155. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATETZ

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu bat kontratatzeko, lan-kontratudun finkoen araubidean (lanaldiaren %75)

Ikusirik Atezko Udalak pertsona baten beharra duela zerbitzu anitzetako eginkizunak betetzeko eta, oro har, sareak eta matxurak kontrolatzeko.

Udal honek egoki bete ditzan bere gain hartutako hornidura eta saneamenduko eskumenak, beharrezko da onetsitako plantilla organikoan aurreikusitako langileak hartzea (zerbitzu anitzetako lanpostu bat, lanaldiaren %75ean).

Halaber, garrantzitsua da langileak kontratatzeko zerrenda bat izatea, une jakin batzuetan lan egiteko, ordezkapenak betetzeko edo sortzen diren bestelako beharretarako, horrelakoetan ahalik eta modu eraginkorrenean erantzun behar baita, zerbitzuen funtzionamendu normalari eusteko.

Horiek horrela, Alkatetzaren ebazpen baten bidez deialdi bat onetsi da, zerbitzu anitzetako enplegatu bat kontratatzeko, lan-araubidean eta %75eko lanaldiarekin. Halaber, izangaien zerrenda bat sortuko da ordezkapen, baja edo errefortzu-beharretarako, 2023ko ekitaldirako lan eskaintza publikoan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikuluarekin, 36. artikuluak hartara igortzen baitu (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua), honako oinarri hauek argitaratzen dira:

OINARRIAK

DEIALDIA, ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATU BAT KONTRATATZEKO, LAN-KONTRATUDUN FINKOEN ARAUBIDEAN ETA LANALDIAREN %75EAN, ETA IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO, ORDEZKAPEN, BAJA EDO ERREFORTZU-BEHARRETARAKO

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez zerbitzu anitzetako enplegatu bat kontratatzea lan-kontratudun finkoen araubidean, D mailakoa eta lanaldiaren %75ean, eta, orobat, izangaien zerrenda bat eratzea, ordezkapenei, bajei edo errefortzu-beharrei erantzuteko, betiere Atezko Udalaren zerbitzura aritzeko; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluan ezarritakoarekin.

1.2. Lanpostuak D mailako ordainsariak izanen ditu, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, maila horretako eginkizunak baititu, bai eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.3. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia izanen dira plantilla organikoan lanpostu horretarako ezarritakoak; zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu. Lanpostua Zerbitzu Orokorren Alorrekoa denez, igande eta jaiegunetako lanak sartzen ahalko dira lanaldian. Plantilla organikoaren arabera, lanaldia %75ekoa da.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Bete beharreko eginkizunak deialdiaren kategoriari egokituko zaizkio eta haren mailari dagozkionak izanen dira. Zehazki, eginkizun horiek izanen dira Atezko Udalak ematen duen edateko uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuaren inguruko jarduera, instalazio eta obrei lotutakoak, mantentze-lan orokorretako eta obretako brigadak berezko dituenak betiere. Eginkizun horien artean, garbiketa lanak eginen dira udal eraikinetan, bai eta kultur eskolan ere. Besteak beste, honako eginkizun hauek izanen ditu, aipatze aldera eta beste batzuk baztertu gabe:

–Zerbitzu anitzak, instalazioen mantentze-lan orokorretako eta obretako brigadak berezko dituen jarduerekin lotutakoak.

–Maneiatzea, mantentzea eta konpontzea zerbitzuaren berezko makinak, lanabesak eta tresnak.

–Beharrezkoak diren hiri-altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea, bai eta hesiak, itxitura elementuak, seinaleak eta abar ere, betiere Atezko Udalaren eskumen eta zerbitzuekin bat.

–Beharrezkoak diren altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea, betiere Atezko Udalaren eskumen eta zerbitzuekin bat.

–Zerbitzuaren ibilgailuak gidatzea eta makineria maneiatzea (B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Atezko Udalaren bulegoetan, ondasun higiezinetan eta gainerako azpiegituretan, bai eta horietatik kanpo ere, mantentze- eta konpontze-lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, eta zangak ireki eta ixtea.

–Agintzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzak egitea, betiere bere mailakoak, bai eta oinarrizko mantentze-lanak ere.

–Atezko Udalaren instalazioak, ondasun higiezinak eta gainerako azpiegiturak garbitzea, eskura dauden ahalbide eta bitartekoekin bat.

–Lankidetzan aritzea Atezko Udaleko beste zerbitzu batzuekin, hala eskatzen zaionean.

–Antolatu, banatu eta kontrolatzea hornidura eta saneamendu sare guztien erabilera, prestaketa eta mantentze-lana, bai eta azpikontratatzen diren lan eta zereginak eta haien errendimendua ere.

–Kontrolatzea Atezko Udalak ematen duen edateko uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuari lotutako instalazio eta obretako lanak eta funtzionamendua, eta gainbegiratzea hornidura eta saneamenduko sare guztien zerbitzuak emateko kontrataturiko enpresen funtzionamendua, bai eta beste enpresa kontratatu batzuena ere, lanpostuaren xedearekin zerikusia duten eginkizunak betetzen badituzte.

–Egin beharreko lanen arteko lehentasunak ezartzea, alkatearekin edo hark eskuordetutako pertsonarekin batera.

–Bere zerbitzuko makineria guztia, lanabesak, ibilgailuak eta abar zaindu eta kontrolatzea.

–Laneko segurtasun eta higiene neurriak kontrolatzea.

–Udal bulegoak ireki eta ixtea, bai eta ateak, leihoak, argiak, berokuntza eta abar ere, eta aretoak, ikasgelak eta beste instalazio batzuk prestatzea, hala agintzen zaionean.

–Mantentze-lanak egitea mendiko pistetan eta bidexka sarean: garbiketa, inausketa, landaketa, seinaleztapena, etab.

–Mantentze-lanak egitea alokatutako etxebizitzetan.

–Lankidetzan aritzea festei eta kultura eta kirol jarduerei lotutako lanetan nahiz eta antzeko beste batzuetan, Udalak hala agintzen dionean, beharrezkoak badira zerbitzuaren arrazoiengatik.

–Laguntza ematea Udalaren administrazio jardunean: agiriak jakinaraztea.

–Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako guztiak beteko ditu.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako lan orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Koordinatzaileari aldiro komunikatzea udal azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak.

–Zerbitzuak hobetu daitezela sustatzea eta horretan laguntzea, eta proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Begiratzea ea egoera onean dauden Atezko Udalaren eskumeneko instalazio eta espazio publikoak eta beraren eraikinak, eta proposamenak egitea haien mantentze-lanetarako eta/edo hobekuntzarako.

–Hala Atezko Udaleko alkateak nola eskuordetutako organoek agindutako beste zeregin oro egitea, betiere haren eskumen, maila eta kategoriarekin bat datorrena, barne dela goragoko mailetakoei laguntzea eta haientzat lanak egitea.

Era berean, beharrezkoa bada, jarduketak eta zuzemenak egitea Atezko Udalaren bulegoetatik kanpo.

3. oinarria.–Izangaien betekizunak.

Lanpostuan aritzeko izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuaren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

g) Euskaraz jakitea: Eskatutako ezagutza-maila B2 izanen da, indarrean dagoen balorazio-sistemaren edo baliokidearen arabera (Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. maila edo 9. urratsa).

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesu aldian eta kontratazioak iraun bitartean ere beharko dira bete.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Eskabideak Atezko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Mikel Donea kalea 1, Eritzegoiti), bulegoak irekita dauden orduetan, 08:00etatik 15:00ak arte, astelehenetik ostiralera, egun baliogabeetan izan ezik, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, aurkezten ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zeinahi modutan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

4.2. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Lehiaketaldian baloratzeko aurkezten diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia autentifikatuak; eskabidean bertan adierazi beharko dira lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzentzen ahalko dira ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

4.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4.7. Izangaiek euskaraz dakitela frogatzeko, aurkeztu beharko dute B2 titulua edo baliokidea.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori argitara emanen da Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete, eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Atezko Udalean.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Atezko Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, deialdi honetako hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Iban Baztan Ibáñez, Atezko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Paula Ibero Baraibar, Atezko Udaleko alkatea.

Lehen epaimahaikidea: Patxi Biurrarena Barrenetxea, Basaburuko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Ordezkoa: teknikari bat, izendatu beharrekoa.

Bigarren epaimahaikidea: Xabi Sarasa Erice, Imozko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

Hirugarren epaimahaikidea: Javier Larrea Rastrilla, Iruñeko Udaleko funtzionamendu eta instalazioko ofiziala.

Ordezkoa: izendatu beharrekoa.

Epaimahaikide idazkaria: Alberto Fernández Ejea, Atezko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: eskualdeko beste udal bateko idazkari kontu-hartzailea, horretarako izendatua.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren gorabehera guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa eta balorazioa.

7.1. Lehiaketaldia. 20 puntu, gehienez.

7.1.1. Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak.

7.1.2. Lehiaketaren balorazioa.

Lehiaketaldiak gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du, honela banaturik:

–Administrazio publiko batean, deialdiko lanpostuaren antzekoetan lan egin izana (2. oinarrian espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez, D mailan edo goragoko batean), baldin eta kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez frogatzen bada: 1 puntu urteko, eta, horren zatia bada, proportzioan dagokiona; gehienez ere, 10 puntu.

–Bigarren mailako Lanbide Heziketako tituluagatik, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia izanez gero betiere: 5 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin lotutako prestakuntza (makinen erabilera, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, soldadura, lorezaintza, mantentze-lanak edo fitosanitarioak): ikastaro guztietako orduak batuko dira eta 0,1 puntu emanen dira ikastaroak irauten duen ordu bakoitzeko; gehienez ere, 5 puntu.

7.2. Oposizioaldia.

Deialdiko proben hurrenez hurreneko iragarkiak soilik emanen dira argitara Atezko Udalaren iragarki-taulan eta probak egiten diren tokian.

7.3. Oposizioko ariketak plika itxien sistema erabiliz eginen dira, horretarako aukera ematen badute, eta gehienez 80 puntu lortzen ahalko dira. Honako ariketa hauek izanen ditu:

7.3.1. Lehen ariketa, praktikoa: II. eranskinean (Gai zerrenda) jasotakoarekin bat, lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia duten ariketa praktikoak egin beharko dira, edozein motatako makinak erabiltzea barne.

Ariketa honen balorazioak gehienez ere 50 puntu izanen ditu eta baztertzailea izanen da.

7.3.2. Bigarren ariketa, teorikoa: galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz; zenbait aukera emanen dira erantzuteko, baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiaren II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan, epaimahaiak gehienez 30 puntu ematen ahalko ditu. Proba hasi baino lehen zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa, aukeran zenbait erantzun dituzten galderetarako. Proba gainditzeko, izangaiek lortu beharko dute ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez.

Bi ariketa horiek egun berean egiten ahalko dira, bata bestearen ondotik, eta epaimahaiak erabakitzen ahalko du bien artean atsedenaldia egitea; edo, aitzitik, egun bat baino gehiago ezartzen ahalko ditu probak egiteko.

Epaimahaiak erabakiko du, bi ariketak hasi aurretik, gehienez ere zenbat iraunen duten.

Probak 2023ko irailetik aurrera hasiko dira.

7.4. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira probara agertzen ez direnak edo nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak.

Minusbaliotasun frogatua dutenentzat (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.

8.1. Behin proben kalifikazioa burutuz gero, epaimahaiak osatuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, eta argitara emanen du Atezko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazio-ordenaren arabera. Era berean, Alkatetzari igorriko dio zerrenda hori, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera, organo eskudunak onets dezan.

Organo eskudunak onetsiko ditu zerrendako lehenbiziko lekuan den izangaiaren kontratazioa eta izendapena, gaindituen zerrenda onetsi eta espedientea bukatu eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epean.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketaren proba praktikoan puntu gehien lortu duen izangaiaren alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Proposatzen den izangaiak, kontratualdia hasi aurretik, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Atezko Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) NANaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).

c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.

e) Zinpeko aitorpena, haren erantzukizunpekoa, adierazten duena ez dagoela desgaitua ez gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

f) Proposatutako izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, bere estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, bizileku-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

i) Atezko Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

8.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean informazio faltsua jartzeagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.

9. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Kontratazio zerrendek lau urteko indarraldia izanen dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa eginen da, oro har, zerbitzuaren beharren arabera, aurretiaz banakako deiak eginik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, helbide elektronikoa, ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.

Dagokien zerrendan duten hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa/k denari/direnei deituko zaio/e, harik eta eskaintzen den/diren lanpostua/lanpostuak bete arte.

Izangaiekin ezin izan bada harremanetan jarri, izangai horiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, baldin eta izangai bat lanean ari bada edo aritu bada Atezko Udalean aldi baterako kontratu batekin deialdi honen ondorioz, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean Udalean antzeko lanpostu bat bete behar izanez gero, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, betiere dagokion zerrendan libre badago berriz dei egiten zaionean.

Kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio hurrenkeraren arabera.

B) Uko egitea:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, uko egitearen lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehenbiziko apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek komunikatuko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztuko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.3. Kontrataturikoei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko dira; beraz, haien kontura izanen dira ordaindu behar den kuota eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.

10.1. Atezko Udaleko Alkatetza izanen da organo eskuduna izangai proposatuaren aldi baterako kontratazioa sinatzeko, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat. Betiere, izangaiak bete behar izan du aurreko oinarrietan ezarritakoa.

10.2. Izangai kontratatuak lanean hasi beharko du formalizatutako kontratuaren arabera hala dagokion egunean.

10.3. Hilabeteko probaldia ezartzen da, kontratazio egunetik hasita.

11. oinarria.–Aplikazio osagarria.

Deialdi honetan ezartzen ez den orotan aplikatzekoak diren indarreko arauak aplikatuko dira.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

12.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen administrazioko organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Eritze Atetzen, 2023ko ekainaren 20an.–Alkatea, Paula Ibero Baraibar.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Igeltserotza arloko kontzeptu orokorrak. Eraikuntzako materialak. Lanabesak; erabilera eta mantentze-lana. Igeltserotzako obra nagusiak. Igeltserotzako konponketa nagusiak.

2. gaia.–Iturgintza: iturgintzako eta berokuntzako kontzeptu orokorrak. Lanabesak eta tresnak. Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak. Matxurak eta konponketak. Iturgintzako eskemak.

3. gaia.–Elektrizitate arloko oinarrizko kontzeptuak. Instalazio elektrikoak. Energia elektrikoaren garraioa. Aginte eta babes gailuak. Lur konexioa. Eroaleak eta isolatzaileak. Kanalizazioak. Elektrizitate-lanetan erabilitako lanabesak eta tresnak. Matxura motak eta haien konponketak. Argiztapen instalazioak. Barne instalazioak. Eskema elektrikoak.

4. gaia.–Zurgintza: kontzeptu orokorrak. Zurgintzako oinarrizko tresna eta lanabesak. Konponketa eta mantentze-lan ohikoenak.

5. gaia.–Sarrailagintza: kontsiderazio orokorrak. Sarrailagintzako oinarrizko lanak. Lanabesak eta tresnak. Konponketak eta mantentze-lanak.

6. gaia.–Kanpoko eta barneko pinturaren arloko kontzeptu orokorrak. Pintura emateko eta kentzeko tresnak: garbitzea eta zaintzea. Akats eta konponketa ohikoenak.

7. gaia.–Metalgintzako eta soldadurako ezagutza orokorrak.

8. gaia.–Materialen eta tresnen bilketa. Antolaketa eta mantentze-lanak.

9. gaia.–Lorezaintza: Kontsiderazio orokorrak. Lorezaintzako oinarrizko lanak. Lanabesak eta makinak. Sasi-garbitzeko makina eta motozerra.

10. gaia.–Hornidurako eta saneamenduko sistemak. Kontzeptu orokorrak. Instalazioen elementuak. Atetz ibarreko hornidura eta saneamendu sareen eta ur-biltegien kokapena eta egoera. Zerbitzua emateko erabiltzen diren hodi-lineak. Sekzioak eta kutxatilak.

11. gaia.–Sareak, harguneak mantentzeko materialak, aparatuak eta lanabesak. Obra arrunt eta ohikoak.

12. gaia–Ur-kontagailuak. Motak eta irakurketak.

13. gaia.–Klorazioa eta ura arazteko beste sistema batzuk, giza kontsumorako egokia izan dadin; maila onargarriak

14. gaia.–Norbera babesteko ekipamendua (NBE). Norberaren eta taldearen babeserako ekipamenduak, lanpostuari lotutako ohiko lanetan.

Iragarkiaren kodea: L2310512