Iragarkia
151. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
185E/2023 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, I+G proiektuak egiteko laguntzen deialdia, 2023koa, onesten duena. DDBN identifikazioa: 704615.
Laguntza deialdi honen asmoa da Nafarroan I+G proiektuen garapena sustatzea, Nafarroako enpresen eta I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragileen partaidetzarekin. Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan definituta daude eragile horiek.
Laguntza hauek Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboko EGEF funtsen barruan daude, zehazki honetan: 1.A lehentasuna, "Europa adimentsuagoa" 1 HP, "Ikerketa eta berrikuntza gaitasunak garatu eta hobetzea, eta teknologia aurreratuak bereganatzea" 1.1. HE.
12.000.000 euroko zenbatekoa duten urte anitzeko gastu konpromisoak Nafarroako Gobernuak baimendu ditu 2022ko azaroaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez (10.500.000 euro) eta 2023ko apirilaren 19ko Erabakiaren bidez (1.500.000 euro).
Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. I+G proiektuetarako laguntzen 2023ko deialdia onestea.
2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondoko aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira, Nafarroako 2023ko, 2024ko eta 2025eko Aurrekontu Orokorretan kreditu aski baldin badago:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
820005-82600-7701-467309 [PEP: E-21-000412-01 ]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa | 2023 | 600.000 euro |
820005-82600-7701-467309 [PEP: E-21-000412-01 ]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa | 2024 | 7.200.000 euro |
820005-82600-7701-467309 [PEP: E-21-000412-01 ]: I+G proiektuetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa | 2025 | 4.200.000 euro |
4. Orobat, 2.000.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.
Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2023ko ekainaren 28an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen helburua da enpresek industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak (I+G) egin ditzaten sustatzea, haien lehiakortasuna eta Nafarroakoa handituko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatzeko asmoz.
Era berean, ezagutzaren transferentzia bultzatu nahi da, Nafarroako enpresek eta I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragileek I+G proiektuak batera gauzatuz. Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan definituta daude eragile horiek.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Honako hauek dira laguntza hauek jaso ditzaketenak:
a) Enpresak.
Haien neurria zehazteko, kontuan hartuko da 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean, enpresa txiki eta ertainaren definizioan, ezarritakoa. Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokor horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
b) SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistemako) exekuzio eragileak, halakotzat egiaztaturik daudenak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako erregistroan (hemendik aurrera, SINAIko eragileak).
2. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:
a) Nafarroan lantokia izatea eta lantoki horretan garatzea diruz lagundutako proiektua.
b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, eskatzaileak baimena ematen dio departamentu honi egoera hori egiaztatzen duten datuak kontsultatzeko, hala dagokionean. Eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.
e) Enpresa bada, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egon beharko du, hala badagokio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak Nafarroako Industria Erregistroa sortzeko apirilaren 30ean emandako 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
f) SINAIko eragilea bada eta jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten baditu, bi jarduera mota horiek eta bakoitzaren kostuak eta finantzaketa argi bereizten dituen kontabilitatea izan beharko du.
3. Eskatutako baldintzak laguntza osorik ordaindu arte bete beharko dira, eta eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da hala dela.
4. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradunak izaten ahalko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak. Lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu.
Honela frogatuko da ordainketa epeak bete izana:
–Kontabilitate-araudiaren arabera, galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten enpresak: oinarri honen 3. atalean aipatutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
–Kontabilitate arauekin bat, kontu hori aurkeztu ezin duten enpresen kasuan, ziurtagiri baten bitartez, zeina Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko baitu, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.
Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskabidearekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
5. Ezin dira onuradun izan:
a) Bete gabe dagoen berreskuratze agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren; ez eta, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 18. atalean definitzen den gisan, krisian dagoen enpresa gisa sailkaturik daudenak ere.
b) Krisian dauden enpresak, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 18. ataleko definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
3. oinarria.–Proiektu modalitateak.
"Industria ikerketako" eta "garapen esperimentaleko" proiektuak izanen dira laguntza hauen xede, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. ataletako definizioaren arabera.
Hauek dira diruz lagun daitezkeen proiektuen modalitateak:
1. Banakako proiektua: bakarka egiten duena enpresa batek edo I+G+b unitate enpresarial batek (SINAIko agente betearazlea, Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7.1.d) artikuluan definitutakoa). Azken kasu horretan, laguntzaren intentsitatea 7.1.b) oinarrian ezarritakoa izanen da.
Banakako proiektutzat hartuko dira, halaber, I+G+b unitate enpresarial batek unitate horren titularrak diren eta %25etik gorako partaidetza-ehunekoa duten enpresekin garatutakoak.
2. Enpresen arteko lankidetza proiektua, baldintza hauek betetzen dituena:
a) Proiektuak gutxienez bi enpresa independenteren arteko "lankidetza eraginkorra" behar du, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 90. definizioaren arabera.
b) Horietako bat, gutxienez, ETE bat izan beharko da.
c) Horietako bakar batek ere ez du bere gain hartzen proiektuko gastu diruz lagungarrien %70 baino gehiago.
Baldintza horiek betetzen ez dituzten proiektuak banakako proiektutzat joko dira, 7. oinarriko laguntzaren intentsitatea zehazteko. Berdin gertatuko da laguntza eskatzen duen enpresa Nafarroatik kanpoko enpresekin lankidetzan aritzen bada.
3. Ezagutza transferitzeko proiektua, enpresa baten edo batzuen eta SINAIko eragile baten edo batzuen artean egindakoa, honako baldintza hauek betetzen dituena:
a) Proiektuak gutxienez bi alderdi independenteren arteko "lankidetza eraginkorra" ekarri behar du, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 90. definizioaren arabera.
b) SINAIko eragileek proiektuko gastu diruz lagungarrien %10 hartuko dute beren gain gutxienez, eta %40 gehienez.
c) Parte hartzen duten enpresetako batek beteko ditu proiektuaren koordinazioa eta lidergoa.
d) Jarduera ez ekonomikoak izatea SINAIko eragileek egiten dituzten jarduerak, ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 atalean ezarritako moduan.
4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direnak, laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz.
2. Onuradunaren izaeraren arabera, honako gastu hauek lagunduko dira diruz:
2.1. 2.2 atalean sartuta ez dauden enpresen eta SINAIko eragileen kasuan:
a) Langileen gastuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta laguntzaileenak) proiektuan zuzenean aritzen diren aldian.
Gastu horiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.
–Kudeaketa administratibo eta finantzarioan aritzen diren langile berekiak identifikatuko dira eta haien ordu dedikazioa zehaztuko da. Kudeaketa administratibo eta finantzariorako diruz lagundu beharreko guztizko gastua ez da izanen onuradun bakoitzak gauzatutako eta onartutako gastuaren %4 baino handiagoa (zeharkako kostuak alde batera utzita).
–Proiektua gauzatuko duten langileak kontratatzeko garaian, onuradunak kontuan hartu beharko du zenbat emakume eta zenbat gizon dauden lantaldean, eta saiatuko da bi sexuen ordezkaritza parekidea edo orekatua ezartzen (%40 eta %60 bitartekoa).
–Ezagutza transferitzeko proiektuen kasuan, ez dira diruz lagunduko proiektua hasi aurreko sei hilabeteetan SINAIko eragilean lanean aritu diren langileen gastuak (salbu eta soilik irakaskuntzarako kontratatutako pertsonak badira). Nolanahi ere, proiektuari eskainitako ordu-dedikazioa aurrekontuan agertu beharko da.
–Banakako enpresaburuen kasuan, eta aukera-kostua kontuan hartzeko (I+G proiektuan emandako denboran autonomoak ez duela fakturatzen), soldata-gastu hauek ezartzen dira:
KUALIFIKAZIOA | EUROAK ORDUKO |
Doktoregoa | 40 |
Masterra | 35 |
Unibertsitateko titulua/Gradua | 30 |
Lanbide Heziketa edo Batxilergoa | 25 |
Kualifikaziorik gabea | 20 |
b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek proiektutik kanpoko beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko erosten badira, banaketarako erabilitako irizpidea justifikatu beharko da.
c) Ekipoak amortizatzeko gastuak, asmakuntza-patenteenak, baliagarritasun-modeloenak eta sendagaiak eta produktu fitosanitarioak babesteko ziurtagiri osagarrienak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta denboran.
Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:
–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.
–Proiektua gauzatzeko behar den ekipamenduaren amortizazioa diruz lagunduko da, salbu eta erabilera orokorreko gailu informatikoena (PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak, etab.). Ekipamendu hori errentamendu finantzarioan, operatiboan edo gisakoan erabiltzen bada, ez da diruz lagunduko interesei dagokien kuota zatia.
–Ez dira diruz lagunduko beste edozein laguntza publiko jaso duten gastuak.
d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, proiektuan I+Gko lanak eta ezagutza teknikoaren gaineko ekarpenak egiten dituzten beste entitate batzuenak.
Kontzeptu honetan sartuko dira bai kontratazioak bai 12.1 oinarrian aipatzen diren azpikontratazioak. Kategoria honetakoak dira, halaber, SINAIko eragile ez diren ikerketako eta ezagutzen hedapeneko erakundeek egiten dituzten lanak.
Lankide diren erakunde publikoetako langileen gastuei, berriz, oinarri honetako 2.2 atalean ezarritakoa aplikatuko zaie.
e) Azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak, eskualdekoak, nazionalak nahiz Europakoak, erabiltzearen ondoriozko gastuak.
f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du dirulaguntzarik izanen enpresa handientzat.
g) Proiektuarekin zuzenean lotutako beste gastu batzuk, baldin banan-banan hari esleitzen ahal bazaizkio. Honako gastu hauek sartuko dira kategoria honetan, adierazten diren mugekin.
–Laguntza-eskaera prestatu eta aurkeztearekin lotutako aholkularitza-gastuak 1.500 euroko dirulaguntza izanen du gehienez, enpresen arteko lankidetza-proiektuen eta ezagutza transferitzeko proiektuen koordinatzailearen kasuan. Banakako proiektuen kasuan, soilik enpresak ez baditu inoiz eskatu laguntza hauek aurreko deialdietan (2016tik 2022ra).
–Proiektuaren kudeaketa administratibo eta finantzariorako gastua, hirugarren pertsonak kontratatuta eskatzaileak egiten duena. Kudeaketa administratibo eta finantzariorako diruz lagundu beharreko guztizko gastua ez da izanen onuradun bakoitzak gauzatutako eta onartutako gastuaren %4 baino handiagoa (zeharkako kostuak alde batera utzita).
–Zabalkunde gastuak, 17. oinarrian aipatzen den proiektuari buruzko bideoa barne. Gehienez 4.000 euro jasoko dira. Laguntza hori koordinatzaileak eskatuko du.
–14.2 oinarrian aipatzen diren auditoretzako txostenen gastua.
2.2. Ez dira diruz lagunduko erakunde publikoen langileen gastuak, Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik edo beste funts publiko batzuetatik finantzatzen direnak (baina proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira, zenbatekoari eta partaidetzari dagokienez kontuan har daitezen). Proiektua gauzatzeko langile berrien kontrataziorako soilik emanen da dirulaguntza.
2.3. SINAIko eragileek zeharkako kostu sinplifikatu gisa egozten ahalko dute zuzeneko langile gastu diruz lagungarrien %15, gehienez.
3. I+G proiektua gauzatzearekin lotutako prototipoak eskuratu, eraiki edo hobetzen badira, eta prototipo horiek ez badira merkaturatzen edo ez badira produkzio-jardueran erabiltzen, prototipo horiei eutsi beharko zaie, gutxienez bi urtez, dirulaguntzaren azken ordainketaren datatik aurrera.
4. Ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak "Hornitzailea hautatzeko justifikazioa" izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, hori justifikatu egin beharko da aipatutako inprimakian.
Gastua laguntzaren eskatzailearekin lotutako enpresa batekin egiten bada, 12.2 oinarrian (eta ez honetan) ezarritako moduan eginen da justifikazioa.
5. Lortutako azpiproduktuen, hondakinen eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik onuradunak lortutako diru-sarrerak proiektuaren gastu diruz lagungarrietatik kenduko dira.
6. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:
a) Langileen prestakuntzarako gastuak.
b) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.
c) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.
d) Merkatu-azterlanak, sustapen gastuak, azoketan parte hartzea.
e) Proiektua dela-eta prototipoak fabrikatzeko erabilitako materialen gastua, gero merkaturatzen badira edo entitatearen ekoizpen jardueran erabiltzen badira.
f) EE marka.
g) Zeharkako kostuak, 2.2.3 atalekoak kenduta.
5. oinarria.–Laguntzen eragin pizgarria.
Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza hauek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzen eskaera aurkeztu baino lehen abiatzen diren proiektuak ez dira diruz lagunduko.
Ondorio horietarako, aholkularitza-enpresak 4.2.1.g) oinarrian aipatzen den laguntza-eskaera aurkezteko egiten dituen lanak ez dira "lanen hasieratzat" hartuko, Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 2. definizioaren arabera. Era berean, aurretiazko bideragarritasun azterketak egiten ahalko dira, horiek ez direlako diruz lagungarriak.
6. oinarria.–Proiektuaren iraupena eta gauzatzeko epeak.
1. Proiektuek bi urte arteko iraupena izaten ahalko dute, hauen artekoa:
–Hasiera-data (laguntza-eskaeraren ondorengoa): eskaeran adierazitakoa izanen da.
–Bukaera-data: 2025eko uztailaren 31 izanen da, beranduenez.
Hala ere, 13. oinarriari jarraikiz, laguntza emateko ebazpenean proiektua bukatzeko ezarritako data luzatzeko eskatzen ahalko da, baina inoiz ez lau hilabete baino gehiago.
2. Proiektua gauzatzeko aldiak honako hauek izanen dira:
–Lehen aldia: hasiera-datatik 2023ko urriaren 31ra arte.
–Bigarren aldia: 2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra arte edo, lehenago bada, proiektua bukatu arte.
–Hirugarren aldia: 2024ko azaroaren 1etik bukaera-datara arte.
7. oinarria.–Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat jotako gastuei aplikatuko zaien laguntzaren intentsitatea zehazteko, entitate onuradun hauek hartuko dira kontuan:
a) Enpresak:
Laguntzaren intentsitatea, I+G proiektu motaren arabera eta enpresaren neurriaren arabera, hau izanen da:
KALIFIKAZIOA | PROIEKTUAREN MODALITATEA | ENPRESAREN NEURRIA | ||
Txikia | Ertaina | Handia | ||
Industria ikerketa | Banakakoa | %70 | %50 | %35 |
Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia | %80 | %65 | %50 | |
Garapen esperimentala | Banakakoa | %45 | %25 | %10 |
Enpresen arteko lankidetza edo ezagutzaren transferentzia | %60 | %40 | %25 | |
Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (GTIZ) proiektuaren finantzaketan parte hartu badu, ordea, hauek izanen dira intentsitateak enpresaren neurriaren arabera:
ENPRESAREN NEURRIA | |||
Txikia | Ertaina | Handia | |
GTIZk kofinantzatutako proiektua | %15 | %10 | %5 |
b) SINAIko eragileak:
Laguntzaren intentsitatea %100ekoa izanen da jarduera ez-ekonomikoak badira, betiere Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Esparruaren 2.1.1 atalean ezarritako moduan (2014/C 198/01).
I+G+b unitate enpresarial batek garatutako banakako proiektuen kasuan, laguntzaren intentsitatea a) letran ezarritakoa izanen da, %10 handituta enpresa ertaina bada, eta %15 enpresa handia bada. Ez bada enpresa bat jarduera ekonomikorik egiten ez duelako, laguntza enpresa handi batena adinakoa izanen da, %15 handituta.
2. Enpresei aplikatu beharreko laguntza-mugak.
a) Hauxe izanen da laguntzen gehieneko zenbatekoa proiektu bakoitzeko:
MODALITATEA | GEHIENEKO ZENBATEKOA PARTE | GEHIENEKO ZENBATEKOA PROIEKTU OSORAKO |
Banakakoa | 200.000 euro | 200.000 euro |
Enpresen arteko lankidetza | 200.000 euro | 500.000 euro |
Ezagutzaren transferentzia | 200.000 euro | 500.000 euro |
b) Enpresek modalitate bakoitzeko proiektu baterako bakarrik jasotzen ahalko dituzte laguntzak. Modalitate bereko hainbat proiektutarako laguntzak eskatuz gero, 10. oinarriaren arabera baloraziorik onena lortzen duena lagunduko da diruz. Eta soilik kreditu aski badago emanen zaie dirulaguntza bigarren proiektuei, lehentasun-hurrenkerari jarraituz.
3. Proiektua gauzatzen ari delarik enpresaren neurria handitzen bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da eta laguntzaren intentsitatea doituko da. Kasua bada, adieraziko da emandako laguntza-soberakina jasotzeko eskubidea galdu dela.
8. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2023ko abuztuaren 21ean bukatuko.
2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) eduki beharko da, zeina 19. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.
3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:
a) Eskabide telematikoa, 2.3 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.
b) Eskatzailearen eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia, gastuaren aurrekontua barne.
c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa (lankidetza-proiektuetan eta ezagutza transferitzeko proiektuetan, koordinatzaileak memoria bakarra aurkeztuko du).
d) Eskatzaileak garatzen dituen I+G+b proiektu guztietan langileek duten dedikazioa adierazten duen inprimakia, laguntzaren xedeko proiekturako dedikazioa barne.
e) ETEen kasuan: itxitako, sinatutako eta Merkataritza Erregistroan edo Kooperatiben Erregistroan gordailututako urteko kontuak eta, horiekin batera, itxitako azken hiru ekitaldiei buruzko memoriak eta Erregistroak egindako txostenak (digitalki autentifikatuta edo zigilatuta, eta ikuskatuta, nahitaezkoa denean), bai eskatzailearenak, bai haren enpresa elkartu eta lotutakoenak.
Enpresaren neurria zehazte aldera, eskatzaileak dokumentazio hori edo Nafarroako Merkataritza Ganberaren ziurtagiria aurkezten ahalko du. Hala egin ezean, 7. oinarrian enpresa handientzat adierazitakoa izanen da emanen zaien laguntzaren intentsitatea.
Erregistro horretan kontuak aurkeztera behartuta ez dauden ETEek eta langile autonomoek PFEZaren aitorpena aurkeztuko dute.
f) 16.1.c) oinarrian eskatzen den lankidetza-hitzarmena, sinatu bada.
g) Aukeran, laguntza-eskabidearekin batera, hornitzaileei egin beharreko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ahalko dira, 2.4 oinarrian adierazitakoak.
4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, laguntzak kudeatzen dituen organoak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ezin izanen da zuzendu 3. apartatuko b) eta c) letretan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada.
5. Dokumentuak artxibo digitalak izanen dira, eta zein bere aldetik aurkeztuko dira, beren izenarekin behar bezala identifikatuta.
9. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.
Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, proiektuak alderatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Aurreko lehentasun-hurrenkeraren arabera puntuazio handiena lortu duten proiektuei 7. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea aplikatzearen emaitza izanen da laguntzen zenbatekoa, deialdian proiektu-modalitate bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:
–Banakako proiektuak: 4.000.000 euro.
–Enpresen arteko lankidetza proiektuak: 4.000.000 euro.
–Ezagutza transferitzen duten proiektuak: 4.000.000 euro.
Modalitate bateko eskaera guztiei erantzun ondoren krediturik badago, beste modalitateetako proiektuak diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da, lehentasun-hurrenkerari jarraituz.
10. oinarria.–Balorazio irizpideak.
1. S4ko Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoak, honako irizpide hauen arabera baloratuko ditu proiektuak, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta:
BALORAZIO IRIZPIDEAK | GEHIENEKO PUNTUAZIOA | GUTXIENEKO PUNTUAZIOA |
a) Proiektuaren irismen teknologikoa | 30 | 15 |
b) Proiektuaren berritasun maila | 20 | 10 |
c) Aurrekontuaren egokitasuna proiektuaren jardueretarako | 10 | 5 |
d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea | 10 | 5 |
e) S4ren lehentasun tematikoekin bat etortzea | 10 | - |
f) Ekonomia zirkularra sustatzea | 4 | - |
g) Laguntza hauek aurrenekoz jasotzen dituen enpresa baten parte-hartzea | 3 | - |
h) SINAIko eragileen kanpoko lankidetza banakako proiektuetan edo enpresen arteko lankidetza-proiektuetan | 2 | - |
i) Ezagutza transferitzeko proiektuetan enpresek duten parte-hartze maila | 2 | - |
j) Doktoreak ikerketa taldean | 3 | |
k) Genero berdintasuna I+Gn | 3 | |
l) Patenteen eskaera | 3 | |
GUZTIRA | 100 | 45 |
a) Proiektuaren irismen teknologikoa. Baloratzen da:
–Proposatutako helburuak lortzeko arrisku teknologikoa, zailtasun teknikoa: 12 puntu, gehienez.
–Egungo konponbideen gabeziak eta proposatutako konponbidearen balorazio teknologikoa, beste batzuen aldean: 10 puntu, gehienez.
–Konpondu beharreko arazoa eta merkatuko aukera: 8 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren berritasun maila. Baloratzen da:
–Berrikuntzaren hedadura edo garrantzia: baxua, ertaina edo altua. Berrikuntzaren garrantzia altuagoa izanen da sektorean erabili ohi diren teknologiekin alderatuta nabarmen aurreratuagoak direnak garatuz gero, edo helburuen kuantifikazioan jauzi handia gertatzen bada, merkatuan ez dagoen produktu bat baldin bada edo produktuaren ezaugarri asko aldatzen badira.
–Berrikuntzaren hedadura-esparrua: erregio mailakoa (10 eta 15 puntu bitarte, hedadura txikia, ertaina edo altua den), nazio mailakoa (12 eta 17 puntu bitarte) edo nazioartekoa (15 eta 20 puntu bitarte).
c) Aurrekontuaren egokitasuna proiektuaren jardueretarako. Baloratzen da aurrekontuaren justifikazioa proiektua gauzatzeko giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioari eta kostuari begiratuta: 10 puntu, gehienez.
Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena justifikatu beharko dira. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da, eta proiektuaren jarduerekin duten lotura (langileen zeregin teknikoak, gastuaren eta materialen kantitatearen desglosea eta kanpoko lankidetzak).
Irizpide honetan, kontuan hartuko da bai gastuak ongi deskribatuta dauden, bai egokiak diren proposatutako helburuetarako eta haien zailtasun mailarako.
d) Aurkeztutako memoriaren kalitatea. Baloratzen da:
–Helburuak argiak diren, haien eta metodologiaren deskribapena (helburuak lortzeko planifikatutako ekintzak): 5 puntu, gehienez.
–Zereginen definizioa, gauzatze-kronograma eta baliabideen esleipena: 5 puntu, gehienez.
e) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S4) lehentasun tematikoekin eta trantsizioekin lerrokatuta egotea, 10 puntu, gehienez:
–Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.
–Elikadura osasungarria eta jasangarria.
–Energia berdearen industria.
–Medikuntza pertsonalizatua.
–Turismo jasangarria.
–Ikus-entzunezkoen industria.
–Trantsizio ekologikoa.
–Trantsizio digitala.
Irizpide honetan, kontuan hartuko da proiektuaren helburua zenbateraino lerrokatzen den S4 estrategiako lehentasun tematikoetan eta trantsizioetan identifikatutako fokuekin, lan-ildoekin, joerekin, nazioarteko lerrokatzearekin eta gaitasun teknologikoekin.
f) Ekonomia zirkularra sustatzea. Baloratzen da:
–Baliabide naturalen erabilera modu jasangarrian kudeatzea eta bigarren mailako lehengaiak erabiltzea: 2 puntu, gehienez.
–Ingurumenaren hobekuntza: puntu 1, gehienez.
–Hondakinak kudeatzea, gutxienez ere berrerabiliz edo birziklatuz, produktu berrietan erabiliko diren lehengai berriak sortuz, (erregaitarako erabilera kenduta): puntu 1, gehienez.
Memorian identifikatu beharko dira ekonomia zirkularrerako funtsezko ekarpena egiten duten proiektuko jarduketa espezifikoak, bereziki hondakinen prebentziorako, berrerabilpenerako eta birziklatzerako.
g) Laguntza hauek aurrenekoz jasotzen dituen enpresa baten parte-hartzea. Baloratzen da aurreko deialdietan (2016tik 2022ra) I+G proiektuetarako laguntzarik jaso ez duen enpresa batek proiektuan parte hartzea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira harekin elkartutako edo lotutako enpresei emandako laguntzak: 3 puntu.
h) SINAIko eragileen kanpoko lankidetza banakako proiektuetan edo enpresen arteko lankidetza-proiektuetan. 2 puntu emanen dira, baldin eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako lankidetza-aurrekontua proiektu osoaren %7koa bada gutxienez.
i) Ezagutza transferitzeko proiektuetan enpresek duten parte-hartze maila. 2 puntu emanen dira, baldin eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako enpresen aurrekontua proiektu osoaren %70 eta %80 bitartekoa bada.
j) Doktoreak ikerketa taldean. 3 puntu emanen dira gehienez kontuan izanda doktore diren langileen ordu-dedikazioa, langileen ordu guztiekiko:
DOKTORE DIREN LANGILEEN ORDUAK / LANGILEEN ORDUAK | PUNTUAK |
≥ %3 eta < %25 | 1 |
≥ %25 eta < %50 | 2 |
≥ %50 | 3 |
k) Genero-berdintasuna I+Gn. 3 puntu emanen dira baldin eta emakumeek proiektuan duten ordu-dedikazioa langile ordu guztien %50ekoa edo gehiagokoa bada.
l) Patenteen eskaera. 3 puntu emanen dira gehienez patenteak eskatzeagatik, diruz lagundutako proiektua egitearen ondorio badira, taula honen arabera:
PATENTE MOTA | PUNTUAK |
Sendagaien eta produktu fitosanitarioen erabilgarritasun-ereduaren eskaera edo babeserako ziurtagiri osagarria | 1 |
Asmakuntza nazionalaren edo hirugarren herrialdeetakoaren patente-eskaera | 2 |
Europako patentearen eskaera | 3 |
2. Puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da kontuan hartuta a) irizpidearen eta hurrengoen balorazioa, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.
3. a), b), c) edo d) letretako irizpideren batean gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektu bat ez da baloratuko gainerako irizpideen arabera, eta ez da diruz lagunduko.
Baztertu eginen dira, orobat, gutxieneko puntuazio horiek lortuta ere, balorazio irizpide guztien multzoan osotara 45 puntu lortzen ez duten eskaerak.
11. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Onuradunen zerrenda, proiektu-modalitatearen arabera ordenatuta, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoa, hura ordainduko den hiru aurrekontu-ekitaldietan banakatuta (2023, 2024 eta 2025).
b) Ezetsitako eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
2. Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da deialdiari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen HEGb-ean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
3. Dirulaguntza eman ondoren, onuradunek laguntza kobratzeko eskubidea galdu dutela adierazten bada edo laguntza horri uko egiten badiote eta, horren ondorioz, kreditu nahikoa libre uzten badute, kreditu hori erabiltzen ahalko da laguntza partziala jaso duten proiektuak diruz laguntzeko, eta, ondoren, aurrekontu-krediturik ez izateagatik laguntza hori jaso ez dutenak diruz laguntzeko.
12. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.
1. Onuradunek diruz lagundutako kostuaren %50eraino azpikontratatzen ahalko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.
Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.
Proiektuko bazkideek ezin izanen dute, inola ere, beren artean azpikontratatu proiektuko jarduketarik.
2. Onuradunek diruz lagundutako jarduketaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko diete haiekin lotutako enpresei, inguruabar hauek gertatuz gero:
a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 4. oinarrian zehazten den bezala.
b) Laguntza-eskaeran jasotzea, eta baimentzea, gastu hori diruz lagungarritzat hartuz laguntzak emateko ebazpenean.
c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria gastuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).
d) Ez da onartuko gastuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.
2. atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, "lotutako enpresa" izanen dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
13. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.
1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, laguntzen fitxen bidez.
Proiektua gauzatzeko aldi bakoitzean eskaera bakarra onartuko da (2. ataleko aldaketa bat edo batzuk jasotzen ahalko ditu).
2. Hauek dira baimendu daitezkeen aldaketak:
a) Proiektuaren iraupenarena: laguntza emateko ebazpenean proiektua bukatzeko ezarritako data luzatzeko eskatzen ahalko da, gehienez ere lau hilabetekoa.
b) Laguntza emateko ebazpenean diruz laguntzen diren gastuena. Laguntza-eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.
c) Enpresen arteko lankidetza-proiektuetan edo ezagutza transferitzeko proiektuetan parte hartzen dutenena, horietako batek proiektua utzi eta haren zereginak bere gain hartu dituen beste batek ordeztu duelako. Parte-hartzaile berriak onuradun izateko eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko ditu.
d) Enpresen arteko lankidetza-proiektuetan edo ezagutza transferitzeko proiektuetan parte hartzen dutenen artean zereginak berresleitzea.
3. Ez da aldaketatzat joko partida bat handitzea, diruz lagundutako gastuen guztizko zenbatekoaren %10 gainditzen ez badu eta beste partida bateko gastua gutxituz konpentsatzen bada. Desbideratze horiek ez dute ekarriko emandako laguntza handitzea. Ondorio horietarako, 4.2 oinarrian adierazitako gastuetako bakoitza hartuko da partidatzat.
4. Enpresen arteko lankidetza-proiektu bat edo ezagutza transferitzeko proiektu bat bada, proiektuaren koordinatzaileak eginen du aldaketa-eskaera, eta parte-hartzaile guztiek sinatuko dute.
14. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua justifikatzeko epea eta modua.
1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute proiektua gauzatu izana. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, laguntzen fitxaren bitartez eta eskura dauden ereduei jarraikiz:
a) 2023ko azaroaren 1era arte (egun hori barne), edo emandako laguntza jakinarazi eta hurrengo 10 egun naturaletara arte, baldin eta ondorengoa bada: tarteko lehen txostena.
Proiektuaren dokumentazio teknikoa eta 2023ko urriaren 31ra arte egindako gastua aurkeztuko dira (lehen exekuzio-aldia). Ondorio horietarako, egindako gastutzat joko da kontabilitateko agiria (faktura edo nomina) sortu duena, nahiz eta oraindik ordaindu gabe egon. Ez da kontabilitateko agiri horiek aurkeztu beharrik izanen, baina haien datuak inprimaki egokian jarriko dira.
Agiri teknikoen edukia eta gastu-inprimakiarena laguntzen fitxetan zehaztuta daude.
b) 2024ko apirilaren 1era arteko epean (egun hori barne): justifikazio partziala.
Onuradunak proiektuaren hasieratik 2023ko abenduaren 31ra arte egindako eta 2024ko martxoaren 31ra arte ordaindutako jardueraren eta gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak aurkeztuko dira.
c) 2024ko azaroaren 1era arteko epean (egun hori barne): tarteko bigarren txostena.
2024ko urriaren 31ra arte gauzatutako proiektuaren agiri teknikoak eta egindako gastuarenak aurkeztuko dira a) letran adierazitako moduan.
d) 2025eko azaroaren 1era arte (egun hori barne) edo proiektua amaitu eta hiru hilabetera arte, lehenago amaitzen bada: azken justifikazioa.
Jarduerari eta onuradunak proiektua amaitu arte egindako gastuari buruzko dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa aurkeztuko da, 2025eko urriaren 31ra arte ordaindutakoa, edo proiektua amaitu eta hiru hilabetera arte, lehenago amaitzen bada.
Azken justifikazioarekin batera, 17.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da, bai eta organo kudeatzaileak estatistika- edo kontrol-helburuekin proiektuari buruz eskatzen duen beste edozein informazio ere.
2. Onuradunek, gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte justifikazio partzialekin eta azken justifikazioarekin batera:
a) Auditoretzako txostena, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduaren eranskinean xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa). Auditoretzako txostenen gasturako dirulaguntza 4.2.1.g) oinarrian ezarritako moduan emanen da.
b) Justifikazio kontua.
c) Auditoreak emandako egiaztapen zerrenda, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.
d) Gastua frogatzeko agiriak (fakturak eta ordainagiriak).
15. oinarria.–Laguntzen ordainketa.
1. Laguntza taula honetan adierazitako moduan ordainduko da, onuradunek aurkeztutako frogagiri hauek kontuan hartuta:
EXEKUZIO-ALDIAK | FROGAGIRIAK ETA LAGUNTZAREN ORDAINKETA | |||
TARTEKO LEHEN | JUSTIFIKAZIO | TARTEKO BIGARREN TXOSTENA | AZKEN | |
Lehen aldia (hasieratik 2023ko urriaren 31ra arte) | a) Konturako lehen ordainketa | b) Lehen likidazioa | - | - |
Bigarren aldia (2023ko azaroaren 1etik 2024ko urriaren 31ra) | - | c) Konturako bigarren ordainketa | d) Bigarren likidazioa | |
Hirugarren aldia (2024ko azaroaren 1etik bukaerara arte) | - | - | - | |
a) Konturako lehen ordainketa: tarteko lehen txostena ikusita, 2023ko urriaren 31ra arte egindako gastuari dagokion laguntza ordainduko da.–Gauzatu ez den proiektu zatiak dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du.
Laguntzak eskatzean uko egiten ahalko zaio konturako lehen ordainketa horri. Kasu horretan, onuradunak zuzenean aurkeztuko du justifikazio partziala 14.1.b) oinarrian adierazitako moduan eta epean.
b) Lehen likidazioa: justifikazio partziala ikusita, konturako lehen ordainketaren laguntza likidatuko da, eta 2023ko abenduaren 31ra arte egindako gastuari dagokiona ordainduko da. Laguntzaren zenbatekoa aurreratu dena baino handiagoa bada, aldea ordainduko da. Bestela, ordaindutako soberakina konturako hurrengo ordainketatik kenduko da.
c) Konturako bigarren ordainketa: tarteko bigarren txostena ikusirik, 2024ko urriaren 31ra arte egindako gastuari dagokion laguntza ordainduko da. Gauzatu gabeko proiektu zatiari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
d) Bigarren likidazioa: justifikazio partziala ikusita, konturako bigarren ordainketaren laguntza likidatuko da, eta proiektua bukatu arte egindako gastuari dagokiona ordainduko da. Laguntzaren zenbatekoa aurreratu dena baino handiagoa bada, aldea ordainduko da. Bestela, onuradunak ordaindutako soberakina itzuli beharko du, dagozkion berandutze-interesekin.
2. Aldi baterako emandako laguntzaren %50erainoko aurrerakinak egin daitezke, baldin eta onuradunek justifikatzen badute dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituztela. Egindako aurrerakina honako justifikazio honekin likidatuko da:
Dirulaguntza aurreratua 14. oinarrian adierazitako moduan justifikatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.5 artikuluan ezartzen den bezala.
3. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 14. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori betetzeko, aurrekontu-ekitaldi bakoitza bukatu baino lehen agintzen ahalko da egin gabe dauden ordainketak kontura ordaintzeko.
16. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, aurrerakina itzuli beharko da.
b) 30.000 eurotik gorako laguntzak jasotzen dituzten enpresek abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute (2.4 oinarrian adierazitakoa) hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik zenbatzen hasita, laguntzak eskatzean aurkeztu ez badute.
c) Koordinatzaileak modu telematikoan aurkeztea aldeek sinatutako lankidetza-hitzarmena, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, lankidetza- eta transferentzia-proiektuen kasuan.
d) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 12. oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.
e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.
f) Azken justifikazioan aurkeztea sortutako datu guztiak eta deialdi honetan diruz lagundutako proiektuen emaitzak.
g) Proiektuan adierazitako helburu zientifiko-teknikoak, dirulaguntza onartzea ekarri zutenak, betetzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du ea betebehar hori bete den, proiektua bukatutakoan.
h) S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari aditzera ematea proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu direla, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 14. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.
i) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari.
j) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 17. oinarrian adierazitako moduan.
k) Enpresen kasuan, enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresak sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
l) Laguntza emateko ebazpenean adierazten denean hura Europar Batasuneko egitura funtsen bidez kofinantzatzen ahal dela, 18. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko da.
m) Gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) izatea, laguntza horiekin lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, 19. oinarrian adierazitako moduan, eta gutxienez 4 urtez edukitzea azken ordainketa egiten denetik.
n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, osorik edo zati batean, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Zehazki:
2.1. Proiektuaren aurrekontuaren zati bat, laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren %40 baino gehiago, gauzatzen ez bada, zehapen hauek aplikatuko zaizkie proiektuan parte hartzen duten guztiei, eta horrek berekin ekar dezake ordaindu gabe dagoen laguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, jasotako laguntzak itzultzea:
a) %40 baino gehiago eta %60 edo gutxiago gauzatu ez bada: jaso beharreko laguntza, egindako proiektuari dagokiona, proportzio honetan murriztuko da:
GAUZATU GABEKO PROIEKTU ZATIA | JASO BEHARREKO LAGUNTZAREN MURRIZKETA |
%40 | %0 |
%42 | %10 |
%44 | %20 |
%46 | %30 |
%48 | %40 |
%50 | %50 |
%52 | %60 |
%54 | %70 |
%56 | %80 |
%58 | %90 |
%60 | %100 |
b) %60tik gora gauzatu ez bada: proiektuak ez du dirulaguntzarik jasoko.
2.2. Enpresen arteko lankidetza-proiektu batean 3.2.c) oinarrian ezarritako baldintza betetzen ez bada (ezein enpresak ezin du bere gain hartu proiektuko gastu diruz lagungarrien %70 baino gehiago), onuradun guztientzako laguntzaren intentsitatea, haien neurriaren arabera, banakako proiektuetarako ezarritakoa izanen da.
2.3. Ezagutza transferitzeko proiektu batean 3.3.a) oinarrian (gutxienez bi alderdi independenteren arteko "lankidetza eraginkorra") edo b) letran (SINAIko eragileek, gutxienez, proiektuko gastu diruz lagungarrien %10 eta gehienez %40 beren gain hartu behar dute) ezarritako baldintza betetzen ez bada, enpresa onuradunentzako laguntzaren intentsitatea, haien neurriaren arabera, banakako proiektuetarako zehaztutakoa izanen da, eta SINAIko eragileen kasuan, %70era murriztuko da.
2.4. Proiektua bukatzean, 10.1. oinarriko h), i), j), k) eta l) letretako irizpideen arabera baloratu ziren konpromisoak bete diren egiaztatuko da, eta ikusten bada irizpide horietan emandako punturen bat ez datorrela bat egindakoarekin, %2 murriztuko da laguntza puntu horietako bakoitzeko.
17. oinarria.–Proiektuaren emaitzen zabalkundea.
1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:
a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea.
b) Proiektuaren emaitzen inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.
c) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, parte hartzen duten entitateen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 200.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta nahi izanez gero gainerakoentzat. Enpresen arteko lankidetza-proiektuen kasuan eta ezagutza transferitzen dutenetan, bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.
d) Urtean proiektu bakoitzeko prentsa ohar bat bidaltzea ohiko hedabideetara edo argitara ematea hedabide digitaletan, Nafarroako Gobernutik eta EGEFetik jasotako laguntzak aipatuta. Derrigorrezkoa izanen da 50.000 eurotik gorako dirulaguntza jaso duten proiektuen kasuan, eta aukerakoa gainerakoen kasuan.
e) Proiektua argitaratu edo haren jendaurreko aipua eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela agertarazi beharko da, bai eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak ere (EGEF).
2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko ataleko a), b), c), d) eta e) letretan adierazitako dokumentazioa.
3. 1. ataleko b) eta c) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) zabalduko dira.
4. Nolanahi ere, proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
18. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.
1. Laguntza hauek Europar Batasunaren %40ko kofinantzaketa jasotzen ahalko dute Nafarroako EGEF 2021-2027 programako 1.1 helburu espezifikoaren barnean ("Ikerketa eta berrikuntza gaitasunak garatu eta hobetzea, eta teknologia aurreratuak bereganatzea").
2. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren bidez kofinantzatuko dituen proiektuak hautatzean lehentasuna emanen zaie zenbateko handieneko eragiketei eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) sektoreak ordezkatzen dituztenei.
3. Laguntza hauen onuradunak, betiere laguntza onesten duen ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantzaketaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:
a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrol jarduketen xede izatea onartzea, baita kontrol horietan lagundu beharra ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.
b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, EURATOM) Erregelamenduak, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatzekoak diren finantza-arauei buruzkoak, 132. artikuluan ezartzen duenaren arabera, 5 urtez zaindu eta gorde behar da finantzatutako jardueraren dokumentazioa, ordainketa edo azken saldoa egiten denetik aurrera, eta 3 urtez, berriz, finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada, eta laguntzen organo kudeatzaileek eskatzen ahalko dute proiektuaren jarraipena eta bisitak egitea. Nolanahi ere, 2029ko abenduaren 31era arte gutxienez.
c) Proiektuak irauten duen bitartean gutxienez, honako esaldi hau jarri beharko dute webgunean, ikusteko moduan, laguntzen fitxan deskarga daitekeen logotipoarekin batera:
"Entitate honek Nafarroako Gobernuaren laguntza bat jaso du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %40arekin kofinantzatua, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboaren bidez".
Onuradunak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.
Nolanahi ere, entitatearen sarreran edo proiektua egiten den lekuan, A3 tamainako koloretako kartel bat jarri beharko da, ikusteko moduan, edo pantaila elektroniko baliokide bat, gutxienez proiektuaren izenburua, bazkideak eta aurrekontua jasotzen dituena, bai eta deialdiaren izenburua, Nafarroako Gobernuaren eta EGEFen logoak (baterako finantzaketa izanez gero) eta laguntzari buruzko esaldia ere, laguntzen fitxan deskarga daitekeen ereduaren arabera.
d) Konpromisoa hartuko dute kudeaketaren arloan iruzurraren kontrako neurri eraginkorrak eta proportzionatuak aplikatzeko: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, balizko faltsutzeen kontrola, etab.
e) Laguntza onartzeak esan nahi du onartzen dela EGEF 2021-2027 funtsak kudeatzen dituen agintaritzak argitaratutako eragiketen zerrendan agertzea.
19. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen fitxaren bitartez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-orrian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
20. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.
Oinarri hauetan arautzen diren laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Kasu horretan aplikatzekoak izanen dira Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metatze arauak: laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.
21. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.
Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ("Laguntzak ikerketa eta garapen proiektuetarako") ezarritako baldintzak. Erregelamendu horrek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan. Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).
22. oinarria.–Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean adieraziko zaie I+G proiektu gisa kalifikatutako proiektuen eskatzaileei ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek betetzen dituzten artikulu horretako kenkaria aplikatzeko betebeharrak eta baldintzak.
Halaber, laguntzen onuradunen kasuan, ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.
23. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.
Era berean, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratzen ahalko du bere web-orrian (www.dgfc.sgpg.minhafp.gob.es).
24. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F2310107
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
