1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
194/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 21ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez oinarrizko laguntzaren arloko kideak izendatzen baitira Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzorderako.
Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmen mentala dutenen, adingabeentzako arretaren eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea. Foru dekretu horren 44.3 artikuluan ezartzen da ezen Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordean hamabi aditu izanen direla gutxienez, pertsonarengan zentratutako arretan oinarritutako ikuspegia, ekintzak eta ereduak dituzten zentro edo zerbitzuen kudeatzaile diren pertsonek edo entitateek aukeratuak, eta gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuaren bi ordezkari ere arituko direla, batzordeko buru eta idazkari lanetan.
Orobat, foru dekretuan aurreikusten da batzordekideak izendatzeko prozedura hasiko dela gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluarentzat ezarritako bide bera edo antzekoa erabiliz. Ahaleginak eginen dira, betiere, oreka egon dadin emakumeen eta gizonen artean eta foru dekretu honen xedeko eremuen artean, deusetan galarazi gabe eremu horietako batzuetarako azpibatzordeak eratzea.
Apirilaren 5eko 38/2023 Foru Dekretuak aldatzen du abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, nahasmen mentala dutenen, adingabeentzako arretaren eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea. Bada, 38/2023 Foru Dekretu horren 1. artikuluko 12. atalaren bidez bi ordezkari gehitu zitzaizkion lehen ezarritako gutxieneko kopuruari, dekretua egiteko garaian parte-hartzearen bidez jasotako proposamenari erantzunez. Izan ere, proposatzen zen oinarrizko laguntzan aritzen direnek tokia izatea gizarte zerbitzuei buruz duen ikuspegia emateko eta ezarri beharreko soluzioen gaineko ekarpenak egiteko.
Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 24ko 179/2023 Foru Aginduaren bidez epe bat ezarri zen oinarrizko laguntzaren arloko hautagaitzak aurkezteko Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzorderako, eta egun posible bat finkatu zen kideak izendatzeko proposamena bozkatzeko.
Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, ekainaren 8an, Andosilla, Azagra, Carcar eta San Adriango Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak hautagaitza bat aurkeztu zuen, epearen barruan, eta María del Mar Llorente Jiménez proposatu zuen, San Adriango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte langilea. Kideak izendatzeko hautagaitza gehiagorik ez zegoenez, ez zen bozketarik egin behar, eta, hautagaitzan kide bakarra zegoenez, izendapena kontseilariaren proposamenarekin osatu zen, hots, Gizain Fundazioaren ordezkari batekin, aintzat hartuta fundazio horrek kudeatzen dituela Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak eratutako Gizarte Zerbitzuen Zentroetatik lau, eta zentro horiek oinarrizko laguntzari sostengua emateko zerbitzuak direla eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Programak osatzeko eginkizuna dutela.
Horrenbestez, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Sarearen Batzordeko kide hauek izendatzea, oinarrizko laguntzaren arloko ordezkari gisa:
–María del Mar Llorente Jiménez andrea, San Adrian aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte langilea, Andosilla, Azagra, Carcar eta San Adriango Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak proposatuta.
–Yolanda Fillat Delgado andrea, Gizain Fundazioko zuzendari kudeatzailea, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposatuta.
2. Foru agindu hau igortzea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta jakinaraztea izendatutako pertsonei eta proposamena egin duen entitateari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 21ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2309786