147. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

36/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, "Nafarroako Inbertsio Institutua sozietate mugatua" sozietate publikoaren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea xedatzen duena.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko maiatzaren 11n egindako bilkuran, baimena eman zion "Enpresa Korporazio Publikoa sozietate mugatua" sozietateari erantzukizun mugatuko sozietate bat eratzeko, "Nafarroako Inbertsio Institutua sozietate mugatua" izenarekin, eta erabakian sozietatearen estatutuak sartu zituen –gero, 2022ko maiatzaren 25eko Erabakiaren bidez aldatu zituen horiek–.

Estatutuak onartu ondoren, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 108. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratu behar dira.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea "Nafarroako Inbertsio Institutua sozietate mugatua" sozietate publikoaren estatutuak, foru agindu honen eranskinean agertzen direnak.

Iruñean, 2023ko ekainaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

"NAFARROAKO INBERTSIO INSTITUTUA SOZIETATE MUGATUA"

SOZIETATE PUBLIKOAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izena.

Sozietatearen izena "NAFARROAKO INBERTSIO INSTITUTUA SOZIETATE MUGATUA" izanen da, eta Nafarroako Gobernuak ekonomiaren sektore estrategikoetan duen parte hartzea egituratzea izanen du helburu, enpresei eta erakunde publiko zein pribatuei finantza baliabideak emanez.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Estatutu hauen arabera jardunen du sozietateak, eta haietan aurreikusi gabekoetan eta nahitaez bete beharrekoetan, Kapital Sozietateei buruzko Legearen eta aplikagarriak diren gainerako xedapenen arabera.

3. artikulua. Egoitza soziala.

Sozietateak Iruñeko (Nafarroa) Nafarroako Gorteak kaleko 2 zenbakian du egoitza eta, administrazio kontseiluaren erabakiaren bidez, filialak, sukurtsalak, ordezkaritzak, agentziak eta gordailuak sortzen ahal ditu edozein lekutan.

4. artikulua. Iraupena.

Sozietatea iraupen mugagaberako eratzen da, eta sozietatea eratzeko eskritura egilesten den egunean bertan hasiko dira haren eragiketak.

5. artikulua. Sozietatearen helburua.

Sozietatearen helburua hauxe da:

1. Pertsona juridikoei finantza laguntza ematea, norbere kontura, eta, horretarako, maileguak (partaidetzazkoak edo ez), kredituak, abalak eta fidantzak ematea edo sozietateak parte hartzen duen erakundeek jaulkitako errenta finkoko tituluak harpidetzea.

2. Norbere kontura parte hartzea, dela harpidetzaren bidez, dela sozietateen kapitala ordezkatzen duten tituluak bereganatuz edo eskuratuz, bai eta titulu horiek edukitzea eta gozatzea ere, eta ondoren, edozein negozio juridikoren bidez, hirugarrenei eskualdatzea.

3. Inbertsio proiektuak sustatzea; horretarako, edozein motatako funtsak (higigarriak, bermekoak edo arrisku-kapitalekoak izan) sustatzea eta haietan parte hartzea, bai eta sustapen sozietateetan, arrisku kapitaleko sozietateetan eta arrisku kapitaleko kudeatzen duten erakundeetan ere, eta enpresei baliabide ekonomikoak ematen dizkieten arrisku kapitaleko funts edo sozietate publiko edo pribatuekin lankidetzan aritzea.

Jarduera nagusiaren Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionala 64 da: finantza zerbitzuak, aseguruak eta pentsio funtsak izan ezik.

Sozietatearen helburutik kanpo geratzen dira berariazko legeriaren bidez pertsona edo erakunde jakin batzuei esklusiboki esleitzen zaizkien jarduerak, edo sozietateak betetzen ez dituen baldintzak bete behar dituztenak.

Legeak eragiketa batzuk hasteko edozein lanbide kualifikazio edo lizentzia eskatzen badu, edota erregistro berezietan inskribatzea, eragiketa horiek eskatutako lanbide kualifikazioa duen pertsona batek bakarrik egiten ahalko ditu, eta baldintza horiek betetzen direnetik soilik.

Sozietatearen helburua osatzen duten jardueretako batzuk, nolabait, profesionalen berezko jarduerak badira, titulu ofiziala behar dutelako eta elkargoko kide egin behar direlako, ulertuko da sozietateak, jarduera horiei dagokienez, bitartekotza sozietate edo bitartekotza gisa jardunen duela, eta ez zaiola aplikatuko lanbide sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen araubidea.

Sozietatearen helburua osatzen duten jarduerak osorik edo partzialki zeharka garatzen ahalko ditu sozietateak, helburu bera edo antzekoa duten sozietateetako partaidetza sozialen edo akzioen titulartasunaren bidez, edo hirugarrenekin lankidetzan.

II. KAPITULUA.–KAPITAL SOZIALA. PARTAIDETZA SOZIALAK

6. artikulua. Kapital soziala eta partaidetzak.

Kapital soziala –guztiz ordainduta dago– ehun mila eurotan finkatzen da, eta ehun partaidetza sozialetan banatzen da. Bakoitzak mila euroko balio nominala du, eta 1etik 100era zenbakituta daude, biak barne.

Partaidetzak zatiezinak eta metagarriak dira. Ez dira balore negoziagarriak izanen, ezin dira tituluen edo kontuko idatzoharren bidez ordezkatuta egoten ahalko, eta ez dira "akzio" deitzen ahalko.

Legean aurreikusitako moduan ebatziko da partaidetzen gaineko eskubideen jabekidetasuna eta titularkidetasuna, bai eta partaidetza horien gozamena, bahia edo enbargoa ere.

7. artikulua. Borondatezko transmisioa.

Honako arau hauek mugatzen dute partaidetzen salmenta edo lagapena:

a) Partaidetzak eskualdatzeko asmoa duen bazkideak idatziz jakinarazi beharko dio administrazio kontseiluko lehendakariari; hartara, horrek jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean gainerako bazkideei jakinarazi ondoren, bazkideek hurrengo hogeita hamar eguneko epean erosteko aukera izan dezaten. Erosle bat baino gehiago badago, haien artean banatuko dira, bakoitzak duen partaidetzaren proportzioan.

b) Bazkideetako batek ere ez badu lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltzen, sozietateak besterendu nahi diren tituluak eskuratzen ahalko ditu, aurreko epea amaitu ondoko hogeita hamar eguneko epean.

c) Ez bazkideek ez sozietateak ez badute lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiltzen, partaidetzen titularrak askatasunez eskualdatzen ahalko ditu, legez ezarritako baldintzak betez.

III. KAPITULUA.–ORGANO SOZIALAK

8. artikulua. Organo sozialak.

Sozietatearen administrazioa eta ordezkaritza honako hauei dagokie, nork bere eskumenen esparruan:

1. Batzar orokorra.

2. Administrazio kontseilua.

9. artikulua. Batzar orokorra.

Bazkideek, behar bezala deitu eta eratutako batzar orokorrean bilduta, estatutu hauetan ezarritako gehiengoen bidez eta, hala badagokio, legeak ezarritakoen bidez erabakiko dute batzarraren eskumeneko gaietan. Bazkide guztiak, baita disidenteak eta ez daudenak ere, batzar orokorrak baliozkotasunez hartutako erabakien mende egonen dira. Salbu geratzen dira legean ezarritako banantze eta aurkaratze eskubideak.

10. artikulua. Batzar motak. Batzarrak nahitaez deitu behar izatea.

Batzar orokorrak ohikoak edo ohiz kanpokoak izaten ahal dira.

Ohiko batzar orokorra ekitaldi sozial bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan bildu behar da, hala badagokio, sozietatearen kudeaketa eta aurreko ekitaldiko kontuak onartzeko eta emaitzaren aplikazioa ebazteko.

Ohiz kanpoko batzar orokorra urteko ohiko batzarra ez den beste edozein da. Administrazio kontseiluak sozietatearen intereserako beharrezkoa edo komenigarria deritzonean eginen du deialdia, eta betiere legeak eta estatutuek agintzen duten datetan edo kasuetan.

11. artikulua. Deialdia egiten duen organoa.

Administrazio kontseiluak eginen du batzarrerako deialdia, haren baitan hartutako erabakiaren bidez, eta, hala badagokio, likidatzaileek.

12. artikulua. Deialdiaren aurrerapena.

Deialdiaren eta batzarra egiteko aurreikusitako dataren artean gutxienez 15 eguneko epea egon beharko da, non eta legezko xedapen batek ez duen epe handiago bat eskatzen.

13. artikulua. Deitzeko modua.

1. Sozietateak web korporatiborik ez badu, batzarretarako deialdia banakako eta idatzizko edozein komunikazio prozeduraren bidez eginen da, eta ziurtatuko da bazkide guztiek horretarako emandako helbidean edo sozietatearen dokumentazioan agertzen den helbidean iragarkia jasoko dutela. Bazkideren bat atzerrian bizi bada, deialdi indibiduala eginen zaio baldin eta lurralde nazionalean jakinarazpenetarako leku bat edo helbide elektroniko bat eman badu horretarako.

Jakinarazpen hori posta elektronikoz egiten ahalko da, bazkide bakoitzak emandako helbide elektronikora, baldin eta bidalketak hartzaileak jaso duela egiaztatzeko sistema teknikoren bat badu.

2. Sozietateak web korporatiboa badu, merkataritza-erregistroan inskribatuta eta BORMEn argitaratuta, batzarretarako deialdiak argitaratzeko, web horretan sartuko dira.

3. Estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera, web korporatiboan bazkideen eremu pribatua sortu bada, batzarretarako deialdien iragarkiak web horren barruan egiten ahalko dira, bai eremu publikoan bai, konfidentzialtasuna gordetzeko, bazkideen eremu pribatuan. Azken kasu horretan, bazkide bakoitza bere identifikazio sistemaren bidez soilik sartzen ahalko da iragarkietara. Hala ere, deialdia eremu publikoan egin beharko da, bere izaeragatik bazkideek ez ezik beste pertsona batzuek ere horren berri izan behar dutenean.

4. Deialdia web korporatiboan iragarkia sartzearen bidez eginen bada ere, sozietateak posta elektroniko bidez jakinarazten ahalko die bazkideei iragarkia sartu duela.

5. Web korporatiboa badago, bazkideen eskura jartzen ahalko da batzarrerako deialdi bati dagokionez eskubidez ezagutzen edo eskuratzen ahalko duten dokumentazioa, eta, horretarako, bertan sartzen ahalko da, bai eremu publikoan, bai horretarako gaitutako bazkideen eremu pribatuan. Bazkideen eremu pribatuan sartzen bada, aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko zaio.

6. Legezko arau berezi batek hala xedatzen duenean, batzarrerako deialdia eginen da, bertan ezartzen den moduan.

14. artikulua. Batzar unibertsala.

Bazkideen batzarra behar bezala eratuta gertuko da edozein auzi eztabaidatzeko, aurretik deialdirik egin behar izan gabe, kapital soziala oso-osorik bertan edo ordezkatuta dagoenean eta bertaratuek aho batez onartzen dituztenean bilera egitea eta gai-zerrenda. Baldintza horiek betez gero, batzar unibertsalak egiten ahalko dira, parte hartzaileak leku geografiko desberdinetan badaude ere, baldin eta horiek elkarrekin bideokonferentzia bidez edo bertaratuak ezagutzea eta identifikatzea eta haien arteko etengabeko komunikazioa ahalbidetzen dituzten beste bitarteko telematiko batzuen bidez konektatuta badaude.

15. artikulua. Batzordeak erabakiak idatziz eta bilkurarik gabe hartzea.

1. Bazkideen batzarrak bilkurarik gabe hartzen ahalko ditu erabakiak, ondoren ezartzen diren baldintzak eta prozedura betez.

2. Baldintzak:

–Batzarraren erabakiaren xede diren gaiak baiezko edo ezezko botoa emateko modukoak izatea.

–Bazkide guztiek adieraztea erabakiak bilkurarik gabe hartzearekin ados daudela.

3. Prozedura.

3.1. Administrazio kontseiluak bazkideei proposatuko dizkie batzarrari bilkurarik gabeko erabakiak hartzea eskatzen dizkion gaiak eta, egoki baderitzo, gai bakoitzari buruzko erabaki proposamena eginen du.

Horretarako, alderdi horiek jasotzen dituen idatzizko komunikazioa bidaliko dio bazkide bakoitzari, gai bakoitzari buruzko beharrezko informazio guztiarekin batera.

3.2. Jakinarazpen horrek bazkideek erabakiak hartzeko sistema horrekin ados dauden ala ez adierazteko eta beren botoa emateko epea emanen du –10 egunekoa izanen da gehienez–.

3.3. Epe horretan bazkideren batek adostasuna adierazi ez badu, prozedura bertan behera geratuko da, eta bazkide guztiek adostasuna adierazi badute, berriz, prozedurak aurrera jarraituko du.

Bazkideren batek proposatutako gai guztiei edo batzuei buruz botoa emateak esan nahi du prozedurarekin ados dagoela.

Bazkideren batek, proposatutako gairen bati buruz botoa eman badu baina beste batzuei buruz ez, horiei dagokienez abstenitu egiten dela ulertuko da.

3.4. Aplikatzekoak diren legeek ezarritako bitartekoez gain, prozedura honetan aurreikusitako komunikazioak idazki fisiko edo elektroniko bidez egiten ahalko dira, edo komunikazioa egiten duen subjektuaren identitatea eta edukiaren osotasuna behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez.

4. Prozeduraren eta, hala badagokio, hartutako erabakien akta.

Merkataritza-erregistroaren Erregelamenduaren 100. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, sozietatean ziurtatzeko ahalmena duten pertsonek aktan jasoko dituzte jarraitutako prozedura eta, hala badagokio, hartutako erabakiak. Aktan, honako hauek adieraziko dira: bazkideen nortasuna, bazkide guztiak prozedurarekin ados daudela, batzarraren borondatea osatzeko erabilitako sistema eta bazkide bakoitzak emandako botoa. Erabakiak egoitza sozialean eta emandako azken botoa jasotzen den egunean hartu direla ulertuko da.

16. artikulua. Batzarra egiteko tokia. Bitarteko telematikoen bidez bertaratzea.

1. Sozietateak egoitza duen udal-mugartean eginen da batzar orokorra. Deialdian ez bada agertzen bilkura egiteko lekua, batzarra egoitza sozialean egiteko deitzen dela ulertuko da.

2. Batzar orokorrean parte hartzeko, bi aukera izanen dira: edo bilera eginen den tokira joatea, edo bitarteko telematikoen bidez parte hartzea. Horretarako, erabiliko diren bitartekoak zehaztuko dira deialdian. Bitarteko horiek bermatu beharko dute parte hartzaileak ezagutzea eta identifikatzea eta haien arteko etengabeko komunikazioa, bai eta administrazio kontseiluak aurreikusitako bazkideen eskubideak baliatzeko epeak eta moduak ere, batzarra modu ordenatuan egin ahal izateko.

3. Aipatutako edozein modutan bertaratzen direnak bilera bakar batera joan direla eta bilera hori egoitza sozialean eginen dela ulertuko da.

17. artikulua. Bazkideak batzar orokorretan ordezkatzea.

1. Edozein pertsonak ordezkatzen ahalko ditu bazkideak batzar orokorretan.

Aplikatzekoak diren legeek ezarritako bitartekoez gain, ordezkaritza idazki fisiko edo elektroniko bidez ematen ahalko da, edo ematen duen subjektuaren identitatea behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez. Dokumentu publikoz ziurtatuta ez badago, batzar bakoitzerako berariazkoa izanen da ordezkapena.

2. Web korporatiboaren barruan bazkideen eremu pribatua baldin badago, bazkideak ematen ahalko du ordezkaritza, bertan, bere identifikazio sistema erabiliz, ordezkaritza idazkia duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz –bazkideak izenpetu duela joko da– edo eremu horren bidez bere borondatea bestela adieraziz.

3. Ordezkaritza ezeztatzen ahalko da beti, eta automatikoki ezeztatutzat joko da bazkidea batzarrera agertzen bada, fisikoki edo telematikoki, edo hark ordezkaritza eman aurretik edo ondoren urrutiko botoa ematen badu. Ordezkaritza bat baino gehiago emanez gero, azken tokian jasotakoa izanen da nagusi.

18. artikulua. Urrutiko boto aurreratua deitutako batzar orokorretan.

1. Bazkideek beren botoa ematen ahalko dute bazkideen batzar orokorraren deialdiko gai-zerrendan jasotako puntu edo gaiei buruz. Horretarako, batzarra egin aurretik, aplikatu beharreko legeriak ezarritako bitartekoez gain, idazki fisiko edo elektronikoz edo bazkide igorlearen nortasuna behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez igorri beharko dute. Urrutiko botoan, bazkideak bereiz eman beharko du botoa kasuan kasuko batzarraren gai-zerrendan jasotako gai edo puntu bakoitzari dagokionez. Bati edo bati baino gehiagori buruz botoa ematen ez badu, horiei dagokienez abstenitu egiten dela ulertuko da.

2. Web korporatiboaren barruan bazkideen eremu pribatua baldin badago, bazkideak ematen ahalko du botoa, bertan, bere identifikazio sistema erabiliz, botoa duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz edo eremu horren bidez beren borondatea bestela adieraziz.

3. Aurretiko botoa batzarra hasteko ezarritako ordua baino gutxienez 24 ordu lehenago jasoko du sozietateak. Une horretara arte botoa ezeztatzen edo aldatzen ahalko da. Epe hori igarotakoan, urrutiko boto aurreratua indarrik gabe uzten ahalko da bazkidea batzarrean pertsonalki edo telematikoki baldin badago bakarrik.

19. artikulua. Batzarra eratzea eta erabakiak hartzea.

1. Batzarra eratzea, batzarraren mahaia eta batzarraren garapena.

Batzarraren mahaia lehendakariak eta idazkariak osatuko dute, hau da, kargu horiek administrazio kontseiluan dituztenek. Izendapen hori egin ezean, bazkide zaharrena izanen da lehendakaria, eta gazteena, berriz, idazkaria. Pertsona batek izaten ahalko ditu bi karguak.

Gai-zerrendan sartu aurretik, bertaratuen zerrenda osatuko da. Bertaratutako bazkideen eta ordezkatutako bazkideen izena adieraziko da, bai eta norberaren edo besteren partaidetza kopurua eta dagozkien botoak ere. Aldez aurretik urrutiko botoa eman duten bazkideak edo, deialdian hala aurreikusi delako, bitarteko telematikoen bidez bertaratu direnak batzarrera bertaratu direla ulertuko da, Kapital Sozietateei buruzko Legearen 189. eta 182. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Zerrendaren amaieran, bertaratutako edo ordezkatutako bazkideen kopurua, titular diren kapitalaren zenbatekoa eta bakoitzari dagokion boto kopurua zehaztuko dira.

Bertaratuen zerrenda bazkideen batzarraren aktaren hasieran agertuko da edo, bestela, eranskin bidez erantsiko zaio aktari.

Bertaratuen zerrenda osatu ondoren, lehendakariak, hala badagokio, baliozkotasunez eratutzat joko du zerrenda, eta horrek gai-zerrendan jasotako gai guztiak kontsideratzen ahalko dituen zehaztuko du. Era berean, hala badagokio, batzarrean beste pertsona batzuk egotea baimentzea batzarraren esanera jarriko du.

Bilkura hasi ondoren, idazkariak gai-zerrenda osatzen duten puntuak irakurriko ditu, eta gai horiei buruz eztabaidatuko da. Lehenengo, lehendakariak parte hartuko du eta, ondoren, horretarako izendatzen dituen pertsonek.

Horiek hitz egin ondoren, lehendakariak hitza emanen die hala eskatzen duten bazkideei. Gai-zerrendaren mugen barruan zuzendu eta mantenduko du eztabaida, eta amaiera emanen dio, bere ustez, gaia behar bezala landu denean. Azkenik, erabaki proposamenak bozkatuko dira.

2. Erabakiak hartzea. Gehiengoaren printzipioa.

Partaidetza bakoitzak bere titularrari boto bat emateko eskubidea ematen dio.

Batzar orokorraren erabakiak behar bezala emandako botoen gehiengoz hartuko dira, gutxienez kapital sozialaren zatikiak diren partaidetza sozialen herena bederen ordezkatzen badute. Boto zuriak ez dira kontuan hartuko.

Hala ere, duten garrantzia dela eta, gehiengo indartuak behar dira honako akordio hauetarako:

a) Kapital soziala handitzeak eta murrizteak eta gehiengo kalifikatua eskatzen den estatutuen beste ezein aldaketa egiteko, kapital sozialaren zatiki diren partaidetzei dagozkien botoen erdia baino gehiagoren baiezkoa beharko da.

b) Kapital sozialaren zatiki diren partaidetzei dagozkien botoen, gutxienez, bi herenen aldeko botoa beharko da administratzaileei baimena emateko sozietatearen xede berbera, antzekoa edo osagarria duten jardueretan aritzeko, beren edo besteren kontura; kapital gehikuntzetan lehentasun eskubidea kentzeko edo mugatzeko; aktiboaren eta pasiboaren eraldaketa, bat-egitea, banatzea eta guztiz lagatzea erabakitzeko; egoitza atzerrira lekualdatzeko; eta bazkideak kanporatzeko.

3. Quoruma eta gehiengo bereziak.

Salbu uzten dira, beren izaeragatik, quorum edo legez ezarritako gehiengo jakin batzuekin hartu behar diren eta estatutuak aldatzerik ez duten akordioak.

20. artikulua. Administrazio kontseilua.

Sozietatea administrazio kontseilu batek administratu eta ordezkatuko du. Kide anitzekoa izanen da eta gutxienez hiru eta gehienez hamabi kontseilarik osatuko dute. Kontseilari izendatzeko ez da zertan bazkidea izan, eta pertsona fisikoak zein juridikoak izaten ahalko dira. Pertsona juridiko bat izendatzen bada kontseilari, hark pertsona fisiko bat izendatuko du bere ordezkari gisa, karguari dagozkion eginkizunak betetzeko. Administrazio kontseiluak lehendakari bat eta lehendakariorde bat izendatzen ahalko ditu bere kideen artetik, lehendakaria ez dagoenetarako edo ezintasun fisikoko kasuetarako. Idazkari bat ere aukeratuko du, eta, hala badagokio, idazkariorde bat. Horiek ez dute zertan kontseilariak izan. Kontseiluko kideak ez badira, idazkariak eta idazkariordeak hitza izanen dute kontseiluan, baina botoa ez. Kontseilari kargua lau urtez beteko da. Nolanahi ere, edozein unetan kargugabetzen ahalko dira, batzar orokorraren erabakiz, baliozkotasunez emandako botoen gehiengoz, betiere kapital sozialaren zatiki diren partaidetzei dagozkien botoen, gutxienez, heren bat ordezkatzen badute. Boto zuriak ez dira kontuan hartuko.

21. artikulua. Kontseilarien ordainsaria.

Kontseilariek urtean ordainsari bat izanen dute, eta horren barruan sartuko dira bai kontseiluaren bileretara eta horiek prestatzeko era guztietako bileretara bertaratzeagatiko dietak eta horietarako joan-etorrien gastuengatiko kalte-ordainak, batzar orokorrak ekitaldi sozial bakoitzerako zehazten duen zenbateko finkoan.

22. artikulua. Lehendakaria.

Administrazio kontseiluko lehendakariak eginen du konpainiaren goi-zuzendaritza, eta batzar orokorraren eta ordezkatzen duen kontseiluaren erabakiak betetzen direla zainduko du. Sinadura soziala izanen du; hargatik eragotzi gabe kontseiluak aipatutako sinadura soziala erabiltzeari buruz hartzen dituen erabakiak. Halaber, indarreko legeek edo estatutuek ematen dioten beste edozein ahalmen izanen du.

Administrazio kontseiluko lehendakaria Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularra izanen da, betiere kontseiluko kidea bada.

23. artikulua. Kontseiluaren bilerak deitzea.

1. Lehendakariak eginen du deialdia, edo lehendakaria ordezten duenak edo kontseiluko kideen heren bat gutxienez osatzen duten kontseilariek, Kapital Sozietateei buruzko Legearen 246. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Deialdia idazki fisikoaren edo posta elektronikoaren bidez eginen da. Kontseilari bakoitzaren helbidera bidaliko da, jaso dela egiaztatu ahal izateko moduan, bilera egin baino gutxienez hiru egun lehenago, eta bilera zer tokitan, zer egunetan eta zer ordutan eginen den eta gai-zerrenda zein den adieraziko da.

3. Sozietateak web korporatiboa badu eta bertan administrazio kontseiluaren eremu pribatua sortu bada, deialdia egiteko, bertan deialdiaren idazkia duen dokumentua formatu elektronikoan sartuko da, eta kontseiluko kide bakoitzak bere identifikazio sistemaren bidez baino ez du hori eskuratzen ahalko.

Kontseilari bakoitzari mezu elektroniko bat bidaliko zaio, deialdiaren idazkia sartuko dela ohartarazteko.

4. Deialdi bati dagokionez edo bestelako kasu batean eskubidez ezagutzen edo eskuratzen ahalko duten dokumentazioa kontseiluko kideen eskura jartzeko, dokumentazioa eremu pribatu horretan jarriko da. Kasu horretan, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.

5. Ez da beharrezkoa izanen deialdia egitea kontseilari guztiak bertaratuta edo ordezkatuta egonda edo bertaratuak ezagutzea eta identifikatzea eta haien arteko etengabeko komunikazioa ahalbidetzen dituzten beste bitarteko telematiko batzuen bidez konektatuta egonda aho batez onartzen badute administrazio kontseilua eratzea, bai eta haren gai-zerrenda ere.

24. artikulua. Botoa ordezkatzea edo eskuordetzea.

Kontseilariek beste kontseilari bat baino ez dute ordezkatzen ahalko bileretan. Ordezkaritza modu berezian emanen da bilera bakoitzerako, aplikatzekoak diren legeek ezarritako bitartekoen bidez, bai eta idazki fisiko edo elektronikoaren bidez edo ordezkaritza ematen duen kontseilariaren nortasuna behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez ere, lehendakariari zuzenduta.

Sozietateak web korporatiboa badu eta horren barruan administrazio kontseiluaren eremu pribatua sortu bada, kontseilariak botoa eskuordetzen ahalko du, bertan, identifikatzeko sistema erabiliz, dokumentua formatu elektronikoan sartuz edo eremu horren bidez beren borondatea bestela adieraziz.

Ordezkaritza ezeztatzen ahalko da beti, eta automatikoki ezeztatutzat joko da kontseilaria bilerara agertzen bada, fisikoki edo telematikoki, edo hark ordezkaritza eman aurretik edo ondoren urrutiko botoa ematen badu. Ordezkaritza bat baino gehiago emanez gero, azken tokian jasotakoa izanen da nagusi.

25. artikulua. Eraketa eta erabakiak hartzea.

1. Administrazio kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseiluko kide gehienak –haiek edo ordezkariak– bileran daudenean.

Bileran dauden kontseilarien gehiengo osoz hartuko dira erabakiak eta, berdinketa izanez gero, lehendakariaren botoak erabakiko du.

Administrazio kontseiluaren ahalmenak eskuordetzen direnean, Kapital Sozietateei buruzko Legearen 249. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Eta legeriak gehiengo indartua eskatzen duenean, bertan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Kontseiluak idatziz eta bilerarik gabe hartutako erabakiak ere baliozkoak izanen dira, baldin eta kontseilaririk ez badago erabakiak hartzeko modu horren aurka.

Proposatzen diren erabakiak jasoko dituen idazkia eta kontseilari guztien horien gaineko botoa bitarteko elektronikoen bidez adierazten ahalko dira.

Zehazki, sozietateak web korporatiboa badu eta horren barruan administrazio kontseiluaren eremu pribatua sortu bada, mota horretako akordioak hartzeko, eremu horretan sartzen ahalko da proposatutako erabakiak eta kontseilari guztiek horien gainean emandako botoa jasotzen dituen dokumentua formatu elektronikoan. Botoa emanen dute, halaber, eremu pribatu horretan, beren identifikazio sistema erabiliz, botoa jasotzen duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz edo eremu horren bidez beren borondatea bestela adieraziz. Ondorio horietarako, sozietateak posta elektronikoz jakinarazten ahalko die kontseilariei zer sartu duen.

3. Baliozkoa izanen da kontseilari batek emandako urrutiko botoa, aurrez aurre egitekoa den eta jada deitua dagoen Administrazio Kontseiluaren bilera bati dagokionez.

Aplikatzekoa den legeriak ezarritako bitartekoez gain, botoa idatziz, fisikoki edo elektronikoki ematen ahalko da, edo, bestela, botoa ematen duen kontseilariaren nortasuna behar bezala bermatzen duen urrutiko beste edozein komunikabideren bidez, kontseiluko lehendakariari zuzenduta. Kontseilariak kontseiluaren gai-zerrendan jasotako gai bakoitzari buruzko botoa eman beharko du. Bati edo bati baino gehiagori buruz botoa ematen ez badu, horiei dagokienez abstenitu egiten dela ulertuko da.

Web korporatiboaren barruan bazkideen eremu pribatua baldin badago, bazkideak ematen ahalko du botoa, bertan, bere identifikazio sistema erabiliz, botoa duen idazkia duen dokumentua formatu elektronikoan sartuz edo eremu horren bidez beren borondatea bestela adieraziz. Kontseiluaren bilera hasteko ezarritako ordua baino gutxienez 24 ordu lehenago sartu beharko da.

Urrutiko botoak kontseilua behar bezala eratzen bada bakarrik izanen ditu ondorioak, eta bilera hasteko ezarritako ordua baino gutxienez 24 ordu lehenago jaso beharko du kontseiluak. Une horretara arte botoa ezeztatzen edo aldatzen ahalko da. Epe hori igarotakoan, urrutiko botoa indarrik gabe uzten ahalko da kontseilaria bileran fisikoki edo telematikoki baldin badago bakarrik.

26. artikulua. Kontseilua non eginen den. Bitarteko telematikoen bidez bertaratzea.

1. Kontseilua deialdian adierazitako lekuan eginen da. Deialdian ez bada agertzen kontseilua egiteko lekua, egoitza sozialean egiteko deitzen dela ulertuko da.

2. Bitarteko telematikoen bidez bertaratzen ahalko da kontseilura. Horretarako, erabiliko diren bitartekoak zehaztuko dira deialdian. Bitarteko horiek bertaratuak ezagutzea eta identifikatzea eta haien arteko etengabeko komunikazioa ahalbidetu beharko dute.

3. Edozein modutan bertaratutakoak bilera bakar batera joan direla eta bilera hori egoitza sozialean egin dela ulertuko da.

27. artikulua. Kontseiluaren barruko batzordeak.

Administrazio kontseiluaren funtzionamenduari buruz aurreko artikuluan ezarritako arauak kontseiluak bere baitan sortzen duen edozein batzorderi ere aplikatuko zaizkio, bereziki web korporatiboaren bidez administrazio kontseiluarentzat eremu pribatu bat sortzeari, botoa eskuordetzeari, urrutiko botoa emateari eta bitarteko telematikoen bidez bileretara joateari dagokienez.

28. artikulua. Kudeatzailea.

Administrazio kontseiluak erabakiko du kudeatzailea izendatzea, kargugabetzea eta hari ahalmenak ematea.

Izendapena bereziki gaitutako pertsona batek egin beharko du, eta kontratua eta ordainsariak izanen ditu. Horien baldintzak organo eskudunak finkatuko ditu, Nafarroako Enpresa Sektore Publikoaren barruan goi-zuzendaritzako lanpostuetarako ezarritako jarraibideen arabera.

29. artikulua. Batzorde betearazlea.

1. Batzorde betearazlearen helburua da sozietateak, bere jardueran, hartu behar dituen finantza erabaki guztiak hartzea. Eman beharreko kreditu edo finantzaketa eragiketei buruzko akordioak eta dagokion desinbertsioa lotesleak izanen dira beti Institutuarentzat.

2. Batzorde betearazleko kideak administrazio kontseiluak izendatuko ditu. Batzorde betearazlea honako hauek osatuko dute: zuzendari batek (sozietateko gerentea izanen da) eta sei kidek (finantzen, ekonomiaren, zuzenbidearen, gizartearen eta unibertsitatearen arloan gaitasun, ospe eta esperientzia aitortua duten pertsonen artean aukeratuko dira). Bokaletako bat sozietatearen Inbertsioen zuzendaria izanen da. Bokalak sei urterako izendatuko dira, inpartzialtasuna eta independentzia bermatzeko, gerentea eta Inbertsioen zuzendaria diren kideak izan ezik, horien agintaldia sozietatean dituzten karguen indarraldira mugatuko baita.

3. Batzorde betearazleko kide kargua ordaindua izanen da, eta Administrazio kontseiluak finkatuko du dagokion ordainsaria.

4. Batzorde betearazlea behar adina aldiz bilduko da bere eginkizunak betetzeko. Edonola ere, hilean behin bilduko da gutxienez.

5. Administrazio kontseilurako ezarritako arauak, bileren eta erabakien baliozkotasunari, aktei eta eztabaiden izaera erreserbatuari buruzkoak, batzorde betearazleari ere aplikatuko zaizkio.

6. Batzorde betearazleak finantza baliabideak inbertitzeko erabakiak independentziaz eta profesionaltasunez hartuko ditu, administrazio kontseiluak urtero finkatzen dituen orientazio estrategikoetan ezarritako esparru orokorra zorrotz betez. Horretarako, adostutako eragiketen berri emanen dio aldizka kontseiluari.

7. Sozietateak egindako eragiketa guztiak orientazio estrategikoak betetzera egokitzen direla egiaztatuko du sozietatearen kontu auditoreak, eta urteko kontuen txostenean sartuko da.

V. KAPITULUA.–EKITALDI SOZIALA, URTEKO KONTUAK ETA MOZKINEN BANAKETA

30. artikulua. Ekitaldi soziala.

Ekitaldi soziala urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n amaituko da.

31. artikulua. Urteko kontuak.

Administrazio kontseiluak urteko kontuak, kudeaketaren gaineko txostena eta, hala badagokio, emaitza aplikatzeko proposamena gehienez ere hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko ditu, ekitaldi soziala amaitzen denetik zenbatzen hasita.

32. artikulua. Mozkinen banaketa.

Mozkinak, halakorik izanez gero, sozietatea eratzeko helburuetara bideratuko dira; hargatik eragotzi gabe Kapital Sozietateei buruzko Legearen 274. artikuluaren arabera, legezko erreserba ezartzeari eta arian-arian handitzea.

VI. KAPITULUA.–DESEGITEA, LIKIDATZEA, ERALDATZEA, BAT-EGITEA ETA ZATITZEA

33. artikulua. Desegitea.

Sozietatea deseginen da legean aurreikusitako kausen eta formen ondorioz.

34. artikulua. Likidatzea.

Likidazio aldian, legean eta estatutu hauetan aurreikusitako arauak aplikatuko zaizkio sozietateari, baldin eta likidazioaren legezko araubide espezifikoarekin bateraezinak ez badira.

35. artikulua. Eraldatzea, bat-egitea, zatitzea eta desegitea.

Eraldatzearen, bat-egitearen, zatitzearen eta desegitearen kasuetan, Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko erabakia beharko da, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

VII. KAPITULUA.–ADMINISTRATZAILEAK GAITZEA. DATU PERTSONALEN BABESA

36. artikulua. Administrazio kontseilua gaitzea.

Administrazio kontseiluak eskumen osoa du estatutu hauetan web korporatiboaren eremu pribatuei, botoa eskuordetzeari, urrutiko botoa emateari eta batzarretara eta kontseiluetara bitarteko telematikoen bidez joateari buruz xedatutakoa garatzeko eta, oro har, sozietatearen, bazkideen eta administratzaileen artean bitarteko horien bidez komunikatzeari buruzko guztia garatzeko ere bai. Bereziki, gizartearekiko harremanetan, bazkideak eta administratzaileak identifikatzeko bitartekoak egokitzen ahalko dituzte gertatzen ahal diren bilakaera teknologikoetara. Administratzaileek ahalmen hori baliatuko dutela jakinarazi beharko diete bazkideei.

37. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datuen babeseko indarreko araudian ezarritakoarekin bat etorriz, bazkideen, administratzaileen eta kontseiluko kideen datu pertsonalak dagozkien fitxategietan sartuko dira, automatizatuak izan edo ez. Fitxategi horiek sozietateak sortuko ditu haien izaeraren berezko betebehar eta eskubideak kudeatze aldera, webgune korporatiboaren administrazioa barne, hala badagokio, legean eta estatutu hauetan xedatutakoaren arabera, eta beren eskubideak sozietatearen egoitzan baliatzen ahalko dituzte. Horretarako, haien nortasuna egiaztatzeko aukera ematen duten bitartekoak erabiliko dituzte. Datuak gordeko dira harremanak irauten duen bitartean eta sozietateari erantzukizunak eskatzen ahal zaizkion bitartean.

VIII. KAPITULUA.–ORDEZKO ESKUBIDEA

38. artikulua. Ordezko araubidea.

Estatutu hauetan aurreikusi ez den orotan, Kapital Sozietateei buruzko Legean eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2309864