148. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 21ean hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, plan berezi hau gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia, Iruñeko Udalak sustatua.

Eslava kaleko 7. zenbakiko jabeen erkidegoak eskaturik, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2019ko abuztuaren 12an, hasiera batez onetsi zuen Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko hirigintza jarduketarako Plan Berezia.

Iruñeko Udalak 2020ko azaroaren 5ean egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen plan berezi hori eta, horrekin batera, haren onura publikoa deklaratu zen, baita beheko solairuan dagoen lokala okupatu beharra ere. Horrekin desjabetze prozedurari hasiera eman zitzaion, administrazio jardule gisa, eraikin horretako jabeen erkidegoaren onurarako.

Iruñeko Udalak 2021eko martxoaren 4an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen Eslava kaleko 7. zenbakiko eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Bereziaren behin betiko onespenak ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatza, desjabetzearen ondorioz.

Erabaki hori jakinarazi eta argitaratu ondoren, 2021eko ekainaren 3ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta erabaki zen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara zezala desjabetzeak ukitutako ondasunen okupazioa.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen erkidego baten onurarako, baldin eta haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) nagusiki bizitegietarako erabiltzen diren eraikuntzetan. Horrelakoetan, proiektua plan berezi baten bidez tramitatuko da, txosten teknikoa eta justifikazio memoria behar dituena. Iruñeko Udalak tramitaturiko espedientean agiri horiek jaso dira.

Nafarroako Gobernuak 2021eko abuztuaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez deklaratzen da presakoa dela, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, plan berezi hau gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia, Iruñeko Udalak sustatua.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2021eko azaroaren 15ean hartutako 2015. Ebazpenaren bidez, hein batean onetsi zen Iruñeko Udalaren 2020ko azaroaren 5eko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Erabaki horren bidez, behin betiko onetsi zen Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakian dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko hirigintza-jarduketako Plan Berezia.

Ondoren, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2022ko maiatzaren 5eko 1049. Ebazpenaren bidez, hein batean onetsi zen Iruñeko Udalaren 2021eko ekainaren 3ko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa. Erabaki horren bidez, behin betiko onetsi zen desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Errekurtsoa hein batean onesten da, soilik, jarduketak atzera eraman daitezen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda egin zen unera arte, errekurtsoaren egilearen eskubideetan eragina izan dezaketen aldi baterako okupazioa eta beste ukipen batzuk zerrenda horretan sartzeko xedearekin.

Iruñeko Udalaren 2022ko apirilaren 7ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zen desjabetzeak ukitutako titular, ondasun eta eskubideen zerrenda zabaltzea, eraikinean aurreikusitako aldi baterako ukipenak eransteko. Erabaki hori 2022ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ekoan.

Erabaki hori jakinarazi eta argitaratu ondoren, Iruñeko Udalaren 2022ko irailaren 9ko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen desjabetzeak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda zabaltzea, eta erabaki zen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara zezala desjabetzeak ukitutako ondasunen okupazioa, gehitutakoena barne. Erabakia 2022ko urriaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara.

Egun ere bere horretan diraute Nafarroako Gobernuaren 2021eko abuztuaren 25eko Erabakiaren bidez Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakian dagoen eraikinean arkitektura-oztopoak kentzeko plan berezia gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen presako okupazioa deklaratzea eragin zuten arrazoiek. Era berean, espedientean bada Udaleko idazkari teknikoaren ofizio bat, non adierazten baita frogatuta dagoela Eslava kaleko 7. zenbakiko jabeen erkidegoak baduela balio justuaren zenbatekoa ordaintzeko beharrezkoa den kreditua.

Horrenbestez, Iruñeko Udalak eskaturik, txosten juridikoa ikusirik, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela Iruñeko Eslava kaleko 7. zenbakiko eraikinean oztopo arkitektonikoak kentzeko Plan Berezia gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Plana Iruñeko Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko ekainaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2309851