2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FITERO
Udalbatzako kideen ordainsariak
Fiteroko Udalak, 2023ko ekainaren 22an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, bat etorririk apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluarekin (Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legea) eta azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 13. artikuluarekin (errege-dekretu horren bidez onetsi zen Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua):
ERABAKITZEN DUT:
Ordainsari, bilkura-sari eta kalte-ordainen sistema hau ezartzea Fiteroko Udaleko alkatearentzat eta zinegotzientzat:
Lehenbizikoa.–Alkatearen dedikazio osoa ezartzea, urtean 32.000 euro gordineko ordain ekonomikoarekin. Hileko ordainsaria 2.666 euro gordinekoa izanen da, hamabi pagatan, aparteko sarien hainbanaketa barne. Zenbateko horiei legez dagozkien atxikipenak aplikatuko zaizkie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta Gizarte Segurantzako langile kuotari dagozkienak; Udalak bere gain hartuko du enpresa kuotaren ordainketa.
Bigarrena.–250 euroko saria ezartzea zinegotzientzat, Udaleko osoko bilkuretara joateagatik. 200 euroko saria ezartzea zinegotzientzat, informazio batzordeetara eta Kontuen Batzorde Bereziaren bileretara joateagatik.
Hala ere, zinegotzi bakoitzak gehienez ere 3.000 euro kobratzen ahalko ditu urtean, osoko bilkuretara eta batzordeetara joateagatik.
Hirugarrena.–Alkateak eta zinegotziek kalte-ordainak eskuratzeko eskubidea dute karguan aritzeko benetako gastuen ordainetan, Nafarroako administrazio publikoetako langileentzat urtero ordainsari arloetan ezartzen diren baldintza eta zenbatekoen arabera, baldin eta gastu horiek behar bezala baimendu eta justifikatzen badira.
Fiteron, 2023ko ekainaren 23an.–Alkatea, Miguel Aguirre Yanguas.
Iragarkiaren kodea: L2309831