2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OBANOS
Ordenantza fiskala, udal hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Obanosko Udalak, 2023ko maiatzaren 3an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Udal hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Erabaki hori 2023ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 23an.
Jendaurreko epean ez zen oharrik egin, eta, beraz, ordenantza behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Obanosen, 2023ko uztailaren 5ean.–Alkatea, Arantxa Hernández Lacalle.
ORDENANTZA FISKALA, UDAL HILERRIA ERABILTZEKO ETA ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12., 13. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Obanosko Udalari dagokio hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.
2. artikulua.
Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:
a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.
b) Barne araubideari dagokion guztia.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. artikulua.
Udalak bere gain hartuko du hilerriaren antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko ardura, eta ordenantza honetan xedatutako hileta-zerbitzuak egiteko eskumena duen bakarra izanen da. Hortaz, debeku da udalaz kanpoko hileta-enpresek egitea lan horiek.
Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Obanosko Udalari egin behar diote eskaera.
Edozein motatako lanak, lur-mugimenduak eta obrak, oro har, egiteko, udalaren aldez aurreko baimena beharko da.
4. artikulua.
Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, gidazakurrak izan ezik.
5. artikulua.
Hilerrian, lur eman dakioke ehorzteko ekartzen den gorpu orori, baldintza hauetako bat betez gero:
a) Heriotza egunean Obanosen erroldatutako herritarren hilotzak.
b) Nahiz eta goiko baldintzak ez bete, aurrekoak, ondorengoak, ezkontidea edo izatezko bikotekidea Obanosko hilerrian lurperatuta dituztenen hilotzak. Ehorzketa eginen da hildakoaren ahaidea dagoen lekuan.
Halaber, legezko tramiteak bete behar dira eta, ehorzteko eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu behar dira.
Obanosko Udala arduratuko da lekua prestatuta edukitzeaz ehorzketarako.
6. artikulua.
Ezin izanen da jarri zementuzko itxiturarik edo lauzarik, ez eta apaingarririk edo ofrendarako elementurik ere, ehorzketa unitateetatik kanpo edo pasabide eta pasealekuetan. Mota horretako elementuak hilarriaren erlaitzean jarri beharko dira, halakorik badago.
Hilarriak ehorzketaren buruan jarriko dira, horman edo, halakorik ezean, lurzoruan, edo tripode batez, makinekin pasatu beharraren ondorioz mugitu behar denean.
Ordenantza honen onespenak ez dakar berarekin hilobien gainean jada jarrita daudenak kendu beharra, beharrezko kasuetan izan ezik.
7. artikulua.
Udalak ez du inolako erantzukizunik bere gain hartuko hilerriaren esparruan gerta daitezkeen lapurretengatik edo kalteengatik.
8. artikulua.
Titularren ardura da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan mantentzea.
Kontserbazio egoera egokia ez denean, Udalak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzaten hori konpontzeko. Epe hori iraganik, Udalak eginen ditu lan horiek modu subsidiarioan, eta sortzen den kargua titularrei pasatuko die.
9. artikulua.
Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik amai daitezke:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.
II. KAPITULUA.–EHORZKETAK, HOBITIK ATERATZEAK ETA LEKUALDATZEAK
10. artikulua.
1.–Hilotzak edo gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraituko zaie.
2.–Lekua aurreztu beharrez, familia batek baldin badauka ehorzketa bat gutxienez 10 urte lehenago egindakoa, beharturik dago leku horretan egitera ehorzketa berria. Ezin izanen da erabili beste leku bat.
Azken ehorzketatik ez badira iragan 10 urte, ehorzketa beste leku batean egiten utziko da. Kasu horietan, 10 urte iragan ondoren lehenengoa ehortzi zenetik, nahitaezkoa izanen da gorpuzkiak familia hilobira eramatea.
3.–Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; beste gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.
4.–Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak atera edo ehorzteko, hilerri honetara edo beste hilerri batera eraman nahi direnean, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua).
Nolanahi ere, osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.
11. artikulua.
Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da.
Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.
12. artikulua. Ehorzketa berriak egiteko desehorzketak.
Libre dauden eremuak agorturik, hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da, eta hurrenkera hori ezin izanen da aldatu, jada badiren panteoien kasuan izan ezik, panteoiaren jabea den familiak argi adierazten badu bertan ehortzi nahi dituela hildako senideak.
Hobitik ateratzen hasi baino lehen, saiatu beharko da familiakoei behar besteko aurrerapenez jakinarazten.
13. artikulua.
Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ezin izanen da lur berria okupatu; hildako senide baten beste hilobi batean jarri beharko dira.
14. artikulua.
Udalak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean kolunbarioak egiteko, horietan hilkutxak edo hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxatilak, ontziak etab.).
Horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.
15. artikulua.
Hilotz erraustuen kutxatilak edo ontziak beste hilobi batek okupatutako lur eremuan ehorzten ahalko dira, baldin eta hildako senide batena bada, eta okupatutako hilobiaren titularrarengandik hurbilena den familiak eskatzen badu.
III. KAPITULUA.–HILERRIKO HILOBIEN ERREGISTROA
16. artikulua.
Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortzen da, eta honako hauek jasoko ditu:
a) Hilobien identifikazioa.
b) Ehorzketa eguna.
c) Zenduaren izen-abizenak.
d) Eskualdaketak, adierazita data, titular berriaren datuak eta eskualdaketaren zioa.
e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: hilotza den pertsonaren izen-deiturak, eta jarduketaren eguna.
f) Gorabeherak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen beste gertaera oro.
Obanosko Udaleko Idazkaritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko ditu datuen segurtasuna bermatzeko, eta horiek aldatzea, galtzea edo inor sartzea eragozteko.
Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez.
IV. KAPITULUA.–TASAK
17. artikulua. Zerga-egitatea.
Tasen zerga-egitatea da udal hilerriaren zerbitzua eta bestelako ehorzketa-zerbitzuak egitea.
Orobat, tasan zerga-egitatea da hilerria erabiltzea, nahiz eta ordenantza honetan araututako zerbitzuak subjektu pasiboek beren kontura egin.
Zerbitzu horiek dira, hain zuzen: ehorztea (ordenantza honetako 5. artikuluan xedatutako kasuetan), hobitik ateratzea eta hilerriko beste lan batzuk.
Hilobi bakarrean aldi berean bi hilotz edo gehiago edo gorpuzkiak ehorztea zerga-egitate bakartzat joko da.
18. artikulua. Subjektu pasiboak.
Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.
19. artikulua. Zenbatekoa eta sortzapena.
Zerga-kuota izanen da Obanosko Udalak bere tasa eta prezio publikoetan urtero onesten dituen zenbateko finkoei dagokiena. 2023an aplikatuko dira, hain zuzen, ordenantza honetako I. eranskinean ezarritako zenbateko finkoak.
Interesdunak zerbitzua ematen zaionean ordaindu beharko du tasa.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Hilotzen gaineko osasunari buruzko urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honen aldaketa indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.
I. ERANSKINA.–2023RAKO TASEN ZENBATEKOAK
1.–Ehorzketak.
–Lurrean ehorztea:
- Gorpua, 200 euro.
- Gorpuzkiak, 75 euro.
- Errautsak, 60 euro.
–Nitxoan ehorztea:
- Gorpua, 125 euro.
- Gorpuzkiak, 75 euro.
–Kolunbarioa (errautsak): 60 euro.
–Panteoian ehorztea:
- Gorpua, 200 euro.
- Gorpuzkiak, 75 euro.
- Errautsak, 60 euro.
2.–Hobitik ateratzeak.
–Identifikatutako gorpuzkiak ateratzea:
- Lurpetik, 115 euro.
- Nitxotik, 80 euro.
- Panteoitik, 115 euro.
–Identifikatu gabeko gorpuzkiak ateratzea:
- Lurpetik, 90 euro.
- Nitxotik, 65 euro.
- Panteoitik, 90 euro.
–Gorpuzkiak ateratzea, errausteko:
- Batendako, 75 euro.
- Taldea, 100 euro.
3.–Beste nonbaiten ehorztea hilerri bereko beste hilobi batzuetatik datozen gorpuzkiak: kasua zein den, hari dagozkion bi tasak ordaindu beharko dira; ehorzketa-tasa eta hobitik ateratzekoa, alegia.
4.–Hilerriko beste lan batzuk. Horien kostua eskatzailearen gain geldituko da.
Iragarkiaren kodea: L2310353