153. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Gizarte Zerbitzuen Arloko zinegotzi ordezkari nagusia izendatzea. 8/2023 Dekretua, ekainaren 29koa

Jarraikiz Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduari, zeina onetsi baitzen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez, Alkatetzak eskuordetzan ematen ahal dizkie eskudantzia batzuk Tokiko Gobernu Batzarreko kideei, barnean direla behar diren zerbitzuak zuzentzea, zerbitzuak oro har kudeatzea eta baita hirugarrenei eragiten dieten egintza administratiboak ebazteko ahalmena ere.

Egin berri den lanpostuen azterketan, aurreko Alkatetzak eskatua eta jasoa, deskribatzen dira Udalaren antolamenduaren egitura eta egitura funtzionala, eskumen-arloetan banatua.

Gizarte Zerbitzuen Arloak eskumen-eremu oso zehatza eta espezializatua du, eta horrek errazten du Alkatetzaren eskumenak eskuordetzan ematea. Horregatik, justifikatutzat eta bidezkotzat jotzen da horiek eskuordetzan erabiltzea.

Eskuordetzeak bere baitan hartzen ditu gizarte zerbitzuen alorrarekin lotutako jarduerak zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea, barnean dela hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena. Halaber, eskuordetzeak bere baitan hartzen du aurrekontuen kudeaketa (gastuen baimentze- eta xedatze-faseak), barnean dela dirulaguntzak ematea. Kudeaketa horrek eragiten die aurrekontuaren honako kode funtzional hauei:

23111: Harrera eta orientazio soziala.

23112: Etxeko laguntza.

23113: Haurrak eta familia.

23114: Komunitate-sustapena.

23115: Gizarteratzea.

23181: Gizarte Etxea.

Jasota gelditu da Gonzalo Ibarrola Inchustak onartu egin duela eskuordetze proposamena.

Erabiliz ematen zaizkidan eskudantziak, honako hauen bidez eman ere: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 artikulua (lege horrek arautzen ditu toki araubidearen oinarriak) eta Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43.3, 44. eta 45. artikuluak (erregelamendu hori onetsi zen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez);

DEKRETATZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Gizarte Zerbitzuen Arloaren eskuordetze orokorra egitea, Tafallako Udaleko zinegotzi den Gonzalo Ibarrola Inchustaren alde, dekretu honetan ezarritako baldintzetan.

Bigarrena.–Aditzera ematea dekretu honen bidez eginiko eskuordetzea honako araubide juridiko honi loturik dagoela:

a) Ematen diren ebazpenetan, agertu beharko da eskumen eskuordetuak erabiltzen ari direla, jarraikiz urriaren 9ko 40/2015 Legearen 9. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

b) Bat etorriz azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuarekin, Alkatetzak segitzen du ahalmena izaten informazio zehatza jasotzeko eskuordetzan emandako eskumenen kudeaketaz eta eskuordetzaren ondorioz emandako egintzez eta xedapenez. Era berean, ahalmena du erabaki inportanteak hartu aitzin jakinaren gainean egoteko.

c) Zinegotzi eskuordetuak egintzak ematen dituenean eskuordetzan emandako eskudantziak erabiliz, ulertuko da organo eskuordetzaileak eman dituela (Alkatetzak), eta, horrenbestez, azken horri dagokio jartzen diren errekurtso administratiboak ebaztea.

d) Alkatetzak noiznahi berreskuratzen ahalko ditu eskuordetzan emandako eskumenak, edo eskuordetza errebokatu egin dezake. Azken kasu horretan, Alkatetzak berrikus ditzake eskuordetutako zinegotziak hartutako ebazpenak, egintza administratiboak ofizioz berrikusteko ezarritako kasu eta baldintza berberetan.

e) Jarraikiz xedatuta dagoenari Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43. artikuluan (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia), Alkatetzak onets dezake eskuordetze bereziak egitea edozein zinegotziren alde, aipaturiko arloko zenbait gai zuzendu eta kudea ditzan. Kasu horretan, eskuordetze orokorra jaso duen zinegotziak du eskuordetze bereziko zinegotzien jarduketa gainbegiratzeko ahalmena, haren alorreko eginbeharretan ari direnean.

Hirugarrena.–Ebazpen hau zinegotzi ordezkariari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–Aipatu eskuordetzearen iragarkia igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin, eta argitaratzea Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.

Bosgarrena.–Dekretu hau igortzea Gizarte Zerbitzuen Arlora, Udalaren Idazkaritzara eta Aholkularitza Juridikora, jakinaren gainean egon daitezen.

Seigarrena.–Udalbatzari dekretu honen berri ematea egiten duen hurrengo osoko bilkuran.

Zazpigarrena.–Ezartzea eskuordetze honen eraginkortasuna sortuko dela dekretu honen datan, betiere aurretik jasotzen bada zinegotzi eskuordetuak kargua onartu duela; halaber, eskuordetzea mugagabetzat hartu behar da, errebokatzen den arte.

Tafallan, 2023ko ekainaren 29an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.

Iragarkiaren kodea: L2310333