153. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzea

2023ko ekainaren 29ean Alkatetzaren 380/2023 Ebazpena eman zen. Horren arabera, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.1.b) artikuluan xedatutakoa betez, Lizarrako Udaleko Gobernu Batzarreko kideak izendatu dira; izan ere, kide anitzeko organo hori beharrezkoa da udal honetan, indarrean dagoen toki-araubideari buruzko legeriaren arabera.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 23.2 artikuluak adierazten duenez, Tokiko Gobernu Batzarraren eskumena da alkateari laguntzea bere eskudantziekin eta hark edo Udaleko beste gobernu organo batek eskuordetzen dizkion jarduerak gauzatzea, baita legeek egozten dizkiotenak ere.

Halaber, Toki-entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak ezartzen du alkatetzak bere eskudantziak Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzea araututa dagoela aipatu erregelamenduaren 43. eta 44. artikuluen bidez. Alkatetzak edozein momentuan ezeztatu dezake eskuordetzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta lege horren 10. artikuluan aipatu baldintzetan eskumenak bereganatu ditzake berriz.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluaren 1.  eta 2. puntuetan jasota daude alkateak dituen eskudantziak, bera baita osoko bilkuraren buru. Artikulu horren 3. puntuan, alkateak eskuordetu ditzakeen eskudantziak daude.

Azkenik, Toki-entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114. artikulutik 118.era araututa dago beharrezko organoen artean banatutako eskudantzien erregimen orokorra; kasu hau bertan sartzen da. Horrekin guztiarekin, aurreko ataletan aipatu xedapenek emandako eskudantziak gauzatzeko eta horien baliozkotasuna ezartzen duten baldintzen arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluaren arabera alkatetza honi eskuordetutako honako eskudantzia hauek Lizarrako Udalaren Gobernu Batzarraren esku uztea, agindu beraren 3. puntuari jarraikiz eskuordetu baitaitezke:

–Kudeaketa ekonomikoa garatzea, onetsitako aurrekontuarekin bat, gastuak xedatzea eta ordainketak agintzea, alkatearen eskumenen mugen barnean.

–Lan publikoaren eskaintza onestea, osoko bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

–Planeamendu orokorra garatzeko tresnak onestea, espresuki osoko bilkuraren esku utzi ez direnak, bai eta hirigintza-kudeaketako tresnak eta urbanizazio proiektuak onestea ere.

–Zerbitzuen eta obren proiektuak onestea, baldin eskumena badu haiek kontratatzeko nahiz kontzesioa egiteko eta aurrekontuan sartuta badaude.

–Alkatetzaren eskumenekoak diren lizentziak ematea, Udal hilerria arautzen duen ordenantzan ezarritako hilobien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea emateko, eskualdatzeko eta iraungitzeko baimenak izan ezik.

–Kontratazio publikoaren alorrean eta indarrean den legediaren babesean osoko bilkurako buruari dagozkion eskudantziak, salbu gehienez ere balio zenbatetsia 10.000 euro –BEZa kanpo– baino handiagoa ez duten kontratuei dagozkienak. Horien gaineko eskumenak Alkatetzarena izaten jarraitzen du.

–Dirulaguntzak emateko prozedurei buruzko eskudantziak.

–Zergapeko egintza bat egitetik ondorioztatutako zerga likidazioak onestea, horiek aitortzeko Tokiko Gobernu Batzarrak eskuordetuta hartutako egintza behar dela.

Bigarrena.–Eskuordetza honek ikuskatu eta kudeatzeko ahalmenak hartzen ditu, baita hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebaztekoa ere, eskuordetzaren xede den eskudantzia erabiliz emandako administrazio ekintzen aurka aurkezten diren berraztertzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena zein horiekiko berrezartze-errekurtsoak jakinarazteko eginbeharra barne.

Alkatetzak, bertzeen esku utzitako eskudantziari dagokionez, hari buruzko informazio xehatua eta haren ondorioz sorturiko egintzen edo xedapenen gaineko informazioa jasotzeko ahalmena du, baita indarrean dagoen legediaren arabera hori ezeztatu eta berreskuratzeko ere. Era berean, garrantzizko erabakiak hartu aitzin jakinaren gainean egoteko ahalmena du.

Hirugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarrak bere gain utzitako eskudantziak erabiltzean agintzen dituen egintzetan horren berri eman beharko du, eta udal honetako Alkatetzaren egintzak direla ulertuko da, nahiz aipatu organo kolegiatuaren funtzionamendu arauei jarraikiz erabaki.

Laugarrena.–Toki-entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114. artikuluaren arabera, eskuordetze hau epe zehaztugabean gauzatuko da, eta ez da ezeztatuko alkatetza edo Tokiko Gobernu Batzarra aldatzen badira. Izan ere, eskuordetzea ezeztatzeko hori emateko eskatutako formalitateak aldatu edo ezeztatu beharko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.3 artikuluan eta Toki-entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 44.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Nolanahi ere, ebazpenak ondorioak izanen ditu sinatu eta hurrengo egunetik aurrera.

Seigarrena.–Ebazpen hau Udal Idazkaritzari igortzea, hura betearazteko behar diren izapideak abiaraz ditzan, eta Udalbatzari horren berri ematea egiten den hurrengo osoko bilkuran, azaroaren 28ko 2568/986 Errege Dekretuaren 38. artikuluan xedatutakoa betetzeko (dekretu horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua).

Ebazten dut, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizarran, 2023ko uztailaren 3an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.

Iragarkiaren kodea: L2310325