148. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 21ean hartua, Urozko Oroimenezko Parkea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu eta dagokion erregistroan inskribatzen duena.

2018ko abenduaren 31n, Nafarroako Aldizkari Ofizialean onetsi zen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legea, helburu duena Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta hedapena arautzea, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Foru lege horretan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita foru legean eskatutako betebeharrak betetzen dituzten toki edo gune fisikoak Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko erabakiarekin.

Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko idatzoharra egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako, nahitaezko desjabetzea eta bide-zortasuna barne.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen ondoriozkoa da; izan ere, hura aplikatzearen ondorioz sortu du Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, horretarako organo eskuduna baita, erregistro hori, foru lege horretako 6.2 artikuluan eskatzen diren betekizunak zorrotz betetzen dituena.

Abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzkoak, 7.a) artikuluan ezartzen du horretarako prozedura, eta hari jarraikiz, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak 3/2023 Ebazpena eman zuen apirilaren 27an, Urozko Oroimenezko Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen zuena. Prozedurari hasiera emateko ebazpen hori 2023ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 9koan, behar diren ondorioak izan ditzan. Epe hori iragan da, eta ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Aldi berean, Bakearen, Urozko Oroimenezko Parkeari buruzko prebentziozko idatzoharra egin zen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, hura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa erregistratuta, honako izendapen honekin: LM-2023-0002 zenbakia-Urozko Oroimenezko Parkea.

Aipatu 7. artikuluko e) letran ezarritako prozedurari jarraikiz, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoari igorri zitzaion, egoki joz gero ezarritako epean eman zezan aldeko txostena, nahitaezkoa eta kasuan kasuko deklaraziorako eta inskripziorako loteslea. Behin espedientea aztertuta, Batzordeak aldeko txostena eman zuen 2023ko ekainaren 13an, eta, hala, irekita utzi zuen bidea Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariak proposaturik, erabaki bidez deklaratu eta inskribatu dezan Urozko Oroimenezko Parkea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Urozko Oroimenezko Parkea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzea.

2. Toki hori Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzea, inskripzio zenbaki hau duela: LM-2023-0002 zenbakia-Urozko Oroimenezko Parkea.

3. Urozko Oroimenezko Parkeari aplikatzea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen III., IV. eta V. tituluetan ezarritako babeserako eta zainketarako araubide orokorra, Nafarroako memoria historikoaren tokien zabalkundea eta hedapena egiteko neurriak eta zehapen araubidea, eta aplikatzea, halaber, 3/2023 Ebazpenean, apirilaren 27koan, zehaztutako berariazko araubidea ere, ebazpen horren bidez hasiera eman baitzitzaion Urozko Oroimenezko Parkea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedurari.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Erabaki hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren Zerbitzuari.

6. Erabaki hau Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalari jakinaraztea, eta adieraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko ekainaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2309848