152. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, lorategietako arduradun izateko C mailako lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko

Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2023ko maiatzaren 23an, erabaki zuen deialdi murriztu bat eta haren oinarriak onestea, barne igoera murriztuan eta oposizio lehiaketa bidez betetzeko lorategietako arduradun lanpostu bat, C mailakoa, plantillan 9.2 zenbakia duena, Eguesibarko Udalaren zerbitzuan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da lorategietako arduradun lanpostu bat betetzea, C mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan. Lanpostua betetzeko jarraitu egingo zaio Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan jasotako prozedurari. Izan ere, lorategi-zerbitzua antolatzeko premia eta agindutako zereginen ezaugarriak ikusita, komeni da lanpostu hori barne igoeraren bidez betetzea.

1.2. Udaleko plantilla organikoan hutsik ageri da C mailako lorategietako arduradunaren lanpostua, eta oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez bete behar da. Aipatu lanpostua lan-eskaintza publikoan sartuta dago prozedura horren bidez betetzeko (Tokiko Gobernu Batzarraren 2018/10/19 erabakia, 2018ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 29koan, argitaratutakoa).

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuan aritzeko izendatzen den izangaia C mailan/taldean sartuko da, eta plantilla organikoan maila edo talde horretarako ezarritako ordainsariak jasoko ditu.

1.4. Mailaz igoko da prozedura gainditu eta deialdiko lanpostu-kopuruan sartzen den izangaia.

1.5. Mailaz igo denak jatorrizko zerbitzuari edo arloari atxikirik segituko du; deialdiko maila eta kategoriari, eta eskatutako ikasketei egokitutako eginkizun eta lanetan ariko da eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten zituenak ere beteko ditu.

Oro har eta besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu lanpostu horrek:

–Egunerokoan taldeak antolatzea eta lorategi-zerbitzuko baliabide eta lanak banatzea.

–Lanen exekuzioaren gaineko kontrola eta jarraipena.

–Bere jardun-alorrekin zerikusia duten makinak eta erremintak kontrolatzeaz eta mantentzeaz arduratuko da, bai eta erreminta eta makinen beharrizan posibleak aztertzeaz eta ebaluatzeaz ere.

–Zerbitzurako erreminta txikiak, lurrak, materialak eta abar hornitu eta erostea.

–Azpiegitura eta lorategiak zaindu eta mantentzea.

–Lorategien egoera kontrolatzea.

–Azpikontratatuen landa-lanak kontrolatzea (noizean behin).

–Ingurumen teknikariaren (arloko arduraduna) eta peoien arteko solaskidea izatea.

–Landa-lorezaintza arloko funtzioak gauzatzea.

–Ingurumen teknikaria ez dagoenean, hura ordeztea lorategietako arduradun funtzioetan.

–Gainbegiratzea, arloko arduradunarekin batera, urbanizazio berrien proiektuak eta kanpoko enpresek egindako lanak, bai eta aipatutako lanen jarraipena eta onespena ere, eta arduradunari horren berri ematea.

–Prebentzio-lanak egitea.

–Eta, oro har, organo eskudunak agintzen dizkion oraingo eta etorkizuneko lan guztiak egitea, bere lanpostuarekin lotuta daudenak eta bere mailaren eta kategoriaren barrenean.

1.6. Prozedura honetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izan hori funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari eutsiko dio.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Eguesibarko Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D maila edo taldekoa.

b) Lorategietako peoi lanpostu bat betetzeko izendaturiko funtzionarioa edo lan kontratuduna izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea Nafarroako Administrazio Publikoetan.

e) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulazioaren baldintzaren ordez, kasu honetan (C maila), aukeran egonen da administrazio publikoen zerbitzuan zortzi urteko antzinatasun aitortua izatea frogatzea, 15.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

f) B1 gidabaimena edo horren baliokidea edukitzea.

3.–Eskabideak eta tasak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta erregistratu beharko dira Eguesibarko Udalaren erregistro elektronikoan –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikulua– hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira deialdian eskatzen den titulazioaren frogagiriak edo, bestela, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua izatearenak. Orobat, aurkeztu beharko da tasak ordaindu izanaren ziurtagiria, eskatutako gidabaimena izatearen ziurtagiria eta merezimenduak baloratzeko behar den dokumentazioa.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo udaletxean bertan. Tasa ez bada ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barrenean, izangaia baztertu eginen da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, zerrenda hori zuzenean onesten ahalko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Juan Jesús Yoldi Jiménez, Eguesibarko Udaleko ingurumen teknikaria.

–Ordezkoa: Ángel Abaurrea Echarte, Eguesibarko Udaleko arkitekto teknikoa.

–Epaimahaikidea: Toki-erakunde bateko lorategietako arduradun bat (edo lanpostu parekagarri edo maila handiagokoa).

–Ordezkoa: Toki-erakunde bateko lorategietako arduradun bat (edo lanpostu parekagarri edo maila handiagokoa).

–Epaimahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa / kudeatzailea.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera iragarriko da oposizio-lehiaketa zein egun, ordu eta tokitan hasiko den; aurreikusten da oposizioko probak 2023ko abuztu edo irailetik aurrera hastea.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

6.3. Lehiaketaldia:

6.3.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.3.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako administrazio publikoetan, lorategietako peoiaren, lorategietako ofizialaren edo lorategietako arduradunaren lanpostuetan edo antzekoetan urte bakoitzeko, 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa esleituko da.

b) Lanpostuaren eginkizunekin (1.5 oinarrian zerrendatzen direnak) lotutako eta erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu 10 prestakuntza orduko. Gehienez ere, 10 puntu.

–Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ordu-zatiak hainbanatu eginen dira.

–Orduen kopurua jasotzen ez duten ziurtagiriei 0,05 puntuko balorazioa emanen zaie.

–Ikasturte akademiko bateko iraupena jasotzen duten ziurtagiriei, orduak zehaztu gabe, 120 orduren balorazioa emanen zaie.

–Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak sartuko dira.

–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

6.3.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez.

6.3.4. Lehiaketaldia buruturik, izangai bakoitzaren puntuazioa Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian paratuko da jendaurrean.

6.4. Oposizio fasea.

6.4.1. Lehen ariketa, teoriko-praktikoa: Idatziz erantzun beharko zaie deialdiaren 30 galderari. Horiek izanen dira II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Hala, galderaren balioaren heren bat kenduko da, erantzuteko aukerak hiru badira, eta, aldiz, balio horren laurden bat kenduko da, erantzuteko aukerak lau badira. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.

6.4.2. Bigarren ariketa: kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, edo proba praktiko bat edo batzuk egin, espezifikoak deialdiaren xedeko lanposturako. Betiere, ariketak xede izanen ditu lanpostuaren zeregin, eginkizun eta nondik norakoak, eta II. eranskineko gai-zerrenda hartuko du oinarritzat. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.

6.4.3. Epaimahaiak iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian emanen du argitara lehen ariketaren emaitza, eta hiru egun naturaleko epe bat irekiko da alegazioak egiteko. Epe hori hori iragandakoan, eta aurkezturiko alegazioak ebatzi ondoren, halakorik bada, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, eta gainditu duten izangaiek bigarren ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia. Hori egindakoan, lehen ariketarako prozedura bera erabiliko du epaimahaiak.

6.4.4. Oposizioko ariketen balorazioan 70 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez ere.

–Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez ere.

6.4.5. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

6.4.6. Hautaketa-prozedura amaituta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak, ariketa egin den tokian, eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

6.4.7. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta, ariketa egin den tokian bertan eta Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak deialdia egiten duen organoari eginen dio izendapen proposamena, oposizio-lehiaketaren prozedura osoan puntuazio gehiena lortu duen gainditutako pertsonaren alde. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautaketa-prozedura bukatutakoan, alkateak, izendapen proposamenarekin bat, ebazpen bidez izendatuko du oposizio-lehiaketaren prozedura osoa puntu gehienekin gainditu duen izangaia, eta hark izanen duen maila berria zehaztuko du. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuek lanpostuaren jabetza hartu beharko dute, edo lan kontratuaren eranskina formalizatu, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean. Norbait lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Adinez nagusia naiz, eta hauek dira nire datuak:

Izen-abizenak: ......................................................................................................................................

NAN zk: ..............................................

Jaioterria: ............................................ (probintzia: .......................................)

Helbidea: ...............................................................................................................................................

Posta kodea: ...................................... Telefonoa (gehienez ere bi): .............................................., ..............................................

Helbide elektronikoa: .......................................................................................

Honako hau adierazten dut:

Eskatzen dudala onartua izatea Eguesko Udalaren zerbitzuko lorategietako arduradun lanpostu bat (C maila/taldearekin parekatua) oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdiko hautaprobetan.

Eta adierazten dut eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

–Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

–Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

–Betetzen ditudala deialdiaren 2. oinarrian adierazten diren baldintzak.

–Erantsi ditudala 3.2 oinarrian (2.e) eta 2.f) oinarriei dagokienez) adierazitako dokumentuak, baita tasa ordaindu izanaren frogagiria ere.

[ ] Merezimenduen baloraziorako egiaztagiriak erantsi ditu. (Markatu, bidezkoa bada).

Horrenbestez:

Eskatzen dudala eskabide hau onartu eta, horiek horrela, onartua izatea Eguesko Udalaren zerbitzuko lorategietako arduradun lanpostu bat (C maila/taldearekin parekatua) oposizio-lehiaketa bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdiko hautaprobetan.

............................................(e)n, 2023ko ................................. ren ............(e)(a)n.

(Sinadura)

ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Lan arriskuei aurrea hartzea lorezaintzako mantentze-lanetan.

2. gaia.–Lorezaintza lanak. Urteko lanen plangintza orokorra.

3. gaia.–Ezagutzea Eguesibarko udalerrietako hiriguneetan dauden parke, berdegune eta lorategietan diren landare eta zuhaitzak.

4. gaia.–Zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak landatzea.

5. gaia.–Arbolen, zuhaixken eta heskaien mantentze-lanak.

6. gaia.–Hirietako zuhaitzen arriskuaren ebaluazioa.

7. gaia.–Ureztatze sistemak: motak, ezaugarriak eta mantentze-lanak. Automatizazioa.

8. gaia.–Izurrite eta gaitz nagusiak lorezaintzan. Borroka integratua. Tratamendu biologikoak.

9. gaia.–Erremintak: motak, ezagutza, erabilera. Segurtasun-baldintzak. Makinak: mantentze-lanak, egokitzea lan motaren arabera.

10. Gaia.–Lorezaintzako NBE motak eta horien erabilera.

11. gaia–Lorategi publikoen ekipamendu eta altzariak. Elementu eta material motak. Diseinua, instalazioa eta mantentze-lanak.

12. gaia.–Zuhaitzak inaustea. Beharra. Teknikak. Zuhaitzaren anatomia eta fisiologia eta horiek inausketarekin duten lotura. Erremintak eta makineria.

13. gaia.–Birlandaketa, landaketa eta espezieen landatze teknikak lorategi zein berdeguneetan. Soropilak ereitea. Mantentze eta zaintze lanak. Berdeguneak berriz landareztatzea.

14. gaia.–Lorezaintza lanetan ekipoak antolatzeko teknikak.

15. gaia.–Giza-baliabideak kudeatzea.

Sarrigurenen, 2023ko ekainaren 26an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

Iragarkiaren kodea: L2309916