalaren barne-kudeaketarako Berdintasun Planari buruzkoak dira, hurrenez hurren. III. atalak genero-eraginari buruzko txostenen prestaketa arautzen du. Txosten horiek administrazio-dokumentuak dira, eta egindako azterketa jasotzen dute, arau-xedapenek edo politika publikoek emakumeengan eta gizonengan modu bereizian izan ditzaketen emaitzak eta ondorioak identifikatu eta baloratzeko. IV. atala udalaren kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeari buruzkoa da, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearekin bat. V. atalean, 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluaren arabera, garatzen da nola Altsasuko Udalak, haren erakunde autonomoek eta enpresa publikoek berdintasun-klausulak sartuko dituzten dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoren oinarri arautzaileetan, erakunde eskatzaileek genero-berdintasuna benetan lortzera bideratutako jarduketak baloratzeko edo, hala badagokio, nahitaez betetzeko, salbu eta laguntzaren izaeragatik justifikatuta badago ez sartzea. VI. atalak genero-ikuspegia bere aurrekontu-politikan nola txertatuko den aztertzen du, eta generoaren araberako eraginaren azterketa sustatuko du politika horretan, 17/2019 Foru Legearen 23. artikuluaren arabera. Azkenik, indarrean dagoen legeriaren eta hizkuntza eta irudi inklusiboa arautzen duen ordenantzaren arabera.

VII. atalak arautzen du nola erabiliko duten hizkera ez-sexista Udalak, haren erakunde autonomoek eta enpresa publikoek, informazio eta komunikazio mota ororen ekoizpenean eta kudeaketan; eta, ordenantza honetan jasotako betebeharrak bermatu eta genero-ikuspegia haien ohiko jardueran txertatu ahal izateko, 17/2019 Foru Legearen 19. artikulua bere gain hartuta, pertsonei buruzko azterlan eta estatistika guztiek sexu-aldagaia izango dute.

III. tituluak Udalaren jarduera arautzen du emakumeen aurkako indarkeriaren arloan, eta, haren garapenean, bere egiten ditu Emakumeenganako Indarkeriaren Aurka Jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 3. artikuluan jasotako definizioa eta adierazpenak. Jarduketa horrek honako hauek hartzen ditu barne: indarkeria mota horren prebentzioa, prestakuntza, arretaren koordinazioa eta eman beharreko erantzuna.

Aurreko bi gai nagusiekin batera, Altsasuk ezin ditu alde batera utzi feminismoaren aldarrikapen handienetako bati buruz azken urteotan egiten ari diren analisi eta proposamenak: zainketak antolaketa sozial eta ekonomikoaren erdigunean jartzea.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 17/2019 Foru Legeak bizitzaren jasangarritasuna politiken erdigunean jarri nahi du, emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea bultzatuz herritartasun aktiboa lortzeko, kontuan hartuta giza bizitzaren eta lurralde jasangarriaren arteko harreman estua, bizitza oro har garatzeko. Helburu hori Berdintasunerako Plan Estrategikoan zehazten da, hainbat jarduera-neurritan. Baina berdintasunari buruzko egungo legeria ez ezik, jarduketa-planek eta horiei esleitutako funtsek ere, hala nola NBEk bultzatutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda eta Next Generation funtsak, berdintasuna, erantzunkidetasuna eta bizitzaren jasangarritasuna lehenesten dituzte, eta kontziliazio-politikak gaindituko dituen zainketen eta enplegu-politiken ekonomia berri bat jarduera-eremu gisa definitzen dute. Ordenantza honen IV. Tituluan jasotzen da arlo honetako jarduna.

V. tituluak bi kapitulu ditu: I. kapitulua, emakumeen ahalduntzeari buruzkoa, eta II. kapitulua, gizartean balio-aldaketa sustatzeari buruzkoa. Ordenantza honek 1995ean Beijingo Emakumeen Mundu Konferentzian sortutako terminoa jasotzen du, erabakiak hartzeko eta boterea lortzeko prozesuetan emakumeen parte-hartzea handitzeari buruz hitz egiteko; emakumeek banaka eta kolektiboki duten botereaz jabetzeari buruz ere hitz egiten du. Beraz, ulertzen da autoahalduntze-prozesu bat dela, indibiduala eta kolektiboa, eta kanpoko inork ezin duela eman. Hala ere, Udalak, administrazio publikoa den aldetik, emakumeei beren aldaketa-prozesuak hasteko aukera emango dieten baldintzak errazteko gaitasuna hartzen du bere gain. Halaber, sentsibilizazio-programak garatuko ditu, gizarte berdinzaleagoa lortzeko.

Ordenantza VI. Tituluarekin amaitzen da, eta honako hau ezartzen du bere garapenaren berme gisa: udal-langileen prestakuntza eta gaikuntza, berdintasunerako udal-politika publikoen plangintza, aurrekontu publikoa eta beste erakunde batzuekiko koordinazioa.

Ikus daitekeenez, bere artikuluetan orain arte onartutako udal-araudia jasotzen da, baita adostutako administrazio- eta jarduera-prozedurak ere, bereziki hizkuntzaren eta irudien erabilera inklusiborako ordenantza, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Udal Plana, Udalaren I. Barne Plana eta Sakanan emakumeen aurkako indarkeriaren arretan koordinatzeko I. Lurralde Protokoloa.

Horregatik, arau-tresna da ordenantza, Altsasuko Udalak jarraitu beharreko printzipioak eta helburuak finkatzeko balioko duena, esku-hartzeko ildo nagusiak zehaztu eta adierazitako helburuak lortu ahal izateko barne antolamenduko baldintzak sortuko baitu.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea, helburua eta arau-esparrua.

1. Ordenantza honen xedea da Altsasuko Udalaren, bere erakunde autonomoen eta enpresa publikoen kudeaketa zuzendu behar duten printzipio orokorrak ezartzea, bai eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan Udalak duen jarduna ere, nazioarteko, Europako, estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko araudien esparruan.

2. Horren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea udal-eremuan, emakumeen aurkako diskriminazio mota guztiak ezabatuz, diskriminazio mota hori fenomeno unibertsal, mendeko, estruktural eta sistemiko gisa ulertuta. Horretarako, gainerako erakunde publikoak eta gizarte zibileko erakunde pribatuak inplikatuko ditu.

3. Aurreko atalean ezarritakoarekin bat, Ordenantza honetan jasotakoak indarreko araudia beteko du, honako hauek bereziki garrantzitsuak direlarik erregulazioaren xede den gaia dela-eta:

Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko konbentzioa (CEDAW) (Nazio Batuen Erakundea).

Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutuna (Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua).

  • 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena (bere 25.artikulua, Eskumenak, 9/2018 Errege Lege Dekretuak aldatu zuen).
  • 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-Indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa emateko Neurriei buruzkoa.
  • 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako.
  • 9/2018 Errege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero-indarkeriaren kontrako Estatuko Ituna garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.
  • 6/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 1ekoa, Enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriei buruzkoa.
  • 902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, Emakumeen eta gizonen arteko ordainsari-berdintasunari buruzkoa.
  • 10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu-askatasunaren berme integralari buruzkoa.
  • 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
  • 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
  • 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoena.
  • 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza hau Altsasuko Udalari eta haren mendeko erakunde autonomoei eta merkataritza-sozietateei aplikatuko zaie.

2. Era berean, Udalarekin edo bere enpresekin kontratuak egiten dituzten, Udalarekin edo bere enpresekin lankidetza-hitzarmenak formalizatzen dituzten edo Udalaren dirulaguntza edo laguntza ekonomikoren bat jasotzen duten enpresa edo erakunde publiko edo pribatu guztiei aplikatuko zaie.

3. artikulua. Jarduteko printzipio orokorrak.

1. Ordenantza hau Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 3. eta 4. artikuluekin bat etorriz egin eta garatu da. Artikulu horietan, ordenantzan erabilitako kontzeptuak zehazten dira, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoarenak onartzen dira. Bertan, Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoen jarduna gidatu behar duten printzipioak zehazten dira.

Emakumeen aurkako indarkeriaren eremuan ere bere gain hartzen ditu Emakumeen aurkako indarkeriaren aurka jarduteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean adierazitako jarduketa-printzipioak, Sakanan emakumeen aurkako indarkeriaren arretan koordinatzeko I. Lurralde Protokoloan jasotakoak. Protokolo hori Udalak sinatu zuen 2021eko otsailaren 24an.

Halaber, emakumeei eragiten dieten bereizkeria-faktore gehigarriei erantzungo die, hala nola adina, klase soziala, nazionalitatea, etnia, dibertsitate funtzionala, sexu- edo genero-identitatea, sexu-orientazioa, emakume migratzaileen bizilekuaren inguruko egoera administratiboa edo desabantaila gehiago dakarten bestelako inguruabarrak.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren jarduteko printzipioak Altsasuko Udalak ematen dituen laguntzen edo dirulaguntzen onuradun diren edo kontratuak edo lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko pribatuei ere aplikatuko zaizkie, eta, oro har, sustatzen edo gauzatzen dituen jarduera guztiei, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

II. TITULUA.–TOKIKO GOBERNANTZA ETA GENERO-ZEHARKAKOTASUNA

I. KAPITULUA.–AZPIEGITURAK ETA KOORDINAZIOA

I. ATALA.–BERDINTASUNERAKO UDAL-EGITURA

4. artikulua. Berdintasun Arloa.

1. Berdintasun Arloa politikariek, teknikariek eta horien mendeko zerbitzuek osatzen dute, eta berdintasunerako udal-politika proposatu, kudeatu eta koordinatzen du, udalerriaren eremuan aldaketa- eta eraldaketa-prozesuak sortzeko.

2. Berdintasun Arloko politikarien eginkizunak izango dira:

a) Berdintasun Arloa ordezkatzea eta haren helburuak eta lana ikusaraztea.

b) Toki-erakundearen plangintza, kudeaketa eta urteko zehaztapena ezagutzea.

c) Plangintzari buruzko erabakiak hartzea, lan-programen ebaluazioaren emaitzetan oinarrituta.

3. Berdintasun Arloko teknikarien eginkizunak izango dira:

a) Berdintasun Arloaren urteko lan-plana eta horren ondoriozko jarduera zehatzak diseinatu, kudeatu eta koordinatzea, bai eta ebaluatzea, hobetu beharreko arloak identifikatzea eta horiek konpontzeko bideak sortzea ere.

Funtzio hori Nafarroako Gobernuko toki entitateetako berdintasun arloen ibilbidearen arabera garatuko da, Nafarroako toki entitateetako berdintasun arloen plangintzak diseinatzeko esparru-dokumentua.

b) Arloko politikariei, Berdintasun Batzordeari, Talde Teknikoari eta udalerriko entitate, erakunde eta pertsona fisikoei aholkularitza ematea berdintasunaren eta ordenantza hau betetzearen arloan.

c) Berdintasun Arloak egiten duen lana jakinaraztea eta ikusaraztea.

d) Tokiko beste erakunde, instituzio eta entitate batzuekin koordinazio-kanalak ezartzea Berdintasun Arloarekin.

e) Udalaz gaindiko berdintasun-programetan Udalaren partaidetza koordinatzea eta erraztea, aurrekontuak eta baliabideak hobetu eta optimizatzeko.

4. Udalak bermatuko du Berdintasun Arloko teknikari arduradunek berdintasunaren arloko berariazko prestakuntza dutela, eta arlo horretako ezagutzei buruzko berariazko betekizunak ezarriko dituzte horretan sartzeko.

5. Berdintasuneko Alorraren eskumenak ezertan galarazi gabe, Udalaren alor guztiek sustatu beharko dute haien jarduketa-esparruan bereizkeria deuseztatzea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.

II. ATALA.–BERDINTASUNERAKO UDAL POLITIKA BULTZATU, KUDEATU ETA KOORDINATZEKO EGITURAK

5. artikulua. Berdintasun Batzordea.

Berdintasun Batzordea, toki-araubidearen legeriaren arabera dagozkion eskuduntzak alde batera utzita, Berdintasun Planaren zuzendaritza- eta jarraipen-organo politikoa da; haren ezarpena bermatuko du eta eraginkortasuna sustatuko du akordio politikotik eta konpromiso instituzionaletik.

Haren lana bideratuko da, erabakiak hartzeari dagokionez behar diren konpromisoak hartzera genero-berdintasuna lehentasun politiko partekatua eta gobernagarritasunerako elementu nagusia izan dadin.

6. artikulua. Berdintasunerako Talde Teknikoa.

1. Udaleko, haren enpresa publikoetako eta erakunde autonomoetako arlo guztien ardura duten teknikariek osatuko dute Berdintasunerako Talde Teknikoa; Berdintasun Sailak koordinatuko du.

2. Talde teknikoak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Udaleko Berdintasun Planari eta urteko planei buruzko txostenak egitea, Berdintasun Arloak emandako informaziotik abiatuta.

b) Altsasuko Udalaren berdintasun-planen bideragarritasun teknikoa eta garapena bermatzea, lanean genero-zeharkakotasuna aplikatuz.

c) Ordenantza honen aplikazioaren jarraipena egitea.

3. Talde Teknikoa, gutxienez, Udalaren urteko berdintasun-plangintza adosteko, haren jarraipena egiteko eta ebaluatzeko bilduko da.

7. artikulua. Partaidetza-organoak.

Udalak Berdintasun Kontseilua edo parte hartzeko beste edozein organo sortu ahal izango du bere berdintasun-politika bultzatzeko.

8. artikulua. Erakundeen arteko parte-hartzea.

Berdintasunerako udal-politika gainerako udalerri eta organismo publiko zein pribatuekin modu koordinatuan sustatzeko asmoz, Udalak behar diren ahaleginak eginen ditu harremanak eta jada eraturik dauden sareak mantentzeko eta etorkizunean sortuko diren beste sare eta koordinazio-formulen parte-hartzea sustatzeko. Bere Berdintasun Arloaren bidez, modu berezian bultzatuko du Nafarroako toki-entitateetako berdintasun-teknikarien arteko lana eta truke profesionala.

II. KAPITULUA.–ORDEZKARITZA OREKATUA ETA UDAL-ORGANOEN OSAKETA

9. artikulua. Eragindako organoak.

1. Ordezkaritza edo osaketa orekatuak eragina izanen du kasuan kasuko hauteskunde-prozesuaren ondoren emanen den udal-gobernuaren eraketan; era berean, oreka hori bultzatu beharko da honako hauen osaketan: Batzordeak, udal-gobernuko izendapen askeko kargudunak edo konfiantzazko karguak, partaidetzako kontseilu eta organoak eta gainerako udal-organo administratiboak.

2. Ordezkaritza orekatuaren irizpidea ez aplikatzea justifikatu ahal izango da, dagokion txosten teknikoarekin, honako kasu hauetan:

a) Jarduketa-sektore edo -esparrutan jardun eta horretan sexu bereko pertsonak %40 baino gutxiago izanez gero. Kasu horretan, bermatu beharko da aipatutako sektore edo esparru horretan gutxien ordezkatutako sexuko pertsona-kopurua zein izan eta horren kopuru-baliokidea egotea gutxienez organoan, salbu eta hurrengo ataletan aipatutako inguruabar hauetakoren bat betetzen bada:

b) Kasuan kasuko organoan parte hartzeko gaitasuna, trebakuntza eta prestakuntza egokia duen sexu jakin bateko pertsonarik egon ezean, edo, egonik ere, horiek ez badute parte hartu nahi edo ezin badute eragin diezaiekeen gehiegizko lanagatik.

c) Administrazio-organoen kasuan, baldin eta horietako kideen izendapena karguaren arabera egiten bada edo hainbat erakundek edo elkartek egiten dutenean izendapen hori. Kasu horretan, ordezkaritza orekatuaren irizpidea mantendu beharko da instituzio edo erakunde berberak izendatutako pertsona-taldeari dagokionez, salbu eta aurreko ataletan jasotako kasuren bat aplikagarri izanez gero.

d) 17/2019 Foru Legearen 16. artikuluaren 6. apartatuaren arabera, emakumeen ordezkaritza %60tik gorakoa denean, baina gehiegizko ordezkaritza hori bat datorrenean erabakiak hartzeko eremuetan emakumeen ordezkaritza txikia izatearen ondorioz emakumeek jasan duten desberdintasun-egoera historikoa zuzentzeko helburuarekin.

III. KAPITULUA.–PRESTAKUNTZA ETA TREBAKUNTZA TEKNIKOA

10. artikulua. Neurriak.

Tokiko gobernuak, Berdintasun Arloaren aholkularitzarekin, neurri hauek hartuko ditu gutxienez:

1. Bere zerbitzura dauden langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan duten prestakuntza-mailari buruzko balorazio teknikoa egitea, bai eta erantzukizun politikoa duten pertsonen sentsibilizazio-mailari buruzkoa ere. Diagnostikoak legegintzaldi bakoitzaren lehenengo urtean eginen dira.

2. Diagnostikoa oinarri hartuta, zerbitzuko langileei eta erantzukizun politikoa duten pertsonei zuzendutako prestakuntza-programak egitea eta gauzatzea.

3. Zerbitzuko langileen ordutegia egokitzea prestakuntzarako eta langileek berdintasunaren inguruko prestakuntzari eskainitako denbora baloratzea.

IV. KAPITULUA.–LAN- ETA ADMINISTRAZIO-PROZEDURAK

I. ATALA.–ALTSASUKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO PLANA

11. artikulua. Udaleko Berdintasun Plana.

Udalak beti izango du indarrean udalaren Berdintasun Plan bat, Osoko Bilkurak onartua, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko udal-politikaren garapena eta zehaztapena aldizka jasoko dituena, ordenantza honetan oinarrituta.

12. artikulua. Esku-hartze arloak.

Berdintasun planak Ordenantzan aurreikusitako esku hartzeko arloetako edozeinetarako jarduketa-neurriak garatuko ditu, baita interesekoak izan daitezkeen beste batzuetarako ere.

Planean berariaz kontuan hartu beharreko neurriak izango dira, betiere, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzera bideratutakoak, honako jardun-eremu hauetan:

a) Gobernantza eta berdintasunaren aldeko konpromiso politikoa.

b) Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza udalerri seguru batean.

c) Zainketa-lanak eta ardurakidetza bizitzaren jasangarritasunerako gakotzat aitortzea.

d) Emakumeen ahalduntzea.

e) Balio-aldaketa gizartean.

II. ATALA.–UDALAREN BARNE-KUDEAKETARAKO BERDINTASUN PLANA

13. artikulua. Barne-kudeaketarako Berdintasun Plana.

Udalak indarrean izango du barneko Berdintasun Plan bat, Osoko Bilkurak onartua eta plantillaren ordezkaritza sindikalarekin negoziatua, 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluaren arabera, bai eta plana egin arte onartutako aldaketa guztiek ere.

14. artikulua. Udalaren barneko berdintasun-planaren eremuak.

Gainera, 17/2019 Foru Legearen 24. artikuluaren arabera (Langileen kudeaketa), barne-kudeaketarako berdintasun-planak neurriak planteatu beharko ditu honako hauek bermatzeko:

1. Genero-ikuspegia txertatzea lanpostuen definizioan, sarbidean, lanbide-sailkapenean, sustapenean, ordainsarietan, prestakuntzan, laneko osasunean eta segurtasunean, eta, oro har, lan-eskubideetan.

Ildo horretan, ezar daitezkeen beste neurri batzuk alde batera utzi gabe, Altsasuko Udalak modu aktiboan sustatuko du emakumeak lanpostu-aniztasun osoan eta sailkapen-maila guztietan sartzea, segregazio horizontala eta bertikala desagerrarazteko bidean aurrera egiteko. Era berean, berdintasun-edukiak mantenduko ditu eta unean-unean horietara egokituko ditu sartzeko gai-zerrendetan, hala orokorretan nola berariazkoetan, lortu nahi den plazaren lan-eremuarekin lotuta. Bestalde, eta egin beharreko lanari dagokionez, sarbide-probetan berdintasun-prestakuntza baloratuko du.

Urteko enplegu publikoaren eskaintzekin batera, genero-eraginari buruzko txosten bat aurkeztuko da, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako plazen %2 jasoko da, betiere hautaketa-prozesuak gainditzen badituzte eta egoera hori egiaztatzen badute.

Udalak, berdintasun-plan berri bat onartzeko unean, gutxienez, langileen soldata-arrakalak identifikatu eta bermatuko du genero-lerratzeak ezabatzea eta berdintasunezko politika bat aplikatzea, hala lanpostuak baloratzean nola ordainsariei buruzko politikaz bezainbatean.

Genero-desparekotasunak aztertuko ditu hala lan-baldintzetan nola lan-arrisku psikosozial, ergonomiko, higieniko eta osasunezkoen esposizioan, eta prebentzio-mekanismoak ezarriko. Plantillako langileek hartutako lan-bajen intzidentzia aztertuko du lanpostuen arabera, zenbait egoera prebenitzeko, non lanetik eratorritako kalteak pertsonen sexuarekin lotuta egon daitezkeen.

Behar bezalako bermeak emango ditu langileen ugalketa-osasunerako, haurdunaldirako eta edoskitzarorako.

2. Lanpostuen izendapenean hizkera ez-sexista erabiltzea eta langileak kudeatzeko informazio-sistemak egokitzea, Udalean indarrean dagoen hizkuntza eta irudi inklusiboaren erabilera arautzen duen Ordenantzan ere jasotzen den bezala.

3. Lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzen laguntzeko neurriak ezartzea, bai eta funtzio publikoaren barruan erantzukidetasuna sustatzea ere, erakunde-kultura aldatzen lagunduko duten sentsibilizazio-neurriak barne.

Horri dagokionez, Altsasuko Udalak konpromisoa hartzen du onartu dituen eta onartzen dituen neurri guztiak jasotzeko, bai eta langile guztiek baldintza berdinetan gozatzeko ere.

4. Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloak egitea.

Atal honi dagokionez, konpromisoa hartzen du sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko protokolo bat indarrean izateko, bai eta ordezkaritza sindikalaren, lan-arriskuen prebentzioaren ardura duenaren eta protokoloa bera kudeatzeaz arduratzen den taldearen bidez helarazten zaizkion hobekuntza-proposamenak jasotzeko ere.

Era berean, eta laneko arriskuen prebentzioak biltzen dituen eremu guztiei dagokienez, generoari eta lanari buruzko prestakuntza eskatuko die Udalean garatzeko ardura duten enpresei.

III. ATALA.–GENEROAREN ARABERAKO ERAGINARI BURUZKO TXOSTENAK

15. artikulua. Nahitaezkotasuna eta egiteko prozedura.

1. Ordenantzetan eta aurrekontu-proiektuan ez ezik, 17/2019 Foru Legearen 22. eta 23. artikuluetan jasotzen den bezala, Altsasuko Udalak genero-eraginari buruzko txostenak txertatuko ditu bere arlo guztietako plan orokorren administrazio-espedienteetan, bai eta haren mendeko erakunde autonomoen eta enpresa publikoen estatutuei buruzko espedienteetan ere, bai eta biztanlerian eragin berezia duten programa eta proiektuetan ere.

2. 17/2019 Legearen arabera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak txostenaren edukia eta hura egiteko prozesua arautzeko erabakitzen duen erregelamenduari kalterik egin gabe, Altsasuko Udalean honako prozesu honi jarraituko zaio:

a) Araua, programa edo plana sustatzen duen udal-arloak egingo du genero-eraginari buruzko txostena, eta espedienteari erantsiko dio txosten teknikoarekin batera.

b) Aurreikusten bada arauak edo planak ez duela genero-inpakturik, ez da nahikoa izanen txostenak adieraztearekin edukia neutroa dela, eta, horrenbestez, ez duela aldeko edo kontrako inpakturik berdintasunari dagokionez; alabaina, justifikatu beharko du zergatik ez duen inolako eraginik emakume eta gizonen egoera pertsonal eta sozialean, eta, horrenbestez, ez dion inolaz ere eragiten egiazko berdintasuna erdiesteari.

c) Araua, programa edo plana, genero-eraginari buruzko txostenarekin batera, Berdintasun Arloari bidaliko zaizkio, azter dezan eta, hala badagokio, dagozkion oharrak jasotzen dituen txosten bat egin dezan, hura osatu edo aldatzeko.

d) Udal-arlo sustatzaileak antzemandako genero-arrakala zuzentzeko eta murrizteko proposatutako aldaketak sartuko ditu.

IV. ATALA.–KONTRATAZIO PUBLIKOA GENERO-IKUSPEGIAREKIN

16. artikulua. Genero-klausulak kontratazio-prozeduretan.

Altsasuko Udalak, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak eskatzen duena betez, honako klausula hauek sartuko ditu kontratazio publikorako pleguetan:

1. Kontratatzeko debekuari dagokionez, esplizituki adieraziko da Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2017 Lege Organikoa beteko dela.

2. Kontratazio-prozeduran parte hartzeko eskaera egitean, lizitatzaileek konpromisoa hartuko dute Udalak egindako sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren protokoloa beren gain hartzeko.

3. Esleipen-irizpideei dagokienez, gizarte-izaerako esleipen-irizpideen %50ek, gutxienez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-irizpideak izan beharko dituzte. Gainera, kontratuaren xedeak langileei berdintasunari buruzko prestakuntza ematea eskatzen badu, prestakuntza hori gutxienez 20 ordukoa izatea eskatuko da.

4. Kontratuak gauzatzeari dagokionez, baldintza-agiri guztiek honako baldintza berezi hauek jasoko dituzte:

a) Aurkeztutako dokumentazioan eta proiektuarekin zerikusia duen dokumentazioan hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea; era berean, proiektuaren komunikazioan, kontratatutako programak, proiektuak edo jarduerak sustatzeko elementu gisa egiten diren kartel, testu eta dokumentuen edukian.

b) Datuak aurkeztea eta aztertzea, eta sexuaren arabera bereizitako estatistikak egitea.

c) Ez sortzea sexuan oinarritutako zuzeneko edo zeharkako bereizkeria dakarren ezein programa, proiektu edo jarduerarik.

V. ATALA.–GENERO-IKUSPEGIDUN LAGUNTZA PUBLIKOAK

17. artikulua. Genero-klausulak laguntza publikoetan.

Altsasuko Udalak genero-ikuspegia txertatuko du Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta dirulaguntza, beka eta bestelako laguntzen oinarri arautzaileetan klausula hauek jasoko dira:

1. Berdintasun-printzipioa eta genero-diskriminaziorik ezaren printzipioa sartuko dira irizpide orokor gisa.

2. Ezin izango dituzte eskatu emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren aurkako helburuak, onarpen-sistema, funtzionamendua, ibilbidea edo jarduna dituzten erakundeek. Era berean, ezingo dute laguntzarik jaso soldata-diskriminazioagatik, jazarpen moralagatik edo sexuan oinarritutako edozein tratu desberdinengatik administrazio-ebazpen edo epai judizial irmo bidez zehatuta edo kondenatuta dauden pertsonek edo entitateek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipioak eta betebeharrak urratzen dituztenek ere. Kasu horietan, aipatutako laguntzen onuradun izan ahalko dira berriz ere, baldin eta ezarritako zehapena edo kondena bete badute.

3. Bai aurkeztu beharreko dokumentazioan, bai diruz lagundutako proiektuan zehar sortutako dokumentazioan, pertsona edo erakunde eskatzaileek ez dute hizkera eta irudi sexistarik erabili beharko, datu guztiak sexuaren arabera bereizita aurkeztu eta aztertu beharko dituzte, eta genero-adierazleak erabili beharko dituzte diruz lagundutako proiektuaren ebaluazioan.

4. Proiektu edo eskaera baloratzeko kontuan izango da:

a) Emakumeek eta gizonek parte-hartze paritarioa izatea elkarte-jardueraren erantzukizun- eta ordezkaritza-maila guztietan.

b) Proiektua genero-ikuspegiarekin diseinatzea, hala planteamenduan nola garapenean eta ebaluazioan.

c) Berdintasuna lortzeko berariazko neurriak garatzea.

Udalak deialdi bakoitzean zehaztuko ditu klausula horiek betetzen direla justifikatzeko mekanismoak eta dokumentazioa.

VI. ATALA.–AURREKONTUAREN PLANIFIKAZIOA ETA EBALUAZIOA

18. artikulua. Aurrekontu-plangintzaren neurri orokorrak.

Udal-aurrekontuak egiteko eta kudeatzeko, honako neurri hauek aplikatuko dira:

1. Udalak, Talde Teknikoak proposatuta, aurrekontua egitean, kudeatzean eta likidatzean genero-ikuspegia aplikatzeko prozedura bat onartuko du urtero. Prozedura horretan, Altsasuko emakume eta gizonen baldintza, egoera eta beharrizan desberdinak hartuko dira kontuan.

2. Udaleko arlo guztiek, haren erakunde autonomoek eta enpresa publikoek aurrekontu-proposamenetan eta likidazioan emango dute aurrekontu-proposamenek Altsasuko emakume eta gizonengan duten eragin desberdinaren berri. Era berean, antzemandako desberdintasunak desagerrarazteko bidean aurrera egiteko jarduera espezifikoak eta horiei lotutako adierazleak jasoko dituzte.

3. Ogasun eta Aurrekontu Sailak egiaztatuko du genero-ikuspegia sartu den aurrekontuen proposamen-txostenetan eta horien likidazioan, eta bi prozeduren genero-eraginari buruzko txosten bat egingo du.

VII. ATALA.–INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN KUDEAKETA

19. artikulua. Hartu beharreko neurriak.

1. Komunikazio ez sexista erabiliko da hala Udalaren Alorren artean egiten diren informazio, komunikazio, ikonografia eta edozein idazki motatan nola beste Administrazio Publiko batzuetara bidalitakoetan.

2. Saihestu eta aurreikusi egingo da rol femenino eta maskulino estereotipatuei buruz oinarritutako hitzezko adierazpenak eta irudiak erabiltzea eta aurreiritziak egitea.

3. Bultzatuko da emakumeen eta gizonen tratamendua, protagonismoa eta balorazioa baliokidea izan dadila hala informazio idatzian, ahozkoan eta ikonografikoan nola publizitate-ekintzetan eta barruko nahiz kanpoko komunikazioan.

4. Udal-arloek informazio, komunikazio eta ikonografia ez-sexista sustatuko dute administrazio-harremanak dituzten erakundeen artean. 6. Helburu horrekin, udalak prestakuntza sustatuko du, eta aholkularitza emango die hala eskatzen duten udal-elkarte, -antolakunde eta -erakundeei.

VIII. ATALA.–UDAL-IKERKETAK ETA -ESTATISTIKAK

20. artikulua. Hartu beharreko neurriak.

1. Udal-arlo guztiek, ordenantza hau onartu eta urtebeteko epean, sexuaren aldagaia sartuko dute sistematikoki, eta kategoria guztiak jasoko dituzte egiten dituzten estatistika, inkesta eta datu-bilketa guztietan.

2. Era berean, genero-adierazle berriak ezarriko dituzte, emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden desberdintasunak hobeto ezagutzeko, eta aztertu beharreko errealitatean duten agerpena eta elkarreragina hobeto ezagutzeko.

3. Diagnostikoak, azterlanak eta ikerketak egiteko, lagin nahikoa zabalak erabiliko dira, aldagai guztiak sexuaren arabera aztertu ahal izateko, eta eskura dauden datuak erabiliko dira, emakumeek eta gizonek jarduera-eremuetan dituzten egoera eta beharrizan desberdinak ezagutu ahal izateko.

III. TITULUA.–EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

21. artikulua. Jarduketa-esparru orokorra.

Esparru horretan, Altsasuko Udalak konpromisoa hartzen du abuztuaren 3ko 9/2018 Errege Lege Dekretuan eta apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean aurreikusita dauden betebeharrak betetzeko, bere eskumenen esparruan (9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna garatzeko presako neurriena; 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, emakumeenganako indarkeriaren aurka jarduteko). Halaber, konpromisoa hartzen du Jai-espazioetan eraso sexistak prebenitzeko eta horiei arreta emateko toki-protokoloan (2017ko abuztuaren 30eko osoko bilkuran onartua) eta Sakanan emakumeen aurkako indarkeriaren arreta koordinatzeko I. lurralde-protokoloan (2021eko otsailaren 24an sinatua) aurreikusitako akordioak eta jarduketak betetzeko.

22. artikulua. Indarkeria prebenitzeko eta haren aurka jarduteko neurriak.

1. 14/2015 Foru Legearen 6. artikuluaren f) apartatua betetzeko, zeinak eskatzen baitu erantzun instituzionala integrala izatea eta instantzia desberdinen arteko koordinazioa eta sareko lana sustatzea, Altsasuko Udalak beti mantenduko du indarrean emakumeen aurkako indarkeriaren arretan koordinatzeko tokiko protokolo bat, udalerrian eremu horretan jarduten duten beste erakunde batzuekin adostua, eta, bereziki, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin.

2. Foru lege horren 9. artikuluak jasotzen dituen prebentzio neurriei dagokienez, Altsasuko Udalak sentsibilizazio eta prebentzio programak bultzatuko ditu udalerriko erakunde, elkarte eta herritarrekin, batez ere hezkuntza arloan, betiere ikastetxeekin koordinatuta.

3. Era berean, jaietan aktiboenak diren elkarte, eragile eta kolektiboekin jai-espazioetako prebentzio- eta jarduketa-protokolo bat adostuko du.

4. Koordinazio-protokoloan parte hartzen duten erakundeen eta prebentzio-programetan parte hartzen dutenen prestakuntza bermatuko du. 6. Era berean, indarkeriaren eta berdintasunaren arloko prestakuntza bermatuko die haren mende dauden irakasle eta begirale guztiei.

5. Udalak, Berdintasun Arloaren bitartez, Altsasuko emakume guztien eskura jarriko du, publikoki, informazio eguneratua eta behar duten aholkularitza, dauden zerbitzuak eskuratu ahal izan ditzaten, 32. artikuluko 5. paragrafoa betez.

IV. TITULUA.–ZAINTZAK ETA ERANTZUKIDETASUNA, BIZITZARI ETA LURRALDEARI EUSTEKO BETEKIZUNAK

23. artikulua. Zainketen zentraltasunean aurrera egiteko neurriak.

1. Zainketei buruzko genero-estereotipoak eta -rolak hausteko, bai eta lana sexuaren arabera banatzeko ere, Udalak sentsibilizazio-kanpainak sustatuko ditu, zainketen garrantzia ikusarazteko, horien zentraltasuna gizartean sustatzeko eta helburu horrekin pertsona eta gizarte-sektore guztien erantzukidetasuna sustatzeko. 3. Helburu berarekin, informazio-kanpainak egingo ditu emakumeek eta gizonek produkzio- eta ugalketa-esparruan ematen duten denboraren erabilerari eta ordutegiei buruz.

2. Bere gain hartuko du udal-arlo guztien zeharkako helburu gisa zaintzak antolaketa sozial eta ekonomikoaren erdigunean jartzea.

3. Honako neurri espezifiko hauek garatuko ditu, hargatik eragotzi gabe gizartearen bilakaerara edo beste neurri batzuen onarpenera egokitzea:

a) Ikastetxeekin lankidetzan arituz, haien kontseiluetan, programetan, dirulaguntzetan eta abarretan parte hartuz, zainketek bizitzaren jasangarritasunerako duten balioa sustatuko du. c) Printzipio hori berariaz hartuko da bere gain Udalaren mendeko Haur Eskolaren eta Musika Eskolaren misio eta helburuetan.

b) Era berean, printzipio horrek gidatuko du beste erakunde eta organismo batzuetan parte hartzea, hala nola Altsasu, Olazti eta Ziordiko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, Sakanako Mankomunitatean, CEDERNA GARALURen, Osasun Kontseiluan eta abarretan, eta aktiboki proposatuko du beti printzipio hori aplikatzea garatzen duten jarduera osoan.

c) Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza eta etxeko lanen funtzio sozial eta ekonomikoa aitortuko du, baita ordainsaririk eta aitorpen profesionalik gabeko jarduera feminizatuak ere. e) Horretarako, sentsibilizazio-jarduerak egingo ditu, lanbide horiek gizarteari egiten dioten ekarpena balioesteko eta horien planteamendu erantzukidea ahalbidetzeko.

d) Udal-zerbitzu eta -programetan, ekintza positiboko neurriak diseinatuko ditu guraso bakarreko familietako buru diren emakumeentzat, arazo ekonomiko eta bateragarritasun-arazo handienak dituzten emakumeentzat, bai eta horiek osatzen dituzten pertsona guztiak zaintzea zailtzen duten familia-egoeretarako ere.

e) Udalak aitortzen du etxebizitza duina eta kalitatezkoa izateko eskubidea pertsonen ongizaterako funtsezko premietako batean oinarritzen dela, eta herrian betetzeko lan egingo duela; aldi berean, aitortzen du hori lortzeko beharrezkoa dela kontuan hartzea emakumeen zailtasun handienak eta premia bereziak.

f) Emakumeentzako udalerri segurua lortzeko neurri gisa, hiri-antolamenduan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: argiztapena, autobus-geltokitik edo garajeetatik dagoen distantzia, sarbide motak, plazen, lorategien eta antzekoen konfigurazioa, etab. Legegintzaldi bakoitzean, herriaren mapa bat egingo da, emakumeentzat segurtasunik eza eragiten duten udalerriko puntuak konpontzeko.

Helburu hori lortzeko, lankidetzan arituko da beste toki entitate batzuekin eta, bereziki, Nafarroako Foru Administrazioarekin, udalez gaindiko programa eta jardueretan.

V. TITULUA.–EMAKUMEEN AHALDUNTZEA ETA BALIOEN ALDAKETA SOZIALA

I. KAPITULUA.–EMAKUMEEN AHALDUNTZEA

24. artikulua. Eragin-eremuak.

1. Emakumeen ongizatea bultzatzeko, baliabideak eskuragarriago izan daitezen, udalak, besteak beste, arlo hauetan jardungo du:

a) Osasunaren sustapena.

–Udalak osasuna sustatzeko beren jarduketetan, bai Kirol Arloan bai Osasun Kontseiluan emakumeak beren buruen gaineko kontrol handiago edukita osasun-maila hobetzen duten prozesua bultzatuko dute.

–-Gazteria eta Berdintasuneko udal-zerbitzuek elkarrekin lan egingo dute Altsasuko gazteei zuzendutako hezkuntza afektibo-sexualeko eta ugalketa-hezkuntzako jarduerak diseinatu eta garatzeko, sexualitate gogobetegarria eta genero-aurreiritzi eta -estereotiporik gabea bizitzeko beharra azpimarratzeko.

–Udalak eta haren enpresa publikoek instituzionalak bereizkeria ez pairatzeko eskubidea babestuko dute, norberaren edo familia zein gizarte-taldearen sexu-orientazioa, genero-adierazpena, sexu- zein genero-identitatea edozein delarik ere.

b) Autonomia ekonomikoa.

–Ekonomia- eta enpresa-jardueraren garapena sustatzen duten erakundeekin lankidetzan, eremu horretako emakumeen baldintzak hobetzeko lan egingo du Udalak.

–Gainera, modu autonomoan lan egitea erabakitzen duten emakumeak babestu eta bultzatuko ditu.

–Ekintza positiboko neurriak planteatuko ditu emakumeak udaleko langileak kontratatzeko urteko planetan sartzeko, eta, legezko mandatua gaindituta, plazaren bat gordeko du indarkeria-egoeran dauden emakumeentzat.

2. Udalak eta haren enpresa publikoek emakumeek tokiko garapenean duten papera ezagutarazi, garrantzia eman eta zabalduko dute.

3. Genero-desberdintasunaz jabetzea sustatzeko, Udalak, Berdintasun Sailaren bitartez, prestakuntza- eta gaikuntza-programa bat izango du, errealitatearen eremu guztiak genero-ikuspegitik aztertzeko.

4. Emakumeek baliabideak eta zerbitzuak eskuratzeko eta horietaz gozatzeko aukerak sustatzeko, Udalak:

a) Erreferenteak sortzea.

–Ahalduntze-prozesuen eredu diren erreferentziazko emakumeak ikertzen eta ikusarazten lagunduko du, bereziki emakume gazteentzat.

–Udalerriaren egungo egoerari buruz sustatzen dituen lan guztietan (tokiko memoria eta memoria historikoa), emakumeak historian zehar eta udalerriaren garapenean zehar ikusgai egingo direla ziurtatuko duten ekimenak sartuko dira, tokiko iruditerian emakumeen presentzia pixkanaka areagotuz.

b) Baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea.

–Udalak, Foru Administrazioaren eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen zerbitzuekin lankidetzan, beharrezkoa izanez gero, Altsasuko emakume guztiei beren bizitzarako oinarrizko prozesu juridikoak, psikologikoak edo bestelakoak aurrera eramateko behar duten informazioa eta aholkularitza bermatuko die.

5. Altsasuko emakumeen parte-hartze soziala sustatzeko, Udalak, bere bitartekoekin, sortzen diren talde eta elkarteen lana erraztuko du; era berean, emakumeen arteko lankidetzarako guneak sortzea sustatuko du hainbat eremutan, bereziki emakumeen aurkako indarkeriaren esparruan.

II. KAPITULUA.–BALIOEN ALDAKETA SOZIALA

25. artikulua. Udalaren jarduera.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 17/2019 Foru Legeak 12. artikuluaren f) letran adierazten duenez, toki-entitateen eginkizunetako bat herritarrak sentsibilizatzea da, balio-aldaketa bat sustatuz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzen laguntzeko.

Eginkizun hori betetzeko, udalak sentsibilizazio-kanpainak egingo ditu herritar guztientzat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna zailtzen eta/edo errazten duten gai nagusiei buruz, batez ere gai horri buruz adierazitako ospakizunak direla-eta.

Era berean, programa espezifikoak jarriko ditu abian, berdintasunezko gizartea lortzen laguntzeko, bereziki gazteekin eta gizonekin.

VI. TITULUA–ORDENANTZA APLIKATZEKO BERMEAK ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA

I. KAPITULUA.–APLIKAZIO-BERMEAK

26. artikulua. Bermeak.

Ordenantza hau eraginkortasunez aplikatzeko, berme gisa ezarri dira udal-langileen prestakuntza eta gaikuntza, berdintasunerako udal-politika publikoen plangintza, aurrekontu publikoa eta beste erakunde batzuekiko koordinazioa.

1. Udalak, bere programen eta langileak hautatzeko baldintzen bidez, langileen prestakuntza bermatuko du, bai genero-zeharkakotasuna aplikatzeari dagokionez, bai berdintasun-politika espezifikoak garatzeari dagokionez, bai emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeari, hautemateari, artatzeari eta erantzuteari dagokionez.

2. Ordenantza, gutxienez, udaleko berdintasun-plan batean, udalaren barneko berdintasun-plan batean eta emakumeen aurkako indarkerian jarduteko protokolo batean jasotako neurrietan zehaztuko da, eta ezartzen den moduan egingo da horien jarraipena eta ebaluazioa.

3. Ordenantza hau betetzeko, Udalak aurrekontu ekonomiko bat esleituko du berdintasun-eragile baten kontratazioa eta onartutako planen urteko garapena finantzatzeko. Nolanahi ere, aurrekontua Udalaren aurrekontu orokorraren %1,4 izango da gutxienez.

4. Udalak ordenantza honen arloan eskumenak dituzten beste erakunde batzuekiko koordinazioa sustatuko du, ordenantzaren garapena eta aplikazioa hobetzeko eta dagozkion ekintza-planak egiteko.

Xedapen iragankor bakarra.–Ikerketak eta estatistikak.

Ordenantza honetan Ikerketa eta estatistikei buruz jasotakoa (20. artikulua) nahitaez bete beharko da hura indarrean sartu eta urtebetera.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Ordenantza honek indarra hartzearekin batera, indargabeturik geratuko dira hari kontra egiten dioten udal-xedapen guztiak.

Azken xedapena.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari OfizialEAN argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2310501