148. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

53/2023 FORU DEKRETUA, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak, 2015ean 193 herrialdek ezarritakoak, nazioarteko erkidegoak pertsona guztientzat erdietsi beharreko 17 helburu ezartzen ditu, eta hori jasangarritasunez eta ekitatez egiten du. Horretarako, funtsezko elementu bat da herritarren parte-hartzea bermatzea.

Espainiako Konstituzioan gizarte eta ekonomia arloan jasotzen diren printzipio gidarien barnean, 48. artikuluak xedatzen du botere publikoek sustatuko dituztela gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean modu libre eta eraginkorrean parte hartzeko baldintzak.

Nafarroako Foru Komunitateak erabateko eskumena du gazteentzako politikaren arloan, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eskumenen esleipen horren babespean, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legea onetsi zen, xede duena gazteei zuzenduriko politika publiko berdinzaleak arautzea gazteen autonomia errazteko eta sustapen eta parte-hartze sozialerako eta norberaren garapenerako baldintza egokienak bermatzeko, hori guztia herritar gazte konprometituak, arduratsuak, osoak eta aktiboak lortzeko bidean aurrera egin nahian.

Bestalde, martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legean, Nafarroan Parte-hartze Demokratikoa izateari buruzkoan, jasotzen diren printzipio gidarien artean ezartzen da, herritarrek protagonismoa eduki ahal izatea politika publikoetan, Nafarroako herritarrek politikan, kulturan, ekonomian eta gizartean parte hartu ahal izatea, eta Nafarroako gizartean kultura parte-hartzaile eta deliberazioko bat garatu ahal izatea.

Gazteriaren arloan, jarduketa publikoaren printzipio gidarietako bat da gazteentzako politika publikoak garatzean gazteen parte-hartzea izatea, eta hura bultzatzeko, apirilaren 1eko Gazteari buruzko 11/2011 Foru legeak, 31. artikuluan, agintzen du arlo horietan eskudunak diren departamentuek hainbat neurri hartu behar dituztela, esaterako ingurune egokia sortzea partaidetza modu berriak eratzeko, gazteak herritarren parte-hartzearen kulturan heztea, gazteei zuzendutako kanpainak eta ekintzak sustatzea, arreta handiagoa jarriz agerpen eta ordezkaritza gutxiago duten taldeetan.

Bestalde, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean, jarduera-printzipioen artean, herritartasun aktiboari, ahalduntzeari eta parte-hartzeari dagokienez, berdintasuna sustatzeko politika publikoetan berdintasunaren eskubidea bermatzeko eta berdintasuna bultzatzeko mekanismoak ezartzeko premia jasotzen da. Halaber, emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea kontuan izan behar da gazteei zuzendutako politika publikoak ezartzeko garaian.

Gazteriari buruzko Foru Legeak garrantzi berezia aitortzen dio Nafarroako Gazteriaren Kontseiluari, gazteen erakundeen ordezkaritzarako organo goren modura. Haren funtsezko xedea da gazteen parte-hartzea sustatzea Nafarroako Foru Komunitateko garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean, bai eta gazteen eskubideak zaintzea ere, bereizkeriarik eta bazterketarik izan ez dezaten eta erabat gara daitezen.

Elkarteak gizarteratzeko eta gai publikoetan parte hartzeko tresna dira eta, horregatik, funtsezko zeregina betetzen dute gizarte-jarduerako hainbat esparrutan. Horrela, gazteen elkarteak dira Nafarroako gazteek beren intereseko jarduerak modu kolektiboan garatu eta, aldi berean, botere publikoetara beren eskaerak helarazi ahal izateko bidea, botere publikoek aintzatetsi ditzaten arloko politika ezberdinak zehaztu eta garatzeko orduan.

Nafarroako Foru Erkidegoko Gazteriaren Kontseilua sortzeko apirilaren 18ko 110/1986 Foru Dekretuaren eta aurrekoa aldatzen duen abenduaren 27ko 300/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak bere jarduera garatzeko araudi esparrua arautu da. Gazteen asoziazionismoa sustatzeko, berau hobeki gara dadin laguntzeko eta gizartean duen eginkizunari merezi duen ikusgaitasuna emateko, ezinbestekotzat jotzen da Nafarroako Gazteriaren Kontseilua behar bezala arautzea, pertsona gazteen parte-hartzerako tresna gisa.

Gazteriari buruzko Foru Legeko 35.5. artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arauz zehaztuko dira. Halaber, foru lege horren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuari eta gazteriaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari, foru lege hau aplikatu eta garatzeko eska daitezkeen erregelamendu-xedapenak eman ditzaten.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 21ean egindako saioan hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren izaera, araubide juridikoa, osaera, antolaketa eta funtzionamendua funtsezko moduan arautzea.

2. artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Gazteriaren Kontseilua zuzenbide publikoko erakundea da, oinarri asoziatibo pribatua duena. Nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa bere helburuak betetzeko. Ez dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan.

2. Nafarroako Gazteriaren Kontseilua, nagusiki, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez izanen da harremanetan Nafarroako Foru Komunitatearekin.

3. artikulua. Helburua eta eginkizunak.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren helburuak eta eginkizunak Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/ 2011 Foru Legeko 35. artikuluan, eta etorkizunean hura ordeztuko duen araudian ezarritakoak izanen dira.

II. KAPITULUA.–OSAERA

4. artikulua. Kidetza.

Nafarroako Gazteriaren Kontseilua kide hauek osatzen dute:

a) Eskubide osoko kidetza.

b) Kidetza behatzailea.

5. artikulua. Eskubide osoko kidetza.

1. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko eskubide osoko kide izan ahalgo dira jarraian adierazten diren erakundeak, aitzinetik eskatuta, baldin eta, legez osatuta badaude eta beren jarduerak, osorik edo zati batean, Nafarroan garatzen badituzte:

a) Berezko antolaketa duten gazteen elkarteak eta kolektiboak, beren esparrua Nafarroako Foru Komunitatea bada eta, gutxienez, 25 bazkide edo pertsona elkartu badituzte.

b) Gutxienez, gazteen hiru elkarte edo kolektiboz osatutako federazioak, berezko antolaketa dutenak eta beren kabuz ezarriak, eta, gutxienez, guztira, 50 bazkide edo pertsona elkartu badituzte. Kontseilura Federazio bat batzeak ez dakar hango kideak modu bereizian hara gaineratzea.

Halaber, kanpoan geratuko dira kideen artean Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko eskubide osoko kideak dituzten elkarteetako federazioak.

c) Gainerako elkarteetako gazte atalak, betiere, betekizun hauek betetzen badituzte:

c.1) Zehazki gazteen gaietarako, estatutuetan, berezko autonomia funtzionala eta gobernua aitortuta dituztenak.

c.2) Gazte ataleko kideak boluntarioak izatea, berariazko kidetza egintza bidez.

c.3) Gutxienez 1. a) atalean zehazten den ezarpena eta bazkide edo pertsona elkartu kopurua izatea.

d) Gazteei zerbitzuak ematen dizkieten zerbitzuak, gazteei zerbitzuak emateko xedez eratuak, edozein izanik urtean gutxienez 250 gazteri zerbitzua ematen dieten bazkide edo pertsona elkartu kopurua.

e) 2.000 biztanletik gorako udalerritan eratutako gazteen tokiko Kontseiluak edo 3 udalerri edo gehiago barne hartzen dituzten eskualdeko Kontseiluak.

f) Nafarroan finkatutako Unibertsitateetako ikasleen ordezkariak.

g) Nafarroako Eskola Kontseiluko ikasleen ordezkariak.

h) Beren jarduerak osorik edo gehienbat Nafarroan garatzen dituzten gazteen erakundetako ordezkaritzak, berezko antolaketa dutenak eta, gutxienez, 25 bazkide edo pertsona elkartu dituztenak; betiere, legez izen emanda badaude dagokion erregistroan.

2. Erakunde horietako pertsona delegatuek hitzez eta botoz parte hartzen ahalko dute Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren Batzar Nagusian. Gainera, gobernu-organoetarako bere erakundeetako hautagaitzak proposatzen ahalko dituzte.

6. artikulua. Kidetza behatzailea.

1. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluan erakunde behatzaile modura onartzen ahalko dira hala eskatzen duten gazteen erakundeak, edo eskubide osoko kide izateko betekizunen bat betetzen ez dutenak. Izaera berdina izanen dute, kide izan gabe, Foru Komunitatean jarduera mantentzen duten gazteen mugimenduek, hala eskatzen badute noski.

2. Erakunde horietako ordezkariek hitza izanen dute, baina ez botorik, batzar nagusian eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak antolatutako edozein jardueratan. Gainera, aukera izanen dute Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak bere kideen bitartez ematen dituen zerbitzu guztiak jaso eta erabiltzeko. Ez dute gobernu-organoetarako beren erakundeetako hautagaitzarik proposatzen ahalko.

7. artikulua. Sarrerarako beharrezkoa den dokumentazioa.

5. eta 6. artikuluetako betekizunak betez, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko kide izan asmo duten erakundeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko Batzorde Iraunkorrera bideratutako eskaera, onarpena eskatuz eta eskubide osoko kide edo behatzaile izan nahi duten zehaztuz.

b) Erakunde eskatzailean idazkaritza lanak egiten dituen pertsonak igorritako ziurtagiria, pertsona elkartu kopurua egiaztatzekoa, edo Batzorde Iraunkorrak, gazteriaren arloan eskuduna den departamentuaren aurrean, hura jasotzeko berariazko baimena.

c) Erakunde egiaztatzailearen legezko ordezkaritzaren adierazpen arduratsua, bere jardunak Konstituzioan adierazten diren askatasun, justizia, berdintasun eta pluralismo politikoko balio gorenekin bat datozela eta Giza Eskubideak errespetatzen dituztela adieraztekoa.

8. artikulua. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko kide diren erakundeen eskubideak.

Honako hauek dira Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko kide diren erakundeen eskubideak:

a) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak burutzen duen jarduerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

b) Kontseiluak parte hartzen duen jardueratan parte hartzeko eskubidea.

c) Gutxienez 15 egun lehenago, Batzar Nagusiko bilkuren deialdia eta gai-zerrendako edukia jasotzeko eskubidea.

d) Batzar Nagusiko saioetako eztabaidetan dagokion pertsona delegatu kopuruarekin parte hartzeko eskubidea.

e) Asanbladako gai-zerrendan barneratzeko gaiak proposatzekoa, eta galde-eskaerak egitekoa.

f) Barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamenduaren bidez zehazten diren bestelako eskubideak.

9. artikulua. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko kide diren erakundeen betebeharrak.

Honako hauek dira Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko kide diren erakundeen betebeharrak:

a) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren arauak betetzea eta gobernu-organoek hartutako erabakiak errespetatzea.

b) Nafarroako Gazte Kontseiluaren mantenuari ekarpen ekonomikoa egitea Batzar Nagusian onartuko diren kuoten bidez, baleude.

10. artikulua. Erakunde kide izaera galtzea.

1. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko kide izateari utziko zaio arrazoi hauetakoren bat ematen denean:

a) Erakunde kidea, zuzenbidearen arabera, desegitea.

b) Eskumeneko organoaren bidez erakunde kideak hartutako erabakiaren ondorioz.

c) Erakundeko pertsona delegatu guztiak ohiko bi batzar nagusietara modu jarraituan eta justifikaziorik gabe ez bertaratzea.

d) Kuotak ez ordaintzea, baleude.

e) Onartzeko eskatutako edozein betekizun gerora ez betetzea.

2. Batzorde Iraunkorrak kidetza galtzearen adierazpenari hasiera emanen dio, ofizioz, edo Kontseiluko kide diren edozein erakundek adierazita, deskribatzen diren arrazoiak hautematean, eta erakunde interesatuak 15 egun naturaleko epea izanen du ohartarazitako ez-betetzeak ebazteko edo ez bertaratzeak behar bezala justifikatzeko. Ebatzi ezean edo justifikazioa behar bestekoa izan ezean, kide izaera galdu eginen da, eta horren berri eman beharko da hurrengo batzar nagusian. Gutxienez 12 hilabete igaro beharko dira kide izaera galtzen denetik berriro sartzeko eskaera egiten den arte.

III. KAPITULUA.–ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

11. artikulua. Gobernu organoak.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak honako gobernu-organo hauek izanen ditu:

1. Osaera kolegiatua:

a) Batzar Orokorra.

b) Batzorde Iraunkorra.

c) Bermeen Batzordea.

2. Pertsona bakarrekoak:

a) Presidentea.

b) Presidenteordea.

c) Idazkaria.

d) Diruzaina.

3. Edozein kasutan, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko organoan emakumeen presentzia bermatu eginen da, berdintasun arloan indarrean den araudian xedatzen denarekin bat etorriz. Hori dela eta, bi ordezkari izendatzen direnean, modu paritarioan egin beharko da izendapena, eta bi baino gehiago izendatuz gero, emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa errespetatuko da.

4. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, Batzorde Iraunkorreko kideak hautatzeko, edonolako zailtasun gehigarriak dituzten kolektiboen inklusiboa sustatzeko ekintza positiboko ekintzak jasoko ditu, pertsona gazte guztien eskubide aldetiko berdintasuna ahalbidetze aldera.

12. artikulua. Batzar Nagusia.

1. Batzar Orokorra da Nafarroako Gazte Kontseiluaren parte hartzeko organo gorena, eta kide izaera duten erakunde guztien ordezkaritzarekin dago eratua.

2. Batzarra behar bezala era dadin, saioak egite aldera, lehendabiziko deialdian eskubide osoko kide diren erakundeetako pertsona delegatuen erdia gehi bat bertaratu beharko da. Bigarren deialdian, ordubete beranduago, ez da eskubide osoko kide diren erakundeetako pertsona delegatuen gutxieneko kopururik ezarriko.

3. Batzar Orokorra erakunde kideetako pertsona delegatuekin osatuko da. Pertsona horiek barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamenduan zehaztuko den ordezkagarritasun-irizpide honen arabera bertaratuko dira:

a) 5. artikuluan, 1. atalean, a), b) eta c) hizkietan jasotako erakundeek izanen duten pertsona delegatu kopurua bat eta zazpi artekoa izanen da, bazkide edo pertsona elkartu kopuruaren arabera.

b) 5. artikuluan, 1. atalean, d) eta e) hizkietan jasotako erakundeen kasuan, erakunde edo Kontseilu bakoitzeko bi pertsona delegatu.

c) 5. artikuluan, 1. atalean, f), g) eta h) hizkietan jasotako erakundeen kasuan, erakunde bakoitzeko bi pertsona delegatu.

4. Pertsona delegatu guztiak gazteak izan beharko dira, 14-30 urte bitartekoak, biak barne.

5. Batzar Orokorrak ondoko zereginak izanen ditu:

a) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren jardute-ildo nagusiak erabakitzea eta, hala badagokio, beste organo batzuek edo erakunde kideren batek horretarako egindako proposamenak onartzea.

b) Urteko laneko programa eta burututako jardueren urteko memoria onartzea, Batzorde Iraunkorrak proposatuta.

c) Urteko aurrekontua eta iragandako ekitaldiko kontuen likidazioa onartzea, Batzorde Iraunkorrak proposatuta.

d) Eskubide osoko kide diren erakundeko ordezkarien artean, Batzorde Iraunkorreko presidentea, presidenteordea, diruzaina, idazkaria eta batzarkideak hautatzea, eta karguari berez dagozkion betebeharrak urratzen dituztenean, horiek kargutik kentzea adostea, argudioak emanda, aitzinetik pertsona interesatuari entzunaldia eskaini ondoren.

e) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua onartzea.

f) Batzorde iraunkorrak igorritako txostenen gaineko ezagutza izatea.

g) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko kide izaera hartu edota galtzeko prozedura ebaztea.

h) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluari dagozkion eta bertako beste organo batzuei berariaz egotzita ez dagoen beste edozein.

6. Ohiko Batzar Nagusia urtean behin elkartuko da; eta ezohiko moduan Batzorde iraunkorrak edo eskubide osoko kide diren erakundeen herenak hala eskatzen dutenean.

7. Batzar Nagusiko erabakiak bileran dauden pertsona delegatuen gehiengo soilez hartuko dira. Ezohiko moduan, barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua onartu eta aldatzeko, presidentea hautatzeko, ordezkaritza-organoetako kideen balizko ordainsariak ordaintzeko eta ondasunak erabili edo besterentzeko, ezinbestekoa izanen da bilkuran dauden eskubide osoko erakunde kideen botoren bi herenak osatutako gehiengoa. Berdinketa egonez gero, presidentearen kalitateko botoarekin hautsiko da berdinketa hori.

13. artikulua. Batzorde Iraunkorra.

1. Batzorde Iraunkorra da Nafarroako Gazte Kontseiluaren zuzendaritza-organoa eta betearazlea, eta Batzar Nagusiak hautatutako honako pertsona hauek osatuko dute: presidentea, presidenteordea, diruzaina, idazkaria eta hiru eta bost batzarkide.

2. Batzorde iraunkorreko kideek 14-30 urte bitarteko adina izan beharko dute, eta haien agintaldia bi urtekoa izanen da, eta postu bakoitzerako behin soilik hautatzen ahalko dira berriro. Batzorde iraunkorreko kide diren pertsonek ez dute, aldi berean, erantzukizuneko beste posturik betetzen ahalko Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren edozein organoaren barnean.

3. Eskubide osoko erakunde kide bakar batek ere ez du bi ordezkari baino gehiago izaten ahalko Batzorde Iraunkorrean.

4. Batzorde Iraunkorreko kide diren pertsonak eskubide osoko estatu kide batean idazkaritza lanak betetzen dituen pertsonak igorritako ziurtagiri bidez aurkeztu eta abalatu beharko dira.

5. Batzar Nagusiak modu indibidualean eta nominalean hautatuko ditu Batzorde Iraunkorreko kide guztiak, horietako bakoitzak betetzeko ardurak adierazita. Batzarkideen hautaketari dagokionez, bozketa bakarrean egiten ahalko da.

6. Batzorde Iraunkorreko kide guztiek hitza eta botoa izanen dituzte.

7. Honako hauek dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:

a) Batzar Nagusiari Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren jardute-ildo nagusiak proposatzea.

b) Batzar Nagusiari urteko laneko programa eta burututako jardueren urteko memoria proposatzea.

c) Batzar Nagusiari Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren urteko aurrekontua eta iragandako ekitaldiko kontuen likidazioa proposatzea.

d) Berezko gastuak onartu eta konprometitzea eta horiek ordaintzeko kudeaketak egitea.

e) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren kontratazio-organo modura jardutea, eta Nafarroako Gazte Kontseiluaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak eskuratu, besterendu edo kargatzeari dagozkion erabakiak hartzea.

f) Batzar Nagusiak harturiko erabakiak betearaztea.

g) Nafarroako gazteengan eragina duen edozein alderdiri buruzko txostenak igortzea, berezko ekimenez edo Administrazioak eskatuta.

h) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko kide izaera onartu edota galtzea erabakitzeko prozedura bideratzea.

i) Lantaldeak koordinatzea.

j) Tokiko eremuan Kontseiluen sorrera eta ondoren Nafarroako Gazteriaren Kontseilura gaineratzea bultzatzea.

k) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren eta erkidegoko, maila nazionaleko edo nazioarteko antzeko beste erakunde batzuen arteko harremana sustatzea.

8. Batzorde Iraunkorra hilero elkartuko da ohiko saioetan; eta ezohiko saioan elkartuko da hango presidenteak edo hango kideen erdiak gehi batek hala eskatzen dutenean. Hartutako erabakien akta jasoko da, 18. artikuluan aurreikusiten denarekin bat etorriz.

9. Batzorde Iraunkorraren erabakiak Batzar Nagusiaren quoruma berdinarekin hartuko dira, bertaraturiko pertsonen gehiengo soilez, hau da, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago direnean. Berdinketa egonez gero, presidentearen kalitateko botoarekin ebatziko da berdinketa hori.

14. artikulua. Bermeen Batzordea.

1. Bermeen Batzordea Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren araudia betetzen dela ziurtatzeaz, hura osatzen duten erakundeen eskubideak bermatzeaz, horiek dituzten betebeharrak betetzen dituztela begiratzeaz eta sor daitezkeen gatazketan bitartekari modura jarduteko ardura duen organoa da.

2. Bermeen Batzordea hiru pertsonak osatuta egonen da. Pertsona horiek Batzar Nagusian hautatuko dira, eskubide osoko erakunde kideetako ordezkari diren pertsonen artetik. Bermeen Batzordeko parte izatea bateraezina izanen da Batzorde Iraunkorrean edozein postu izatearekin.

3. Bermeen Batzordearen lanketak ofizioz hasten ahalko dira, edo Batzar Nagusiak edo Batzorde Iraunkorrak eskatuta.

4. Bermeen Batzordearen erabakiak bertaraturiko kideen gehiengo soilez hartuko dira, hau da, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago direnean.

15. artikulua. Hirugarrenen parte-hartzea.

1. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren gobernu-organoen bilkuretan parte hartzen ahalko dute, hitzez baino botorik gabe, administrazioko kide diren pertsonek eta gai-zerrendako puntuetako batean kualifikazio berezia duten profesionalek, organoko kideei aholkularitza emate aldera.

2. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko gobernu-organoek Nafarroako Gazteriaren Institutuko teknikarien laguntza jaso dezakete.

16. artikulua. Presidentea.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko presidenteak honako eginkizun hauek ditu:

a) Nafarroako Gazteriaren Kontseilua ordezkatzea.

b) Batzar Nagusiko eta Batzorde Iraunkorreko bilkurak deitu eta gidatzea.

c) Batzar Nagusiko eta Batzorde Iraunkorreko erabakiak betearaztea, eta horien barne funtzionamendua koordinatzea.

d) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamenduak ematen dizkion gainerakoak.

17. artikulua. Presidenteordea.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko presidenteordeak honako eginkizun hauek ditu:

a) Presidenteordeak laguntza eskaintzen dio presidenteari haren eginkizunetan eta, ordeztu egiten du, baldin eta kargu hori hutsik geratzen bada, hura bertaratzen ez bada, gaixo badago edo legezko beste edozein arrazoi dela medio.

b) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamenduak ematen dizkion gainerakoak.

18. artikulua. Idazkaria.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko idazkariak honako eginkizun hauek ditu:

a) Eratzeko arauak betetzen direla bermatzea eta gobernu-organoen erabakiak hartzea.

b) Gobernu-organoen bilkuretako aktak jasotzea eta izenpetzea, presidentearen onespenarekin, behin horiek onartu dituztenean, bilkurei publizitatea emanez.

c) Gobernu-organoek hartutako erabakiak ziurtatzea.

d) Nafarroako Gazteriaren Kontseilura zuzendutako eskaerak eta jakinarazpenak jasotzea, eta presidenteari horien berri ematea.

e) Gobernu-organo bakoitzaren kideen erregistro-liburua eta akten liburua gordetzea.

f) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamenduak esleitzen dizkion gainerakoak.

19. artikulua. Diruzaina.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko diruzainak honako eginkizun hauek ditu:

a) Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuen eta kontuen likidazioaren zirriborroa idaztea, Batzorde Iraunkorrak Asanblada Nagusira bideratu behar duena, hark onar dezan.

b) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluren ondarea eta baliabide ekonomikoak zaindu eta kudeatzea.

c) Kontuen egoeraz arduratzea eta kontabilitate-liburuak gordetzea.

d) Barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamenduak ematen dizkion gainerakoak.

20. artikulua. Zentsura-mozioa.

1. Batzorde Iraunkorrek edozein kidek bere karguari dagozkion betebeharrak modu larrian urratzen dituenean, edo Kontseiluaren araudia edo erabakiak hausten dituenean, haren aurka zentsura-mozioa jartzen ahalko da, dagozkion gainerako erantzukizunen kalterik gabe.

2. Zentsura-mozioa idatziz aurkeztuko da, gutxienez, Kontseiluko eskubide osoko erakunde kideen herenak sinatuta, eta hautagaitza alternatiboa aurkeztu beharko da bertan. Horrela, zentsura-mozioak bidea egiten badu, bertan proposatutako pertsona edo pertsonak izanen dira hautatuak. Idatzian azaldu beharko da zergatik aurkezten den mozioa, eta Batzorde Iraunkorrera bideratu beharko da.

3. Batzorde Iraunkorrak, gehienez hogeita hamar eguneko epean, arrazoi horren ondoriozko Ezohiko Batzar Nagusia deituko du, eta deialdian aurkeztutako idatzia atxikiko du, eta gai-zerrendan planteatutako zentsura-mozioaren eztabaida eta bozketa gaineratuko du.

4. Zentsura-mozioa onartzeko Batzar Nagusian dauden pertsona delegatuen gehiengo osoa beharko da.

5. Ez da zentsura-moziorik aurkezten ahalko Batzorde Iraunkorreko edozein kideren aurka, bere agintaldia hasi denetik, edo haren aurka azken zentsura-mozioa aurkeztu denetik, gutxienez sei hilabete igaro ez badira.

21. artikulua. Lantaldeak.

1. Lantaldeak dira laneko plana betearaztea agintzeko Kontseiluko organoak.

2. Lantaldeak Batzar Nagusian sortuko dira, Batzorde Iraunkorrak edo erakunde kideek proposatuta.

3. Lantaldeek honako eginkizun hauek dituzte:

a) Kontseiluak erabakiak hartzeko oinarri modura erabiltzeko dokumentuak, txostenak eta jardute-proposamenak egitea.

b) Kontseiluko organoek agindutako jarduerak gauzatzea.

c) Batzar Nagusiak esleitzen dizkion gainerakoak.

IV. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA JURIDIKOA

22. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak honako baliabide hauek izanen ditu:

a) Hura osatzen duten erakundeen kuotak.

b) Jaso ditzakeen dirulaguntzak, laguntzak eta dohaintza publiko edo pribatuak.

c) Bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek sorrarazitako errentak.

d) Burutzen dituen berezko jardueren ondoriozko errendimenduak.

e) Legez esleitu ahal zaion beste edozein baliabide.

23. artikulua. Aurrekontua.

1. Nafarroako Gazteriaren Kontseilua aurrekontua aurkeztera derrigortuta dago Nafarroako Gazteriaren Institutuaren aurrean ekitaldi bakoitzerako, iragandako ekitaldiko dagokion memoriarekin eta kontuen likidazioarekin batera.

2. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren aurrekontuak bere autonomia eta eraginkortasuna bermatzeko ezinbestekoak diren partidak jaso beharko ditu derrigorrez, bere eginkizunak betez.

24. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Nafarroako Gazteriaren Kontseilua Gazteriari buruzko apirilaren 1ekoa 11/2011 Foru Legean xedatutakoaren, Foru Dekretu honen eta hura garatzeko araudiaren, zein bere izaera kontuan izanik, aplikagarri diren bestelako legezko edo arauzko xedapenen arabera arautzen da.

2. Zuzenbide publikoko eta oinarri asoziatibo pribatuko erakunde modura, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua zuzenbide pribatuko arauen arabera arautuko da. Haatik, bere jarduna zuzenbide publikoko arauei lotua izanen da, ordenamendu juridikoak esleitutako administrazio-eskuduntzak gauzatzen dituenean.

3. Halakorik egonez gero, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko langileak laneko zuzenbidearen mende egonen dira, hark hautatua izanen dena, publizitate-, meritu- eta ahalmen-printzipioekin bat etorriz, eta presidenteak izendatuta.

4. Bere ondareari aplikatzeko araubide juridikoa zuzenbide pribatuko da.

5. Bere autonomiaren arabera, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko Batzar Nagusiak barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua onartuko du. Erregelamendu horrek funtzionamendu-araubidea osatuko du, Foru Dekretu honetan jasotzen diren aurreikuspenen arabera, legeztatze aldera, gazteria arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko erakundeak baliozkotuko duena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aitzinetik.

6. Bere egintzak ohiko jurisdikzioaren aurrean errekurritzen ahalko dira, zuzenbide pribatuari lotzen baitzaio, eskumen publikoen kasuan izan ezik, orduan beren egintzak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean errekurritzen ahalko dira.

Lehendabiziko xedapen iragankorra.–Barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, Foru Dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, gehienez urtebeteko epean, beren barne antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua aurkeztuko du. Erregelamendu hori, legeztatze aldera, gazteria arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko erakundeak baliozkotuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aitzinetik.

Bigarren xedapen iragankorrak.–Batzorde Iraunkorraren barneko gaikuntza.

Batzorde Iraunkorrak Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren funtzionamendua Foru Dekretu honetan agindutakora egokitzeko beharrezkoak diren xedapenak hartzen ahalko ditu, lehendabiziko Batzar Nagusiak berretsi arte, gehienez hura indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epearen barnean egin beharko dena.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratzen da, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua sortzeko apirilaren 18ko 110/1986 Foru Dekretua, bai eta Foru Dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arau guztiak ere.

Azken xedapenetako lehena.–Arauak emateko gaikuntza.

Gazteriaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko ekainaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2309844