1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
140E/2023 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baitira Determinazio Libreko Programaren onuradun diren udalerri eta kontzejuen zerrenda eta haietako bakoitzak 2023ko ekitaldian jaso beharreko diru-kopuruak, eta ordaintzeko agindua ematen baita.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eman zen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legea, Toki Inbertsioen Plana arautzen duena (2022ko apirilaren 1ean indarra hartu zuen), toki erakundeekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da bermatzea nahitaezkoak diren udal zerbitzuak Foru Komunitate osoan ematen direla.
Foru lege honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Toki Inbertsioen Plana azpiegiturak eta zuzkidurak instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko inbertsioen multzoa da; honako atal hauetan daude horiek sailkatuta: Inbertsio Programak, Toki Programazioa eta Determinazio Libreko Programa.
Foru legearen III. tituluan arautzen da Determinazio Libreko Programa. 30. artikuluan zehazten da nor izanen diren onuradunak eta zenbatekoak nola banatuko diren:
1. Determinazio Libreko Programaren onuradunak Nafarroako udalerri guztiak izanen dira, bakoitzak diru-kopuru bat jasoko baitu, dagokiona biztanle kopurua eta biztanleguneen sakabanaketa geografikoa kontuan hartuz eta urte bakoitzean funtsak duen zuzkiduraren arabera, foru lege honen IV. eranskinean ezarritako banaketa irizpideak aplikatuta.
2. Udalerri konposatuetan, kontzejuak dagozkien ekarpenen zuzeneko onuradunak izanen dira. Horretarako, udalerri konposatuei esleitutako zenbateko osoaren zati bat kenduko da, IV. eranskinean ezarritakoarekin bat, salbu eta kontzejuek adosten badute beren udalerriarekin udalerria izatea diru-kopuru horien jasotzaile eta onuradun.
Azken kasu horretan, toki-erakunde interesdunek horren berri eman beharko diote toki administrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari, hilabeteko epean, artikulu honen 3. apartatuan aipatutako ebazpena argitaratzen denetik hasita.
3. Ekitaldi bakoitzaren lehen hiruhilekoan, toki administrazioaren arloko zuzendaritza nagusiaren ebazpen baten bidez, udal eta kontzeju onuradunen eta jaso behar dituzten zenbatekoen zerrenda onetsiko da.
2022ko ekitaldian, ebazpen hori onetsi beharko da 2 hilabeteko epean foru legeak indarra hartu eta biharamunetik hasita.
4. Zenbatekoak ekitaldi bakoitzaren bigarren hiruhilekoan ordainduko dira.
Urtarrilaren 30eko 2E/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen hasiera batean Determinazio Libreko Programaren onuradun diren udalerri eta kontzejuen zerrenda eta haietako bakoitzak 2023ko ekitaldian jaso beharreko diru-kopuruak. Ebazpena 2023ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 21ekoan.
Espedientean Toki Azpiegituren Zerbitzuak 2023ko martxoaren 28an emandako txostena dago, non proposatzen baitu Determinazio Libreko Programaren onuradunen eta diru-kopuruen 2023ko ekitaldiko behin betiko zerrenda, ebazpen honen 1. eranskinean dagoena.
Txosten horretan adierazten da ezen, ebazpen hori argitaratu eta hilabeteko epean akordio batzuk aurkeztu direla, udalerri konposatuen eta kontzejuen artekoak, udalerria izan dadin zenbatekoen hartzaile eta onuradun. Zehazki, erakunde hauen akordioak dira:
Aranguren: Aranguren, Labiano, Taxoare eta Zolinako kontzejuak.
Ibargoiti: Abintzao, Idotzin, Izko eta Getzeko kontzejuak.
Oloritz: Etxague, Mendibil, Oloritz eta Soltxagako kontzejuak.
Untziti: Altzorritz, Artaitz, Zenborain, Untziti eta Zabaltzetako kontzejuak.
Esteribar: Larrasoañako Kontzejua.
Halaber, jasota daude Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren 2023ko martxoaren 28ko txostena eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren 2023ko martxoaren 29ko txostena ere.
8/2022 Foru Legearen 31. artikuluarekin bat, toki erakunde onuradunek jasotako ekarpenen aurrekontu eta kontabilitate kontrola egin beharko dute, ekitaldi bakoitzean zehazteko inbertsioen finantzaketan erabili den zenbatekoa eta, halakorik bada, erabiltzeko dagoena, zeina aurrekontuaren likidazio espedientean agertu beharko baita.
Jaso diren ekitaldia ixtean finantzatu beharreko gastu proiektuetan erabili ez diren ekarpenak diruzaintzako gerakinean sartuko dira, baliabide atxikiaren izaerarekin, zeina hurrengo ekitaldietan inbertsioak egiteko erabili beharko baita.
Toki erakunde onuradunak beharturik egonen dira eskatzen zaien informazio guztia ematera eta toki administrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiaren iritziz egin beharreko egiaztapen eta jarraipen lan guztiak onartzera.
Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Behin betiko onestea Determinazio Libreko Programaren onuradun diren udalerri eta kontzejuen zerrenda eta haietako bakoitzak 2023ko ekitaldian jaso beharreko diru-kopuruak, 1. eranskinean ageri den bezala.
2. Toki erakunde onuradunei esleitu eta ordaintzea 1. eranskinean ageri diren diru-kopuruak, 2023ko gastu-aurrekontuko "Determinazio Libreko Programa" izeneko 211000 21300 7600 261605 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau toki erakunde interesdunei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen aurka toki erakunde interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko ekainaren 20an.–Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria, Ana Rodríguez Hidalgo (kargua hutsik dagoenez, aldi baterako ordezkatzen ari da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, bat etorriz Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abuztuaren 20ko 3/2019 Foru Aginduarekin).
1. ERANSKINA.–DETERMINAZIO LIBREKO PROGRAMAREN ONURADUNEN BEHIN BETIKO ZERRENDA ETA BAKOITZAK 2023AN JASOKO DITUEN DIRU-KOPURUAK
Deskargatu eranskina (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F2309927