1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
210/2023 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez entzunaldia ematen baitzaie Atezko Udalari eta Eritzegoitiko Kontzejuari, eta jendaurrean jartzen baita kontzeju hori azkentzeko espedientea.
2023ko maiatzaren 30ean sartu zen, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Eritzegoitiko Kontzejuaren eskabide bat, kontzejua azkentzeko bizilagunen eskaerarekin bat egiten duena.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak errekerimendua egin ostean, Eritzegoitiko Kontzejuak Atezko Udalaren ziurtagiri batekin osatu du eskabidea. Ziurtagiri horretan, Atezko Udalak berretsi du eskatzaileak kontzeju-mugartean bizi direla, udal erroldan inskribaturik ageri direla, adinez nagusiak direla eta bizilagun egoiliarren gehiengoa osatzen dutela, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat.
Halaber, 44. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, ukitutako kontzejuari eta udalari entzunaldia eman ondoren eta Lurralde Mugaketako Batzordeak txostena eginda, Nafarroako Gobernuari dagokio kontzejuak azkentzea dekretatzea; kasu horretan, dagokion foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eta Estatuko Administrazioari igorri, Toki Erakundeen Erregistroan inskripzioa egiteko.
Bestetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluek arautzen dute prozedura batean interesdun direnei entzunaldia emateko tramitea, eta prozedura bat jendaurrean jartzeko epearen iraupena, haren izaeragatik beharrezkoa bada eta hura ebazteko organo eskudunak hala erabaki badu.
Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 8. c) artikuluak aitortzen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Entzunaldia ematea Atezko Udalari eta Eritzegoitiko Kontzejuari, eta espedientea jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, aipatutako toki-erakundeek eta edozein pertsonak alegazioak egin ditzaten, bertako bizilagun egoiliarren gehiengoaren eskariz Eritzegoitiko Kontzejua azkentzeko abiatu den espedientean.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea adierazi diren ondorioetarako, Atezko Udalari eta Eritzegoitiko Kontzejuari jakinaraztea, eta bi erakundeak premiatzea haien iragarki-tauletan argitara dezaten.
Iruñean, 2023ko ekainaren 16an.–Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria, Ana Rodríguez Hidalgo (kargua hutsik dagoenez, aldi baterako ordezkatzen ari da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, bat etorriz Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abuztuaren 20ko 3/2019 Foru Aginduarekin).
Iragarkiaren kodea: F2309481