147. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1357/2023 Ebazpena, 2023ko ekainaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen plantilla organikoa aldatzen duena", Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 27an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 27an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen plantilla organikoa aldatu da.

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOA ALDATZEN DUENA

1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen du plantilla organikoa onetsi egin behar dela. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, aplikatu beharrekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileei, Unibertsitatearen Estatutuen 106. artikuluaren arabera. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkaturik, eta adierazi behar da bakoitza zein mailari dagoen atxikia, eta, bidezkoa denean, lanpostuan aritzeko egiaztatu behar diren betebehar espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta erregelamenduaren arabera ezarri diren ordainsari osagarriak esleituak dauzkatenak ere.

Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartu zuen erabaki baten bidez -zeina 2009ko urriaren 30ean errektoreak emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen-, onetsi egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen plantilla organikoa. Plantilla hori askotan aldatu da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen ditu. Hain zuzen, 2023ko urtarrilaren 27an argitaratu zen azkenekoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 19. zenbakian, errektoreak 2023ko urtarrilaren 12an emandako 41/2023 Ebazpenaren bidez.

Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27an hartutako erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen salbuespenezko promozio prozesu bat onetsi zen, eta, hark xedatutakoaren arabera, prozesu horri heltzeko, zilegi izanen da plantilla organikoa aldatzea, beharrezkoak diren lanpostuak sortuz; hala ere, prozesuak ezin izanen du berekin ekarri plantillan dauden lanpostuen kopurua handitzea, eta, beraz, prozesua amaitu ondoren, helburu hori lortzeko beharrezkoak diren doikuntzak eginen dira berriz plantillan.

Giza Kapitalaren Plangintzarako Kudeatzaileordetzak, zerbitzuekin elkarrizketan Unibertsitatearen premia orokorrak aztertu ondoren, A eta B mailetako zenbait lanpostu sortzeko proposamena egin du. Izan ere, horiek sortzea beharrezkotzat jotzen da plantilla eraldatzeko eta modernizatzeko helburuak betetzeko, eta, lanpostuok betetzeko, aipatutako promozio prozesua erabiltzen ahalko da.

Bestalde, zenbait zerbitzuk eskatuta, egokia da plantilla organikoan zenbait aldaketa egitea, zerbitzu horien benetako premietara egokitzeko.

Proposamena Negoziazio Mahaian aurkeztuta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun ondoren, hau da kudeatzaileak, 2023ko ekainaren 27an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen plantilla organikoaren aldaketak onestea. Eranskin gisa gehitu den memorian daude aldaketa horiek.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek 2023ko uztailaren 1ean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2023ko ekainaren 27an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA.–OROITIDAZKIA: NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOAREN ALDAKETAK 2023

Urteko ekitaldia

A.–Lanpostuak.

A.1. Lanpostuak sortzea.

Honako lanpostu hauek sortu dira, eta adierazitako zerbitzuari atxiki:

KUDEATZAILETZA / INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA / UNIBERTSITATEAREN ARRETA ATALA / UNIBERTSITATEAREN ARRETA BULEGOA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 872.
  • Maila: B.
  • Hizkuntza-eskakizuna: ingeleseko C1 maila.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: zatitua (sailak).
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Unibertsitatearen Arreta Bulegoan hartzen diren kontsulten kopurua handiagotzea espero da, zenbait gradu berri baitaude: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua, Ingeniaritza Termikoko Gradua eta Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradu Bikoitza. Gainera, aurreinskripzioa egiteko epe bakarra ezarri denez, kontsulta gehiago izanen dira tramite horri eta onarpen zerrendei buruz. Era berean, datorren ikasturtean hasiko diren masterren eskaintza ere handitu da, eta, horren ondorioz, dagoeneko handitu da informazio eskaeren kopurua, baita ikasketak atzerriko sistemetan egin dituzten pertsonen kontsulten kopurua ere. Bestalde, 2019an sortu zenetik, Nazioarteko Harrera Bulegoan (Welcome Office) gora egin du prozedura batzuen tramitazioak, hala nola bisitarien egonaldienak. Unibertsitatean egonaldi bat egiten duten nazioarteko ikertzaile eta irakasleentzako aurretiazko tramiteei, harrera prozesuari eta laguntzari buruzko aholkularitzak goranzko bilakaera izan du. Azkenik, badira etorkizunean Unibertsitatearen Arreta Bulegoaren eta, zehatzago, Welcome Office-ren lanean eragina izanen duten zenbait ekintza berri: talde jakin batzuentzako ostatu-eskaintzaren kudeaketa, jada abian dena, eta NUPekin kontratu loturarik ez duten bisitarien araudi baten onarpena.

KUDEATZAILETZA / IKERKETA ZERBITZUA / LAGUNTZEN ETA DEIALDIEN ATALA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 873.
  • Maila: B.
  • Hizkuntza-eskakizuna: ingeleseko B2 maila.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Azken urteotan, NUPen ikerketa-proiektuen kopurua eta haiek garatzeko jasotako nazioko eta eskualdeko funts publikoen bolumena izugarri handitu dira. 2014tik, ikerketarako funts publikoen erakarpena hirukoiztu egin da, urtean 3 milioi euro baino zertxobait gehiago izatetik urtean 11 milioi baino gehiago izatera igaro baita. Ondorioz, teknikari gehiago behar dira proiektu horien aholkularitza, laguntza eta gauzatze teknikoa eraginkorrak izan daitezen, eta, horrez gain, proiektuek eta bildutako funtsek gora egin dutenez, handitu egin da orobat proiektuak kudeatzeko eta haien jarraipena egiteko behar diren baliabide administratiboen eta kudeaketa ekonomiko-administratiboko langileen kopurua. Gainera, proiektuen kudeaketa ekonomiko-administratiboko lanen konplexutasuna nabarmen handitu da azken urteotan. Nahiz eta azken urteotan hobekuntza argiak egon diren NUPek gastuen justifikazioari eta hautagarritasunari dagokienez abian jarri dituen neurrietan eta kudeaketan, egunetik egunera gero eta konplexuagoak dira deialdi publikoetako ikerketa-proiektuen jarraipen osoa egiteko behar diren errekerimenduak, informazio-eskaerak, argibideak eta baldintza administratiboak. Laguntzen eta Deialdien Atalak OLko bi teknikari ditu ikerketa-proiektuen deialdi publiko guztiak koordinatzeko. Gainera, bi teknikari horiek kudeaketarako aholkua eta laguntza teknikoa emateko zereginetan ere hartzen dute parte. Lan bolumen handia dagoenez, teknikari horiek inplikatuta egon behar dute proiektuen kudeaketa ekonomiko-administratiboen egunerokoan ere, administrazioko langileak eta laguntzaileak koordinatuz hautagarritasuna kontrolatzeko, justifikazioak garatzeko eta informazio- eta zuzenketa-eskaerei erantzuteko lanetan.

Bestalde, lanpostu horretan ingeleseko B2 maila izan beharra ezarri da, baldintza espezifiko gisa, askotan ingelesezko dokumentazioa berrikusi behar delako, bai deialdien kasuan (nazioko nahiz fundazio pribatuen deialdi askotan), bai memoria teknikoen eta justifikazio dokumentuen kasuan (nazioko eta eskualdeko deialdi askok memoriak eta dokumentazioa ingelesez aurkeztea eskatzen dute).

KUDEATZAILETZA / IKERKETA ZERBITZUA / JAKINTZA TRANSFERITZEKO ATALA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 874.
  • Maila: B.
  • Hizkuntza-eskakizuna: ingeleseko C1 maila.
  • Bateraezintasunaren osag.: % 35.
  • Lanpostuaren osag.: % 6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Azken urteotan (neurri batean NUPen Plan Estrategikoaren helburuen ondorioz), Unibertsitateko instantziek ikerketa-katedra berrien sorrera sustatu dute (15 daude aktibo, eta gorantz doa kopuru hori), eta, orobat, tokiko eta eskualdeko administrazioekiko harremanak bultzatu dituzte hitzarmenen nahiz dirulaguntza nominalen bidezko ikerketa-funtsak lortzeko. Ikerketa Zerbitzuak kudeatzen eta justifikatzen ditu katedra, dirulaguntza eta hitzarmen horiek guztiak. Aipatutako hitzarmen eta ikerketa-katedra horien barnean, zenbait jarduera, deialdi eta lan sustatzen dira, eta, neurri handi batean, Ikerketa Zerbitzuak bideratzen ditu (adibidez, ikasleak hautatzeko eta ikerketa-sariak edo doktoretza aurreko kontratuak emateko egiten diren deialdi publikoak). Deialdi horiek urtero Ikerketa Zerbitzuan kudeatzen dira oso-osorik. Bestalde, ekonomiaren hazkunde globalaren eta, batez ere, Unibertsitateko instantziek egindako ahaleginen eta lortutako emaitzen ondorioz, etengabe handitu da NUPeko ingurune sozioekonomikoak egindako ikerketa-, aholkularitza- eta prestakuntza-zerbitzuen kontratazioa (LOUren 83. artikuluaren babesean sinatutako kontratuen bidez). Kontratu horien kopurua eta horien bidez kontratatutako bolumena etengabe hazten ari da. Hori guztia dela eta, beharrezkoa da, premiaz, Jakintza Transferitzeko Ataleko kudeaketako langileak indartzea kudeaketari berri bat sartuz. Kudeaketari horrek OTRI kontratuekin lotutako zereginetan eta ikerketa-katedra eta -hitzarmenetan lagunduko du. Bestalde, lanpostu horretan ingeleseko C1 maila izan beharra ezarri da, baldintza espezifiko gisa, atzerriko enpresa eta erakunde askok NUPera jotzen dutelako ikerketa-jardueren bolumen handiak kontratatzeko, eta Ikerketa Zerbitzuan OTRI kontratuak kudeatzeaz arduratzen diren pertsonek ingelesez idatzi, negoziatu, fakturatu eta oro har komunikatu behar dutelako.

KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / CAMPUS ZERBITZUEN ATALA

–OLko TEKNIKARIA (INFORMATIKA ZERBITZUA)

  • Lanpostuaren zk.: 875.
  • Maila: A.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,88.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Campus Zerbitzuen Atalak 6 lanpostu ditu atxikiak: 4 kudeaketariak dira, eta 2 teknikariak. Promozio lanpostu bat eskatzen da atal horretako langileen profila orekatzeko, kontuan hartuta Unibertsitatearen oinarrizko zutabeetako hiru kudeatzen dituztela, hots, webgunea, NireIkasgelategia eta liburutegiko zerbitzuak.

Azken urteetan, NireIkasgelategiaren erabilera handitu egin da, eta une honetan pandemiaren antzeko mailan daude; horrek berekin dakar gero eta gehiago izatea bai kudeatu beharreko azpiegiturak bai euskarri premiak.

Bestalde, webgune instituzionala kudeatzeko jarraitzen dugun antolaketa-eredu banatua dela-eta, diseinu berria eguneratzeko prozesua neketsua da, Unibertsitateko unitateek egiten dute hori pixkanaka, eta, horren ondorioz, beharrezkoa da unitate horietako bakoitzean lan hori egiten ari diren erabiltzaileei prestakuntza eta orientazioa ematea. Testuinguru horretan, erabiltzaileei laguntza eta aholku emateko beharrak ere hazi egin dira. Adibide moduan, gero eta hedatuago dago kudeaketa eta konfigurazio teknikoak egitea eskatzen duten inprimakiak erabiltzea prozesu espezifikoetarako. Gainera, azken urteotan arreta handia eskatzen ari den beste gai bat sortu da: irisgarritasunaren arloko araudia betetzea.

Liburutegiaren arloan, funts elektronikoen hedapena gero eta nabarmenagoa da, eta, haietarako behar diren sarbide kontrolen ondorioz, gero eta tresna sofistikatuagoak ezarri behar ditugu. Aurpegi-ezagutza duten tornuen bidez sartzeko sistemak ere ataleko langileen arreta eta laguntza eskatzen ditu.

KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / KUDEAKETA KORPORATIBOAREN ATALA

–OLko TEKNIKARIA (INFORMATIKA ZERBITZUA)

  • Lanpostuaren zk.: 876.
  • Maila: A.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,88.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Kudeaketa Korporatiboaren Atalak 7 lanpostu ditu atxikiak: 4 kudeaketariak dira, eta 3 teknikariak. Lanpostu berri honekin, ataleko langileen profila hobetu nahi da, Kudeaketa Akademikoaren, Ikerketaren, Gai Ekonomikoen eta Giza Baliabideen arloei estaldura hobea emateko.

2014az geroztik, bada gorabidean den kudeaketa-esparru bat, hain zuzen datuen eskaera eta erauzketa masiboak atal horrek lantzen dituen esparruetan; hauek dira esparru horiek: kudeaketa akademikoa, ikerketa, giza baliabideak eta gai ekonomikoak. Dela kanpoko erakundeei kontuak emateko, dela barne-kontrolerako tresnak eskuratzeko, dela datuen analisirako sistemak elikatzeko, informazio erauzketa horiek data driven erakundea izateko bidean jartzen dute Unibertsitatea, erabakiak datuetan oinarrituta eta haiek berretsita har daitezen. Testuinguru horretan, honako hauek aipa ditzakegu: SIIU fitxategiak, kontabilitate analitikorako datu-erauzketak edo datuak erauzteko eta eraldatzeko prozesuak Datuen Analitikako gure plataformarako, zeina Microstrategy tresnaren bidez inplementatua baitago.

Bestalde, teknologia berriak agertzeak ere eragina du atalean. Horien artean daude gailu mugikorretarako aplikazioak ezartzea, irisgarritasunari buruzko araudia ere bete behar dutenak, eta Liburutegian aurpegiak ezagutzeko sistema duten tornuak ezartzea, Unibertsitateko komunitateko kideen datu-basearekin lotuta.

KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / ERABILTZAILEARI LAGUNTZEKO ATALA

–OLko TEKNIKARIA (INFORMATIKA ZERBITZUA)

  • Lanpostuaren zk.: 877.
  • Maila: A.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,88.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Erabiltzaileari Laguntzeko Atalak 24 lanpostu ditu atxikiak: 2 teknikariak dira, 6 kudeaketariak eta 16 ofizial teknikoak. Gero eta azpiegitura tekniko eta laborategi gehiago behar dituzten titulazio berriak ezarri direnez, teknikari izateko promozio lanpostu bat eskatu da, ataleko langileak orekatzeko.

Azken urteotan, baliabide ugari ezarri behar izan da atalean. Alde batetik, eta pandemiaren ondorioz, handitu egin dira irakaskuntzan erabilitako ikus-entzunezko baliabideak hobetzeko premiak, baita online irakaskuntza ahalbidetuko duten tresnak eta sistemak ezartzekoak ere.

Testuinguru horretan, hauek dira aipatzekoak: mikrofonia-sistema berria instalatzea ikasgeletan eta errealitate birtualeko edo errealitate areagotuko ikasgela ezartzea, zeinak gero eta eskari handiagoa baitu irakaskuntzan.

Bestalde, titulazio espezifiko berriak ezarri dira, eta, horren ondorioz, gero eta azpiegitura tekniko gehiago behar dira ikasgeletan eta laborategietan, zeinak kasu gehienetan urruneko sarbidea baitute erabiltzaileentzat; hala, beharrezkoa izan da kanpotik sartzeko sistemak ezartzea, segurtasun-neurriak maximizatzearren Segurtasun Eskema Nazionala bete dadin.

Era berean, Unibertsitateak lanpostuetara kanpotik sartzeko aukera eskaintzen du zenbait kasutan. Horretarako, segurtasuna hobetzeko beharrezko neurriak ere ezarri behar izan dira, hala nola autentifikazio-faktore bikoitzeko tresnak urruneko sarbideetan. Urruneko sarbide-sistema horiek guztiek kudeaketa- eta mantentze-lanak eskatzen dituzte, eta, segurtasun-mehatxuak direla-eta, oso adi egon behar dugu eta ezin gara deskuidatu.

KUDEATZAILETZA / INFORMATIKA ZERBITZUA / ERABILTZAILEARI LAGUNTZEKO ATALA

–OLko KUDEAKETARIA (INFORMATIKA ZERBITZUA)

  • Lanpostuaren zk.: 878.
  • Maila: B.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: zatitua.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Erabiltzaileari Laguntzeko Atalak 24 lanpostu ditu atxikiak: 2 teknikariak dira, 6 kudeaketariak eta 16 ofizial teknikoak. Unibertsitatea bere Osasun Zientzien campusa zabaltzen hasi da, eta, horren ondorioz, uste dugu epe ertainean lanpostu berriak beharko direla. Kudeaketari izateko promozio lanpostu bat eskatzen da, epe laburrean behar horiei erantzuteko, campusa finkatu aurretik.

Azken urteotan, baliabide ugari ezarri behar izan da atalean. Alde batetik, eta pandemiaren ondorioz, handitu egin dira irakaskuntzan erabilitako ikus-entzunezko baliabideak hobetzeko premiak, baita online irakaskuntza ahalbidetuko duten tresnak eta sistemak ezartzekoak ere.

Unibertsitatea Medikuntzako eraikin berria eraikitzen hasi da, eta, horrekin, Osasun Zientzien campusa handitzen, ikastegi horri lotutako irakaskuntza baldintza egokietan, bitarteko egokiekin eta osorik garatu ahal izateko, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren testuinguruan. Ezarriko diren bitarteko eta laborategi horiek gero eta laguntza, aholkularitza eta kudeaketa informatiko gehiago eskatuko dute. Etorkizunari begira, eraikin berria dagoeneko ezarrita dagoenean, informatikako teknikari gehiago beharko ditugula uste dugu, gero eta premia handiagoak dituen campus horren beharrei erantzuteko. Lanpostu berriak beharko dira zerbitzua emateko.

Gaur egun, Erabiltzaileari Laguntzeko Atalak informatikako ofizial tekniko bat du Osasun Zientzien eraikinaren beharrei erantzuteko, eta ofizial horrek gutxi gorabehera bere denboraren % 80 ematen du zeregin horietarako. Azken 2 urteetan, arduraldia % 50 izatetik % 80 izatera igaro da, eta, aurreikuspenen arabera, gora egiten jarraituko du.

KUDEATZAILETZA / EKONOMIA GAIETARAKO ZERBITZUA / KUDEAKETA EKONOMIKOAREN ATALA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 879.
  • Maila: B.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak Unibertsitateko kontratazioa tramitatzen du, baita Unibertsitatearen ondarea kudeatu ere. Horretarako, 3 kudeaketari, 2 bulegoburu eta 3 administrari ditu. Lege aldaketak direla-eta, azken urteotan kontratazio prozedura guztien konplexutasun teknikoa handituz joan da, bai eta horien kudeaketak dakarren erantzukizuna ere. Horren eta Europako funtsak kudeatu beharraren ondorioz, beharrezkoa da kontratazio espedienteak tramitatzen dituenaren profila gero eta zorrotzagoa izatea.

OLko kudeaketari izateko lanpostu bat sortzeari esker, honako eginkizun hauei emanen zaie erantzuna:

–Konplexutasun tekniko handiagoa munta handiagoko kontratazio espedienteak izapidetzeko.

–Aholkularitza munta txikiko kontratazioetan.

–Inbentarioa ixtea.

–Europako funtsen kudeaketa (IGEA).

–Arriskuen maparen kudeaketa.

–Osasun Zientzien eraikin berria eraikitzea eta hura ekipatzea.

KUDEATZAILETZA / EKONOMIA GAIETARAKO ZERBITZUA / KONTABILITATE ATALA

–OLko TEKNIKARIA (Ekonomia adarra)

  • Lanpostuaren zk.: 880.
  • Maila: A.
  • Titulu espezifikoa: Lizentzia edo Gradua Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan edo Ekonomian, edo haien baliokide bat.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,88.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Atalaren eginkizuna da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Aurrekontuaren Betearazpena kontabilitatean erregistratzea, Kontabilitate Publikoko Plan Orokorraren (KPPO) arabera eta Unibertsitate Publikoaren urte bakoitzeko Aurrekontuaren Betearazpen Oinarriak betez, Unibertsitatearen kasuan kasuko ekitaldiko urteko kontuetan honako hauek islatzeko: ondarearen irudi fidela, ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31ko egoera finantzarioa, ekitaldiko ondarearen emaitza ekonomikoa eta aurrekontuaren likidazioa. Gaur egun, atalean Ekonomia adarreko OLko teknikari bakarra eta OLko hiru kudeaketari daude. Nafarroako Unibertsitate Publikoa enpresa handia da Nafarroako Zerga Ogasunarentzat, eta, ondorioz, IBESa bete (Informazioa Berehala Emateko Sistema) eta hileko BEZ aitorpenak egin behar ditu. Hilero, BEZaren aitorpena egiten da, hainbanaketa orokorra eta aurreko ekitaldiko espezifikoak aplikatuta. Ekitaldiaren amaieran, urteko diru-sarrerekin batera, Unibertsitatean bereizitako bi sektoreetarako (Irakaskuntza eta Ikerketa) behin betiko hainbanaketak kalkulatu behar dira, baita hainbanaketa orokorra ere. Behin betiko hainbanaketak lortu ondoren, Unibertsitatearen aurrekontuan gastu handiagoa edo txikiagoa ekarri duen zenbatzen da. Jarraian, Ekonomia adarreko OLko teknikariak eta OLko hiru kudeaketariek aldizka egiten dituzten zeregin eta betebehar fiskalak zehazten dira, foru, nazio eta Europako araudietan jasotakoak (gero eta gehiago dira):

–349 ereduaren hileko aitorpena, Ondasunak eman eta zerbitzuak emateagatiko erkidego barruko eragiketei buruzkoa, Nafarroako Zerga Agentzian.

–PFEZaren hileko aitorpena: ez-egoiliarrena (296 eredua) eta egoiliarrena (745 eredua). Urtero 190 eredua prestatzen da, Nominen Atalarekin batera, eta bi datu-baseak batean integratzen dira. Beharrezkoa izaten da datuak araztea; adibidez, jasotzaile bakoitzaren probintzia-kodea funtsezko eremua da Nafarroako Zerga Agentziari bidali beharreko fitxategian.

–Dirulaguntzen tratamendu fiskalari buruzko txostenak, dirulaguntzen deialdiak onesten dituzten ebazpenen aurretik.

–Unibertsitateko komunitateko kideentzako aholkularitza fiskala, ordainduko dena lan-errendimendua, jarduera profesionala, ondarearen gehikuntza, errenta salbuetsia eta abar bada. Horrek Nafarroako Zerga Agentziarekin harremanetan egon behar izatea eragiten du.

–Inportatutako ondasunengatik ZAEAn (Zerga Administrazioko Estatu Agentzia) bulego-lanak eta ordezkaritza egiteko baimenak.

–Unibertsitateari adierazitako enbargoak egin eta/edo haiek helarazten dituen administrazioari jakinarazten zaizkio.

–Deklarazioa, baldin eta Unibertsitateak sozietateen gaineko zergaren (193 eredua), jasotako dohaintzen (182 eredua) eta abarren gaineko atxikipenik egin badu.

–Intrastat-en deklarazioa, Unibertsitatearen fakturazioak behartzen bagaitu.

–Unibertsitatean ordaintzeko batez besteko epearen kalkulua, eta Nafarroako Gobernuari jakinaraztea eta gardentasunaren atarian jartzea. Irekitako kontuak ere jartzea.

–Auditoretzei erantzutea haien bezeroekin egindako eragiketei buruz, enpresa handiak badira, edo 347 ereduari erantzutea, enpresa txikiak badira.

–Aurrekontukoak ez diren kontzeptuen etengabeko jarraipena.

Atalean beste pertsona bat behar da, Ekonomia adarreko teknikari bat hain zuzen; izan ere, arestian laburbildutako lan-bolumenaz gain, Unibertsitateko diruzaintzari lagundu behar zaio, mundu osoan zehar eurotan edo beste dibisa batzuetan egiten ari garen ordainketen kopurua dela eta. Gainera, beste erronka bat dugu, 2010eko Kontabilitate Publikoaren Plan Orokor Berrira egokitu beharra baitugu, Nafarroako Gobernuaren eskutik.

KUDEATZAILETZA / LIBURUTEGI ZERBITZUA

–LIBURUTEGIKO OLko LAGUNTZAILEA

  • Lanpostuaren zk.: 881.
  • Maila: B.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

LIBURUTEGIKO OLko LAGUNTZAILEA

  • Lanpostuaren zk.: 882.
  • Maila: B.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: arratsaldez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Liburutegiak bere gain hartu beharreko erronka berriak ditu, eta horrek beharrezko gaitasun teknikoa eskatzen du. Honako hauek nabarmendu behar dira:

–Liburutegi fisikoa eta birtuala elkarrekin bizi diren ingurunea; erabiltzaile-profil anitzak, premia oso desberdinak dituztenak, eta oso azkar eboluzionatzen duten lanpostuak, ongi prestatutako profesionalak, malguak eta berritzaileak eskatzen dituztenak.

–Liburutegietako espazioen aldaketa eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-premiekin bat datozen proiektuak garatu beharra.

–Komunikazio zientifikoaren eta ikerketa-jardueraren zikloaren aldaketa (inpaktu faktorean oinarritutako egungo ebaluazio zientifikoaren ereduarekiko kritika).

–Gaur egun indarrean dagoen legedian nabarmentzen den zientzia irekia:

  • Sarbide irekiko argitalpenen eta editoreekin egindako eraldaketa-akordioen eredu berrien ondorioz, birpentsatu beharra dago liburutegiak editoreen eta egileen (hots, gure ikertzaileen) arteko bitartekari gisa duen zeregina.
  • Tresna baliagarriak behar dira ikerketa-datuak irekian kudeatzeko eta haien gordailua egiteko.
  • LOSUren onarpenak eta Zientzia Irekiaren Estrategia Nazionalak (ENCA) ebaluazio sisteman aldaketak egitea eskatzen dute, eta liburutegi zientifikoek etorkizunean izanen duten zeregina zehazten.
  • Oraingo eta etorkizuneko ekimenak liburutegiaren memorietan eta liburutegiaren egungo plan estrategikoan (2021-2023) deskribatzen dira, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:

–Zerbitzuen eta baliabideen eraldaketa digitala, adibidez RFID ereduan inprimatutako bildumen kudeaketan. Horri esker, automaileguko makinak ezartzen ahalko dira, eta zerbitzuko laguntzaileen lanpostuetan lan-karga arinduko da (2023an eginen da aldaketa hori).

–Ikaskuntza-espazio berrien kudeaketak (maker espazioak, ekipamendu teknologikoa duten erabilera anitzeko espazioak) maila profesionaletako liburuzainen profil berri bat eskatzen du (laguntzaileak eta goi-mailako teknikariak) liburutegi eredu berri hori garatzeko (CRAI).

–Lankidetza aktiboa REBIUNeko lantaldeetan, eta lankidetza DIALNET, DIALNET Métricas eta era horretako bestelako proiektuetan.

–Prozesu tekniko normalizatua eta RDA katalogazio eredu berriaren inplementazioa; eredu hori prestakuntza tekniko handia eskatzen ari zaio plantillaren parte handi bati.

–Irakasleen akreditazioak eta ikertzaileen ikusgaitasun zientifikoak eskatzen dute etengabe eguneraturik egotea legeriaren, araudiaren eta datu-base zientifikoen arloan, eta erne egotea ikerketaren eta zientziaren neurketaren arloko edozein berritasunen berri izateko.

–Liburutegiaren inplikazioa ikertzaileen, doktoregaien eta ikasleen prestakuntzan, ikastaro ugari eskainiz zenbait formatutan (bibliopartikulak, IG ikastaroak, IG-GAL-MAL ikastaroak, etab.).

KUDEATZAILETZA / GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA / LANGILERIA KUDEATZEKO ATALA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 883.
  • Maila: B.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Langileria Kudeatzeko Ataleko langileen hornidura indartzea eta sendotzea, zenbait arau-erreformen eta administrazio elektronikoaren ezarpenaren ondorioz gero eta handiagoa baita kudeatutako prozesuen dinamismoa eta konplexutasuna.

KUDEATZAILETZA / GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA / NOMINEN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN ATALA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 884.
  • Maila: B.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Nominen eta Gizarte Segurantzaren Ataleko langileen hornidura indartzea eta sendotzea, lan-karga nabarmen handitu baita, bai bolumenari bai edukiari dagokienez. Atalaren berezko prozesuen konplexutasunak askotariko gaiak kudeatzeko, ebazteko eta ezagutzeko gaitasuna duten langile kualifikatuak eskatzen ditu.

KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / GRADUONDOKO IKASKETETARAKO ETA ANTOLAMENDU ETA PROGRAMAZIO AKADEMIKORAKO ATALA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 885.
  • Maila: B.
  • Hizkuntza-eskakizuna: euskarako C1 maila.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Graduondoko Ikasketetarako eta Antolamendu eta Programazio Akademikoko Atala bi lan eremutan egituratzen da: batetik unibertsitateko masterrak eta doktoretzak Graduondoko Bulegoak kudeatzen ditu, eta, bestetik, programazio akademikoa eta Unibertsitateko ikasketa ofizial eta bereki guztietako irakasgaien eskaintza, bai eta irakaskuntzaren antolakuntza ere Irakaskuntza programatzeko Unitatean kudeatzen dira.

Graduondokoaren esparruan, Unibertsitateko titulazioen mapa berria abian jartzeak master ofizialen kopurua handitzea ekarri du, eta, horrez gain, baita aldez aurretik izena emandako eta matrikulatutako ikasleen kopurua handitzea ere. Bereziki, eskaintza nazioartekotu izanak eta haiek hedatzeko kanpainek eragin dute azken ikasturteetan egin beharreko lana esponentzialki handitzea.

Irakaskuntzaren Antolamendurako eta Programaziorako Unitatean bi arlo kudeatzen dira: Irakasleen Arduraldi Akademikoaren Plana eta Programazio Akademikoa.

Arduraldi Akademikoaren Planari dagokionez, etengabe prestatu behar dira datuak Irakaskuntzako eta Irakasleen Gaietarako errektoreordetzek arlo horretan erabakiak har ditzaten. Prestakuntza horrek gero eta analisi eta eskuzko lan gehiago eskatzen du. Irakaskuntza Antolatzeko Planaren fase bakoitzerako, besteak beste hauek guztiak berrikusi behar dira: ingelesezko eta euskarazko irakaskuntza, Tuteran emandakoa, lanerako ezintasunak, kontratuetako aldaketak, langile berriak, kontratu-aldaketak eta -amaierak, praktiken irakaskuntza-mandatua, tesien kudeaketa... Datu horietako askok antolakuntza eta zorroztasun handia eskatzen dute, hainbat unitateren esku baitaude: Giza Baliabideen Zerbitzua, Ikerketa Zerbitzua, ikastegiak, Doktoretza Eskola...

Programazio akademikoaren kasuan, lan bolumena handitu egin da azken urteetan gradu asko, gradu bikoitz berriak eta unibertsitateko masterrak eta unibertsitateko master bikoitzak ezarri direlako. 2023-2024 ikasturtean soilik, 6 master berri eta 5 master bikoitz berri ezartzea aurreikusten da.

Ikasturte akademiko bakoitzean, titulu guztien eskaintza akademikoa prestatu behar da, eta eskainitako irakasgaiak, tipologia, hizkuntzak, matrikula-taldeak eta abar zehaztu behar dira. Horretarako, koordinazio handia behar da titulu horiek atxikita dauden ikastegiekin.

Lanpostua betetzen duen pertsonak Kudeatzailetzan dauden bi kudeaketariei emanen lieke laguntza (bat arlo bakoitzean); izan ere, batean eta bestean urte osoan zehar daude lan karga handiko uneak, eta ia ez dute kointziditzen batzuek besteekin.

KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / SARBIDEAREN, BEKEN ETA TITULUEN ATALA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 886.
  • Maila: B.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalak lau kudeaketa-eremu hartzen ditu: sarbidea (unibertsitatera sartzeko eta unibertsitate-ikasketetan onartzeko prozedurak), bekak (beken eta aparteko sarien deialdiak kudeatzea), tituluak (titulu ofizialak eta tituluaren Europako gehigarria inskribatzea eta ematea), titulu berekiak (Atalari enkargatutako titulu berekien aurreinskripzioa eta matrikula; UGFk kudeatzen dituen titulu berekien kudeaketa akademikorako aplikazio informatikoa erabiltzeko laguntza; espedienteak prestatzea eta Unibertsitatearen titulu bereki guztiak ematea).

a) Sarbide irekiaren esparruan, titulu berriak ezartzeak, batez ere Osasun Zientzien arlokoak, onarpen-eskaeren kopurua handitzea eragin du, batez ere beste erkidego batzuetako ikasleen eskaerak ugaritzea, eta horrek nabarmen handitu du balioztatzeari eta gorabeheren kudeaketari lotutako lana.

b) Beken esparruan, nabarmen handitu dira Hezkuntza Ministerioaren beka-eskaerak eta haien gorabeherak, alegazioak eta errekurtsoak. Hori bereziki 2021-2022 ikasturtetik aurrera gertatu da; hain justu, ordutik eskaera kopuru bikoitza tramitatzen da.

c) Tituluen esparruan, tituluak ematea, ofizialak zein berekiak izan, ikasketetako matrikularen erritmo berean ari da handitzen. Nabarmentzekoa da nolako zailtasunak dituen titulu ofizialen Tituluaren Europako Gehigarriak emateak. Haien edukiak zehaztea bereziki neketsua da, eta Sigman ikasketaren bat aldatzen den aldiro berrikusi eta eguneratu behar da.

d) Titulu berekien esparruan, eskaintza hazten ari da azken urteotan, eta badirudi joera horrek jarraitu eginen duela, ikusita prestakuntza jarraitua zer garrantzi ari den hartzen unibertsitateko esparruan eta oro har gizartean. Azpimarratzekoa da gorakada horrek, gainera, ahalegin administratibo handia dakarrela eta, prestakuntza jarraituaren ezaugarriak direla-eta, UGFri Sigman dituen espedienteak kudeatzen laguntzea gero eta konplexuagoa dela eta lan handia eskatzen duela.

Gaur egun, Ataleko bi kudeaketarietako bat Unibertsitaterako Sarbidean zentratzen da batez ere, esparru hori baita konplexuena eta lan zorrotzagoa eskatzen duena, eta besteak gainerako gai guztiak hartzen ditu. Administrazio kudeaketako eskalan lanpostu berri bat sortu behar da, bi kudeaketari horien lana arintzeko, batez ere tituluekin (batez ere Tituluaren Europako Gehigarriari dagokionez), titulu berekiekin eta bekekin lotutako prozesuetan.

KUDEATZAILETZA / IRAKASKUNTZA ZERBITZUA / TEKNOLOGIAREN ETA KUDEAKETAREN UNITATEA

–OLko KUDEAKETARIA

  • Lanpostuaren zk.: 887.
  • Maila: B.
  • Bateraezintasunaren osag.: %35.
  • Lanpostuaren osag.: %6,73.
  • Lanaldia: goizez.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Lanpostuaren profila orotariko kudeaketariarena izan behar da, nahiz eta batez ere eduki ekonomikoa izanen lukeen. Teknologiaren eta Kudeaketaren Unitatea da Zerbitzuaren datu ekonomiko eta estatistiko guztiak ematen dituen unitatea. Zehazki, honako zeregin hauek izanen lituzke:

Aurrekontuei, fakturazioari eta kontabilitateari dagokienez:

–Irakaskuntza Zerbitzuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua kudeatzea.

–Irakaskuntzako Errektoreordetzak unibertsitate masterretarako duen aurrekontua kudeatzea.

–Kanpoko irakasleen irakaskuntza-orduak kalkulatzea eta arlo horretako IAPa kudeatzea.

–Irakaskuntza Zerbitzuaren fakturak kudeatzea.

–Zerbitzuaren sarreren eta gastuen kontabilitate analitikoa egitea.

Matrikulagatiko eta beste jarduera batzuengatiko prezio publikoei dagokienez:

–Prezio publikoei buruzko foru aginduaren proposamena: prezio berriak sartzea (bisitariak, agregatuak, salbuespen berriak...).

–Espainiako Gobernuaren eta Foru Gobernuaren araudien ondorioz ordaintzen ez diren matrikula-prezio publikoen salbuespenak eta hobariak kudeatzea: familia ugariak, guraso bakarreko familiak, asilo-eskatzaileak...

–Gizarte Segurantzaren eskola-asegurua eta Cum Laude asegurua kudeatzea.

–Ikasleen berankortasun-prozedurak: matrikula ez ordaintzea; berankortasunaren jarraipena eta kontrola.

–Matrikula-ordainketen itzulketak eta beste jarduera batzuk: baliogabetzeak, bekak, salbuespenak eta abar, unibertsitate masterrei dagokienez:

–Unibertsitatearteko masterren prezio publikoen bilketa eta ordainketa kudeatzea (aldebiko hitzarmenak, Campus Iberus...).

–Enpresek unibertsitate masterreko matrikulak ordaintzea (IKTetako Talentu Programa eta antzekoak) edo kobrantza horiek fakturatzeko Kontabilitate Atalarekin komunikatzea.

–Carolina bekak, AUIP, estatuko eta nazioarteko Talentu Bekak, Nafarroako Gobernua (Nazioarteko Negozioetako Masterra) edo beste batzuk.

KUDEATZAILETZA / ZERBITZU JURIDIKOA / AHOLKULARITZA JURIDIKORAKO ATALA

–OLko TEKNIKARIA (ABOKATUA) / AHOLKULARI JURIDIKOA

  • Lanpostuaren zk.: 888.
  • Maila: A.
  • Titulu espezifikoa: Zuzenbideko lizentzia edo gradua.
  • Erabateko arduraldiaren osag.: %55.
  • Lanpostuaren osag.: %29,88.
  • Lanaldia: lanaldi zatitua.
  • Herria edo hiria: Iruñea.

Justifikazioa: Orain arte gure plantilla organikoan ez zegoen lanpostu berri bat sortu behar da, aholkularitza juridikoko lanak egiteko eta ordena jurisdikzional guztietan unibertsitatearen ordezkaritza eta defentsa juridikoko funtzioa betetzeko. Horretarako, zuzenbide prozesalaren arloan espezializatua egon behar da, zeina ezinbestean lotua baitago auzitegietako praktikarekin. Orain arte, Zerbitzuko zuzendaritzak soilik egin du lan hori, baina, gaur egun beharrezkoa da lan horretan beste profesional batek ere laguntzea. Profesional horrek, bestalde, jarraipena emanen lioke lan horri etorkizunean, eta funtsezkoa izanen litzateke zerbitzua berregituratzeko. Lanpostu horren ordainsari-baldintzak eta lanpostuan jarduteko baldintzak Nafarroako Gobernuko plantillan haren baliokide den lanpostuarenak izanen dira.

A.2. Lanpostua amortizatzea (unitateak aldatzea).

Honako lanpostu hau amortizatzen da:

KUDEATZAILETZA / ZERBITZU JURIDIKOA / AHOLKULARITZA JURIDIKORAKO ATALA

–ATALBURUA

  • Lanpostuaren zk.: 40.
  • Maila: A.

Justifikazioa: Zerbitzu Juridikoa berregituratzearen ondorioz, kendu egin da burutza-lanpostu hori. Bertan, OLko teknikari (abokatua) / aholkulari juridiko lanpostu bat sortu da, pareko ordainsaria eta erabateko arduraldia dituena.

KUDEATZAILETZA / INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA / SAILEN ETA IKASTEGIEN ATALA / KUDEAKETARAKO ETA KOORDINAZIORAKO UNITATEA-LAGUNTZA ADMINISTRATIBOKO 1. UNITATEA

–ADMINISTRARI ARDURADUNA

  • Lanpostuaren zk.: 536.
  • Maila: C/D.

KUDEATZAILETZA / INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA / SAILEN ETA IKASTEGIEN ATALA / KUDEAKETARAKO ETA KOORDINAZIORAKO UNITATEA-LAGUNTZA ADMINISTRATIBOKO 6. UNITATEA

–ADMINISTRARI ARDURADUNA

  • Lanpostuaren zk.: 538.
  • Maila: C/D.

Justifikazioa: Egonkortze prozesuaren ondoren, unitate horietako bakoitzak Tuteran dituen OLko administrari izateko bi lanpostuak funtzionarioek bete ondoren, ez da beharrezkoa lanpostu horiek beren egituran mantentzea.

A.3. Lanpostuen aldaketa: izena aldatzea.

KUDEATZAILETZA / BARNE KONTROLEKO UNITATEA

LANPOSTU ZK.

HASIERAKO IZENA

AZKENEKO IZENA

508

OLko TEKNIKARIA (AUDITOREA)

OLko TEKNIKARIA (ADAR EKONOMIKOA)

Justifikazioa: zerbitzu honetan egiten den lan motarako beharrezkoa da aurrekontu- eta finantza-kontabilitate publikoa eta auditoretzako teknika kuantitatiboak ongi ezagutzea, baita erakundeen kudeaketari eta prozesuei buruzko ezagutzak ere izatea, finantza-auditoretzak edo betetze-auditoretzak ez ezik, auditoria operatiboak ere egiteko, balio erantsi handiagoa baitute. Lan horiek egiteko profil profesionala ekonomia adarreko teknikariarena da.

KUDEATZAILETZA / GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA / LANGILERIA KUDEATZEKO ATALA

LANPOSTU ZK.

HASIERAKO IZENA

AZKENEKO IZENA

144

BULEGOBURUA (Unibertsitateko irakaskidegoak)

BULEGOBURUA (Ikertzaileak)

55

BULEGOBURUA (Kontratupeko irakasleak)

BULEGOBURUA (Irakasle eta ikertzaileak)

Justifikazioa: atalean barne-berrantolaketa egitea prozesuen eta erantzukizunen esleipenari dagokionez, indarrean sartu ondoren Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko Lege berria eta lan-erreforma.

A.4. Lanpostuen aldaketa: atxikipena aldatzea.

LANPOSTU ZK.

IZENA

HASIERAKO KOKALEKUA

AZKENEKO KOKALEKUA

558

OLko KUDEAKETARIA

KUDEATZAILETZA / EKONOMIA GAIETARAKO ZERBITZUA /-/ -

KUDEATZAILETZA / INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA / UNIBERTSITATEAREN ARRETA ATALA / UNIBERTSITATEAREN ARRETA BULEGOA

Justifikazioa: atxikitzea egindako funtzioak nagusiki dagozkion unitateari, beharrezkoa baita harekin koordinazioan aritzea, hargatik eragotzi gabe lanpostuari dagozkion beste funtzio batzuk bere gain hartzea, atxikita dagoen Tuterako campusaren ezaugarriak direla eta.

A.5. Lanpostuen aldaketa: espezialitatea aldatzea.

KUDEATZAILETZA / INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA / SAILEN ETA IKASTEGIEN ATALA / OSASUN ZIENTZIEN SAILA-LABORATEGIARI LAGUNTZEKO UNITATEA

LANPOSTU ZK.

IZENA

HASIERAKO ESPEZIALITATEA

AMAIERAKO ESPEZIALITATEA

666

LABORATEGIKO ZERBITZUETAKO OFIZIALA

ANATOMIA PATOLOGIKOA

LABORATEGI KLINIKO ETA BIOMEDIKOA

Justifikazioa: Medikuntza Fakultateko praktiken ondorioz sortzen diren beharrei erantzutea, batez ere simulazio klinikoaren arloan.

A.6. Lanpostuen aldaketa: lanaldia aldatzea.

KUDEATZAILETZA / INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO ZERBITZUA / SAILEN ETA IKASTEGIEN ATALA / OSASUN ZIENTZIEN SAILA-LABORATEGIARI LAGUNTZEKO UNITATEA

LANPOSTU ZK.

IZENA

HASIERAKO LANALDIA

BUKAERAKO LANALDIA

666

LABORATEGIKO ZERBITZUETAKO OFIZIALA

ZATITUA

ARRATSALDEZ

Justifikazioa: praktika gehienak arratsaldez eginen dira; izan ere, irakasle gehienak mediku elkartuak dira, eta goizetan ospitalean egiten dute lan. Beraz, praktikak arratsaldeko txandan eginen dira, 21:00ak arte, eta laguntza teknikoa behar da.

Iragarkiaren kodea: F2309970