148. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 21ean hartua, "Ezkurrako (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua" izeneko lanetarako proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Navarra de Infraestructuras Locales SA (NILSA) enpresak Ezkurrako Udalarekin lankidetza erregimena du, eta 2023ko apirilaren 3an Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari eskatu zion 2023ko otsailaren 10ean Ezkurrako Udalak onetsitako "Ezkurrako (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua" izeneko proiektuaren informazio publikoa, bai eta proiektuak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Izan ere, informazio hori beharrezkoa da Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak ezarritako desjabetze prozedurari ekiteko. Horren guztiaren onuradun izanen da Ezkurrako Udala.

Udalaren zerbitzu publikoa izanik, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak berekin dakar hartzen dituzten ondasunen onura publikoaren deklarazioa eta ondasun horiek okupatu behar izatea, nahitaezko desjabetzea egiteko. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak apirilaren 5ean emandako 71/2023 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Ezkurrako Udala ezarri zen desjabetze espedientearen onuradun.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak maiatzaren 29an emandako 184/2023 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespenak berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra.

Presakoa da "Ezkurrako (Nafarroa) hondakin-uren tratamendua" proiektua gauzatzeagatik ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa; izan ere, Ezkurrako urak behar bezala araztu behar dira, gaur egun inongo tratamendurik gabe isurtzen baitira Aztun errekara (Ezkurra ibaiaren ibaiadarra). Hori dela eta, proiektuan jasota dago hondakin-uren araztegi bat egitea, honako ezaugarri hauekin: grabitate bidezko sarrera-hustubide bat, lehen mailako dekantazioa (lehen mailako Imhoff batekin), tratamendu biologiko bat (din-don gisakoa), bigarren mailako dekantazioa (bigarren mailako Imhoff batekin) eta hezegune artifizial bat. Horrez gain, NILSAk presako izaeraren justifikazioan adierazten duenez, "proiektua NILSAren 2022ko Jarduketa Planaren barruan programatu eta onetsi zen. Plan hori oinarrituta dago 2019ko maiatzaren 8an Nafarroako Gobernuak onetsitako "Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo osoaren Plan Zuzentzailea - Goi Saneamendua" izenekoan".

Nafarroako Gobernuak, NLSAk alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakotzat deklaratzea "Ezkurrako (Nafarroa) hondakin­uren tratamendua" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau jakinaraztea Navarra de Infraestructuras Locales SA (NILSA) enpresari eta Ezkurrako Udalari.

Iruñean, 2023ko ekainaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2309849