1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
51/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, "Navarro Villoslada 2023" Literatura Sariaren gaztelaniazko eta euskarazko ediziorako deialdia egin eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena.
Edizioaren sektorea kultura arloko eskumena duen departamentuaren kultura-politikaren parte da, argitalpenei (monografiak eta aldizkariak), ediziorako laguntzei eta liburu- edo argitalpen-azokak egiteko hitzarmenak ezartzeari dagokionez, bai eta sari honen bidez hainbat literatura modalitate edo genero sustatzeko lanei dagokienez ere.
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak, Nafarroako Foru Komunitatean jatorrizko lanen literatura sorkuntza sustatzeko helburuarekin, "Navarro Villoslada 2023" Literatura Sariaren gaztelaniazko eta euskarazko ediziorako deialdia egiten du.
Sari honek gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu gabeko literatura lanak sortzea eta argitaratzea bultzatzen du, eta bi modalitate ditu:
–"Navarro Villoslada 2023" Literatura Saria, gaztelaniaz.
–"Navarro Villoslada 2023" Literatura Saria, euskaraz.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa onartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea "Navarro Villoslada 2023" Literatura Sariaren gaztelaniazko eta euskarazko ediziorako deialdia eta oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasota daudenak.
2. 30.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko "Navarro Villoslada" Literatura Saria, gaztelaniaz eta euskaraz, diruzko saria izeneko A20000 A2010 2268 334200 (E) partidaren kargura.
3. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Foru agindu hau igortzea Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira eta Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 29an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ERANSKINA.–"NAVARRO VILLOSLADA 2023" LITERATURA SARIAREN OINARRIAK
1.–"Navarro Villoslada" Literatura Sariaren helburua.
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak, Nafarroako Foru Komunitatean jatorrizko lanen literatura sorkuntza sustatzeko helburuarekin, "Navarro Villoslada 2023" Literatura Sariaren gaztelaniazko eta euskarazko ediziorako deialdia egiten du.
Sari honek gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu gabeko literatura lanak sortzea eta argitaratzea bultzatzen du, eta bi modalitate ditu:
–"Navarro Villoslada 2023" Literatura Saria, gaztelaniaz.
–"Navarro Villoslada 2023" Literatura Saria, euskaraz.
Sariketara aurkezten diren lanak (gaztelaniazko modalitatean edo euskarazkoan) mota hauetakoak izan daitezke:
a. Narratiba.
b. Poesia eta prosa poetikoa.
c. Antzerkia.
d. Komikia eta eleberri grafikoa.
e. Saiakerak eta biografiak.
f. Haur eta gazte literatura.
2.–Aurrekontua eta zenbatekoa.
2.1. Saria partida honen kontura finantzatuko da: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko 2023ko gastuen aurrekontuko "Navarro Villoslada" Literatura Saria, gaztelaniaz eta euskaraz, diruzko saria izeneko A20000 A2010 2268 334200 (E) partidaren kargura.
2.2. Saria eskudirutan emanen da, 15.000 euro gaztelaniazko modalitatean eta 15.000 euro euskarazko modalitatean.
3.–Hautagaien betebeharrak.
3.1. Adin nagusiko edozein pertsona fisiko aurkezten ahalko da sariketara, baldin eta Nafarroan jaioa bada edo Nafarroan erroldatuta badago 2023ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.
3.2. Parte-hartzaileek bi modalitateetako bakar batean aurkezten ahalko dute lan bakarra (gaztelaniaz edo euskaraz).
3.3. Parte-hartzaileek ez dute egon beharko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuetako batean ere, eta ezin izanen dira saridun izan artikulu horren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretako batean dauden pertsonak.
3.4. Lehiaketan parte hartzeak deialdi honetako oinarriak erabat onartzea dakar.
4.–Lanek bete beharrekoak.
4.1. Aurkezten diren lanak gaztelaniaz edo euskaraz idatzita egonen dira. Originalak eta argitaragabeak izan behar dute. Ezin izanen dira aurkeztu argitaratuta dauden lanak, paperean edo beste edozein bitartekotan, ez eta blogetan edo sare sozialetan argitaratutakoak eta autoargitaratutako lanak ere. Baldintza hori bete ezean, lana ez da onartuko.
4.2. Lanak ezin izanen dira aurretik sarituak izan ezein lehiaketa nazional edo nazioartekotan, ez eta aurkeztuta egon ere beste lehiaketa batean, horren epaia deialdi hau ebatzi aurretik plazaratu behar bada. Lanaren egile-eskubideak hirugarrenei laga gabe egonen dira, eta etorkizunean lagatzeko konpromisoa hartu gabe ere.
4.3. Lanak DIN-A4 formatuan aurkeztu beharko dira, bi aldeetatik idatzita, 12 neurriko Arial letraz, tarte bikoitzean. Komiki eta eleberri grafikoaren kasuan, DIN A4 formatuan aurkeztu beharko dira orrialde solte eta zenbakituetan, zuri-beltzean nahiz koloretan.
4.4. Aurkeztutako lanek luzera hau izan beharko dute, zein motatakoak diren kontuan hartuta:
a. Narratiba: gutxienez 200 orrialde eleberrietarako eta 100 orrialde eleberri laburretarako eta kontakizun-multzoetarako.
b. Poesia eta prosa poetikoa: 500 bertso edo baliokide baino gehiago.
c. Antzerkia: gutxienez 70 orrialde.
d. Komikia eta eleberri grafikoa: gutxienez 40 orrialde.
e. Giza zientzien esparruko gai bati buruzko saiakera, biografiak barne: gutxienez 150 orrialde.
f. Haur eta gazteentzako literatura: gutxienez 50 orrialde haur literaturan eta 100 orrialde gazte literaturan.
5.–Hautagaitzak aurkeztea.
5.1. Parte hartzeko eskaerak formalizatuko dira oinarri hauen eranskin gisa erantsi den eredu espezifikoan, zeina tramiteen katalogoan dagokion fitxaren barruan eskuragarri baitago (http://www.navarra.es/home_es/Servicios /).
5.2. Eskaera Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalera bidali beharko da, "Navarro Villoslada 2023 Literatura Saria" adierazita.
5.3. Eskaerak honela aurkeztu behar dira, ahal dela: telematikoki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus); ziurtagiri digitala edo cl@ve izan behar da; bestela, aurrez aurre aurkezten ahalko dira Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen Erregistroaren bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bitartekoetako bat erabiliz.
5.4. 5.1 oinarrian aipatzen den parte hartzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Nafarroan jaiotakoek: NANaren fotokopia. Gainerako eskatzaileek: erroldatze ziurtagiria.
–Lanaren ale bat PDF formatuan edo, aurrez aurre aurkeztuz gero, paperean. Lehenbiziko orrian lanaren izenburua, egilearen izenordea eta zein modalitatetara (gaztelaniaz edo euskaraz) aurkezten den bakarrik jasoko da. Lanetan ez da jasoko egilea identifikatzea ahalbidetzen duen daturik.
5.5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.–Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa.
6.1. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza Bulegoari dagokio prozeduraren instrukzioa.
6.2. Eskabidea guztiz beteta ez badago, atzemandako akatsa zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari posta elektronikoz, hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezan edo nahitaezkoa den dokumentazioa aurkez dezan. 3.1 oinarrian parte hartzeko jasotzen den baldintza betetzen ez bada edo lanaren testuan egilea identifikatzea ahalbidetzen duen daturen bat sartzen bada, aurkeztutako eskaera ez da onartuko.
6.3. Instrukzio-organoa arduratuko da aurkeztutako lanak epaimahaikideei helarazteaz, ebalua ditzaten. Instrukzio-organoak bermatuko du parte hartzeko eskabidean agertzen diren datu pertsonalak prozesua amaitu arte gorderik izatea.
6.4. Modalitate bakoitzean honako hauek osatuko dute epaimahaia:
6.4.1. Gaztelaniazko modalitatea.
–Epaimahaiko burua: Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko titularra edo Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko titularra.
–Epaimahaikideak:
Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.
Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Argitalpen Batzordeko bi kide.
Literaturaren munduko bi aditu.
–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko Argitalpen Bulegoko burua.
6.4.2. Euskarazko modalitatea.
–Epaimahaiko burua: Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko titularra edo Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko titularra.
–Epaimahaikideak:
- Liburutegi Zerbitzuko norbait edo, bestela, Kultur Ekintza Zerbitzuko norbait.
- Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Argitalpen Batzordeko bi kide.
- Literaturaren munduko bi aditu.
–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko Argitalpen Bulegoko burua.
Epaimahaiko kide guztiek izanen dute hitza eta botoa.
Epaimahaien osaera deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuko atariko tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).
6.5. Epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako lanak. Gaztelaniazko zein euskarazko lanak baloratzeko, kontuan hartuko dira kalitate artistikoa, zorroztasuna, hizkuntzaren aberastasun adierazkorra, kategoria bakoitzaren ezaugarrien arabera, bai eta lanaren originaltasuna, sorkuntzak egituran duen ahalmen berritzailea, planteamendua, balio estetikoa, berezitasuna eta originaltasuna ere.
6.6. Epaimahaiak kide anitzeko organo gisa jardunen du, eta dagokion aktan jasoko du epaia. Gaztelaniazko eta euskarazko saria zatiezina izanen da, eta epaimahaiak saria eman gabe uzten ahalko du.
6.7. Epaimahaiak baztertu eginen ditu oinarri hauetan xedatutakoarekin bat ez datozen lanak, eta bera arduratuko da oinarri horiek interpretatzeaz eta haietan aurreikusi gabeko edozein gorabehera ebazteaz.
7.–Ebazpena.
Epaimahaiaren epaia ikusita, instrukzio-organoak, epaimahaiaren epaian ageri diren lanen egileak identifikatu ondoren, saria emateko proposamena eginen dio kulturaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari.
8.–Egile-eskubideak lagatzea eta lanak argitaratzea.
8.1. Saritutako lanak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak argitaratuko ditu.
8.2. Modalitate bakoitzean saritutako lanaren egileak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari lagako dizkio, hiru urtez, saritutako lanaren erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikorako eskubide esklusiboak, lanaren lehen edizioa argitaratzeko xedez. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko Argitalpen Bulegoak zehaztuko du lanen edizio-modalitatea, ale kopurua, prezioa eta banatzeko modua.
8.3. Sariaren zenbatekoak lehen edizio honen argitalpenari dagozkion egile-eskubideak estaliko ditu.
8.4. Hiru urte igarotakoan, saritutako egileek bere lanen gainean lagatako ustiapen-eskubideak berreskuratuko dituzte, eta konpromisoa hartuko dute hurrengo edizioetan beti ager dadin Nafarroako Gobernuaren "Navarro Villoslada Saria" jaso izanaren aipua.
9.–Ordainketa.
9.1. Saria eman dela jakinarazi ondoren, ezinbestekoa izanen da saridunek idatziz adieraztea ados daudela saria ematearekin, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari baimen esklusiboa emanen diote lana 8. oinarrian adierazitako moduan argitara dezan.
9.2. Saria ematea onartu ondoren, Navarro Villoslada sariaren irabazleek esleitutako zenbatekoa jasoko dute banku-transferentzia bidez 2023an.
9.3. PFEZaren gaineko araudian ezarritako atxikipena eginen zaio sariari.
10.–Parte-hartzaileen irudi-eskubideak.
10.1. Irabazleek baimen espezifiko bat aurkeztuko dute idatziz, lehiaketan parte hartzeagatik eta/edo sariak emateko ekitaldian hartutako irudietan (argazkia, bideoa...) agertu ahal izateko.
10.2. Emandako datuak hauen arabera tratatuko dira: abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
1. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Izen-deiturak: ................................................................................ NANa/IFZ: ................................. Helbidea (herria): .................................... Kalea: ..................................................................... P.K.: .........., telefonoa: ................
BERE IZENEAN EDO HONAKO HAU ORDEZKATUZ (behar ez dena ezabatu)
Izen-deiturak: ............................................................................. NANa/IFZ ................................. Helbidea (herria): ................................ Kalea ........................................................................... P.K.: .........., telefonoa ................ aurkezten du:
NAVARRO VILLOSLADA 2023 LITERATURA SARIRAKO ESKABIDEA (GAZTELANIAZKO EDO EUSKARAZKO MODALITATEA), ..........aren ..... (e)ko ..../2023 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarrien arabera (2023ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ....(e)koa).
Modalitatea, izenordea eta eskatutako klasea:
Gaztelaniazko modalitatea
Euskarazko modalitatea
Sarira zein izenorderekin aurkezten den:
(Jarri X dagokion tokian, ezkerreko zutabean):
| Narratiba | Titulua: |
| Poesia | Titulua: |
| Antzerkia | Titulua: |
| Saiakera | Titulua: |
| Komikia/eleberri grafikoa | Titulua: |
| Haur eta gazte literatura | Titulua: |
Destinoa: VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIKO BALIABIDEEN ETA GARAPEN ESTRATEGIKOAREN ATALA
Eta oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:
1. Haietan agindu bezala, agiri hauek aurkezten ditu:
a) 3.1 oinarrian eskatutakoaren frogagiriak.
2. "Navarro Villoslada 2023" sarirako aurkeztutako lanari dagokionez, honako hau adierazten du:
Deialdiaren oinarri arautzaileak ezagutzen eta onartzen ditut, eta horiek betetzeko konpromisoa hartzen dut. Halaber, bertan eskatzen diren baldintzak betetzen ditut.
Ez dut lan hau aurkeztu edozein erakunde publikok edo pribatuk ematen dituzten beste sari nazional edo nazioarteko batzuetara, baldin eta horien helburua literatura sorkuntza bultzatzea bada.
Aurkeztutako testua, deialdiaren edozein modalitatetan, originala eta argitaragabea da, ez da plagiatu eta lanaren gaineko jabetza intelektualaren eskubide guztiak ditut.
Ez nago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.
...............................(e)n, 2023ko ......................................... aren ......(e)(a)n.
(Sinadura)
NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURA ETA KIROL DEPARTAMENTUA
DATU PERTSONALEN BABESA
Eskatzaileak, berak emandako datuei dagokienez, bete beharko du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa. Erregelamendu hori datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da (EUR-lexerako esteka http://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX:32016R0679). Halaber, Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa ere bete beharko du (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
Kultura eta Kirol Departamentuak honako hauetan xedatutakoa beteko du datu pertsonalen tratamenduan: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa. Erregelamendu horren 13. artikuluan xedatutakoa betetzeko, hauxe jakinarazten da:
TRATAMENDUAREN ARDURADUNA | Kultura eta Kirol Departamentua. Navarrería kalea 39, 31001 Iruña. culturaydeporte@navarra.es |
DATUAEN BABESERAKO ORDEZKARIA | Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritza. dpd@navarra.es |
TRATAMENDUAREN XEDEA | "Navarro Villoslada 2023" Literatura Saria kudeatzea. |
TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA | Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. |
DATUAK GORDETZEKO EPEA | Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, datuak gordetzen ahalko dira interes publikoko gaiak artxibatzeko, ikerketa zientifiko edo historikoetarako edota helburu estatistikoetarako. |
DATUEN LAGAPENA | Ez da aurreikusten datuak hirugarrenei lagatzea, salbu eta araudiak baimentzen badu edo ukitutakoek adostasuna ematen badute. |
ERABILTZEN AHAL DIREN ESKUBIDEAK | Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta noiznahi erabil dezakete eskubide hori. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, araudi indardunak ezarritako moduan. Eskubideak urratu zaizkiela uste dutenek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan. https://www.aepd.es/ |
2023ko ......................... aren .........(e)an.
NAFARROAKO GOBERNUA. KULTURA ETA KIROL DEPARTAMENTUA
Iragarkiaren kodea: F2310227