148. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udaltzainburua. Izendapena

Udal honetako alkateak, 2023ko ekainaren 20an, 805. Ebazpena eman zuen. Hona hemen testua:

2023ko ekainaren 17an, Mikel Astiz Azagrak Burlatako udaltzainburu kargua utzi zuen, izendatu zuen organoak bere agintaldia amaitu zuenean.

Zerbitzuaren egoera ikusirik, alkatetzak beharrezkotzat jotzen du udaltzainburu berri bat izendatzea, Burlatako Udaltzaingoaren zerbitzuak behar bezala funtziona dezan, eta Mikel Astiz Azagra izendatzea proposatu du.

Nafarroako poliziei buruzko 23/2018 Foru Legearen 29. artikuluak honako hau dio:

"Udaltzaingo bakoitzeko buruaren izendapena Nafarroako Polizietako kideen artetik eginen da, eta hala izendapen hori nola kargutik kentzea toki entitateari dagozkio, Toki Administrazioari buruzko legedian xedatutakoaren arabera eskuduna den organoaren bidez."

Kontuan hartuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 34. eta 35. artikuluak, behin-behineko langileentzat izendapen askeko lanpostuei buruzkoak.

Legeak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. 2023ko ekainaren 17an bukatutzat ematea Mikel Astiz Azagraren izendapena Burlatako udaltzainburu karguan, izendatu zuen organoak bere agintaldia amaitu baitzuen.

2. Mikel Astiz Azagra izendatzea Burlatako udaltzainburu, izendapen askeko behin-behineko langile gisa, ekainaren 18tik aurrera. Izendatu zuen organoak nahieran kentzen ahalko du kargutik.

3. Deklaratzea Mikel Astiz Azagra zerbitzu berezietan dagoela, Burlatako Udaleko agente lehenaren 11.7 plazan, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 24. artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

4. Jaso beharreko ordainsariak eta lan-baldintzak izanen dira 2019ko uztailaren 25eko osoko bilkura berezian onetsitakoak udaltzainburu lanposturako, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 104.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Artikulu horren arabera, behin-behineko langileen kopurua, ezaugarriak eta ordainsariak udalbatza bakoitzeko osoko bilkurak zehaztuko ditu agintaldiaren hasieran.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6. Erabaki honen berri ematea interesdunari, Kontu-hartzailetza Departamentuari, Polizia Departamentuari, gainerako udal-zerbitzuei eta Indarra Asesores aholkulariei, jakinaren gainean egon daitezen eta erabakiak dagozkion ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2023ko ekainaren 22an.–Alkatea, Berta Arizkun González.

Iragarkiaren kodea: L2309755