15. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

273/2022 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baitira unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-kargudunen izendapena eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura, 2023-2024 ikasturterako.

Administrazio honen mendeko ikastetxe eta programetan aurreikusitako eskolatzearen bilakaerak eta lanpostuak betetzeko deialdia ebazteak neurriak hartzera behartzen dute, unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei 2023-2024 ikasturterako behin-behineko lanpostua esleitu ahal izateko, azkar eta modu eraginkorrean.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako lanpostuak nola bete arautzen da. Haren lehenbiziko artikuluan esaten da foru dekretu horren xedea dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoei dagozkien zenbait lanpostu behin-behinekoz, behin betiko eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko arauak finkatzea.

Foru dekretu hori betez, onetsi behar dira behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak 2023-2024 ikasturterako, bermaturik herri edo eskualdean segi dezaten eskubide hori aitortua duten funtzionarioek.

Beste alde batetik, uztailaren 3ko 80/2019 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen du irizpide geografiko eta demografikoen arabera, bermatzeko hezkuntza sistema egoki iritsiko dela toki guztietara.

Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldi murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuak (abuztuaren 23ko 72/2017 Foru Dekretuak aldatua), bere 7.6 artikuluan ezartzen du unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanaldi murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen dela beti, salbu eta hura emateko arrazoia lehenago bukatzen bada, eta eskatzen diren luzapenak, halakorik eskatzen bada, ikasturte osorako izanen direla.

Irakasleen lanaldi murrizketak onartzeak eragina izaten ahal du ikastetxeetako plantillak eta, horrenbestez, zehazterakoan zer irakasleri eraginen dien horrek, destinoko ikastetxetik behin-behinekoz aldaraztea ekartzen ahal baitu. Horregatik, komeni da plantillak eratu aurretik lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura ezartzea, ahalik eta lekualdatze gutxien izan dadin. Lanaldi murrizketak ematerakoan lehentasuna izanen du beti ikasleek hezkuntzarako duten eskubideak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-kargudunen izendapena eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura, 2023-2024 ikasturterako, ondoren aipatzen diren oinarriekin bat etorriz:

I.–Behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak.

II.–Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-kargudunen izendapena.

III.–2023-2024 ikasturterako lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta bere eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Nafarroako foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak sor ditzaten.

I.–BEHIN-BEHINEKO DESTINOAK, PRAKTIKETAKOAK ETA ZERBITZU EGINKIZUNETAKOAK ESLEITZEKO JARRAIBIDEAK

Hezkuntza Departamentuak 2023-2024 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak edo zerbitzu eginkizunetakoak esleituko ditu, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraikiz:

Lehena.–Arau komunak.

1. 2023-2024 ikasturterako esleituko diren behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak aukeratzeko, honako hurrenkerari jarraikiko zaio:

1.–Funtzionarioen osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak.

2.–Irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

3.–Behin-behineko destinoa duten funtzionarioak.

4.–Irakasleei adingabeko semea edo alaba zaintzeagatik eta salbuespenezko inguruabarrengatik emandako zerbitzu eginkizunak.

5.–Praktiketako funtzionarioak.

6.–Behin-behineko destinoarekin jardunera itzuli direnak.

7.–Irakaskuntzako lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak.

2. Lanpostuak aukeratzeko, baldintza izanen da behar diren espezialitatearen eta hizkuntzaren titular izatea edo kasuan kasuko lanpostua behin-behinekoz bete ahal izatea, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuarekin bat, eta, behar izanez gero, behar den profil berariazkoa frogatzea. Ez bada plazarik haien espezialitate eta hizkuntzan, antzeko espezialitateetako beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaie, irakasleen kidego berekoa edo beste batzuetakoa, bermaturik destinoa aukeratzeko lehentasuna izan dezaten kasuan kasuko espezialitatearen titular diren irakasleek, eta bat etorriz Hezkuntza Departamentuak ezarritako irizpideekin.

3. Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza espezialitateen titular diren maisu-maistren kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute lanpostuak eskatzeko Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan.

4. Euskaraz irakasteko lanpostuak aukeratu ahal izateko, EGA agiria edo baliokidea eduki beharko da.

5. Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan aipatzen diren espezialitateetako Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioek parte hartuko dute, desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitate bereko irakasleekin batera, eta plaza berberak lortzeko aukera izanen dute.

Era berean, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan aipatzen diren espezialitateetako Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoetako funtzionarioek parte hartuko dute, desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitate bereko irakasleekin batera, eta plaza berberak lortzeko aukera izanen dute.

6. Lanpostuak telematikaz esleituko dira, eta esleipena jakinaraziko da Hezkuntza Departamentuaren web-orriaren bidez (www.educacion.navarra.es/eu), behar den aurrerapenarekin.

Eskaintzen diren lanpostuak eta 2023-2024 ikasturtean zerbitzu eginkizunetan aritzeko behin-behineko destinoa aukeratu behar duten funtzionarioen izen-deiturak Hezkuntza Departamentuko web-orrian erakutsiko dira (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio), behar den aurrerapenarekin.

Bigarrena.–Irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

1. Behin betiko destinoa duten irakasleek beren ikastetxean segituko dute 2023-2024 ikasturtean, irakastordu nahikoa badute.

2. Behin betiko destinoa duten irakasleak, 2022-2023 ikasturtean irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazi bazituzten eta 2023-2024 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, destinoko ikastetxean bertan egonen dira, eman dezaketen espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten idatziz adierazten, 2023ko martxoaren 30a baino lehen, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

Modu berean, apartatu honetan ezarritakoa aplikatuko zaie beren ikastetxetik 2022-2023 ikasturtean aldarazitako irakasleei, kasu hauetan: zegoen beharra ibiltaria izanik, funtzionarioak ibiltaritza onartu ez zuenean, edo, beharra betetzeko eskakizun zehatz bat ezinbestekoa izanik, funtzionarioak eskakizun hori egiaztatu ez zuenean.

3. Ikastetxetik aldarazi berriak.

Behin betiko destinoa duten irakasleek, beren behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2022-2023 ikasturtean aritu diren ikastetxetik aldarazi behar badituzte, hurrengo ikasturterako lanpostu bat aukeratuko dute ebazpen honen lehen oinarrian, bosgarren apartatuan, ezartzen denaren arabera.

Ikastetxetik aldarazitako berriez gain, beren lanpostua kentzeagatik behin-behineko destinoa duten irakasleek ere aukeratuko dute destinoa.

4. Behin betiko destinoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan izan arren, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako maisu-maistren kidegoko funtzionarioei behin-behineko destinoa esleitzen ahalko die Hezkuntza Departamentuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako lanpostuetan.

5. Hezkuntza Departamentuak behin-behineko destino bat esleituko die, betetzen ahal duten lanpostuetan, destinoen esleipena egin eta gero behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2023-2024 ikasturtean zerbitzuak eman beharreko ikastetxetik aldarazi behar diren funtzionarioei.

6. Hezkuntza maila berean espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak ikastetxe berean dituzten maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako irakasle batzuek behin betiko destinotik behin-behineko batera joan behar baldin badute, eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira:

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan bakar-bakarrik bada, maisu-maistren kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira ikastetxetik. Zein izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. apartatuan kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetan eta/edo Batxilergoan bakar-bakarrik bada, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioak aldaraziko dira. Zein izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. apartatuan kidego horietarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta/edo Batxilergoan batera bada, maisu-maistren kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira. Zein izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. apartatuan kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

7. Espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuetan aritzen diren irakasleen kasuan, erabaki behar bada behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Maisu-maistren kidegoa:

1. Ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena duena.

2. Maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen benetako aldi laburrena duena. Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

3. Nor sartu den berrikien kidegoan (urtea).

4. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbakirik altuena edo puntuaziorik txikiena duena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasleen kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Tokiz aldatzea eskatzen dutenak behar baino gehiago badira, hauek izanen dira lehentasun irizpideak, ondoz ondo: etengabeko antzinatasun handiena duena ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan; berdinketarik izanez gero, denbora luzeena duena maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen; eta, azkenik, lehenik sartu zena (urtea), eta, urte horretan, kidegoan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik handiena erdietsi zuena.

–Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradun eta irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun, irakasle eta tailer maisuen eta musikako eta arte eszenikoetako katedradun eta irakasleen kidegoak:

1. Bere kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen benetako aldi laburrena duena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Irakasleen kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak zenbatuko zaizkie, lehen zerbitzu urtea salbu.

2. Behin betiko destinoko plazan etengabeko antzinatasun txikiena duena.

3. Nor sartu den berrikien kidegoan (urtea).

4. Halakorik bada, dagokion katedradunen kidegokoa ez izatea.

5. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik txikiena erdietsi zuena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasleen kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoetako karrerako funtzionarioei, karrerako funtzionario gisa benetan emandako zerbitzuak zehaztearren, nork bere irakasleen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako benetako zerbitzuen denbora hartuko zaie kontuan.

Tokiz aldatzea eskatzen dutenak behar baino gehiago badira, hauek izanen dira lehentasun irizpideak, bata bestearen atzetik: benetako zerbitzu urte gehien eramatea karrerako funtzionario gisa dagokion kidegoan; berdinketarik izanez gero, etenik gabeko antzinatasun handiena behin betiko destinoko lanpostuan; hala ere berdinketarik izanez gero, kasuan kasuko katedradunen kidegoan zein urtetan sartu ziren, nor lehenago; eta, azkenik, kidegoan sartzeko hautapen prozeduran lortutako puntuazio handiena.

–Teknologia ematen duten irakasleak:

Teknologiako lanpostuak betetzen dituzten irakasleen kasuan, behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira, galarazi gabe kasuko espezialitatearen titular den funtzionarioari onartuko zaion lehentasuna.

8. Lehentasun hurrenkera.

Oinarri honetan sartzen diren langileek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazteko, honako irizpide hauei jarraikiko zaie, ondoz ondo aplikatzekoak baitira berdinketarik gertatzen bada:

1.–Benetan emandako zerbitzuetan denbora gehien duena, dagokien irakasleen kidegoan funtzionario, lan-kontratudun edo aldi baterako administrazio-araubidean kontratatutako langile gisa. Horren ondorioetarako, 2023ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak zenbatuko dira.

2.–Nor sartu zen lehenago kidegoan (urtea).

3.–Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena lortu zuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik altuena erdietsi zuena.

Irakaslearen espezialitateko plazarik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaio, baina irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleek (kasuan kasuko espezialitatearen titularrek) lehentasuna izanen dute destinoa aukeratzerakoan.

9. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 20ko 2123/2012 Ebazpenaren bidez Hezkuntza Departamentuari atxikitako langileek, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldaraziak badira, behin-behineko destinoa duten eta kidegoan 2012ko irailaren 1a baino lehen sartu diren funtzionarioen ondoren aukeratuko dute destinoa.

Hirugarrena.–Behin-behineko destinoak eta praktiketakoak esleitzea.

1. Behin-behineko destinoa duten irakasle funtzionarioek eta praktiketako irakasle funtzionarioek beste destino bat aukeratu beharko dute 2023-2024 ikasturterako, zehazten den moduan, ebazpen honen lehenengo oinarriko bosgarren apartatuan xedatutakoaren arabera.

Behin-behineko destinoak ondotik aipatzen diren irakasleek aukeratuko dituzte, hurrenkera honi jarraikiz:

1.–2022-2023 ikasturtean behin-behineko destinoa duten irakasle funtzionarioak eta praktikaldian "gai" kalifikazioa jaso duten langileak, salbu eta behin betiko destinoa lortu dutenak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 7ko 226/2022 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketan.

Langile horien hurrenkera zerrenda prestatzeko, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 7ko 226/2022 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketan erdietsitako puntuazioari jarraikiko zaio.

2.–2023-2024 ikasturterako behin-behineko destinoa aukeratu behar duten irakasle funtzionarioak, egonkortzeko merezimendu-lehiaketak gainditzen dituztenak (Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 3ko 243/2022 eta azaroaren 3ko 245/20222 Ebazpenen bidez deitutakoak). Langile horiek aurreko atalean aipatutako langileen atzetik joanen dira, sartzeko hautapen prozeduran lortutako puntuazioaren arabera.

3.–Praktiketako funtzionarioak:

Funtzionario horiek destinoa aukeratuko dute, zein espezialitate eta hizkuntzatarako hautatuak izan diren, plaza horietarako, edo, bestela, antzeko espezialitateetan, irakasleen kidego berekoetan edo beste batzuetakoetan, eta dagokien profilean, kontuan harturik kasuan kasuko hautapen prozeduran lortu duten guztizko puntuazio, eta betiere errespetaturik kasuan kasuko espezialitatearen eta hizkuntzaren titular diren funtzionarioek duten lehentasuna.

4.–Behin betiko destinoa galtzea zekarren egoera administratibo batetik etorri diren eta jarduneko zerbitzura itzultzea eskatu duten irakasle funtzionarioak, behin betiko destinorik ez badute lortu Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 7ko 226/2022 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketan:

Langile horiek funtzionario, lan-kontratudun edo aldi baterako administrazio-kontratudun langile gisa kidegoan duten antzinatasunaren arabera zerrendatuko dira, antzinatasun handienekotik hasita. Horren ondorioetarako, 2023ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak zenbatuko dira. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna izanen dute hautapen prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik altuena lortu zuten funtzionarioek.

2. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, aurreko apartatuetan aipatzen diren langileek destinoa aukeratuko dute, zerbitzuaren beharren arabera, hautapen prozedura gainditu duten kidego, espezialitate eta hizkuntzako plazetan edo, halakorik ezean, kidego bereko edo beste irakasleen kidego batzuetako antzeko espezialitateetako plazetan, betiere dagokion espezialitateko eta hizkuntzako funtzionario titularren lehentasuna errespetatuz.

3. Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten eta parekatuen kidegoetako irakasle funtzionarioek, destinoak esleitzeko ekitaldian, esparrurako osoa den plaza bat aukeratzen badute, inguruabar hori zerbitzu-orrian jasoko da ondorio guztietarako.

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegora igotzeko prozeduraren bidez hautatzen diren izangaiek, baldin eta praktikaldia egitea hautatzen badute, lehentasuna izanen dute destinoak lortzerakoan, deialdi honetako lanpostuetan sartzeko prozedura librerako izangaien aurretik, eta esleipen hori hautapen prozeduretan lortutako puntuazioari jarraikiz eginen da.

Halaber, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan hautaturiko izangaiek dagokien hurrenkeraren arabera aukeratuko dute lanpostua, aintzat hartuz hautapen prozeduran lortutako puntuazioa.

4. Erabiltzen ahal diren lehentasunezko eskubideen titular diren funtzionarioak badira, horiek kontuan hartuko zaizkie.

Laugarrena.–Destinoak zerbitzu eginkizunetan esleitzea.

1. Zerbitzu eginkizunen arrazoiak:

Galarazi gabe apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa, eta haren 4. artikuluarekin bat (foru-dekretu hori aldatu zen ekainaren 2ko 44/2021 Foru Dekretuaren bidez), Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak 2023-2024 ikasturterako zerbitzu eginkizunak esleitzen ahalko dizkie Hezkuntza Departamentuaren mende dauden –egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako– irakasleen kidegoetako funtzionarioei, kasu hauetan:

a) Antolamendu arrazoiengatik, Hezkuntza Departamentuak proposaturik:

–Ikastetxeetan edo baliabideen zentroetan irakaskuntzako zuzendaritza karguak betetzeko.

–Berriki sortutako ikastetxeetan edo berriki ezarritako ikasketetan.

–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak dituzten ikastetxeetan eta Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, nahikoa irakaslerik ez dagoen bitartean ikastetxean behin betiko destinoa duenik, behar diren irakasgaiak emateko gauza.

–Pertsonal arloko behar bereziak betetzeko. Behar horiek egoki justifikatuko dira, dagokion arloaren araberako organo eskudunaren txostenaren bidez.

b) Interesdunek eskatutako zerbitzu eginkizunak:

–Funtzionarioen osasun arrazoiengatik.

–Toki-korporazio bateko kide izateagatik ikastetxe batean irakasteko, toki-korporazio kide den udalerrian edo inguruko udalerriren batean plaza hutsa dagoelako.

–Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik eta salbuespenezko inguruabarrengatik.

c) Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

2. Interesdunek bete beharreko baldintzak:

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak 2023-2024 ikasturterako zerbitzu eginkizunak ematen ahalko dizkie organikoki eta funtzionalki Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionarioei, baldin eta praktikaldia gainditu badute, 2023ko irailaren 1ean zerbitzu aktiboko egoeran badaude eta 2023-2024 ikasturterako beste zerbitzu eginkizun bat esleituta ez badute.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa galarazi gabe, irakasle funtzionarioei semeagatiko edo alabagatiko zerbitzu eginkizunak ematen ahalko zaizkie, baldin eta praktikaldia 2023-2024 ikasturtera atzeratu badute eta 2022-2023 ikasturteko lekualdatze-lehiaketan behin betiko destinoa lortu badute.

3. Zerbitzu eginkizunen araubidea:

Zerbitzu eginkizunak emateko ezinbestekoa izanen da esleitutako ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean eta hizkuntzan plaza hutsen bat izatea, 2023-2024 ikasturterako hezkuntza plangintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren zehaztu ondoren.

Bosgarrena.–Antolamendu arrazoiengatik emandako zerbitzu eginkizunak.

Zerbitzu eginkizun horiek ikastetxe zehatz batean aritzeko eta Hezkuntza Departamentuko zerbitzuek proposamen arrazoitua egin ondoren baizik ez dira emanen, aurreko arauan azaldutako arrazoiengatik.

Zerbitzu eginkizunak zein lanpostutarako eskatu diren, haietako arduradunek proposatutako zerbitzu eginkizunen zerrenda bakarra bidali beharko diote Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, martxoaren 15a baino lehen, eta horretan zerbitzu eginkizun horiek hartuko dituzten interesdunen adostasuna erantsi.

Atal honetan adierazitako epeaz kanpo, kasuan kasuko zerbitzuek proposatzen dituzten zerbitzu eginkizunak ezetsiko dira, non eta salbuespenezko inguruabarrak gertatzen ez diren.

Seigarrena.–Interesdunek eskatutako zerbitzu eginkizunak.

6.1. Toki-korporazio bateko kide izateagatik ikastetxe batean irakasle jarduteko zerbitzu eginkizunak:

2023ko maiatzeko udal hauteskundeen ondorioz toki-korporazio bateko kide izendatuko diren funtzionarioek zerbitzu eginkizunak eskatzen ahalko dituzte, 2023ko ekainaren 5a baino lehen, eta, horretarako, agiri bidez frogatu beharko dute toki-korporazio bateko kide direla.

Zerbitzu eginkizun hauek onartzeko edo ukatzeko, kontuan hartuko da 2023-2024 ikasturterako funtzionarioaren destinoko ikastetxearen eta toki-korporazioko herriaren arteko distantzia.

Arrazoi hori dela medio ematen diren zerbitzu eginkizunak ikastetxe zehatz batean aritzeko esleituko zaizkio, kontuan harturik zer herritakoa den korporazioa.

6.2. Eskaera egin duen funtzionarioaren osasun arrazoiak:

Osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiari jarraikiko zaio.

Zerbitzu eginkizun horiek eskatzen dituzten funtzionarioek medikuaren agiri eguneratua erantsi beharko diote eskaerari, azaltzeko zer egoerarengatik eskatzen diren. Egiaztagiri medikoa gutun-azal itxian aurkeztu beharko da.

Gero, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko fakultatiboek peritu-txostena eginen dute, ebazpen honen 6.7 oinarrian jasotzen den ebaluazio batzordeari bidaliko zaiona, eskatu diren zerbitzu eginkizunei buruzko ebazpena eman dezan.

Ebaluazio batzordeak osasun arrazoiengatiko zerbitzu eginkizunen emakida berrikusten ahalko du, baldin eta eskatzaileak destino berria lortzen badu irakasle funtzionarioentzako lekualdatze-lehiaketan.

6.3. Seme-alaba adingabea zaintzea.

Irakasle funtzionarioek zerbitzu eginkizunak eskatzen ahalko dituzte seme edo alaba bat zaintzen badute, hura 2017ko abenduaren 31tik aurrera jaio bada eta funtzionarioak honako baldintza hauek betetzen baditu:

–Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publiko batean behin betiko destinoa izatea.

–Irakaslearen bizileku-helbidean ageri den herria 50 kilometrora egotea, gutxienez, behin betiko destinoko ikastetxearen herritik.

–Ezkontidea edo izatezko bikotekidea lanean aritzea, edo eskatzailea adingabea zaintzen duen bakarra izatea.

Zerbitzu eginkizunak eskatzen dituzten funtzionarioek honako agiri hauek erantsi beharko dizkiote eskaerari: familia liburuaren fotokopia, eskatzaileak 2022ko abenduaren 31n helbidea zer herritan duen frogatzen duen errolda-ziurtagiria eta beste gurasoa 2023ko irailaren 1ean lanean ari dela edo arituko dela edo adingabea zaintzen duen bakarra eskatzailea dela adierazten duen zinpeko aitorpena.

Alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu eginkizunak deuseztatu eginen dira, eskatzen ahal zaizkion erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

6.4. Salbuespenezko inguruabarrak:

Eskatzailearen ezkontidearen eta aurreko edo ondorengo senitartekoen eritasun larriagatik, mendekotasun larriagatik edo mendekotasun handiagatik, eta eri hori behar bezala zaintzerik ez denean funtzionarioaren destinoko herritik. Eritasun larriaren kasuan, kontuan hartuko dira diagnostikoa egin zenetik iraganiko denbora eta eritasunak izaniko eboluzioa.

Inguruabar hori bermatzen duten mediku-egiaztagiri eguneratuez gain, eskatzaileak senitartekoa zerbitzu eginkizuna eskatzen den herrian bizi dela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Eta kasua bada, aurkeztu beharko du mendekotasun maila egiaztatzen duen ziurtagiria eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek edo Osasun Zentroetako gizarte langileek emandako ziurtagiria ere, non egiaztatzen den zerbitzu eginkizuna eskatzen duena senidearen zaintzaile nagusia dela eta destinoa herri berean edo herri horretatik gertuen dagoen batean izan behar duela.

Eskaeran alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu eginkizunak deuseztatu eginen dira, eskatzen ahal zaizkion erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

Salbuespenezko inguruabar horiengatik subjektu eragile bakoitzeko ondoz ondoko sei ikasturte akademikorako esleitzen ahalko da zerbitzu eginkizunetarako destinoa, gehienez ere.

6.5. Ikastetxe zehatz baterako zerbitzu eginkizunak onartuko dira kargu hautetsia izatearen ondoriozko kasuetan eta, orobat, 6.7 oinarrian jasotako ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, osasun arrazoien ondoriozko kasuetarako eta salbuespenezko inguruabarren ondoriozko kasuetarako.

Esleitzen diren gainerako zerbitzu eginkizunen kasuan, funtzionarioek lehen oinarrian ezartzen den hurrenkeran aukeratuko dute destinoa. Orobat, destinoa aukeratzeko hurrenkera apartatu bakoitzean zehazteko, honako irizpide hauei jarraikiko zaie, ondoz ondo aplikatuko baitira berdinketarik gertatzen bada:

1. Dagokien irakasleen kidegoan edo lanpostu parekatuan benetan emandako zerbitzuetan denbora gehien duena, funtzionario, lan-kontratudun edo aldi baterako administrazio-kontratadun langile gisa.

2. Nor sartu zen lehenago kidegoan (urtea).

3. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena lortu zuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik altuena erdietsi zuena.

Osasun arrazoien eta salbuespenezko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunetan, ebaluazio batzordeak zilegi izanen du baldintzak ezartzea edo eskatzaileak plazak esleitzeko ekitaldian zer plaza aukeratzen ahalko dituen erabakitzea.

6.6. Zerbitzu eginkizunetan aritzeko eskaerak:

Eskaerak aurkeztu beharko dira Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Ebazpen honen I. eranskineko eredua erabiliko beharko da.

Hala ere, funtzionarioen osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko eskaerak, txosten medikoak gutun-azal itxian aurkeztu behar direnez gero, aurrez aurre aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (San Domingo kalea z.g., Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedaturiko bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Halaber, eta seme-alabak zaintzeagatik ematen diren zerbitzu eginkizunetarako soilik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 7ko 226/2022 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze-lehiaketan destinoa erdietsi duten funtzionarioek eta seme edo alaba jaioberria dutenek, alegia, aurreko paragrafoan ezarritako epea bukatu ondoren jaiotakoa, hiru egun balioduneko epean aurkezten ahalko dute zerbitzu eginkizunetarako eskaera, lekualdatze-lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratu (www.educacion.navarra.es/eu) eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Ezarritako epeez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira baloratuko.

6.7. Ebaluazio batzordea:

Osasun arrazoien eta salbuespenezko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunen eskaerak kide hauek osatutako batzordeak ebatziko ditu:

Batzordeburua: Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia edo horrek eskuordetza ematen dion pertsona.

Batzordekidea: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria edo horrek eskuordetza ematen dion pertsona.

Batzordekidea: Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat.

Batzordekideak: hiru ordezkari, unibertsitateaz kanpoko irakasleen batzorderako azken hauteskunde sindikaletan boto gehien lortu zuten hiru sindikatuek izendatuak (bat sindikatu bakoitzeko).

Idazkaria: Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko funtzionario bat.

Batzordeak proposatzen ahalko du haren lanetan aholkulari espezialistek parte har dezatela, beren eskumeneko arloen gaineko balorazioa egin dezaten, batez ere salbuespenezko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu aholkulari horiek.

Batzordeak harturiko erabakiak, eskatzen diren zerbitzu eginkizunei dagokienez, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratuko dira (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio). Erabaki horien kontra interesdunek erreklamazioak egin ditzakete, 3 egun balioduneko epean. Erreklamazioak ebatzi ondoren, proposatutako zerbitzu eginkizunen behin betiko zerrenda argitaratuko da eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

6.8. Eskatutako zerbitzu eginkizunei uko egitea.

Interesdunek uko egiten ahalko diote zerbitzu eginkizunen eskaerari, epe hauen barruan soilik:

–Eskaerak aurkezteko epean.

–Hiru egun balioduneko epean, ebaluazio batzordeak proposatutako zerbitzu eginkizunen behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako zerbitzu eginkizunetan, hiru egun balioduneko epean, lekualdatze-lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epe horiek bukatutakoan, ukoak onartuko dira soil-soilik baldin funtzionarioak aukeratu badira beste lanpostu bat zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Behin zerbitzu eginkizunak baimenduta, ez dago haiei uko egiterik, eta funtzionarioa dagoen lanpostua eskainiko da 2023-2024 ikasturtean funtzionarioek edo aldi baterako lan-kontratudunek bete dezaten, zerbitzuaren beharren arabera. Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako zerbitzu eginkizunetan eta salbuespenezko inguruabarren ondoriozkoetan, eskatzailearen lanpostua betetzea lanpostuak aukeratzeko ekitaldian destinoa benetan aukeratzearen baldintzapean egonen da.

Zazpigarrena.–Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

Bat etorriz apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin, salbuespenez, behin betiko destinoen arteko zerbitzu eginkizun gurutzatuak baimentzen ahalko zaizkie egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionarioei, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean, salbu arau horren 1.b) apartatuan aurreikusitakoa (errege dekretu horren bidez arautu ziren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen Estatuko lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk).

Arrazoi horrengatik, funtzionarioei onartzen zaizkien zerbitzu eginkizunak ondoz ondoko bi ikasturterako izanen dira gehienez.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizunen eta prestakuntzarako zerbitzu berezien bateraezintasuna maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzen dituen Foru Dekretua).

Antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak, zerbitzu eginkizun gurutzatuak, toki-korporazio bateko kide izatearen ondoriozko zerbitzu eginkizunak eta prestakuntzarako zerbitzu bereziak bateraezinak dira maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan aurreikusitako baimenekin (Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzen dituen Foru Dekretua).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak esleitzea nahi badu, edo zerbitzu eginkizun gurutzatuak edo prestakuntzarako zerbitzu bereziak esleitzea. Orobat, funtzionarioek jadanik baldin badute 2023-2024 ikasturterako zerbitzu eginkizunik, edo 2023-2024 ikasturtean jadanik zerbitzu eginkizunak betetzen ari badira (aurreko paragrafoko kasuetako batean), edo zerbitzu bereziak, eta aipatutako baimenetako bat eskatzen badute, ukatu eginen zaie.

Bederatzigarrena.–Esleitutako destinoak argitaratzea.

Ebazpen honetan aipatzen diren funtzionarioei esleitutako destinoak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratuko dira (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio), 2023-2024 ikasturterako destinoak esleitu eta gero. Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak horretarako ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta horrek interesdunei banan-banan egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du.

II.–IKASTETXE PUBLIKOETAKO ZUZENDARITZA-KARGUDUNEN IZENDAPENA

2023ko apirilaren 14a baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuari igorriko dio ikastetxeetako zuzendaritza-karguak salbuespenez betetzeko proposatutako langileen zerrenda, eta bertan adieraziko da proposatutako funtzionarioek zer ikastetxetan duten lanpostua eta zer ikastetxeren zuzendaritza-kargudunerako proposatzen diren.

Zuzendaritza taldeen izendapena ikastetxeko zuzendaria izendatzen den epe bererako eginen da, eta, betiere, zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapen hori kargualdia bitartean haiek betetzeko moduko lanpostu hutsak egotearen baldintzapean izanen da, ikasturte bakoitzeko hezkuntza plangintzaren arabera.

III.–IRAKASLE FUNTZIONARIOEK, LAN-KONTRATADUN FINKOEK ETA LAN-KONTRATU MUGAGABEA DUTENEK LANALDI MURRIZKETAK ESKATZEKO PROZEDURA 2023-2024 IKASTURTERAKO

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko unibertsitateaz kanpoko irakasleek lanaldia heren bat, bi bosten, erdia, bi heren edo ehuneko 45 murrizteko eskaera egiten ahalko dute, betiere apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan azaltzen diren kasuetako batean eta baldintzetan badaude (Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen Foru Dekretua).

Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen, lan-kontratadun finkoen eta lan-kontratu mugagabea dutenen kasuan, 2023-2024 ikasturterako lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatu nahi izanez gero, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, 2023ko martxoaren 31 baino lehen.

Egun horren ondotik beste destino bat lortzen dutenek lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, lekualdatze-lehiaketa behin betiko ebatziko duen ebazpena Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2023ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Halaber, lanpostuen esleipenean destinoa lortzen duten irakasleek lanaldi murrizketa bat edo murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, behin 2023-2024 ikasturterako destinoen esleipena egin eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2023ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Lanaldi partzialeko lanpostu bat aukeratzen bada behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko ekitaldian, horrek berez ekarriko du lanaldia murrizteko eskaera interes partikularragatik. Interesdunak murrizketa eskatu nahi badu araudian aipatzen ez den beste arrazoiren batengatik, hiru egun balioduneko epean eskatu beharko du, destinoak esleitu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzeko, eskaera bete beharko da ebazpen honen II. eranskineko ereduaren arabera.

Epe horietako batean eskatzen diren lanaldi murrizketak 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarterako emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe hori baino lehen bukatzen bada.

Ebazpen honetan ezarritako epeez kanpo eskatzen diren lanaldi murrizketak ezin izanen dira baliatu lanaldi murrizketaren baimena jakinarazten den eguna arte, arauz ezarritako epean betiere.

Kasu guztietan, aurreko paragrafoan adierazitako lanaldi murrizketak 2024ko abuztuaren 31ra arte emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe hori baino lehen bukatzen bada.

Oinarri honetan ezarritako prozedura ez da aplikatuko lanaldia 1/6, 1/8 eta 1/4 murrizteko irakasleek egindako eskaeretan, lanaldi murrizketa horiek emateak ez baitakar ordezkapenik.

Iruñean, 2022ko abenduaren 19an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen zerbitzu eginkizunen eskaera 2023-2024 ikasturterako.

II. eranskina.–Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen, lan-kontratadun finkoen eta lan-kontratu mugagabea dutenen lanaldi murrizketaren eskaera 2023-2024 ikasturterako.

Deskargatu I. eta II. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2217298