Iragarkia
152. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
118E/2023 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Aratzuri-Orkoien Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa bat, erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako etxe-sailen determinazio xehatuei buruzkoa. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren abenduaren 9ko 101E/2021 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaien Aratzuri-Orkoien Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko bi espedienteren izapideei.
Ebazpen hori 2022ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 3koan, eta batera egin ziren espedienteak jendaurrean jartzeko izapidea eta ukitutako udalei entzunaldia ematekoa.
Izapidetu bitartean, hasierako espediente hori bitan banatu zen, eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 1E/2023 Ebazpenaren bidez behin betiko onetsi zen Aratzuri-Orkoien Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa xehatuaren espedientea, etxe-sailen zehaztapen geometrikoari buruzkoa eta etxe-sail guztien fitxa xehatuen eranskin bat gehitzen duena. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.
UGPSaren aldaketa xehatu honek determinazio arauemaile batzuk ezartzen ditu, funtsean erabilera anitzeko lurzatiei dagozkienak, eta, gainera, askotariko erabilera pribatuko 6. etxe-sailean (Orkoiengo 1. poligonoko 951. katastro lurzatia) hirigintza zehazten du, gero xehetasun-azterketarik egin beharrik ez izateko.
Hain zuzen ere, espedientearen xedea da askotariko erabilera pribatuko lurzatiei bestelako tratamendua ematea industria erabilerako lurzatien aldean, malgutasun handiagoa emanez.
Espedientea jendaurrean jartzeko izapidea eta entzunaldia ematekoa batera egin bitartean bi alegazio idazki aurkeztu dira.
Oltza Zendeako Udaleko alkate Moisés Garjón Villanueva jaunak aurkeztutako alegazio idazkia.
EDUKIA:
Lehenengoa.–Zarata dela-eta, adierazten da dokumentuak ez duela aldatu eremuaren sailkapen akustikoa, erabilera anitzeko ekipamendurako diren lurzatietan bizitegi erabilera komunitarioa gehitu dela, eta erabilera berri hori ez datorrela bat Iruñerriko hiri aglomerazioko zarataren hirugarren mapa estrategikoan esleitutako sailkapen akustikoarekin. Mapa hori Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 30eko 566E/2020 Ebazpenaren bidez berrikusi zen.
Bigarrena.–"Partzelazioak" izenburuko 21. artikulua dela-eta, toki entitate interesdunaren ustez, parametroak aplikatzeko garaian argi egon dadin nola aplikatu, eraikigarritasuna eta oinplanoko okupazioa ez dira nahierara banatu behar lurzati bananduen artean, horien azaleren araberako proportzioan baizik.
Hirugarrena.–52. artikuluaren aldaketa dela-eta, adierazten da artikulu horretarako proposatutako testua eta dokumentuaren 2. orrialdekoa ez datozela bat. Artikuluan planteatzen da erabilera anitzeko lurzatietan itxituraren kolorea nahierakoa izatea baina kolore bera etxe-sail osoan, eta dokumentuaren 2. orrialdean, "3. erantzuna" atalean, aldiz, hau adierazten da: "Lurzatietako itxituren nahitaezko koloreari eta berdeguneekin muga egiten duten lurzatietako itxituren ondoan landareak jarri beharrari dagokionez, betebehar horiei eustea erabaki da hurbileko irudiaren homogeneotasunerako irizpide gisa."
Laugarrena.–Erabilera anitzeko lurzatietan hiru solairu gehiago izatea proposatu dela-eta, alegatzen da hori bisualki gehiegizkoa izan daitekeela, ingurunean altuerarik handiena 10 metrokoa baita.
Bosgarrena.–Erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako lurzatietan (66. artikulua) bizitegi erabilera komunitarioa gehitzea ezegokitzat jotzen du toki entitate interesdunak, "ez delako hirugarren sektoreko erabilera eta, beraz, ekipamendua". Haren iritziz, "ekipamendu erabileretarako ezarritako aprobetxamenduak ez dira bizitegietakoen baliokideak eta horrek birpartzelazioa aldaraziko luke".
Seigarrena.–Aldatutako 68. eta 69. artikuluei dagokienez –hurrenez hurren "A eremuaren fitxa (I. zona)" eta "B eremuaren fitxa (I. zona)"–, fitxa horietan altueraren aldaketa sartzen bada, zona osorako aldatuko dira altuerak, eta ez askotariko erabilerarako bakarrik.
Zazpigarrena.–6. etxe-sailaren fitxa aldatua soilik sartu da. Aurreko artikuluak aldatzean erabilera anitzeko ekipamenduari dagozkion aldaketak egin direnez, ordea, 4.1, 6., 7. eta 10. etxe-sailetan aplikatu beharreko araudia ere aldatu egin da, baina ez dira sartu etxe-sail horien fitxak.
ERANTZUNA:
Lehenengoa.–Iruñerriko hiri aglomerazioko immisio akustikoa zarataren mapa estrategikoetan (ZME) zehaztutakoa da. Onetsitako azken maparen arabera (566E/2020 Ebazpena, ekainaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana), UGPSaren esparrua lehendik urbanizatutako eremua da (LUE). Esparru horren iparraldean dauden erabilera anitzeko ekipamendurako lurzatiek hirugarren sektoreko sailkapen akustikoa dute (TER), eta hego-ekialderago dauden lurzatiek, industrialdeko gainerakoek bezala, industriako sailkapen akustikoa (IND).
Esan behar da lurralde sektore batek gutxienez 5.000 m²-ko azalera behar duela eremu akustiko bereizia izateko (296E/2019 Ebazpena, maiatzaren 27koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Iruñerriko hiri-aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoaren lurralde eremuak barnean hartzen dituen eremu akustikoetako mugaketa eguneratzen duena). Hala izan ezean, sektore horrek, zein eremu akustikotan dagoen, hango sailkapen akustikoa izanen du. Azken kasu horretan, araudi indardunak sektore horretarako ezartzen dituen kalitate akustikoko helburuak zorrotzagoak badira eremu akustiko zabalagoan eskatutakoak baino, sektorean nahitaez bete behar dira helburu zorrotzago horiek (araudi indarduna: urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonakatze akustikoari, kalitate helburuei eta zarata emisioei dagokienez; II. eranskineko A taula).
Lurraldeko sektoreen sailkapen akustikoa aldatzeko prozedurari dagokionez, maiatzaren 27ko 296E/2019 Ebazpenak berak hau dio azalpen zatian: "Iruñerriko hiri-aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoaren lurralde eremuaren barruan lurzoruaren erabilera aldatzen duten hiri planeamenduaren aldaketen kasuan, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidean zehar eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak igorritako ingurumen ondorioen adierazpenaren bidez berrikusiko da zonakatze akustikoa, eta beharrezkoak diren aldaketak onetsiko dira".
Aldaketa hau, ingurumen organoaren arabera, ez dago ingurumen ebaluazioaren menpe, eta planteatzen dituen jarduketak "ez daude sartuta ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan".
Hori horrela izanda ere, ingurumen organoak adierazitakoari jarraikiz, proposatutako erabilera-gehikuntza horretan ez da gehitu behar 1367/2007 Errege Dekretuko taulen aplikazioa aldaraziko lukeen erabilera berririk.
Ildo horretan, sustatzaileak idazki honetako 5. alegazioaren erantzunean adierazi duen bezala, "ahalbidetu nahi diren bizitegi erabilera komunitarioak UGPSaren eremuko gainerako jarduerei eta zehatzago erabilera anitzeko gainerako ekipamenduei zerbitzu osagarria emanen diotenak baino ez dira; beraz, ohar hori erantsiko da, haiek ekipamendu erabileraren barruan egokitzeari buruzko interpretazio-zalantzarik izan ez dadin".
Sustatzailearekin bat etorriz, erabilerak beste jarduera baten osagarriak direnean Zerbitzu honen irizpidea da haiek erabilera bereizitzat ez hartzea. Izan ere, jarduera batek bizileku komunitario baten beharra badu, zentzuzkoena da bizilekua eraikin berean kokatzea eta eraikinaren parte izatea. Hori ezinezkoa dela justifikatu eta beste konponbide batzuk planteatzen badira, ordea, jarduera egiten den lurzatia zatiezina izanen da, eta ez bertan beste enpresa edo jarduerarik kokatzen ahalko. Jabetza erregistroan idatzoharra egin behar da, lurzatia aipatutako ondorioetarako zatiezina dela agerrarazteko.
85/95 Foru Dekretuan ekipamenduetarako aurreikusitako erabilera guztiak sartzeari dagokionez, aurkeztu den aldaketak ez du justifikatzen haietako bat ere egokia denik esparru honetarako, eta baten batek zonakatze akustikoa aldatzea ere ekar dezake, esaterako osasun erabilerak, asistentzialak edo hirugarren sektorekoak. Beraz, ezin dira onartu.
Aurrekoa aintzat harturik aldatu da Araudiaren 66. artikulua, "Erabilera anitzeko ekipamendu pribatua"ri buruzkoa.
Horregatik guztiagatik, alegazioa ezesten da.
Bigarrena.–Eraikigarritasuna eta oinplanoko okupazioa lurzati bananduen artean nahierara banatzeko proposamena ez da justifikatzen dokumentuan. Hala ere, sustatzaileak alegazio txosten bat aurkeztu du eta hau dio: "Oinplanoko okupazioak eta eraikigarritasunak zehazteko, aukera eman den heinean, konponbide malguagoa –baina ez ausazkoa– aukeratu da, kontuan izanda hirugarren sektoreko tipologiak askotarikoak direla, eta, oro har, industrialdean nagusi diren industria tipologietatik oso bestelakoak. Askotariko tipologia horiei eta erabilera anitzeko etxe-sail bakoitzean tipologia horiek gauzatzeko dauden aukerei bizkor egokituko zaien esparru bat eratu nahi da, jakinekoa baita gainerako determinazio arauemaileek –atzeraemanguneak, gehieneko altuerak, itxiturak eta abar– dagoeneko ezartzen dituztela amaierako emaitza formal eta bolumetrikoa mugatzeko beharrezkoak eta nahikoak diren parametroak. Aprobetxamenduen banaketa ez proportzionalaren aukera hori etxe-sail bakar batera mugatuta dagoenez, ez da desoreka bolumetrikorik izanen, eta amaierako bolumen eraikia ez da ukituko".
Proposatu diren lerrokadurak eta altuerak ikusita, gerta liteke lurzati baten eraikigarritasun osoa beste lurzati batera aldatzea eta ondorioz lurzati eraikigarriren bat eraikinik gabe gelditzea, eta ez dirudi horrek hirigintzaren logikari jarraitzen dionik. Beraz, banandutako lurzatiek banandutako azaleraren araberako eraikigarritasun proportzionala izan behar dute.
Horrenbestez, alegazioa baiesten da.
Hirugarrena.–Lurzatietako itxiturak arautzen dituen 52. artikuluari buruz alegatutakoa dela-eta, sustatzaileak erantzun du 52. artikuluan gehitutako testua ez datorrela bat, lurzatietako itxituren koloreari dagokionez, memorian jasotakoarekin, eta, hortaz, espedientearen ebazpenerako aurkeztutako dokumentutik kendu duela "Lurzatietako itxiturak" izeneko 52. artikuluaren aldaketa.
Horrenbestez, alegazioa baiesten da.
Laugarrena.–Udalak alegatu du solairu kopurua B+2tik B+5era igotzea gehiegizkoa izan daitekeela, % 100etik gorako gehikuntza delako eta altuera 10 m-tik 24 m-ra pasatzen delako.
Sustatzaileak baieztatu du eragin bisualaren azterketa egin dela memoriaren 7.1 kapituluan eta paisaiari dagokionez inpaktua moderatua izanen dela. Azterketa horretan ondorioztatu da eragin nagusia ez dela nabarituko industria ingurunearekiko harremanean, baizik eta Orkoiengo hirigune tradizionalaren urrutiko ikuspegian.
Hori dela-eta, egia da ekipamenduen aurreko industria nabeen tipologiak bestelakoak direla bai okupazioan zein jardueren garapenean, eta horrek solairu kopurua handitzea justifika lezakeela. Hala ere, Udalak dioen bezala, gehiegizkoa da espedientean proposatutako gehikuntza.
Ildo horretatik, sustatzailearen justifikazioak eta alegazioa ikusita, tarteko altuera bat ezarri behar da aldaketan, 18 metrokoa, araudian ezarritako moduan neurtua.
Alegazioa baiesten da.
Bosgarrena.–Erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako lurzatietan bizitegi erabilera komunitarioa sartzeari buruzko alegazioa dela-eta, sustatzaileak honako hau erantzun du: "Hiri lurzoru urbanizagarriko erabileren kalifikazioari buruzko hirigintza-legeria berariazkorik ezean, hirigintzako bi aukerak dira zilegi, bai hirugarren sektorea eta erabilera anitzeko ekipamendua, bai bizitegia. Aldaketa honetan hautatu dena ez da ohiz kanpokoa. Beste plangintza batzuetan ere hautatu da, adibidez udalerri mugakidean, alegia, Iruñeko Udal Planean. Aurrekoa gorabehera, ahalbidetu nahi diren bizitegi erabilera komunitarioak UGPSaren eremuko gainerako jarduerei eta zehatzago erabilera anitzeko gainerako ekipamenduei zerbitzu osagarria emanen diotenak baino ez dira; beraz, ohar hori erantsiko da, haiek ekipamendu erabileraren barruan egokitzeari buruzko interpretazio-zalantzarik izan ez dadin".
Horren haritik, alegazio idazkiaren 1. puntuan adierazten zen bezala, erabilerak beste jarduera baten osagarriak direnean Zerbitzu honen irizpidea da erabilera bereizitzat ez hartzea. Alegazio honen 1. puntuaren erantzunean xedatutakoari jarraituko zaio.
Horregatik guztiagatik, alegazioa ezesten da.
Seigarrena.–Alegatutakoaren arabera, sustatzaileak, espedientearen ebazpenerako aurkeztu duen dokumentuan, erabilera bakoitzerako onartzen diren gehieneko altueren azalpen argia erantsi du 68. eta 69. artikuluetan.
Alegazioa baiesten da.
Zazpigarrena.–UGPSko erregulazioaren arabera 6., 7. eta 10. etxe-sailetako lurzatiak erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako dira. Aldiz, alegazioan aipatutako 4. etxe-sailaren edo 4.1 lurzatiaren erabilera erabat industriala da, Nafarroako Gobernuaren 2001eko uztailaren 2ko Erabakiaren bidez UGPSaren aldaketa bat onetsi zenetik.
Horrenbestez, sustatzaileak aintzat hartu du alegatutakoa –hau da, ez direla aldaketan sartu 4.1, 7. eta 10. etxe-sailen fitxa aldatuak, nahiz eta artikuluak aldatzeko aurkeztu den proposamenak haiek ere ukitzen dituen–, eta espedientearen ebazpenerako aurkeztutako dokumentuan 7. eta 10. etxe-sailen fitxa arauemaileak gehitu ditu.
Horiek horrela, alegazioa partez baiesten da.
Orkoiengo Udalak aurkeztutako alegazio idazkia.
EDUKIA:
Atarikoa.–Alderdi orokorrak.
Entitate interesdunaren iritziz, planteatutako aldaketek askotariko erabilera pribatua duten lurzati guztiei eragiten diete eta ez 6. lurzatiari bakarrik, nahiz eta hori izan halako erabilera duen lurzatirik handiena.
Ez du egokitzat jotzen industrialdearen okupazioaren amaierako une honetan aldaketa egitea. Gainera, indarra duen araudia behar bezain zabala iruditzen zaio ezarri nahi diren hirugarren sektoreko erabileren ezarpena antolatzeko.
Haren ustez, "lurzati gehienetan, jada eraikita daudelarik, aldatzen ari dira erabilerak, altuerak eta eraikigarritasunaren zenbaketa, eta hori hirigintzako dispentsa izan liteke (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Lege indardunaren 80. artikuluan jasotakoa)".
Indarra duen UGPSko araudian aurreikusten ez den orotan ordezko gisa Orkoiengo Udal Planeko irizpideak aplikatu behar liratekeela ohartarazten du.
Uste du ez duela zentzurik plan sektorial honen azken errematean gehitu diren arauak bat ez etortzeak udal planeamenduko kontzeptu orokorrekin (erabileren bateragarritasunak, aprobetxamenduaren zenbaketa, gehieneko altuerak eta abar), azken batean planeamendu horretan txertatu behar baitira.
Bestalde, haren iritziz, aldaketa honek gehieneko aprobetxamendua eta onartutako eraikigarritasuna neurtzeko irizpideak aldarazten ditu eta nabarmen handitzen die aprobetxamendua oraindik eraikita ez dauden lurzatiei (aldaketa honen sustatzailearen lurzatiak dira), jada eraiki duten jabeei bereizkeria eginez.
Azkenik, interesdunak uste du irizpide ezberdinen aplikazioak benetako eraikigarritasuna handitzea dakarrela, eta hori, erabilera berriak gehitzearekin batera, zuzkidura-jarduketatzat planteatu behar litzatekeela, eta araudi indardunean aurreikusitako lagapenak egin Udalari, bai aprobetxamendua handitzeagatik, bai zuzkidura berrien ekarpenagatik.
Lehenengoa eta bigarrena.–21. artikulua ("Partzelazioa"), 52.a ("Lurzatietako itxiturak") eta 53.a ("Fatxadak").
Alegazioan aurka egiten zaie 21. artikuluan planteatutako azken bi gehikuntzei (5. eta 6. puntuak). Zehazki, entitate interesdunak ezegokitzat jotzen du lurzatien arteko barne-banaketen aukera, edo behintzat uste du banandutako lurzatien azaleren proportzioan egin behar litzatekeela banaketa. Aparkalekuei dagokienez, uste du proposatutako araudia ez datorrela bat gainerako artikuluekin, zenbait erabilerak aparkaleku-estandar ezberdinak dituztelako, eta lurzati bakoitzeko jarduerak berak zehaztu behar lukeela aparkatzeko zenbat toki behar dituen, eta toki horiek lurzatiaren barruan egon behar luketela.
Era berean entitate interesdunak ez du egokitzat jotzen 52. eta 53. artikuluetarako (hurrenez hurren "Lurzatietako itxiturak" eta "Fatxadak") proposatu den aldaketa. Orain arte bezala arau horiek industrialdeko lurzati guztietan errespetatu behar direla uste du, lurzatiak ixteko elementu horien eta eraikuntzen konposiziorako elementu horien uniformetasuna bermatzeko. Hori dela-eta, ohartarazten dute 6. etxe-saila exentua dela, baina erabilera anitzeko beste lurzati batzuk ez direla exentuak eta industria lurzatiekin mugakide direla.
Hirugarrena.–54. artikulua ("Lurzatien barruko espazio libreak").
54. artikuluaren testu berriari buruz alegatzen da industria lurzatietan baino ez dela aplikatuko eta erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako lurzatietan aplikatzekoa izateari utziko diola, eta, beraz, ikusteko dagoela nola arautuko diren kontu horiek erabilera anitzeko lurzatietan. Horregatik, interesdunak berriz ohartarazten du industrialdean lurzati gutxi daudela hutsik, eta erabilera anitzeko lurzati horiek jada eraikita daudenen araudi beraren pean jarraitu behar dutela.
Laugarrena.–55. artikulua ("Altuerak, hegalak eta eraikigarritasuna").
Interesdunaren iritziz, ez dago eraikigarritasuna neurtzeko beste modu bat gehitu beharrik, eta "zenbait eraikuntza-elementu (igogailuak, instalazioetako eroanbideak...), ohi ez bezala, azaleren zenbaketatik kanpo utzi izanak, orain arte onartzen zen gehieneko eraikigarritasuna handitzea dakar". Haren ustez, "industrialde ia osoa eraikita dagoelarik, eraikitakoa neurtzeko irizpide berriak ezarriz eraikigarritasun handiagoa esleitzen ari zaie oraindik eraiki gabe dauden lurzatiei (aldaketa honen sustatzailearen jabetzakoak dira), jada eraikita daudenen aldean". Horrek industrialdeko lurzatien arteko ekitatezko banaketaren oreka aldarazten du.
Halaber, interesdunak ez du beharrezkotzat jotzen sotoaren edo erdisotoaren definizio berria proposatzea. "Indarra duen UGPSak dagoeneko adierazten du nola neurtu behar den eraikuntzaren altuera", argudiatzen du, eta "barnean nolabaiteko malda duten lurzatietan" industrialdeko ohitura izan dela "zelaitzea, ezponda bat sortuz, eta plataforma ia horizontalaren gainean eraikitzea". Ia inoiz ez da sotorik sortu, produkzio beharren batengatik ez bada". Halaber, gogorarazten du Orkoiengo Udal Planean gai horiei buruz jasotako oinarrizko irizpideak aplikatu behar direla ordezko gisa.
Era berean, luze aritzen da erabilera anitzeko lurzatietako gehieneko altuera % 240 handitzeko proposamenaren aurka, hau da, B+2tik edo 10 m-tik B+5era edo 24 m-ra igotzearen aurka. Interesdunak uste du ez dela zilegi eta guztiz ezegokia dela igoera hori, gaur egun Orkoiengo udalerrian ia eraikin bat bera ere ez delako iristen gehieneko altuera horretara (ekoizpenaren beharrak kontuan hartuta salbuespenez onartu den industria elementuren bat izan ezik). Are gehiago, aldaketaren xede den eremuak mugakide du lurzoru urbanizaezineko eremu bat, LAP 3 lurralde antolamenduko tresnak (PN7 eranskina) gorde beharreko lurzoru gisa identifikatu duena, paisaia aldetik duen balioagatik, metropolialdeko parkeen eta paisaia erreserben azpi-azpikategoriaren barnean (LUEGrdP: MP/PE).
Paisaia erreserba den lurzoru urbanizaezineko eremu hori goi lautada txiki batean dago, eta inguruko eraikuntzak beti mantendu dira goi lautadaren sestra (460 metro inguru) baino beherago. Gehieneko altuerak aldatzeko proposamena gauzatzen bada, eraikin berriek alde handiaz gaindituko dute goi lautada horren altuera.
Beraz, ez da egokitzat jotzen gehieneko altuerak handitzeko proposamena, beste inongo eraikinek gainditzen ez dituen kotetara iritsiko litzatekeelako eta, interesdunaren ustez, nabarmen urratuko liratekeelako indarra duen LAP 3 lurralde planean paisaiaren kontserbaziorako jasotako irizpideak.
Bosgarrena.–66. artikulua "Erabilera anitzeko ekipamendu pribatua".
Gehieneko altuerei dagokienez, alegatzaileak aurrean esandakoari eusten dio. Proposatu diren erabilera berriei dagokienez, "bizitegi erabilera komunitarioa", izatez, zaharren edo ikasleen egoitzak direla uste du, eta ez dela horrelakorik kokatu behar herritik aparte dagoen industrialde batean, bizitegi eremuetan baizik, erabiltzaileek eskura izan ditzaten hiriguneko zerbitzu eta ekipamenduak, eta bizitegi erabilera iraunkorretarako bazterreko kokalekuak saihestu behar direla.
Seigarrena.–67. artikulua ("Aparkalekuak").
Entitate interesdunaren iritziz, egungo araudiari eutsi behar zaio eta elementu horien uniformetasuna bermatu behar da. Artikuluaren testu berritik ondorioztatzen du erabilera anitzeko lurzatietan gertatuko dela aldaketa aipagarri bakarra, horietan askatasun osoa emanen baita aparkatzeko toki pribatuak kokatzeko. Horregatik, ez du egokitzat jotzen orain arte lurzati guztietan errespetatu den araua aldatzea. Hori dela-eta, ohartarazten du 6. etxe-saila exentua dela, baina erabilera anitzeko beste lurzati batzuk ez direla exentuak eta industria lurzatiekin mugakide direla.
ERANTZUNA:
Atarikoa.–Alderdi orokorrak.
Egia da, entitate interesdunak alegatu duen bezala, aldaketak "erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako" lurzati guztiei eragiten diela. Alegazio horren erantzuna Oltza Zendeako Udalak aurkeztutako alegazio idazkiaren bigarren puntuari emandakoa bera da.
Industrialdearen okupazioaren amaierako une honetan aldaketa egokia ez izateari dagokionez, gogoratu beharra daukagu gure ordenamendu juridikoak eta jurisprudentziak lurralde- zein hirigintza-plangintzak aldatzeko (ius variandi) eskubide administratiboa aintzatesten duela. Plangintza horiek arau juridikoak dira, eta, arau guztiak bezala, ordenamendu juridikoa irauteko asmoarekin jasotzen duten arren, errealitatearen arabera moldatu daitezke eta moldatu behar dira, unean uneko premia eta egoeren arabera, alegia. Izan ere, horrela egiten ez bada, gerta daiteke antolamendu eta plangintza horiek, denborarekin, egoera aldatu delako edo iritzi berriak sortu direlako, interes publikoarentzat, eraikinen jabeentzat edo eragindako jarduerentzat kaltegarri bihurtzea. Halaber, "lurzatien jabeen baimena" eduki beharraren baldintza kendu behar da, ez delako hirigintza izaerakoa.
Horiek horrela, plangintzen gaineko eskubide administratiboak barne hartzen du plangintza hori aldatu ahal izatea, interes publikoaren aldaketetara egokitzeko.
Beste hitz batzuetan esanda, plangintzak aldatzea edonoiz proposa daiteke, antolamenduko zein hirigintza-garapeni eragiten dien kontuan hartu gabe. Hori, baldin eta proposamenak behar bezala arrazoituta eta justifikatuta badaude, interes orokorraren arabera, eta, betiere, bat badatoz indarrean dagoen legeriarekin eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduko jardueren xede eta printzipioekin.
Hirigintzako dispentsan erortzeari dagokionez, alegazioaren ildo beretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak justifikazioa eskatzeko errekerimendua egin zuen. Errekerimendua ikusita, sustatzaileak "malgutzeetako" batzuk birplanteatu zituen, haiek UGPSko lurzati guztietara hedatzeko, eta justifikatu zuen –zehazki memoriaren "Aurrekariak" izenburuko 1. kapituluaren "3. errekerimendua" apartatuan justifikatu, zeinari heltzen baitiogu– proposamena ez dela dispentsazio erreserba bat, baizik eta "kasu jakin baterako arau salbuespen bat, interes orokorraren aldeko zerbitzuarekin koherentea".
Orkoiengo Udal Planeko irizpide arauemaileak ordezko gisa aplikatu beharrari dagokionez, adierazi behar da UGPSak, azkendu direla deklaratzen den arte, udal plangintzaren gainetik daudela (eragindako toki erakundeen plangintza lotesten dute, LAHFLren 42.3 artikulua) eta gaur egun Aratzuri-Orkoiengo UGPSa indarrean dagoela. Hala ere, UGPSak arautzen ez duen orotan, udal plan indardun horrek ezarritakoa beteko da, kontraesanik antzematen ez bada, betiere.
Aurrekoa galarazi gabe, plan sektoriala udalez gaindikoa dela azpimarratu behar da, hau da, udal mugarte bati baino gehiagori eragiten diela, eta udal bakoitzak badu bere hirigintza araudia. Beraz, baliteke gai berari buruz arau ezberdinak izatea antolamendu eremu berean. Azpimarratu behar da, era berean, nahiz eta udal planeamendua izan eta ustez haren determinazioek hirigintzako alderdi guztiak arautu, horrek ez duela esan nahi UGPS baten bidez arautu behar ez direnik. UGPSaren determinazioek hirigintzako jarduketa jakin bat arautzen dute eta horren ezaugarri edo premia zehatzetan dute justifikazioa.
Beste alde batetik, interesdunak aprobetxamenduaren ustezko gehikuntza alegatu du, baina ez du adierazi gehieneko aprobetxamendua eta onartutako eraikigarritasuna neurtzeko zein irizpide aldatu diren beraren ustez. Agian 55. artikuluan ("Altuerak, hegalak eta eraikigarritasuna") erantsi nahi den "Eraikigarritasuna" apartatuari buruz ari da. Hala bada, adierazi behar da helburua dela UGPSaren eremu osoan arautzea zein instalazio edo eraikuntza ez diren kontuan hartuko eraikigarritasunaren zenbaketan. Proposamenak planteatzen du zenbaketatik kanpo uztea paramenturen bat falta duten eta/edo estalkirik ez duten eraikuntzak, estalkiaren gainean kokatzen diren instalazio orokorrak, sotoak eta erdisotoak. Salbuespen horiek inola ere ezin dute bide eman eraikigarritasuna handitzeko, aitzitik, biderik ez emateko edo horretara eraman dezaketen interpretazioak galarazteko balio dute.
Horregatik, salbuespen horiek zilegi izan daitezen, salbuetsitako azaleren erabilera ezin da lotuta egon hirigintzako aprobetxamenduaren zenbaketan lurzatiei esleitutako eraikigarritasunarekin; alegia, eremu honetan, azalera horiek ezin dira erabili industriarako edo erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako. Ildo beretik, soto eta erdisotoak direla-eta proposamena osatu egin behar da honako hau erantsiz: soto eta erdisotoen azalerak salbuesten ahalko dira baldin eta eraikinaren zerbitzurako aparkaleku, instalazio, biltegi edo antzekoetarako erabiltzen badira.
Azkenik, aldaketa zuzkidura-jarduketatzat jotzen duen alegazioari dagokionez, adierazi beharra dago, aurrean erantzun den bezala, aldaketa honek ez duela eraikigarritasuna handitzen, eta ez duela erabilera berririk ezartzen, aitzitik, askotariko ekipamendu pribatutzat jotzen diren edo erabilera horrekin identifikatu diren lurzatietan planteatzen ahal diren erabilerak zabaldu baino ez du egiten.
Alegatutako gainerakoak iritzi azalpenak dira eta ez zaie erantsi inolako argudiorik; beraz, ezin zaie erantzun.
Horiek horrela, alegazioa partez baiestea proposatzen da.
Lehenengoa eta bigarrena.–21. artikulua ("Partzelazioa"), 52.a ("Lurzatietako itxiturak") eta 53.a ("Fatxadak").
Banandutako lurzatien artean eraikigarritasuna nahierara banatzeko proposamenari buruz alegatutakoaren erantzuna Oltza Zendeako Udalak aurkeztutako alegazio idazkiaren bigarren puntuarena bera da.
Interesdunaren iritziz, lurzati bakoitzeko jarduerak erabaki behar du aparkatzeko zenbat toki behar dituen. Hori dela-eta argitu behar da ezen, UGPSak I. zonarako ezartzen dituen artikuluetan (67. eta 66. artikuluak), bi aparkaleku modulu baino ez direla ezartzen lurzati pribatuetarako: oro har, aparkatzeko toki bat eraikitako 200 m²-ko; eta ostatu ekipamenduak dituzten eraikinetarako, aparkatzeko toki bat eraikitako 200 m²-ko (65., 66. eta 67. artikuluak).
Aparkatzeko tokiak etxe-sail bereko beste lurzati batzuetan izateko aukerari dagokionez, sustatzaileak erantzun du ez direla bidezkoak alegazioan azaldu diren zalantzak, jarduera-lizentziak emateari eta aparkatzeko tokiak ezartzeko epeei buruzkoak, zeren eta, jakina, jarduera hasi aurretik exijituko baita behar diren aparkatzeko tokien zuzkidura, hau da, ez da jarduera-lizentziarik ematen ahalko ez bada aurretik frogatzen hirigintzako araudia betetzen dela aparkatzeko tokiei dagokienez.
"Lurzatietako itxiturak" izenburuko 52. artikuluari buruz alegatutakoaren erantzuna Oltza Zendeako Udalak aurkeztutako alegazio idazkiaren hirugarren puntuari emandakoa bera da, eta erantzun horretan proposatzen da 52. artikuluaren aldaketa kentzea.
53. artikuluari buruz alegatutakoa dela-eta, aldaketaren memoriaren 7.1 kapituluko "Fatxadak" atalean, sustatzaileak jaso du interpretatzen ahal dela UGPSaren jatorrizko araudiak bereizten zuela, besteak beste, erabilera anitzeko eta industriako lurzatietako fatxaden tratamendua, eta interpretatzen du artikulu hori industria erabilerari bakarrik aplikatu behar zaiola, berariaz adierazten ez den arren. Argudiatzen du ezen fatxadetako materialaren akaberaren kolorea (RAL 7044) kolore edo pintura kode bat dela eta harekin ezin dela kodetu hormigoi, hormigoi-bloke, mortero, harri eta zeramiken kolorea, eta, gainera, hau ezartzen duela 66. artikuluak ("Erabilera anitzeko ekipamendu pribatua"): "Ekipamenduak dituzten eraikinek nahi den konposizioa izan dezakete, industria eraikinez bestelako fatxada-tratamendu eta bolumenekin".
Horregatik, sustatzaileak ondorioztatzen du zilegi dela araudi bereizia izatea erabilera anitzeko lurzatietan, industria lurzatiek baino konponbide landuagoa eskaintzen baitute formaren eta materialen aldetik, eraikin mota dela-eta.
Ildo beretik, sustatzaileak gris, okre edo buztin koloreak gehitu dizkio kolore sortari, egokitzat jotzen baititu hiri-ezarpen edo industrialde berria paisaiaren eta irudiaren aldetik lurraldean txertatzeko, koloreei dagokienez.
Horiek horrela, alegazioa partez baiesten da.
Hirugarrena.–54. artikulua ("Lurzatien barruko espazio libreak").
Sustatzaileak uste du interesdunak ondorio okerra atera duela 54. artikuluaren ("Lurzatien barruko espazio libreak") testu berriaren aplikazioari buruz. Sustatzailearen arabera, manuak argi adierazten du zein diren industria lurzatiei bakarrik aplikatu beharreko determinazioak, eta gainerakoak, noski, lurzati guztiei aplikatu behar zaizkie, erabilera edozein dela ere.
Sustatzailearekin ados gaude esatean artikuluaren testu berriak ekipamendu erabilerako lurzatiak soilik salbuesten dituela baldintza hori bete beharretik; artikuluaren gainerakoa lurzati guztiei aplikatu behar zaie.
Horregatik, alegazioa ezesten da.
Laugarrena.–55. artikulua ("Altuerak, hegalak eta eraikigarritasuna").
Eraikigarritasuna neurtzeko modu berria ezin da baztertu "ezohikoa" delako edo industrialdea gutxiago edo gehiago eraikita dagoelako, baizik eta justifikaziorik ez duelako edo legea betetzen ez duelako, hala izanez gero.
Bestalde, sotoaren edo erdisotoaren definizioa (osorik edo zati batean lurpean dauden solairuak) ez da nahasi behar eraikuntzaren altuera neurtzeko moduarekin (eraikin baten goiko kota kalkulatzeko irizpideak). Aurrekoa deusetan ukatu gabe, gaur egun UGPSan ez dago sotoaren edo erdisotoaren definiziorik. Orain proposatu diren definizioen bidez hutsune hori bete nahi da eta eraikigarritasuna neurtzeko garaian gatazkak saihestu nahi dira, proposatu den araudian halakotzat jotzen diren solairuak ez baitira ondorio horietarako kontuan hartzen.
Aldaketak proposatzen du hiru baldintza bete daitezela solairu bat sototzat edo erdisototzat jotzeko: "forjatuaren perimetroaren % 50 baino gehiago lurraren jatorrizko kotatik 1,50 metrora baino beherago dago (forjatua bukatuta dagoela)", "forjatuaren perimetroan itxitura hormak eraikitzen badira, 1 m-tik gorako altuera duten euste-hormak izan behar dute perimetroaren % 50ean baino gehiagotan", eta "erdisototzat zenbatuko da, aztertutako solairuan, sabaia jatorrizko lurretik 2,5 metrora (sabaiko forjatuaren goiko kotaraino neurtuta) baino gorago ez daukan zatia, proiektua jatorrizko lurraren gainean jarritako edozein profiletan".
Testu horrekin, gerta liteke, nahiz eta lurzati eraikigarri baten alboko edo aurreko espazio publiko urbanizatua laua edo horizontala izan, haren "jatorrizko profilean" gorabeherak egotea, adibidez muino txikiren bat. Hala denean, lurzatia zelaitu ondoren eta lehen esandako baldintzak betez gero, perimetro osoan lurretik gora 2,5 metro baino gutxiago irteten den beheko solairu bat erdisotoa litzateke.
Halako kasuak saihesteko, solairu bat sototzat edo erdisototzat jotzeko baldintzak aldatu egin behar dira eta urbanizatutako espazio publikoaren kotak hartu behar dira kontuan, edo bestela, espazio publikora begira ez dauden lurzatietako mugen kasuan, lurzatia barrutik urbanizatu eta gero lurrak duen kota.
Proposatutako altuerei dagokienez, Oltza Zendeako Udalaren alegazioaren 4. puntuari emandako erantzunari eusten diogu.
Gainerako alegazioei dagokienez, alegazio idazki honetako alderdi orokorrei buruz emandako erantzunari eusten diogu.
Horiek horrela, alegazioa partez baiesten da.
Bosgarrena.–66. artikulua ("Erabilera anitzeko ekipamendu pribatua").
Alegatzaileak zaharren edo ikasleen egoitzekin parekatzen du "bizitegi erabilera komunitarioa". Hori dela-eta, Oltza Zendeako Udalaren alegazioaren 1. eta 5. puntuei emandako erantzunari eusten diogu.
Seigarrena.–67. artikulua ("Aparkalekuak").
Sustatzaileak, erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako lurzatietan soilik, kendu egin du aparkatzeko tokiak ezartzeko betebeharra eraikuntzaren aurrealdeko atzeraemangunean eta alboko pasabidean, "erabilera anitzeko lurzatien barne antolamendua malgutzeko, edo lurzati horien egungo nahiz etorkizuneko banantzea malgutzeko, ohiko industria instalazio batean baino konplexuagoa izan baitaiteke".
Sustatzailearekin bat etorriz, uste dugu erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako lurzatietan beharrezkoa izan daitekeela aparkatzeko tokiak kokatzeko malgutasun handiagoa, eta horrek ez duela multzoaren uniformetasun galerarik ekarriko.
Horrenbestez, alegazioa ezesten da.
Txosten sektorialei dagokienez, Ingurumen Eraginaren Atalaren 2021eko maiatzaren 10eko txostena jaso da espedientean. Adierazten du jarduketa ez dagoela sartuta ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio esparruan. Halaber, aldeko txostena eman dute Iruñerriko Mankomunitateak, 2021eko irailaren 22an, eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak, 2021eko azaroaren 11n.
Azkenik, Babes Zibilerako Zerbitzuak, 2021eko azaroaren 23an emandako txostenean, araudiaren artikuluei baldintza sorta gehitzea gomendatu du. Baldintza sorta hori jasoko da, ezarri den bezala.
Hasierako ebazpenean egindako ohartarazpenei dagokienez, egiaztatu da horiek kontuan hartu direla aurkeztu den dokumentuan.
Gainera, kendu egin behar da O-1 planoa, 6. etxe-saileko lerrokadurak eta eraikuntza altuerak azaltzen dituena, informazio hori bikoiztuta dagoelako. Izan ere, etxe-sail horren fitxa xehatuan ere badago. Bestalde, detektatu da eraikuntzaren altuera bi artikulutan modu ezberdinetan araututa dagoela. Altuerei buruzko berariazko artikulu bat badagoenez, egokiagoa da artikulu horretan arautzea ekipamenduaren altuera.
Alegazioen erantzunaren, txosten ofizialen eta atzemandako akatsen ondoriozko aldaketak ofizioz sartu dira araudian.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko ekainaren 22ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak) ezarritakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honetan azaldutako moduan ebaztea.
2. Behin betiko onestea Aratzuri-Orkoien Industrialdeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren espedientea, erabilera anitzeko ekipamendu pribaturako etxe-sailen determinazio xehatuei buruzkoa, ebazpen honetan azaldutako baldintzekin. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.
3. Jarraituko zaio espedientean eskatu diren txosten sektorialetan xedatutakoari, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
4. Ebazpen hau eta espedienteko araudia, eranskinean bildu dena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritar guztiak jakinaren gainean egon daitezen.
5. Onetsitako dokumentua eskuragarri egonen da Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean.
6. Ebazpen hau helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Orkoiengo Udalari, Oltza Zendeako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari.
7. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela eta beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.
Nolanahi ere, administrazio publikoek aurrez errekerimendua egin dezakete Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko ekainaren 22an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.
Onetsitako araudia (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F2309857
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
